Kokapena:
18.6.1a Genitiboari dagokion postposizioa -en da, eta bokalez amaitzen bada hitza -r- epentetiko bat eransten da: Jon-en; zein gizonen?; zein andre-ren?; zein/nor-en; Ane-ren. Artikuluarekin, hortaz, adiskide-a-r-en. Eta pluralean -en egiten da (-ak artikulu + plurala desagerturik): ikasle[-ak]-en → ikasle-en.
Zenbatzaile zehaztuekin, forma berbera ageri dezakete idatzian artikulugabeak eta artikuludunak, kontsonantez amaitzen bada hitza: Bost lagunen etxeak dira hauek [bost lagun + -en / bost lagun + [-ak]+ -en].
18.6.1b Genitibozko sintagmek (izen sintagmari, § 15.2.2h, -en postposizioa erantsiz eratuak) izenlagun funtzioa hartzen dute (hots, adjektibalak dira), eta arruntean izenaren ezkerraldean ageri dira, harekin sintagma osatuz: [[Fernandoren] zapatak] dira; [[Gure] aitak] ez luke horrelakorik egingo; [[Ikertzaile langilearen] lanak] aipatu nahi ditugu.
Genitibozko izenlaguna kenduz gero ere, gramatikala da askotan izen sintagma, baina aldatua edo murriztua geratzen da interpretazioa, erreferentzia testuingurutik berreskuratu ezean: Zapatak berriak dira; Aitak ez luke horrelakorik egingo; Lanak aipatu nahi ditugu.
Adjektibo kalifikatzaile (atributibo) gehienak ez bezala, genitibozkoak izenaren osagarri argumentalak izaten dira. Aski garbi ikusten da hori honelakoetan: haien lehengusuak; etxearen gailurra; gure galbidea; Garbiñeren omenaldia… Erlatibozko perpaus sinonimoa jartzen badugu korrelazioan, ikusiko dugu perpausean egiturazko kasuek aditzarekiko betetzen duten rol semantiko bera betetzen duela genitiboak izenarekiko: Haiek lehengusu dituzte(nak); Etxeak du(en) gailurra; Gu gal gaitzake(ena); Garbiñeri egingo zaio(n) omenaldia. Genitiboak forma-aukera bat bakarra izateak anbiguotasunak sor ditzake: zezenaren beldurra [zezenak duena / zezenari zaiona].
Ikuspegi horretatik, hala, gainerako egiturazko kasuak bezala, genitibozko izenlagunak ere osagarri argumentalak dira beti, edutezko adiera arruntekoak barne: Patxiren etxea [Patxik du(en) etxea] (subjektu-genitiboa); etxearen salmenta [etxea saldu dute] (objektu-genitiboa). Hori dela eta, barra-barra ageri dira genitiboak nominalizazioekin eta antzeko izen argumentu-eskatzaileekin: haurren jolasa (haurrak jolastu); irakaslearen jokabidea (irakasleak jokatu); zure amodioa (zuk duzuna / zuri dizutena)…
18.6.1c Izenlagunak izenaren ezkerrean doaz. Batzuetan izena isildu daiteke: Fernandorenak; gureak; langilearen… Bestetik, izenlaguna bera ere izen sintagma ez ezik perpaus osoz eratua ere izan daiteke: Horrek duen abilezia ikaragarria da (ikus 31. kapitulua).