22. Adberbioa

22.1. Adberbioak zer diren

22.1.1. Kategoria mota bat

Perpaus batean mota askotako hitzak aurkitzen dira: Jonek etxe polit bat erosi du gaur goizean. Perpaus horretan ageri diren hitzak kategorietan sailkatzen ditugu (ikus 11. kapitulua). Kategoriek esaten digute nolakoak diren hitzak, ze klasetakoak, baina ez digute esaten arruntean nolako funtzioa betetzen duten perpausean. Horrela, badakigu perpaus horretako Jonek hitza izena dela, izen berezia (§ 12.3.2), hain zuzen. Funtzioari dagokionez subjektua da, baina Joneri eman diogu esango bagenu, edo Jone ikusi dut, kategoria berekoa izanik ere, izen berak beste funtzio batzuk dituela ikusten dugu berehala.

Berdin gertatzen da beste hitzekin ere: kategoriari dagokionez, etxe izen arrunta da, polit adjektiboa, bat zenbatzailea, erosi eta du aditzak dira, gaur adberbioa da, eta goizean inesibo kasuan dagoen izena (postposizio sintagma, hortaz).

Adberbioek, izenek edo adjektiboek ez bezala, ez dute determinatzailerik hartzen euskaraz, eta ez dute inolako komunztadurarik egiten aditzarekin: gazteak egin du / gazteek egin dute. Perpaus horietan, gazte hitzak (-a) artikulua hartzen du, eta bigarren adibidean numero marka ere (-k), eta komunztadura egiten du aditzarekin (gazteak… du; gazteekdute). Baina gaur hitza biluzik dago, ez du artikulurik onartzen, eta ez du inolako komunztadurarik egiten aditzarekin, hitza beti bakarrik, inolako eranskinik gabe, ageri baita. Hori gertatzen da adberbioekin. Hau adberbioaren berezko aldaezintasunarekin dago lotua (§ 22.1.5).

22.1.2. Adberbioak ez dira aditz argumentuak

Adberbioak, nolabait esateko, aditzaren argumentu egituratik (§ 23.3) kanpo geratzen dira, bazter batean bezala: ekarri aditzak norbaitek zerbait ekartzea eskatzen du (beraz, nor eta zer argumentuak ezinbestekoak ditu, eta anitzetan nori ere). Baina ez du aditzak berez eta ezinbestean eskatzen nola ekarriko duen, noiz, norekin edo zergatik, horiek guztiak gertaera posibleen konstanteak baitira. Gertaerak beti gertatzen dira noizbait, nonbait, nolabait… zirkunstantzia batzuetan alegia. Horiek ez ditu aditz batek, honek edo besteak, berez eta bereziki eskatzen. Nahi izanez gero, hiztunak zehatz ditzake, jakina, edo ez, baina ez da aditzen kontua hori. Aditzak berez eskatzen duen informazio trinkotik kanpo gelditzen da, ez da ezinbestekoa informazio hori ematea. Aldiz, aditz baten izaera semantikoaren berri eman nahi izanez gero, haren ezaugarriak azaldu nahi izanez gero, aditzaren argumentu sarea definitzeko ezinbestekotzat hartzen diren argumentuak zein diren zehaztu beharko da: etorri (norbait), eman (norbaitek–norbaiti–zerbait), edan (norbaitek–zerbait) eta abar. Beste kontuak marjinalak dira alde horretatik, zirkunstantzialak. Adberbioak hor kokatzen dira, inguruan, beste maila batean, aditzaren gunetik urrunago, eta “zirkunstantziak” markatzen dituzte179.

22.1.3. Aditz sintagmaren edo perpaus osoaren modifikatzaile

Geroago adibide batzuk ikusiko baditugu ere, aurrera dezagun hemen zerbait. Horretarako bi adibide hauek erabiliko ditugu: Irakaslea orduan etorri da; Orduan, irakaslea etorri da. Edozein hiztun gai da hor ageri den orduan adberbio horrek bi esanahi dituela ohartzeko: lehenbizikoan irakaslea garaiz etorri dela esan nahi du, ez dela berant etorri alegia. Bigarren adibidean, ordea, ez da hori kasua, eta ez du zerikusirik orduarekin. Beste zerbaitez ari garela, eta horretan, irakaslea etorri dela esaten dugu. Bi adberbioen funtzioa, nolabait esateko, bazterrekoa da, baina lehenbiziko kasuan adberbioak aditz sintagma modifikatzen du, eta bigarrenean, ordea, perpaus osoa. Bigarren saileko adberbioak dira zorionez, tamalez, azkenik, gainera, bestalde, askotan, maiz, gutxitan, bortizki nahita, zuhurki, dirudienez, egia esan, dagoeneko eta abar. Lehen sailekoak —aditz sintagmaren modifikatzaileak— dira zeharo, osorik, asko, ondo, ongi, honela, hobeki, hala bestela, beti, nahiko eta gisa horretakoak. Batzuetan, eta hori ikusi dugu, orduan-en kasuan, sail batekoa nahiz bestekoa izan daiteke, nola den ageri.

22.1.4. Adberbio sintagmak eta postposizio sintagmak

Kontura gaitezen, hala ere, ez dagoela desberdintasun handiegirik honako bi perpaus hauen artean, hor ageri diren gaur eta arratsaldean hitzei dagokienez: Miren gaur etorri da; Miren arratsaldean etorri da. Itxura batean, gaur adberbiotzat hartzen badugu, iduri luke arratsaldean ere adberbioa behar lukeela izan ezinbestean. Biek denborari egiten diote erreferentzia, distribuzio antzekoa dute, ez dute komunztadurarik egiten, ez dira argumentu sarekoak eta abar. Hala ere, arratsaldean hitzaren kasuan berehala ohartzen gara gaur hitzarekin ez bezala, hitz barruan beste elementu gehiago bereiz daitezkeela: arratsalde, hasteko. Arratsalde hori ez da adberbioa, baizik denborari erreferentzia egiten dion izena: Arratsalde ederra egiten du gaur. Eta izena den aldetik, komunztadura egiten du: Arratsaldeak beldurra ematen zion perpausean singularrean doa aditza. Ondoko honetan, berriz, pluralean: Arratsaldeek beldurra ematen zioten. Horretaz gain, Miren arratsaldean etorri da adibidean argi ikusten denez, izenak artikulua hartzen du (-a), numeroa (sing. edo pl.) eta -n inesiboaren postposizio marka.

Zer gertatzen da hor orduan? Gaur eta arratsaldean ez dira sail berekoak? Eta zer gertatzen da, eman dezagun gauzak gehiago nahasteko, gaur arratsaldean gisako sintagmarekin? Zer da hori? Esan dezagun, errazenetik hasteko gaur eta arratsaldean, biak, sintagma sail berekoak direla, nahiz sintagma mota horren izena zehaztea erraza ez den. Horiek guztiak adberbio sintagmak dei ditzakegu, izena batzuetan nahasgarri gerta badaiteke ere, gaur adberbioa baita, baina arratsaldean ez (bistan denez, postposizio sintagma da). Biak dira osagai zirkunstantzialak: denbora, tokia, modua, kopurua, zergatia, helburua… bezalako eduki semantikoekin erlazionatzen dira.

Hori dela eta, terminologiari dagokionez, bereizketa hauek egingo ditugu: denak dira, esan bezala, osagai zirkunstantzialak. Horien barnean adberbio sintagmak bereiziko ditugu, batetik (gaur) eta adizlagunak edo postposizio sintagmak (arratsaldean, etxean, mendian), bestetik. Hemen, EGLUn erabiltzen den terminologiatik urruntzen gara: han adberbio terminoaren azpian biltzen ziren “aditzondoak” (gaur) eta “adizlagunak” (adiskideekin).

EGLUko eskema: Adberbio = aditzondo + adizlagun.

Funtsean ez dugu gauza handirik aldatzen orain: multzo beraren (osagai zirkunstantzial deitzen dugu, ez adberbio) azpian sartzen baititugu adberbio sintagmak (adberbioa edo aditzondoa dute buru) eta postposizio sintagmak (orduko adizlagunak).

Oraingo eskema: Osagai zirkunstantzial = adberbio/aditzondo + postposizio sintagma/adizlagun.

Uste dugu orain aukeratzen dugun terminologia hedatuago dela gramatikarien artean.

Kapitulu honetan adberbio sintagmak aztertuko ditugu. Postposizio sintagmetarako ikusi 19-21. kapituluak. Hala ere, batzuetan hain dira hurbilekoak esanahian, non postposizio batzuk denborarekin multzoz aldatuz joan baitira eta benetako adberbio bihurtu dira azkenean: Orduan etorri zen. Perpaus horretan orduan postposizio sintagma izan daiteke: Bostetarako etorri behar zuen, eta puntu-puntuan, orduan, etorri zen. Beraz, espero zen orduan etorri zen, oren horretan. Baina adberbio hutsa ere izan daiteke: Koldori buruz ari ginen hizketan eta orduan etorri zen, hizketan ari ginela. Bi esanahi desberdin ditu orduan horrek, ikusten denez: batean, ‘ordu jakin batean’ (halako orenean) eta bestean ‘une hartan’. Ez dira esanahi bakarrak, zeren ‘hortaz’ (edo holako zerbait) ere esan nahi baitezake: Nondik datorkigu orduan konfiantza hori? Kategoria aldatze hori beste izen zenbaitekin ere gertatzen da: gaur egun hiztun gutxi ohartzen da hemen edo aurten adberbioen amaieran ageri den -n hori, mendian edo goizean hitzen amaieran ageri den inesibo marka bera dela. Hain da galdurik informazio hori, zenbait hizkeratan orai esaten da zuzenean, -n gabe.

Kontura gaitezen, bestetik, adberbioekin ere, beste edozein izenekin bezala, osa daitezkeela postposizio sintagmak: Bihartik aurrera ez da etorriko; Gaurko egin behar zen hori… Beraz, bai goizean eta bai bihartik, biak dira postposizio sintagmak, baina batean postposizioak izen sintagma hartzen du osagarri (etxe-a-N) eta bestean adberbio sintagma hartzen du osagarri gisa (bihar-TIK).

22.1.5. Adberbioen aldaezintasuna

Zehatz dezagun, hortaz, hobeki, zerbait lehentxeago aipatu dugun adberbioen aldaezintasunaren kontua. Gramatiketan ere azpimarratu izan da adberbioen ezaugarri nagusia dela aldaezintasuna. Hori gertatzen da, egia da, zenbait hizkuntzatan: gainerako kategoriak ez bezala, adberbioek beti itxura bat eta bakarra erakusten dute. Hori esaten da gertatzen zaiela interjekzioei eta postposizioei ere. Euskaraz egia da hori, baina neurri batean bakarrik (ikus EGLU-I: 312). Adibidez, ere partikula adberbiotzat har daiteke, eta horrek beti du itxura hori, ez du besterik hartzen, ez artikulurik ez postposiziorik. Baina euskaraz ez da hori gertatzen beste adberbio askorekin, aurreko pasartean ikusi dugun gisan, adberbioek postposizioak hartzen ahal baitituzte. Azkuek espresuki esaten zuen euskal adberbioak ez zirela hain aldaezinak: “Nada de invariabilidad tienen los de nuestra lengua en su mayoría […] Muchísimos de ellos son tan declinables como cualquier nombre” (Azkue 1925: 454).

