16.2.3a Izen bereziak zenbatzaile gabe ageri dira gehienetan: Axularrek ez luke horrela esango; Altube biziko balitz! Baina batzuetan bat zenbatzailea hartzen ahal dute: Altube bat biziko balitz!; Axular batek ez luke horrela esango eta abar. Izenaren atalean aipatzen dira zenbait xehetasun (§ 12.3.2), izenak bestelako zenbatzaileek lagundurik ere ageri baitzaizkigu batzuetan: Mahler bat; Zenbat Aramendi; Picasso batzuk… Horrela, Badakit bi Kennedy tiroz hil zituztela, edo Badakit bi Kennedyak tiroz hil zituztela bezalako perpausak guztiz onargarriak lirateke euskaraz. Batzuetan, gainera, behartuak gaude halakoak erabiltzera: Bi Goenaga aurkitu ditut zerrenda honetan, baina ez dakit zein den margolaria eta zein hizkuntzalaria; Bost Maradona baino hobea duzu Goikoetxea.
16.2.3b Tradizio handia du erabilera honek, ez da gaurko kontua: Eta hau da azkenekoz ongi erdizkatzea, gaixtoa utzirik, onaren hartzea, Jondone Paulo batek bezala egitea (Axular); Eta damu hartu Manases batek bezala (Mogel); Holako eta holako Ormaetxea bat bezala, liburu idazlea (Orixe); Campion batek […] gorengo izarretaraino goretsi zuen (Mitxelena).