21.10.4a Beste postposizio batzuk ere badira kokapen espaziala ez bestelako kontzeptuei bide ematen dietenak, instrumentalak adibidez: erruz, bidez, bitartez, ondorioz… Denak izen bat barnean eta honen eskuinean, buru gisa, instrumentala daramatenak. Izen horiek (erru, bide, bitarte…) -z instrumental soilaren adiera zehaztera datoz. Postaz bidali edo posta bidez bidali paretsukoak dira, morfologiari dagokionez ere, eta berdin: [… -en iritzi-z], [… -en orde-z], [… -en parte-z], [… -en uste-z] eta abar.
Baina gorago aipatu dugunez (§ 21.6.1), instrumental hauek mugatzailerik gabe erabiltzen dira (partez/*parteaz; ustez/*usteaz…). Holakoen mugagabetasunaren berri emateko, onartu dugu adberbio edo postposizio eratorritzat hartzea litzatekeela biderik sinpleena eta, beharbada, zuzenena. Hori zilegi bada, jakina, barnean izen bat duten postposizioak izango lirateke, izen batetik eratorriak: buruz ikasi; erruz edan; kontuz gidatu.
21.10.4b Horrenbestez, instrumental soila buru duten PSak izan ditzakegu: [PS Andreaz] ez da fidatzen ([PS [DS andre-a] [P -z]]). Eta baita instrumentalaz gainera, ‘tarteko’ izen baten laguntzaz postposizio konplexuagoa dutenak ere. Adibidez: Alkoholaren erruz galdu zuen lana ([PS [DS alkoholaren] [P erru-z]]). Adibide hauetan guztietan burua instrumentala da, baina leku/denborazko postposizioekin gertatzen den bezala, hemen ere gramatikalizazio prozesu bat gertatu bide da: izenak (erru, bitarte, ondorio…) eta instrumentalak bat eginez adberbio edo postposizio konplexu bat (erruz, bitartez, ondorioz…) sortzen dela onar genezake. Eta hau onartuta, sintagma osoa PS izango da, barnean osagarri gisa genitiboa duena.