Bada, ordea, aldaezintasunaren kontzeptua definitzeko beste bide bat: aldaezintasuna hitzek edo hitz multzoek perpausean betetzen dituzten zereginen arabera hartzen dituzten muga-hizkiei, erlazio-hizkiei eta gradu-markei eta antzekoei badagokie, honako hau esan daiteke: adberbioek ez dute mugatzailerik hartzen, ikusi bezala; adberbioa batzuetan nominalizatu daiteke, izenkiei dagozkien kasuetara eramanez (Iruñetik zerbait urrutian bizi da), adberbioa izen bihurtuz alegia; adberbioa izenlagun ere bihur dezakegu -ko markaz baliaturik (atzoko lagunak); adberbioek ez dute kasu marka gramatikalik hartzen (*atzok), baina bai leku-denborazkoak (atzotik) batzuetan; azkenik, adberbio batzuek, baina ez guztiek, gradu markak har ditzakete (beranduegi, *atzoegi). Argumentu horiek erakusten dute euskal adberbioa, guztiz aldaezina ez bada ere, badituela eranskinak hartzeko gainerako izenkiek ez dituzten mugak.

22.1.6. Adberbioen funtzioaz

Hori guztia formari dagokionez. Funtzioari dagokionez, sintagma hauek ez dira gainerako sintagmak bezain homogeneoak, perpausaren osagai askoren esanahia ukitzen ahal baitute: aditza (lasterka etorri), adjektiboa (aski ederra); adberbioak (arras ongi) eta abar. Hortaz, adberbioaren izaera zehaztea ez da erraza: neurri batean, definizioa ez da sortzen berez dituen ezaugarriengatik, baizik ukitzen dituen osagaien motagatik: azkenean, definitutako osagaia bihurtzen da definizioaren parte.

Esan dezagun, azkenik, baditugula osagarri zirkunstantzial konplexuak ere: gaur goizean da horietako bat. Badira asko: zenbat eta goizago, zuk pentsatu bezala, aise aski, mantso-mantso, bi ordu eskas, arratsaldeetan aise maizago, bart arratsean goizkara eta abar. Geroago aztertuko dira holakoak.

Adberbio batzuek adjektibo kalifikatzaileek erakusten dituzten predikatuen parekoak adierazten dituzte (ikus 14. kapitulua), baina aditzarekin: idazkera ona eta ongi idatzi; ulertze erraza eta errazki ulertu eta abar. Bada, ikusten denez, paralelismo handia izen-adjektibo eta aditz-adberbio bikoteen artean, eta honetaz aspaldi ohartu ziren gramatikariak, hizkuntza askotan gertatzen baita.

22.1.7. Adberbioen sailkapen motak

Adberbioak bi modutara sailkatuko ditugu, nolakoak diren erabiltzen ditugun irizpideak. Irizpide bat morfologikoa da, formala, esanahia kontuan hartu gabe baliatzen duguna, eta bestea semantikoa, esanahia kontuan hartuz baliatzen duguna. Gramatikariek, egia da, beste irizpide batzuk ere erabiltzen dituzte zenbaitetan: izaera gramatikala, adibidez, edo izaera sintaktikoa, hots, nolako aldaketa motak eragiten dituzten. Baina irizpide horiek eztabaidagarriagoak dira, eta askotan ez da batere erraza sailkapen batzuen eta besteen arteko mugak zehaztea. Horregatik, hemen irizpide formalak eta semantikoak bakarrik erabiliko ditugu. Egia da, zernahi gisaz, azkeneko bi irizpideak (izaera gramatikala eta sintaktikoa) ari direla nagusitzen gramatika modernoetan (ikus RAE 2009: 2294), eta lehenbiziko biak (forma eta esanahia) ohikoagoak direla gramatika tradizionaletan.

22.2. Adberbioen sailkapen formala: adberbio bakunak, eratorriak eta elkartuak

Erakusten duten forma hartzen badugu kontuan, adberbioak era askotakoak dira euskaraz: atzo, beti, ederki, lasterka, berriro, norbait, nonbait, aurten, gainera… batzuk aipatzearren. Zerrenda horretan atzo eta beti adberbio bakunak dira, soilak, ez da hitz horien barnean bestelako morfemarik bereizten. Ederki, lasterka eta berriro, aldiz, eratorriak direla esaten dugu, berez beregaina den hitz batean oinarriturik (eder, laster, berri), atzizki bat erantsirik (-ki, -ka, -ro) adberbioak sortzen baitira. Noizbait eta nonbait konposatuak, dira, elkartuak, bi lexemak (noiz-bait, non-bait) osatzen baitituzte. Azkenik, esan dezagun badirela euskaraz zenbait hitz, jatorriz adberbio izan gabe, guztiz adberbializatuak gelditu direnak: aurten, inguruan, esate baterako. Horietako batzuetan hiztunak galdu du guztiz haien jatorriaren kontzientzia (aurten horretan ez du ikusten inesiboaren marka), eta beste batzuetan, lehentxeago esan gisan, hitz berak adberbio balioa izan dezake batzuetan (Inguruan egongo da nonbait) edo postposizio aske arrunta da (Etxe inguruan ikusi dugu).

22.2.1. Adberbio bakunak

22.2.1a Adberbio bakunak, lexemari dagokionez, osagai bakarrekoak dira: gaur eta atzo, adibidez. Euskalki guztietan badira holako adberbioak, nahiz ez diren denak hizkera guztietara hedatzen: esate baterako, usu adberbioaren erabilera mugatuagoa da, hizkerei dagokienez, gero adberbioarena baino. Beste batzuetan, hitz bera izanik ere, esanahia aldatzen da hizkera batetik bestera: sarri adberbioak ‘askotan’ esan nahi du euskalki batzuetan, edo ‘berehala, gero’ beste batzuetan.

22.2.1b Gaurko testuetan adberbio bakun erabilienen artekoak honako hauek dira180: aiduru, aise, arau, ardura, atzo, aurtemein, aurten, bart, beti, bihar, doi, egun, etzi, gaur, gero, geurtz, iaz, jada, orain, sobera, sarri, ziplo. Horietako batzuk arruntak dira euskalki guztietan: aurten, beti, bihar, etzi, gero… Beste batzuk, ordea, euskalki batzuetan bakarrik erabiltzen dira.

22.2.1c Doi adberbio gisa ezagunago dugu, baina izen edo adjektibo bezala ere ageri da tradizioan: ‘justu behar dena’ edo esan nahi du. Hori ikusten da adibide hauetan: Ez dugu jan-edanean eta beztimentetan soberaniarik galdegiten: doiaz elikatzen, iragaiten eta kontentatzen gara (Axular); Egun-argia joana zen eta nire lantegia argizagi batzuen argi doietan neukan (Mitxelena); Nitan zen aberastasun doi hori baliatzeagatik (Larre); Beren burua gabe atxikituko badute ere maiz, umeen hazteko eta altxatzeko doia (J. Etxepare); Kontuen eskatze hori doi bat harrigarria da (X. Arbelbide).

Baina adberbio gisa ere erabiltzen dugu egun, batez ere Iparraldean (batzuetan artikulua eta guzti): Ahoa doi irekitzen du eta irekitzen duzu, eta guztiarekin ere arnegu eta juramentu egiten ari zara (Axular, “Ez du ahoa ireki baizik egin…”); Eta doi-doia hiru milioik ongi ahoskatzen zuten eta izikiriatzen zekiten beren frantsesa (Xarriton); Etxartek Bozen ihesa doi-doia ikasi zuen (Borda); Eta zenbait aipamen —“bederatzi ahizpez maiteki hazia”— doi aipatu, letratuentzat argi, eta besteentzat ilun izan daitezen (Mitxelena).

22.2.2. Adberbio eratorriak

22.2.2a Baditugu adberbio eratorriak ere. Izena, adjektiboa, aditza nahiz beste adberbio bat oinarri harturik, eta horri adberbio atzizki bat erantsirik sortzen ditugu adberbio eratorriak. Adberbioak sortzeko atzizki nagusiak honako hauek dira: -ki (apalki), -ka (lasterka), -ro (minutuero), -to (ederto) eta -la (horrela).

22.2.2b -ki atzizkiak batzuetan -gi aldaera erakusten du (§ 6.2.4 atalean aztertzen da xeheki gai hau).

Kualitatea adierazten duten izenondoek, maileguak izan nahiz ez, hartzen dute, oro har, atzizki hau: garbiki, oneski, segurki. Eta adjektiboa balioa duten izenek ere: gizonki.

Gaingiroki berezia da, morfologiari dagokionez: gainkirotik sortua, Axularrek erabiltzen du, eta gero berriz ere XX. mendean berreskuratzen da euskara landuan.

Euskara modernoan hizkuntzak behar dituen hitz berriak sortzeko ezinbesteko lanabesa dela dirudi: Mintzaira horrek zein abilki eta errazki moldatzen dituen hitzak (Joanategi); Zein abilki praktikatzen duan hire ofizioa! (Larzabal); Automatikoki begiak itxi zituen, eta neskaren amorruari berriro aurre egiteko prestatu zen (Olarra).

Partizipioek ere har dezakete atzizki hau: deliberatuki, markatuki, ohartuki eta abar181.

Egungo idazleen artean oso erabilia da ezinbestean, aski emankorra delako. Ez hori bakarrik: batzuetan, hola sortzen diren adberbioek lekua jaten diete adizlagun arruntei: itsuan adizlagunaren ordez itsuki erabiltzea ez da gauza arraroa. Edo zorrotz jokatu esan beharrean zorrozki jokatu esateko joera ere igartzen da batzuetan. Ez da hori, dena den, egungo euskararen kontua, gisa horretako adibideak tradizioan ere ageri baitira.

Askotan, ordea, -z postposizioa nahikoa da adberbioak sortzeko: airez, eskuz, hitzez, bihotzez eta abar. Horrek ez du kentzen, zernahi gisaz, -ki ere gaineratzeko: egiazki, ohorezki, zentzuzki, dolorezki, handizki, moldakaizki…: Ohorezki hartu genuen Baionako apezpikua (Larzabal); Justu oro egonen da haietan goiti airian. Eta egonen da eskuinetik jujearen aldean bekatariak dolorezki sugarrean lurrean hariketa dantzuteno sententzia gainean (Etxepare); Baina hark mehatxatzen zituen handizki ez zitezen ager (Haraneder). Baina emankortasun mugatua du eredu honek, oro har -z bera aski izaten da-eta aditzondo balioa emateko: hitzez, eskuz… (ez *hitzezki, *eskuzki…).

22.2.2c Sail honetan aipatu behar den bigarren atzizkia -ka da182 (ikus § 6.2.3): lasterka, korrika, oihuka, ehunka, pixkanaka, gainezka, tarteka, joka, apurka, presaka, zeharka, galdezka, irrika, dozenaka, norgehiagoka, dardarka, arrastaka, banaka, garrasika, hemenka, bueltaka, bakarka, tiraka, deika, milioika, noizbehinka, tiroka, arnasestuka, ahapeka, biraka, zaunka, atzeraka, isilka, erdizka, marmarka, bultzaka, jauzika, zotinka, esaka, segika, aldizka, saltoka, txandaka, atalka, kolpeka, txaloka, taldeka, balantzaka, gordeka, erreguka, barrezka, musuka, algaraka, intzirika, keinuka eta abar.

