[PS … -RANTZ] adlatiboak norabidea adierazten du, ez jomuga zehatza: Mendirantz abiatu ginen; Zein aldetarantz joan da pilota?; Gaixoaren egoerak hoberantz egin du azken aldian. Etxerantz joatea eta etxera joatea ez dira gauza bera. -rantzek gutxi gorabeherako norabidea adierazten du: batean, etxeko norabidea hartu bai, baina gehiagorik ez. Bigarrenean, etxera joan dioena jomuga zehatzaz ari da, ez gutxi gorabeherako jomugaz. Horregatik, oro har, leku aldaketa adierazten duten predikatuekin batera (begiratu, bidali, bota, eraman, joan, etorri…) agertzen da. Beste zenbaitekin (egon, kokatu…) arazotsuagoa izan daiteke kontua. Adibidez, Herri hori iparralderantz dago esaten da, baina, beharbada, hemen ere zerbaiten elipsia dagoela ematen du, ‘iparralderantz begira dago’ edo esango bagenu bezala. Eguerdi alderantz ikusiko du medikuak onargarria baldin bada baina eguerdirantz ikusiko dugu onargaitzagoa, horren arrazoia, agian, alde hitzaren agerpena izan liteke. Kasu hauetan, alde postposizioak berak ere ‘gutxi gorabeheraka’ jarduteko balio du, eguerdian esan beharrean eguerdi aldean edo eguerdi aldera diogunean bezala.
Baina moduaz ari bagara eta ez egiazko mugimendu batez, -antz atzizkia gehitzea ezinezkoa dela pentsa daiteke: Mikel {iritzira/*iritzirantz} ari da.