Ikusten denez, kategoria bat baino gehiagori erants dakioke atzizki hau. Izen konkretuei, bizidun zein bizigabeei erants diezaiekegu, ‘bila ibili/joan’… adierako adberbioa sortzeko: arrainka, egurka, urzoka… Gure Pelo / Hasi zen arrainka, / Sakekin miaka (Oxobi); Urzoka joan zen eta ostiraliaz geroz etzen ageri (Herria). Nolanahi ere, oso adibide gutxi ditugu eredu honetakoak, Iparraldekoak guztiak. Izen bizigabeei erantsirik, bi modutako balioak har ditzake sortzen den adberbioak: batetik, oinarriak adierazten duena eginez (bultzaka, eztulka, jauzika, keinuka, tiroka, zirika); bestetik, oinarriak adierazten duenaz kolpea emanez (harrika, mazoka, ostikoka, ukabilka…). Hualdek eta Ortiz de Urbinak (2003) diotenaren arabera, baliabidea (‘tresna’) edo ‘modua’ adierazten dute aditzondo hauek. Beste batzuetan, ‘zein maiztasunez’ adierazten du adberbioak (errepikatzea, Hualdek eta Ortiz de Urbinak diotenez); izenak eta zenbatzaileak ere izan daitezke oinarri adiera honetan: binaka, bosnaka, ehunka, epeka, hamarnaka, hilabeteka ‘hilabetez hilabete’, hirunaka, milaka, taldeka, urteka. Aditzoinari ere erants dakioke -ka (eskainka, joka, txistu-jaurtika). Modua adierazten du erabilera honetan.

Bestela, -z postposizioari (barrezka, galdezka) eransten zaio (§ 6.3.8); eta adberbioari (han-hemenka, pixkanaka), aditzoinari (eskainka, jaurtika…) eta abar. Izen bizidunekin batzuetan ‘bila ibili/joan…’ adierako adberbioa sortzeko ere balio du, nahiz holako adibideak ez diren ugariak: Arrainka joan zen. Aditzondo hauek tresna, modua, maiztasuna… adierazten dute. Zenbatzaileak ere izan daitezke oinarri: binaka, bosnaka, milaka… Eta kontatze edo zenbatze izenak ere: hilabeteka, urteka, orduka, epeka eta abar.

22.2.2d Adberbio eratorriak sortzeko hirugarren atzizkia -(e)ro da (§ 6.2.5). Garai batean euskalki guztietan erabilia, egun Hegoaldera mugatzen da. Izenei eransten zaie, batetik, eta maiztasuna adierazten dute batez ere. Holakoak ditugu honako hauek: arratsaldero, arratsero, asteartero, astero, eguerdiro, hamabostero, hilabetero, ilunabarrero, minutuero, orduero, segundoero, udaberriro, udazkenero, une oro, aldiro.

Zuzenean bokalez bukatutako izenki (biziro, errukarriro) edo adberbio batzuei (astiro) ere ezartzen zaie, eta bokal hori -e baldin bada, arau fonologikoa ezartzen da: luzeluzaro183. Mitxelenaren iritziz orokorra zatekeen atzizki hau aditzondo berriak sortzeko, nahikoa ihartua dagoela esango genuke. Aspaldi samar sortutako astiro, berriro, dongaro, geldiro, luzaro, oparo, osoro, zeharo… erabiltzen ditugu oraindik ere, baina ez dugu berririk sortu.

Hitza kontsonantez bukatzen bada, tartean -ki- eskatzen dute: samursamurkiro. Batzuetan bokalez amaitzen bada ere: anaikiro. Beraz, bi atzizki baliatzen ditugu holako adberbioak sortzeko: -ro eta -kiro. Holako adberbioek gehiago ‘modua’ (zentzu zabalean) edo adierazten dute. Bi atzizkien arteko hurrenkera aldakorra da: egiazkiro, emekiro, gaingiroki, handikiro/handiroki, maitakiro/maitaroki, zorrozkiro…

Lehen sailekoak (-ro) honako hauek ditugu: adierazgarriro, ageriro, aintzagarriro, arrikugarriro, aspergarriro, astiro, berriro, betiro, biziro, errukarriro, etsigarriro, eztiro, garbiro, gogaikarriro, higuingarriro, hunkigarriro, ikaragarriro, izugarriro, luzaro, miragarriro, miresgarriro, zeharo, zoragarriro. Azkueren ustez astiro adberbioa asti (‘lasai, mantso’) adjektibo zaharretik etor daiteke (1923-1925 I: 241; II: 418).

Eta bigarren sailekoak (-kiro) beste hauek: anaikiro, apalkiro, astunkiro, atseginkiro, azkarkiro, basakiro, berezikiro, bigunkiro, desatseginkiro, desberdinkiro, desegokiro, egokiro, emekiro, ezegokiro, geldikiro, gizonkiro, goibelkiro, gozokiro, handikiro, lasaikiro, leunkiro, lizunkiro, maitekiro, motelkiro, nabarmenkiro, segurkiro, xamurkiro, zorrozkiro, zuzenkiro.

Mitxelenak dio atzizki hau oso emankorra izan dela euskararen historian adberbioak sortzeko, nahiz gaur erabilera mugatuagoa duen. Adibideetan ikusten denez, oinarrian kategoria askotako hitzak ikusiko ditugu: izena (astero), adjektiboa (garbiro), adberbioa (emekiro) eta abar.

Euskaraz orduero (orduoro, orduro) erabili izan da beti. Berdin egunero edo astero, eta gainerakoak, maiztasuna adierazteko. Hori da literaturan eta ahozko erabileran tradizioa duen moldea eta ez, betiko erabileraren ondoan, azken urteotan hedatu den zenbatzailedun sintagmari ere eranstea, *bi orduero, *ordi erdiero, *bi hilero, *hiruhilero, *lau astero eta holakoak erabiltzen hasi dira (ez dira adibide idatziak ere falta egungo testuetan). Horrek ez du tradiziorik euskaraz, egia esateko. Bi orduz behin, bi ordutik behin, hamabost egunetik behin, hamabost egunean behin edo bi ordutik, besterik gabe, erabili izan da beti: Bi ordutik pasatzen da autobusa.

Ikusi hemen Euskaltzaindiaren 110. araua: “Iraupena eta maiztasuna adierazten duten sintagma zenbatzailedunetan mugatu singularra noiz erabil daitekeen”, Iturenen, 2000ko maiatzaren 26an onartua.

22.2.2e -to ere erabiltzen dugu euskaraz adberbio eratorriak sortzeko (§ 6.2.6). Esan daiteke -ki atzizkiaren parekoa dela, baina atzizki hau da, beharbada, adberbioak sortzeko atzizkien artean emankortasun apalena erakusten duena. Hola sortzen diren adberbioak batez ere bizkaieraz ageri dira eta ez dira asko (sudurkariaren ondotik herskaria ahostun bihurtzen da): egundo, ondo, ederto, hobeto, polito, polikitto, txarto, eta baten bat gehiago. Ontsatto ere sail honetakoa da, batez ere zubereraz erabilia.

Ez dirudi -to atzizkia batere emankorra denik, zernahi gisaz184.

22.2.2f Adberbioak sortzen ditu -la atzizkiak ere, baina erabilera mugatua du arras, eta ez da batere emankorra: honela, horrela, hola, hala, bestela. Hauek guztiak beste atal batean azaltzen dira (§ 22.6).

22.2.2g EGLU-I liburukian (316) esaten da -ik partitibo marka hartzen duten hitzak, oinarrian izena (poz), adjektiboa (isil, on, bakar, zut), adberbioa (orain)… dutela ere, adberbio bihurtzen direla: pozik, isilik, onik, bakarrik, zutik, orainik… Egia da bakarrik utzi dugu, isilik gelditu da eta holakoetan, berez, adberbio baten, edo adberbio antzeko zerbaiten funtzioa dutela forma horiek. Partitiboa deitzen dugun horrek (beraz, egokiago litzateke -ik amaiera duten sintagmez aritzea, besterik gabe) funtzio bat baino gehiago du. Batetik, determinatzaile gisa har daiteke (ikus SEG): Ogia erosi dut / ez dut ogirik erosi. Baina bestetik, batzuetan adberbio erabilera du: Zutik egon dira ordu osoa. Eta -ta amaiera hartzen duten sintagmek ere adberbio erabilera dute: Eserita egon dira ordu osoa. Badirudi, hortaz, bi -ik ditugula.

22.2.2h Holako atzizkien bidez sorturiko adberbioak elkarren artean trukagarriak dira batzuetan: ongi eta ondo, edo ederki eta ederto, esate baterako. Edo osoki eta osoro. Badirudi, hala ere -ki eta -ik partitiboa adberbio erabileran ezin direla beti eta besterik gabe trukatu: onik eta ongi, bizirik eta biziki, adibidez, ez dira esanahi bereko adberbioak. Beste argudiobide bat partitiboa hemendik kentzeko.

Goiko moduko atzizki horien bidez sortutako adberbioen pareko edo antzeko izan daitezke, azkenik, kasu marken bidez sortutako adberbioak ere: itsuan eta itsuki; oihuz eta oihuka; berriz eta berriro.

22.2.3. Adberbio elkartuak

22.2.3.1. Adberbio elkartu motak

Hauek dira ondoren aztertuko diren adberbio elkartuak: galdetzaileen gainean eraikiak (edonon, nonbait, nonahi, nonbait… eredukoak); dvandvak (han-hemen eredukoak), mendekotasunezko adberbio elkartuak (mutur-joka, larru-hutsik… eredukoak), eta hots uzardurak (kili-kili, txor-txor…).

22.2.3.2. Galdetzaileetan oinarritu adberbioak

EGLU-I liburukian (316-317) galdetzaileei edo- eta -bait, -nahi eta -i hizkiak gaineraturik osatutako adberbio elkartuak aipatzen dira: edonon, edonoiz, edonola; nonbait, noizbait, nolabait; nonahi, noiznahi, nolanahi; inon, inoiz eta inola. Horiek guztiak aski arruntak dira egungo hizkeretan, eta literaturan ere tradizioa dute.

Noizbait (noizbeit, noizpait, noxbait, nozbait, nosbaita, nuzpait…) euskalki eta garai guztietan erabili izan da. Esanahi bat baino gehiago du. Batzuetan ‘halako batean’ esan nahi du: Egun bazoaz libertadez, hori noizbait galduko duzu (Lazarraga). ‘Beste garai batean’ ere esan nahi dezake: Nik ere, noizbait sinestu izan dut (Inza). Zenbait kasutan, hurbilago dago ‘batzuetan’ hitzaren esanahitik: Guziarekin ere, noizbait ihardetsi du beldurrez (Pouvreau). Ezezko perpausetan ezezko balioa izan dezake, edo ‘halako batean’ esan nahi duela: Ez dukete ene penek, bada, noizbait mugarik? (Etxeberri Ziburukoa); Nork ez du kanta gainera noizbait, hiru damatxoren beste hura ere? (M. Lekuona). Zenbait kasutan ‘azkenean’ esan nahi du: Noizbait hasi naiz berriz ere lanean, eta egin dut bertze liburu bat (Joanategi); Ahulduko da haren kemena eta isilduko da noizbait haren burrunda (Mitxelena).

Nonbait ere (nunbait, nonbaiten, nonbaisten) euskalki eta garai guztietan erabilia da. ‘Tokiren batean’ adierazi nahi du batzuetan: Horren gogoa beti nonbait dabila (Duvoisin); Bila nabil badenez, izan behar da nonbait, erretaula bat (J. Etxepare). Beste batzuetan ‘segur aski bai’, ‘antza denez’ esan nahi du: Gurea delako nonbait, guretarrekin itsasirik gaudelako (Mitxelena); Herriko jendeak uste du, nonbait, beste arraza bateko laguna dela jakintsua (Villasante). Harridura esaldietan, ‘zalantza gabe’ esan nahi du: Nonbait makila hautsi diozu bizkarrean (Maurice Harriet). Esapide batzuetan ere badu tokia: han nonbait, nonbait han, hor nonbait, nonbait hor (beharrik!, eskerrak!, gutxienekoa!).

Nonahi (non-nahi, nun-nahi, nunai…) batez ere XIX. mendetik aurrera hasten da tokia hartzen. XX. mendean hedatzen da, nahiz bizkaierazko testuetan pixka bat gutxiago ageri den: Eskoletxe berriak nonahi irekitzen zituela (J. Etxepare).

Nonahi honek (noizbait eta nonbait-ek bezala) toki-denborazko kasu markak har ditzake: -tik eta -ra. Baina marka hori lehenbiziko atalak nahiz bigarrenak har ditzake: nondik nahi (tradizioan nondinahi, nundik-nahi, nundinahi, nunti-nahi, nundikan-nahi… ageri dira) edo nonahitik (eta goiko aldaerak): Han xuxentzen eta garbitzen da, zer ere bertzenaz eta nondik nahi makurtu eta lizundu baitzen (Pouvreau); Nonahitik haizea zetorren (Agirre).

Adlatiboan (-ra) ere badira bi aukerak: noranahi eta nonahira. Tradizioan lehenbizikoa ageri da, aldaera bat baino gehiago duela: noratnahi, nuranahi, nuratnahi eta abar. Euskalki guztietan erabilia. Aldiz, nonahira adberbioak ez du lekukotasunik tradizioan, baina gaurko hizkeran badira adibide batzuk: Matematikak, izan ere, nonahira eramaten zaitu! (Jon Muñoz).

Esan dezagun, azkenik, nonahi horren ondoan, non nahitan ere ageri dela: Leialtasuna hain ona da / nonahitan maite gaituzte (Basarri); Jainkoaren eskua ikusten zuten nonahitan eta zernahitan (Villasante).

Edonon eta edonoiz batez ere bizkaieraz idazten dutenen artean dokumentatzen dira: Edonon ageriko da ze itsusia den (Astarloa); Sustrai txarrak edonon eta edonoiz eman dezake kimu berria (Agirre). Edonola, aldiz, ez da horrenbeste erabili, baina egungo literaturan indarra hartzen ari da.

Non-zer moduko galdetzaile dvandvak ere baditugu gure literatura tradizioan eta gramatikako terminologian, noiz-nongo, zer-nola(ko), nor-nori, nor-nori-nork. Hauetan, aldiz, eta juntagailuak irudikatuko luke galdetzaile hauen arteko harremana. Nolanahi ere, emankortasun urrikoak dira bai bata (bi-hiru) eta bai bestea (noiz-nongo). Aitak zer-nola lantzen zuen (J. R. Zubillaga); Bi gorputz aiek gutxi gora-bera non zeuden galdezka, zer nolatan atera bear genitun asmatzearren (I. Alkain eta A. Zavala). Ikus, dena den, § 9.10 atala ere.

22.2.3.3. Adberbio dvandvak

Maila berean dauden bi adberbio elkartzen ditugu, adberbio dvandvak sortzeko (§ 9.4.1): han-hemen, hala nola. Eta hemendik erator ditzakegu adjektibo dvandvak ere, luze-zabaleko.

22.2.3.4. Mendekotasunezko adberbio elkartuak

Mendetasunezko adberbio elkartuetan bigarren osagaia da burua, adberbio kategoriakoa. Lehen osagaia izena izaten da. Izen eta adjektibo elkartuetan bezala, hemen ere elkartu sintetikoak eta bahuvrihi elkartuak bereiz ditzakegu.

22.2.3.4a Osagarri-buru erlazioa dugu bi osagaien artean.

a) Batetik, [aditzoina + -ka] adberbio eratorriak mugakizun dutenak (§ 9.4.3a): aho-zabalka, arrosario esaka.

b) Bila, eske bigarren osagai dutenak: abaro bila, barka eske… (xehetasunak § 9.4.3b atalean).

c) Zain (egon) bigarren osagai duten eguna zabaldu zain, mutil kaiku horiei burura etorri zain egon… (xehetasunak § 9.4.3c atalean).

d) Pasa mugakizun dutenak (§ 9.4.3e): gau-pasa.

e) Berez bizidunen jarduna adierazten dutenak (§ 9.4.3f): kontu-kontari.

22.2.3.4b Badira modifikatzaile-buru erlazio duten adberbioak ere sail honetan (§ 9.5): esku-hutsik, aho-zabalik. Huts bigarren osagai duten elkartuak ere adberbio elkartutzat har ditzakegu: musu huts gelditu zen.

22.2.3.5. Adberbioak eta hots uztardura

Adberbio batzuk hots uztarduren ondorio dira: zurrumurru, bor-bor, kili-kili… Horiek guztiak § 9.6 atalean aztertzen dira.

22.2.4. Adberbio gisa erabilitako bestelako hitzak

22.2.4.1. Hitzak eta adberbioak

Badira hitz batzuk, berez adberbio izan gabe, adberbio gisa erabiltzen ditugunak. Horiek aztertuko dira ondoko lerroetan. Hitz horietako batzuk, jatorriz adberbio ez izanik ere, adberbio gisa lexikalizatu dira, eta forma aldetik ere nekez identifika daitezke jatorrizko hitzekin. Adibidez, hemen adberbioak hau erakuslea da, inesiboan (hau + n). Hirugarren graduan ikusten da garbiago: han (ha + n). Beste zenbaitetan, hitza adberbio gisa lexikalizaturik gertaturik ere, erraz atzeman daiteke jatorria: orduan (ordu + a + n). Horiek osatzen dute lehenbiziko saila.

Badira beste sintagma batzuk adberbializatze bidean daudenak, baina praktikan adberbiotzat hartzen ditugunak: gainera, adibidez. Egia da Teilatu gainera bota zuten pilota esaten denean postposizio arrunt bat dela, baina horren ordez Gainera, pilota teilatura bota zuten esaten badugu, hor zinezko adberbio bat dugu, adberbioaren osaera gardena bada ere. Holakoak dira bigarren sailekoak.

Hirugarren sailean ditugu postposizio garbiak: lagunarekin. Ez ditugu horiek adberbiotzat jotzen.

Beste multzo batekoak ditugu adberbio lanetan erabiltzen ditugun adjektibo garbiak: Dotore dator edo Zorrotz jokatu dute.

Azkeneko sailean daude adberbio gisa erabiltzen ditugun hitz multzoak: batez ere, gutxi gorabehera eta holakoak.

Horiek guztiak ikusiko ditugu ondoko pasarteetan.

22.2.4.2. Adberbio bihurtu diren hitzak

Adberbializazioa erabat burutu duten hitzak ditugu lehenbiziko sailean. Horrelakoak dira, hasteko, historian kasu marka baten bidez sortu adizlagunak, baina gaur egun hiztunek halakotzat ez dituztenak: aurten, hemen eta abar. Hiztun arrunt gutxik ikusten dute hemen adberbioan, esaterako, inesiboaren seinalerik (hau + n). Historian finkatu da forma hori. Gauza bera gertatzen da han adberbioarekin (a/hura + n). Aldiz, hor forman ez da ageriko aztarnarik ere geratzen.

Erabat adberbializatutzat har daitezke kasu marka agerian izan arren, erabiliaren erabiliaz harturiko esanahi bereziagatik edo, hiztunek hitz berri edo diferentetzat dituztenak: orduan, berriz, gainera… Zaila da, jakina, eta ez noraezean erabaki beharrekoa beharbada —batera zein bestera postposizio baten aurrean baikara— marka zirkunstantziala daraman izenkia erabat adberbializatu denentz zehatz erabakitzea. Zergatik, esate baterako, berriz adberbiotzat hartu eta luzaz, ostera, ez? Zalantza horiek hiztegietan ere ageri dira inoiz: batzuetan horrelako hitz bati, adberbiotzat harturik, sarrera berezia eskaintzen zaio, baina beste batzuetan, nahiz itxuraz antzekoa izan, ez.

22.2.4.3. Adberbio bihurtzeko diren hitzak

Beste batzuk adberbializatze bidean daudela esan daiteke, eta hiztegiek ere seinalatzen dute hori: adibidez, neurriz hitza, adberbio gisa ageri da Euskaltzaindiaren Hiztegian, edo Egungo Euskararen Hiztegian (EEHn), baina betiere neurri sarreraren azpiatal gisa, ez beregain. Horrelakoak ditugu, neurri batean, ondoan, ostean, gustura, gora, aurrera, oinez (OEHn sarrera gisa, baina Euskaltzaindiaren Hiztegian edo EEHn azpisarrera gisa), agerian, berritan, birritan, onez, onean, txarrez, txarrean, zuzenean, adibidez, alderantziz, artez, benaz, benetan, zinez, egiaz… Adibideetan ikusten denez, inesiboa eta instrumentala dira honetara gehien egokitzen direnak.

Hirugarren mailan genituzke, azkenik, kasu marka eta guzti izenki garbi izaten segitzen dutenak, hau da, adizlagun bai, baina adberbio ez direnak: mendiz, lagunarekin, leku ederrera… (ikus 19-21. kapituluak).

22.2.4.4. Adberbioak sortzeko beste bide batzuk

Badira, ordea, bestelako adberbializatze bide batzuk ere. Zenbaitetan adjektiboa hartzen dugu, inolako atzizkirik gabe, ez mugatzaile ez kasu markarik, eta adberbio lanetan jarri. Adberbio gisa erabiltzen da, bestelako adberbioen zereginetan. Testuinguru soilak agintzen du aldaketa hori, beste inolako markarik gabe: Lokarriak kate gogor bihurtzen dira itzul-lana neurtitzetan egin behar denean (Mitxelena) vs Gogor ari da (Izeta); Zuela bere buru gainean urrezko koroa bat, eta bere eskuak igitai zorrotz bat (Leizarraga) vs Zorrotz jokatu beharra zeukaten (Tx. Garmendia); Arren bada, Jauna, argi bizi bat egidazu zure adibideak ikasteko (Añibarro) vs Ez dago batere argi, niretzat behintzat (Mitxelena). Adberbio adjektibal ere deitu izan zaie inoiz. Prozesu hau aski arrunta da hizkuntza askotan, dena den.

Perpaus horietan gogor, zorrotz eta argi hitzek nola galdetzaileari erantzuten diote eta ondo, ederki edo beste moduzko adberbioek bete dezaketen lekua betetzen dute. Hona, nahi izanez gero, horrelako erabilera ager dezaketen izenondoen zerrenda laburra: alfer (alfer bizi); apal (apal etorri); argi (argi esan); arin (arin ibili); bikain (bikain jokatu); dotore (dotore jantzi); eroso (eroso ibili); erraz (erraz egin); garbi (garbi mintzatu); jator (jator jokatu); makur (makur atera); zintzo (zintzo ibili); zuzen (zuzen jokatu) eta abar. Batzuetan mailakaturik ageri da adberbioa: Azken aldikotz ez ote dugun ikusi zenbaitek? Biziki argi dago eguna (J. Etxepare); Nola ez baitzen arras argi Sarea ez zuen ikusi (Goihetxe); Gainera, oso dotore jardun du (Berria); Oso ilun zegoen (Lizardi).

Ohart gaitezen erabilera adberbiala duten adjektibo hauek konparazio mailak ere hartzen dituztela: Argala eta hezurtsua zen, eta oso dotore jantzita zegoen (Atxaga); […] sobera luzatuko bainintzateke eta beharbada argiegi mintzatuko […] (Salaburu); Egia da gaztelaniaz ere askoz errazago aurkitzen direla trabari ahoskabeen bilkurak (Oñederra); Idiot savanten kasuak biziki garbi uzten du giza trebetasun bakar bat salbatzen dela beste esparru batzuetako […] (Olarra); Gainera, sukaldea ez da oso zikin egongo (Jokin Muñoz).

Holako adberbioek mugak dituzte, zernahi gisaz. Adberbializatze prozesua ezin da edozein adjektiborekin egin: dotore dabil, zikin dator… bai, baina nekez esango dugu ?txiki bizi da, ?handi ikusi dugu… Muga sintaktikoak ere: gogor ekin dio, bai, baina labur ekin dio ez da hain erraz aurkitzen. Muga lexikoak: garbi jan esaten da, baina itsusi jan nekez (bai, ordea, itsuski jan).

Orobat esan daiteke zenbatzaile zehaztugabeei dagokienez ere: Josetxo aunitz maite dute (Izeta); Ez zaitezela sobera nabarmendu (Izeta); Herabe zen gauza horietaz mintzatzeko, nahiz, bestenaz, ez zen batere motela (J. B. Etxepare).

Holakoetan ez adjektiboa ez zenbatzailea ez daude izenari lotuak, ez izen sintagmaren barnean ez predikatu osagarri bezala ere. Izenarekin ez, aditzarekin dute lotura; baina, jakina, osagai zirkunstantzialak direnez, komunztadurarik gabeko lotura da hori. Gauzak horrela direla, testuinguru soilak agintzen du, adjektibo-zenbatzaile hauek ez baitute erabilera adberbialera eramango dituen inolako morfemarik hartzen.

22.2.4.5. Adberbio gisa erabiliak mugatzailea eta guzti

Zenbaitetan, azkenik, adberbio gisa erabiltzen den izenkia forma absolutuan, mugatzaile eta guzti, agertzen zaigu: Zabal-zabala erori zen; Gosaria doi-doia bukaturik, horra non emakume ezti hura dolorezko itxuran zutitu zen (Jon Muñoz); Kattalin eta Sophiek begiak zabal-zabala ezartzen dituzte (Bidegain).

Azken adibide hori aski adierazgarria da, zeren berez adjektiboa den zabal hitzak artikulua harturik ere (zabal + a), ez du inolako numero komunztadurarik egiten izenarekin: begiak zabalak behar luke izan hor, baina adberbio gisa erabiltzen denez ezin du komunztadura hori egin. Holako adibide gehiago ere aurkitu ditugu idazleen artean: Hurbilago eta tristeago agertzen ziren, gorri-gorria, eguzkiak erreak (X. Arbelbide); Urrundu ziren, isil-isila, Jesusganik (Larregi); Gizon gaizoek atorra dute gerrian xamar petit ageri, eta bi esku hutsak luze-luzea lurrerat dilindan! (J. P. Arbelbide); Gogoetan ari da, kadiran jarririk, zangoa luze-luzea, ohartu gabe minutuen orratza itzultzen ari dela (Bidegain).

Adberbioak gehientasun mailan dagoelarik anitzetan hartzen du mugatzailea: Goraka begiratu du, hurrena zorura, eta hurrenago goraka (Zubizarreta); Eta bentariak […] ahaleginak egin zituen egin, ahal zuen ongiena afaria antolatzen (Ezkiaga); Horretarako ezinbestekoak dira, aurrena, norberaren apaltasuna, hurrena adiskideen iritziak eta, azkena, kritikoen iruzkinak, baina hirurak ala hirurak hain dira urriak… (Zubizarreta). Horiekin batera -ik daramatenak ere aski arruntak dira: Aurren-aurrenik, garbitu egin behar! (Jon Muñoz); Azkenik, urruneko gauzak gerturatu zaizkigu bat-batean (Salaburu). Aldiz, hurrenik adberbioak ez du ia lekukotasunik egungo testu idatzietan, eta tradizioan Mirandek, Erkiagak, Orixek eta Lizardik erabili dute.

Edo artikulurik gabe ere agertzen da inoiz: Ahal den azkarren etxera karta eskribitzea… (Tx. Garmendia).

22.2.4.6. Adberbio gisa erabilitako hitz multzoak

Aipatu behar dira, azkenik, nahitaez hitz elkartua, hau da, hitz berri eta bakarra, osatzen duten eta adberbio gisa erabiltzen diren hitz multzoak. Batzuk tinkoak eta itxiak dira: gutxi gorabehera, noizik behin, bat-batean, behinik behin, batez ere, bide batez, lehenbailehen, lehenengo eta behin eta abar.

Beste batzuk, berriz, irekiak dira, hots, esaeraren osagai bat aldagarria dute: zenbat bider?, bi bider, hamaika bider, hainbat bider, nire kasa, zure kasa eta abar.

22.3. Adberbioen sailkapen semantikoa (I)

22.3.1. Sailkapen mota asko

Sailkapen semantikoak egiten hasten garelarik, sailkapen bat baino gehiago proposa daiteke, anitzetan sail semantikoen mugak ez baitira batere argiak, eta irizpideak elkarren artean gurutzatzen baitira. Hemen hizkuntzak deskribatzeko erabiltzen diren gramatiketan proposatu izan direnez baliatuko gara. Adberbio guztiek osatzen dute nolabait aditzak ematen duen informazioa, baina ez denek eduki mota bera erantsiz: batzuek noiz-nongoaren gaineko informazioa ematen dute, beste batzuek modua, maila edo beste zirkunstantziaren baten erreferentzia ematen dute. Eta badira hiztunak esaldiarekiko duen jarrera azaltzen dutenak ere. Denek ez dute, bestalde, jokabide sintaktiko bera aditzarekin.

Adberbioen esanahia kontuan harturik, hiru sail hauek bereiziko ditugu ondoko lerroetan:

Zirkunstantzia bat adierazten duten adberbioak: batez ere denbora eta leku adberbioak ikusiko ditugu hemen.

Aditzari nozioren bat eransten dioten adberbioak.

Hiztunak esaten duenari buruz jarrera bat adierazteko erabiltzen diren adberbioak.

22.3.2. Zirkunstantzia, nozioa, jarrera…

22.3.2a Adberbio batzuek zirkunstantzia bat adierazten dute, nondik norako zerbait, noiz, non… gertatzen den markoa ezartzen dute: Giltzak galdu zaizkit… hemen; Autoa erosi nuen… atzo. Holakoak dira: atzo, gaur, hemen, bihar, etzi, aurten, goizik, berant, eta horien gisakoak.

Leku eta denbora markatzen duten adberbio hauei maiz eransten zaie ondotik aposizio bat, esanahia indartu edo zehatzagotu egiten duena: hor goian, bart arratsean, hemen berean, hor bertan, han nonbait, lehen garai batean eta abar.

22.3.2b Beste adberbio batzuek aditzari nozioren bat eransten diote, modua edo maila (zenbatekoa) adierazten dutenak. Horiek lotura estuago adierazten dute aditzarekin, aditzari berari, nolabait esateko, laguntzen baitiote: Mikel benetan mintzatu zen; Ama oso haserretu da; Denak ongi iritsi dira eta abar.

Sail honetakoak dira aditzaren, adjektiboaren edo adberbioaren maila adierazten duten maila adberbioak ere: aski polita, arras laburra, berandu asko etorri eta abar.

22.3.2c Azkenik, beste adberbio batzuk hiztunak duen jarrera adierazteko erabiltzen ditugu: agian, beharbada, itxuraz, nonbait

Sarritan, zernahi gisaz, moduzko adberbioa perpausetik kanpora bezala gertatzen da, perpaus osoaren modifikatzaile, eta hiztunak esaldiari buruz duen jarrera agertzen du: Zoritxarrez, langabezia handituz doa. Kasu hauetan, askotan, adberbioa eten edo pausa batez bereizten da esalditik.

22.3.2d Jakina, ez dira horiek egin daitezkeen sailkapen bakarrak. Bestelako irizpide batzuk hartuko bagenitu, sailkapena ere desberdina izango litzateke. Hori dela eta, galdetzaileak har ditzakegu batetik (noiz, nola, zenbat…), erakusleak (hemen, hor, han, honela, hain…), zehaztugabeak (edonon, nolabait, noiznahi…), esate baterako. Ez dirudi, hala ere, irizpideak nahasian erabiltzea egokia denik. Hori dela eta, sailkapen semantiko ohikoagoa izango dugu kontuan, eta horretan egokituko ditugu adberbioak. Horrek esan nahi du noiz, adibidez, galdetzailea izanik ere, denbora adberbioetan agertuko dela, eta non, berriz, leku adberbioetan. Segidan ikusiko dira, hortaz, adberbio mota hauek:

Denbora adberbioak (§ 22.4)

Leku adberbioak (§ 22.5)

Modu adberbioak (§ 22.6)

Maila adberbioak (§ 22.7)

Iritzi adberbioak (§ 22.8)

Bestelakoak (§ 22.9)

22.4. Adberbioen sailkapen semantikoa (II): Denbora adberbioak

22.4.1. Zer diren denbora adberbioak: Noiz, oinarrizko galdera

22.4.1a Denbora adberbioei dagokien atal honen laburpena: Noiz galdetzaileari erantzuten diote adberbio hauek. Noiz galdetzaileari, eta honen gainean eraikitako postposizioei: noiztik, noiz arte… Adberbio horiek guztiak hiru ardatz semantikotan artikulatzen dira: orain, egun, aurten. Bakoitzean beste hainbeste adberbio biltzen dira: orain-lehen, gaur-atzo, aurten-iaz… Batzuek maiztasuna adierazten dute: egunero. Iraupena beste batzuek: luzaro. Eta badira beste adberbio anitz eskema horretan kokatzeko lana ematen dutenak. Horregatik aparteko sail batean aipatuko dira: sekula, agudo eta abar.

Denbora adberbio batzuek atzizki indargarriak har ditzakete: oraintxe. Esan dezagun ere hitz batzuek, duten esanahiagatik, erabilera adberbiala dutela maiz aski: aste, ordu, egun eta abar. Horiek guztiak aztertuko dira ondoko lerroetan.

22.4.1b Denbora adberbio galdetzaile oinarrizkoa noiz da (aldaerak, historian zehar: nos, nox, noix, noz, nuiz…). Baditu lekukotasunak hizkera eta garai guztietan. Galdera zuzenean (noiz egingo du?) eta zeharkakoetan (ez dakigu [noiz egingo duen]) erabiltzen da. Mendeko perpausaren sarrera gisa ere erabili izan da tradizioan noiz adberbioa: Ezen noiz bainaiz inpotent, orduan naiz boteretsu (Leizarraga). Batzuetan erlatibozko adberbioa da: Aitzindari Sanatuaren sortzeari, noiz hasten baita agertzen Jesukristoren ogia (Belapeire). Tradizioan ‘noizbait’ adierazi nahi duela ere aurki dezakegu: Hobe da noiz, ezen ez inoiz (Larramendi). Substantibatua ere erabil daiteke (noizaldi esan nahi duela), baina orduan ez da adberbioa: Ikas bezate ez dela inoiz esaten noizik ez denean (Orixe).

Postposizioak erantsirik noiztik/noizdanik, noiz arte, noizdaino, noizko… sortzen dira. Zenbait esaeratan ere ageri da beste postposizio batzuekin, nahiz halakoetan ez den galdetzailea: noizean behin, noiztik noizera, noizean noiz, noiz(e)tik behin…: Noizean behin gibelerat behatzen dugu (J. Etxepare); Oroitu, oroitu noizean noiz, eta erran: […] (Lizarraga); Noizetik behin beha zagozkigu, bihotzean har (Mirande).

EGLU-I liburukian noizero ere aipatzen da, baina guk ez dugu lekukorik aurkitu.

22.4.1c Galdetzailean oinarriturik egiten dira beste adberbio elkartu hauek: edonoiz, noiznahi, noizbait, inoiz… Beste atal batean aipatzen dira (§ 22.2.3.2).

22.4.2. Denbora adberbioak eta postposizioak

22.4.2a Noiz galdetzailearen erantzun posibleak atzo, gaur, orain… dira. Oinarrizko denbora adberbio horiek sintaktikoki inesiboan daudela onartuko dugu. Leku postposizio marka -n da: karrikan, etxean, ilargian. Baina ablatiboaren marka hartzen ahal dute denbora adberbioek: gaurtik, bihartik eta abar. Inesiboari adlatibo marka ere gaineratzen ahal zaio: etxera, karrikara… (Hori argiago ikusten da “bizidun”ekin, hor inesiboa oinarri harturik sortzen baitira ablatiboa eta adlatiboa: alabagan, alabagana, alabagandik. Gauza bera hemen, hemendik eta abar).

Baina denbora adberbioek ez dute hain erraz hartzen -ra marka. Batzuetan ezinezkoa da (*gaurrera), eta -ko hartu behar dute, edo arte postposizio askea: gaurko, edo gaur arte. Hortaz, paralelismoa, leku eta denborazko adberbioen artean hau da: mendian, menditik, mendira batetik, eta gaur, gaurtik, gaurko (edo gaur arte… baina ez *gaurrera), bestetik. Tradizioan Arrese Beitiak badu adibideren bat etzira hitza erabiliz (etziko). Badira egungo idazkietan ere adibide batzuk, oso gutxi, baina gehienetan etzira arte formula erabiltzen dute, hots, ez bakarrik adlatibo marka (-ra) baizik adlatibo marka eta arte postposizioa.

22.4.2b Iparraldean -danik erabiltzen da ablatiboa adierazteko: San Bernardoren amak […] bere haurrak […] Jesus gure jaunari ofrezitzen zizkion, eta orduan danik haiek maite zituen errespetuarekin, gauza sakratua […] bezala (Pouvreau); Gazte danik hasi zen Pierre Lhande literaturari ohartzen (Lafitte); Orok ikasi behar beren ofizioa, eta ttipi danik (J. B. Etxepare); Nahiz eta legeetarik urrundu zareten eta ez dituzuen begiratu zuen arbasoen egunak danik (Duvoisin); Jaunaren izena lauda bedi orain danik betiere artio (Artxu).

Hori dela eta, gaur danik, bihar danik, orai danik, beti danik, etzi danik… bezalakoak arruntak dira Iparraldeko tradizioan (gaurdanik, bihardanik, etzidanik idazten ditugu egun), baina inesiboan dauden postposizio sintagmak ere aurkituko ditugu lehen askatasun handiago zuen -danik honekin: Munduaren hastean danik haren obrak akabatu izan baziren ere (Leizarraga); Eta bere amaren sabelean-danik puritate orijinalean Jainkoari konsakratu zaiola makulurik batere gabe (Leizarraga); Zeinek bereizi izan bainau neure amaren sabelean danik eta deitu izan bainau bere graziaz (Haraneder). Eredu honek ez du lekukotasunik gaurko idazleen artean.

22.4.2c Adlatiboaren -ra ordez, esan bezala, denbora adberbioetan arte postposizioa dugu, edo bestela, -ko edo -rako. Zenbaitetan -raino ere. Hala ere, salbuespen bat edo beste ageri da literaturan zenbait lokuziotan, eta -ra horrekin egiten da: Egunetik biharrera luzatu gabe (Axular); […] nola egitekoen geroko uzteak, biharretik biharrera luzatzeak (Axular); Orduan dela sendatu bat-batean, gaurretik biharrera (Hiriart-Urruti); Gaurtik biharrera, egiteko handi hau uztea, zuhurtzia ote da? (Duvoisin); Uste dut badela hor beti gauza bat finkoa: hots, ez direla ohiturak aldatzen gauetik biharrera (Xarriton). Adibide guztiak tankera horretakoak dira.

Hor berean, Axularren bigarren adibidean ageri da geroko uzteak hori. Kasu horretan berdin balio lezake gerora/geroko/gerorako uzteak ere. Arruntean, -ko eskatzen du adberbioak (biharko, etziko, atzoko, gaurko…): Gaurkoak ez du biharko balio (Irigoien); Garbi ditzatela arropak eta etziko egon daitezela prest (Borda); Atzoko egin behar du marrazketako ariketa (E. Rodriguez) eta abar. Hiztun batzuek joera dute, adberbioa bokalez bukaturik bada, bereizketa egiteko: Etziko egunkariak eterako omen du; Hori etzi(ra)ko egin behar duzu. Berdin gertatzen da beti adberbioarekin ere: Beranduenez etzirako burutu nahi dugu hirugarren kanpamenduaren ezartzea (Montoia); Egia esan, herenegunerako espero nuen; atzorako, gehienera jota (Zaldua) eta abar. Bereizketa ez da beharrezkoa, etziko eta betiko izenlagun nahiz adberbio izan baitaitezke. Leku adberbioekin, ostera, bereizketa hori egiten da: honako, horrako, harako (adberbioak), eta hemengo, horko, hango (izenlagunak).

Baina bokalez amaitzen direnekin bada joera, hiztun batzuen artean, -rako erabiltzeko:

Ikusi hemen Euskaltzaindiaren 20. araua: “Betiko eta honen kideak”, Oiartzunen, 1994ko abenduaren 29an onartua.

22.4.2d Eta, esan bezala, -raino: Zeren ikusiko da hutsa zure esertokia etziraino (Uriarte); Eta hartan irakurtu zuen ozenki […] goizetik eguerdiraino (Duvoisin); Egon zen kandelera eguneraino grazia ematen (Lizarraga). Denbora markatzen badu ere, eguneraino, hor, izena da. Adberbioa denean egundaino egiten du, berehala ikusiko dugunez, eta izena denean eguneraino: Egundaino zaharrik ez dut ikusi hainbat ahalkekizunik (Duvoisin), baina Eta deitua izan zen toki haren izena Galgala, gaurko eguneraino (Uriarte). Herenegunekin, hala ere, zalantzak badira literaturan, herenegunerako eta herenegungo ageri baitira, bata zein bestea adberbio gisa, noizko? galderari erantzun nahi diotela, erabiliak. Noizdaino da horien galdetzailea.

22.4.3. Denbora adberbioen kokapena

22.4.3.1. Askotariko adberbioak

Asko dira denbora galdetzaile horiei erantzuna ematen dieten adberbioak (batzuetan modu eta denbora adberbioen arteko mugak aski lausoak dira): agudo, antzina, ardura, arin, aspaldi, atzera, aurten, aurki, aurtemein, azkar, bart, behiala, behin, belu, berandu, berehala, berriki, berriro, berriz, beti, bihar, dagoeneko, egun, egundaino, egundo, etzi, etzidamu, fite, gaur, gaurgero, gero, geurtz, goiz, goizik, harrezkero, herenegun, honezkero, iaz, ja, jada, jadanik, jagoitik, laster, lehen, lehenen, lehenik, lehenbizi, maiz, orain, oraindik, orainik, oraindaino, oraino, orduan, ostera, sarri, sekula eta abar.

Adberbio horietako askok, nola edo hala, hiru ardatz semantikori egiten diete erreferentzia (unea, eguna, urtea), denboraren iraganean erakusten duten kokapenari dagokionez, eta erreferentzia hori orain (‘une honetan’), gaur (‘egun honetan’) eta aurten (‘urte honetan’) adberbioek markatzen dute. Horrela, gero, lehen, aurtemein, berriki, behinola, aspaldi, arestian, berehala, antzina, sarri (‘berehala’ esan nahi duela)… orain adberbioak ematen duen erreferentziaren inguruan kokatzen dira. Hori da lehen multzoa. Bigarren multzokoak (egun-en ingurukoak) dira herenegun, atzo, bihar, etzi, etzidamu, bart… guztiak gaur (edo egun) adberbioaren inguruan egituratzen direnak. Azkenik, iaz eta geurtz adberbioak aurten adberbioaren inguruan kokatzen dira, hirugarren multzoa.

22.4.3.2. Orain multzoko adberbioak

22.4.3.2a Orain multzoa ikusiko dugu lehenik. Orain adberbiotik sortzen dira orainago konparatiboa (lekukotasun gutxi du tradizioan, eta egungo testuetan aski bakana da), ‘orain berriro’ esan nahi duela; oraindaino eta oraindino (orain arte), oraino eta orainik/oraindik. Orainaldi izena ere hortik sortzen da, eta horren inesibo adberbializatua, orainaldian: Zenbat hobe zen orainaldian aprobetxatu munduaz (Kardaberaz).

22.4.3.2b Aspaldi hitza izena ere izan daiteke, ez bakarrik adberbioa: Baionatik eraman galtza gorri politak zuri-zuria eginak ziren aspaldi hartan (Barbier). Erabilera hedatua izan du, eta gaur egun arras arrunta da. Denbora tartea markatzen du hor (OEH). Baina gehiago erabiltzen da adberbio gisa, inolako postposiziorik gabe edo inesiboan guztiz lexikalizaturik: Aspaldi ohartua naiz etxalde guti dela halako epaitzetan (Duvoisin); Letradua izan balitz egin zuen gureak aspaldi (Mitxelena); Badakit aspaldian sukulakoz bermatu dituzula zure erranak (Artxu).

22.4.3.2c Arestian adberbioa oso erabilia da, baina ez da bizkaierazko testuetan dokumentatzen. Aldaera asko erakusten du historian zehar tradizioko testuetan (oixtian, aistian aixtin, aixtean, arextean, aztin, oroxtian…), baina Larramendiz geroztik arestian nagusitzen da gipuzkerazko eta goi-nafarrerazko idazkietan. Lot, arestian esan den bezala […] ondo irten zen (Lardizabal); Isaaken jaiotza arestiko gertalditik laster […] (Lardizabal); Kristobal galdezka nuen arestian (Labaien).

22.4.3.2d Gero hitza adberbioa da (gero etorriko da), baina izen gisa ere erabiltzen da (geroak esan dezala), edo postposizio gisa: ikusiz gero. Geroz eta geroztik ere erabiltzen dira, eta instrumentala hartzen duen sintagma gobernatzen dute horiek guztiek: Hori ezkonduz geroz, ez du balioko lanean lehertuak hartzea (Larzabal); Haur ttipiak postatik ekartzen direnaz geroz, ekar daitezke ba mutilak ere (Larzabal); […] ezti hortatik guti bat dastatu dudanaz geroztik (Duvoisin); Hizketan hasi garenez gero, gauzatxo bat esan nahi nizuke (Agirre); Dirua kenduz gero, hura besteko neskatxak badira (Agirre). Azken adibidea baldintzazkoa ere izan daiteke.

22.4.3.2e Aurtemein ez da gaur egun gehiegi erabiltzen. Oso lekuko gutxi erakusten ditu gure idazle garaikideen artean. ‘Orain dela gutxi, joan den egunetan…’ esan nahi du, eta “aurten behin”etik dator. Hola erabiltzen dute, gainera, idazle batzuek, baina tradizioan nagusiago dira, idazkerari dagokionez, aurtemein, artemein, artomin… eta holakoak: Hori dela eta, Urkiolara / etorri nintzen aurtemein (K. Enbeita); Heriotza esan nuen aurtemein, frakasoa gaur… (Txillardegi); Zure zintzotasunak huts eman dit aurtemein eta (Erkiaga).

22.4.3.2f Lehen adberbioaren inguruan beste hauek sortu dira eta ez dira denak esanahi berekoak: lehenago, konparatiboa; lehenbizi, beste ezer baino lehenago; lehenbizian, hasieran edo berehala; lehengoan, lehengo batean, aurreko aldi batean; lehenik, aurrenik; lehenen, aurren; bigarrenik

22.4.3.2g Sarri adberbioak bi esanahi ditu: ‘berehala, gero’, eta ‘askotan’. Hemen lehen adiera interesatzen zaigu. Adiera horrekin erabiltzen da Iparraldean batez ere. Baina goi-nafarrerazko eta gipuzkerazko testu historikoetan ere ageri da. Lazarragak ere erabiltzen du: Aitak ezkondu ezpanagi, / nerau ni ezkonduko naiz sarri (Lazarraga); Sarri jinen dira Manexeneko bestak (Larre); Peril da eroria den edo sarri eroriko den (Axular). Arrunta da ekialdeko euskalkietan sarri arte / sarri artio erabiltzea, horrek gero arte / gero artio esan nahi duela.

22.4.3.2h Behinola hitzak ‘lehen, beste garai batean, halako batean, aspaldi…’ esan nahi du. Hegoaldekoa da, eta Añibarroren idazkietan ageri da lehenbiziko lekukoa. XIX. mendearen erdialdera hasten da hedatzen: Oraintxe hasten da ipuina. Behinola, orain hemeretziehun urte, […] San Bartolome […] Aralarpera etorri omen zen (Azkue); Ba omen ziren behinola bi Aita Santu, baten ordez, bata Erroman eta bestea Avignonen (Mitxelena).

22.4.3.2i Berriki adberbioa berri adjektibotik sortzen da, eta ‘orain dela gutxi’ esan nahi du. Batez ere Iparraldean erabilia: Hona, bi aldetarik, gari landa ttipi batzuk, berriki ebakiak (J. Etxepare).

22.4.3.2j Antzina, aldiz, (eta dituen aldaera guztiak: antxina, aintzina, antsina…) batez ere Hegoaldeko testuetan ageri da, bizkaieraz eta gipuzkeraz. ‘Lehen, aspaldi…’ esan nahi du: Zuek, bilbotarrok, antzina galdu zenuten asaben hizkera biguna (Agirre).

22.4.3.3. Egun multzoko adberbioak

22.4.3.3a Egun multzokoak dira beste adberbio batzuk. Egun izen (egun ona egin zuen) eta adberbio (egun ez da holakorik erabiltzen) izan daiteke. Adberbio denean gaur esan nahi du: Egun bihar baino gutiago oroitzen zara (Axular); Eman diezaguzu guri geren egunerozko ogia, egun eta beti (Ultzamako katixima); O, gaur eguneko jakintza! (Kirikiño); Gehiegikeria iruditzen zitzaidan gaur egun ere orduko paper askatzailea joka zezakeela defenditzea (Goikoetxea eta Egiguren). Askotan egun hutsaren ordez gaur egun erabili izan da tradizioan. Iparraldeko idazleek egun erabili dute gehiago, eta Hegoaldekoek maizago gaur egun, hori da joera nagusia, baina ez da hori ulertu behar zurruntasun itxian, mota guztietako adibideak ikusten ahal baitira. Gaurko testuetan ere mantentzen da joera hori bera.

22.4.3.3b Egun adberbiotik sortzen da egundo, eta ezezko inguruneetan erabiltzen da, batez ere bizkaiera-gipuzkeraz: Ez dizu berak egundo ezer esan? (Agirre), ‘inoiz ere ez’ esan nahi du. Egunero ere egun-etik sortzen da, baita egunean-egunean, egunez egun, egunetik egunera, egungo egunean esaerak ere. Eta egundaino.

22.4.3.3c Egundaino (eta dituen aldaerak: egundano, egundeino, aundaino, eundeino, igundaino) Iparraldeko tradiziokoa da, batez ere, eta guztiz lexikalizatua dago. ‘Gaur arte/inoiz ere’ edo ‘baten batean/noizbait’ esan nahi du: Ez da egundaino gaizki izan (Lafitte); Egundaino izan zuen zintzurrik leunenaren jabe gelditu zen (Barbier).

22.4.3.3d Gaurgero eta honezkero antzekoak dira esanahiari dagokionez, nahiz euskalkien arabera bata edo bestea erabiltzen den: Gaurgero (gaurgoro, gargero, gargoro, gargioro…) Iparraldekoa da jatorriz, eta XX. mendean Hegoaldeko testuetan hasten da agertzen: Gaurgero etorri izanen da (Izeta); Gaurgero hila egongo da (K. Zabala).

Gaur egun bada joera gaurgero, honezkero eta dagoeneko nahaste erabiltzeko. Baina tradizioan ikusten da hiruren artean dagoeneko adberbioak markatzen duela nolabait segurtasuna: Hori, urte haietan, dagoeneko aldarrikatua zuten Altubek, Mokoroak […] (Mitxelena. ‘Seguru da Altubek aldarrikatu zuela’). Honezkero adberbioak, ordea, zalantza puntu bat sortzen du: Ez ote zaio honezkero haserrea igaro? (Altzaga. ‘Ez dakigu haserrea igaro zaion’). Beste batzuetan ez: Honezkero badu beste jabe bat (Soroa). Ordea, dagoeneko adberbioak badu joera segurtasuna markatzeko: Gauerdia da dagoeneko (Mendiburu). Tradizioko testuetan batzuetan zalantzak sortzen badira, erabilerari dagokionez, gaur egun nahasiago daude gauzak.

Harrezkero ere sail honetakoa da, eta ‘ordutik aurrera, geroztik’ esan nahi du. Hegoaldean erabilia da: Haren oroitzapenak alaitu omen zion harrezkero bizia (Mitxelena).

22.4.3.3e Multzo honetakoak dira etzi eta etzidamu ere. Etzi hizkera eta garai guztietan ageri da, eta bihar pasatutako egunari, zentzu figuratua badu ere, egiten dio erreferentzia. Bihar edo etzi hilko naiz (Elorriaga); Gaur txiki, bihar gazte sasoiko eta etzi buru makurra (Insausti). Bihardamu ere erabili izan da, etzi esan nahi duela. Eta etzidamu deitzen da etzi ondoko eguna, etzikoaren ondorengoa alegia: Varsovian hilen naiz bihar edo etzi edo etzidamu (Jimenez).

22.4.3.4. Aurten multzoko adberbioak

Hirugarren multzoa aurten adberbioaren inguruan kokatzen da. Iaz eta geurtz dira sail honetakoak. Iaz (‘joan den urtean’) Etxeberri Ziburukoak, Pouvreauk, Haranederrek eta Iparraldeko gainerako idazleek erabiltzen dute. Gipuzkeraz eta bizkaieraz idatzi testuetan ere ageri da, bizkaieraz berriagoa bada ere (XIX. mende amaierakoa da): Iaz hitzeman zenuten (Larre).

Geurtz adberbioak datorren / heldu den urtean esan nahi du: Iragan urtea deitzen da “iaz”, oraingoa “aurten” eta heldu dena “geurtz” (Etxeberri Ziburukoa). Ez da hain erabilia izan, eta Iparraldeko testuetan aurkitzen da. Gaur egun ez du ia lekukotasunik idazleen artean (bat aurkitu dugu): Jendea dantzari hasten da eta gero berezitzen, oportunitate eta beharren arabera, aurten hau eta geurtz beste zerbait (Luku). Prentsa idatzian ere erabili izan da zerbait.

22.4.4. Maiztasuna adierazten duten adberbioak

22.4.4a Denbora adberbio batzuk maiztasuna markatzeko erabiltzen ditugu: behin, maiz (maiz aski), ardura, usu, sarri, etengabe, beti, inoiz (= noizbait), inoiz ez, sarri, sekula (= beti, baiezko perpausetan), sekula ez… Ikusten denez, horietako batzuek esanahia aldatzen dute, nolakoa den perpausa, baiezkoa edo ezezkoa: Entzun dut inoiz nik ipuin hori, eta barre onik egin ere bai berori entzunik (Zamarripa); Horiek egiten dutena ez da inoiz mugitua izango (Uriarte). Ber gauza sekula adberbioarekin ere: Sekula oroitzen naiz aldi bateko istorioaz (Etxebarne); Zu zerbitzatzeko ez zait faltako sekula borondaterik (Lazarraga). Lehenbizikoan ‘beti’ esan nahi du, eta ezezkoan, ostera, ‘inoiz ere ez’. Baldintzazkoetan ‘noizbait’ esan nahi du: Sekula Euskal Herrian krikatzen bazara pasan… (Xalbador).

22.4.4b Sarri adberbioak, lehen esan dugu, ‘berehala, gero’, eta ‘askotan’ esan nahi du. Bigarren esanahiak markatzen du maiztasuna: Sarri asko ahotan darabiltzagun “gu” eta “gutarrak” (Mitxelena).

22.4.4c Ardura ere euskaldun gehienek izen gisa erabiltzen dute, ‘erantzukizuna, kezka, interesa…’ adierazi nahi duela: Gure artean, berriz, gauza horietako ardura joan den mendean sortu zen (Mitxelena); Ez dakit, Ebroko Ur konfederazioak baitu lan horren ardura (Elizondo); Ardura berezia hartu zuen botoiak zuzen lotzen, bakoitza bere xuloan (Epaltza). Baina Iparraldean adberbio gisa ere aski erabilia da ‘maiz’, ‘askotan’… esan nahi duela: Bazterraren ederrak osagarria emaiten zion, bai eta liburuek hain ardura kentzen duten bihotzeko bakea (J. Etxepare); Ardura ikusten da munduan gizona / eta berdin andrea, kaiolatik joana (Xalbador); Hauek ardura oihan horretan zebiltzan (Etxebarne); Orok dakiguna da hori; eta bizkitartean egia hori hobekienik jakin behar genukeenek ardura ahanzten dugu (X. Arbelbide).

22.4.4d Maiz, usu, etengabe… adberbioak ere sail honetakoak dira. Azkenekotik hasteko, esan dezagun etengabe Hegoaldeko tradizioan bakarrik ageri dela, eta XX. mendekoa dela. Adjektiboa izan daiteke: Nornahik aski harrigarri deritzo [euskararen] iraute etengabe horri (Mitxelena). Adberbio gisa etengabean, etengabeki eta etengaberik ere ageri dira haren ondoan: Etengabe zegoen mutil haiengatik zer esana (Agirre); Elur eta elur; elurra, etengabean (Lizardi); Egun guztian eten barik zarataka (F. Bilbao); Holaxe dihardu etengabeki parafrasetzaileak bere azalpenetan (Kintana). Gaurko literaturan hedatua da.

Maiz arrunta da gipuzkeraz, nafarreraz eta Iparraldean (salbu zubereraz). Bizkaieraz aise gutxiago. ‘Askotan’ esan nahi du: Maiz behar da konfesatu (Axular). Konparazio atzizkiak har ditzake (maizena, maizegi): Zure eskea maiza da, maizegi (Maurice Harriet); Baina ikasle hauek elkarren artean maizegi erdaraz dihardute (Salaburu). Beste adberbio batzuk, edo atzizki batzuk ere har ditzake inguruan, ñabardurak ezarriz esanahiari: maiz asko, maiz aski, maizkara, maizenik, maiztxe, maiztxeago eta abar.

Usu Iparraldekoa eta goi-nafarrerakoa da. XX. mendean hasten dira Hegoaldeko idazle batzuk ere erabiltzen. Adjektiboa izan daiteke: Bere garaian usuago eta arruntagoa zelako (Mitxelena). Adberbioa delarik ‘anitz aldiz, askotan…’, esan nahi du: Urrundu nintzen herri alderat, itzuliz usu begiak (J. B. Elizanburu); Euskaraz usuegi idatzi ez zuelarik (Mitxelena).

22.4.4e Maiztasuna adierazten dute anitzetan, zenbaitetan, batzuetan, gehienetan, gutxitan, sarritan, bi aldiz, lau aldiz… gisako sintagma adberbialek.

22.4.4f Bide izenetik eratorritako bider erabili izan da Hegoaldeko tradizioan. Zenbatzaileekin: bi bider, hiru bider…, hainbeste bider, zenbat bider eta abar. Aritmetikan ere bai: bi bider lau berdin zortzi (2 x 4 = 8). Batzuetan -ago konparazio atzizkia har dezake ondoan duen adjektiboak: Bi bider gehiago behar genuen (Zaitegi); Zeruak eta lurrak baino mila bider ederrago dena (J. J. Mogel).

22.4.4g Atzizki bidez eratorritako eta denbora adierazten duten adberbioak ere badira: urteka, igandeka, asteka, igandero, urtero, orduero eta abar.

22.4.5. Iraupena markatzen duten adberbioak

22.4.5a Beste denbora adberbio batzuek iraupena hartzen dute kontuan. Hori gertatzen da luzaro eta laburzki adberbioekin, eta luze edo labur adberbio gisa erabili adjektiboekin: Gertakariaz luzaro mintzatzerik ez dago (Mitxelena); Hizkuntzaz luzeegi mintzatu ez bada ere (Mitxelena); Azkenik, laburzki, liburuaren zergatikoa eta zertarakoa azaltzen ditu (Mitxelena); Labur, nahi baduzue, baina sarkor eta zinez! (Hiriart-Urruti). Sail honetakoa da astira forma adberbializatua ere: Gero ikusiko dut etxean, astira.

22.4.5b Hiru egun iraun zuen esaten den tokian, Asko iraun zuen ere aurkituko dugu: Zorioneko bizitza zen hau, baina gutxi iraun zuen (Agirre Asteasukoa); Eta hau asko ibilia zen (Erkiaga); Agudo eramango nau eskribau jaunak nire egitekoa pixka bat luzatzen badu (Soroa); Atzenean behartzen du bekatuan erori den kristaua konfesatzera asko-asko luzatu gabe (Agirre Asteasukoa).

22.4.6. Bestelako denbora adberbioak

22.4.6a Jada (ja, jadanik) adberbioak ez du sobera lekukotasun tradizio idatzian (dagoeneko adieran, ja horrek kasik ere adierazten baitu), eta Iparraldeko testuetan ageri da batez ere: Sei orenak dira jada (Barbier). Gaurko testuetan gehiago erabiltzen da: Baditu jadanik egun batzuk Tourvel andrea eta biok akort garela geure sendimenduez (Aristi); Momentu bat iritsi zen damu izan zena lehenbiziko deia hartu ez zuelako, baina berandu zen jada erantzuteko ere (Saizarbitoria). Zer den adierazi nahi dena, ziplo eta agudo adberbioak moduzkoak ere izan daitezke.

22.4.6b Tradizioan lekukotasun gutxi dituen ziplo adberbioak ‘bat-batean’ adierazi nahi du: Ziplo hilda geratu zen (Azkue). Gaurko testuetan badira adibideak: Laster, ordea, automobila geratu zitzaien, ziplo geratu ere (Iturbide); Lurrean ziplo amaituko duzu (K. Agirre).

22.4.6c Jagoitik eta aurrerantzean adberbioek ‘hemendik aurrera’ adierazi nahi dute. Lehenbizikoa Iparraldean erabiltzen da, behe-nafarreraz eta zubereraz, eta bigarrena, gaur egun hedatuagoa bada ere, batez ere bizkaierazko testuetan ageri da, baina XX. mendean gipuzkerazko idazle batzuek ere erabiltzen dute: Nik ez dakit zer egin aurrerantzean (Etxeita); Ez dezagun Jaungoikoaren izena jagoitik aipa ere, beldurrekin eta humilitatearekin baizen (Leizarraga). Egungo testuetan ez du ia lekurik jagoitik adberbioak, baina aurrerantzean gehiago erabiltzen da.

22.4.6d Atzera adberbioa batez ere Hegoaldean erabili izan da, ‘berriz’ esan nahi duela, Iparraldean Mirandek ere erabili duen arren. Jakina, atze izenak hartzen duen kasu adlatiboa ere izan daiteke.

Ostera bizkaieraz ageri da, eta ‘berriz ere’ edo ‘gainera’ esan nahi du: Bekatuan ostera ez jausteko erremedioak (J. J. Mogel); Hitz horiek entzunda sartu zen ostera berriz ere bere kotxean (I. Alkain eta A. Zavala); Ontzietako bat eratu zion eta ostera Espainiarako ere gomendio karta edo gutunak eman zizkion (J. I. Arana).

22.4.6e Agudo adberbioa ere sail honetakoa da. Kategoriari dagokionez, hitz hori adjektiboa izan daiteke, eta hala erabili izan da tradizioan: Gizon beroa eta agudoa gauza guzietara da preparatua eta adelatua (Pouvreau). Literatura tradizioan aguro, abudo, aburo, auburo, auro… bezalako aldaerak izan ditu, eta adberbioa denean ‘laster, berehala’ adierazten du: Agudo, etorri agudo! (K. Izagirre); Agudo galdu nituen begitik (Epaltza).

22.4.6f Azkar, arin, laster… adjektiboak dira, baina adberbio gisa ere erabiltzen dira. Azkar, batez ere gipuzkeraz erabiltzen da, ‘berehala’ esan nahi duela: Beha zein laster doan karrika behera (Oxobi); Leihora jo zuen arin (Mitxelena); Hartan aurrera abiatuko naiz azkar (Txillardegi). Fite ere multzo honetakoa da, esanahiari dagokionez, Iparraldean eta Nafarroan erabilia, baina beti adberbioa: Handik goiti urteak fiteago pasatu zaizkit (Etxebarne).

Adberbio horiek, denborazkoak ez ezik, moduzkoak ere izan daitezke: arin, azkar… Izan ere, batzuetan denbora eta modua uztartzen dira, ikusten denez.

Mantso (maltso, mantxo) eta berant (edo berandu) ere adjektiboak dira, baina adberbio gisa ere erabiltzen ditugu, eta aurrekoen kontrakoa esan nahi dute: Haiek zagiak gorde eta aldi batean mantxo gora (Azpiroz); Mundu honetan ez du balio / akordatzeak berandu (Uztapide). Bizkaieraz belu erabiltzen da esanahi hori duela: Belu agertu ziren hauek damutasun hauek (Etxeita).

22.4.6g Berri adjektibotik sortzen dira berriz, berriro eta berriki. Formari dagokionez, berriki eta berriro antzekoak dira, berri adjektiboak -ki edo -ro atzizkia hartzen duela. Baina esanahiez ez dira berdinak: ‘orain dela gutxi’ eta ‘beste behin’ esan nahi dute, hurrenez hurren. Alde horretatik, berriro eta berriz dira antzeko.

22.4.6h Goiz izena adberbio gisa ere erabiltzen da: Baina hurrengo goizean, erietxera goiz joan, eta jangelan aurkitu nuen (Olarra). Adibide horretan ikusten dira, hurrenez hurren, bi erabilerak: goizean (izena) eta goiz (adberbio gisa).

22.4.6i Egundo, sekula eta inoiz adberbioak berez baiezko ez diren perpausetan erabiltzen dira, inor eta antzekoak bezala: Ez da egundo etorri; Ikusi al duzu sekula holakorik?; Joaten bazara inoiz… Beste biak ez bezala, ordea, inoiz baiezkoetan ere erabiltzen da gipuzkeraz mendebaldeko testuetan. Goihetxek ere erabiltzen du holako perpausetan: Palaziotan banabilk, mahainean jartzen natzaik, inoiz zaikenean idi bat ofrezitzen, dastatzen hartarik diat hitaz lehen; Nitaz kestione, egia bada ere, zikiro bat edo bertze, gertatu dakiken inoiz irestea. Eta hortik inoizka eratorria, eta inoiz edo behin, inoiz edo beste, inoiz edo berriz esaerak: Inoizka, gogo begiak olerkariari lausotzen ote zaizkion nago (Aitzol).

22.4.6j Ikusi dugu denborazko adberbioen arteko zenbaitek noiz galdetzaileak hartzen dituen kasu markak eta postposizioak, denak edo batzuk, har ditzaketela: geroko, gero arte, gaurtik/gaurdanik, gaurdaino, betidanik, betiko… Bestelako atzizkiak ere hartzen ditu zenbaitek: sarritan, geroztik, gaurgeroz… Zenbait kasutan, dena den, badirudi atzizkiak ez diola esanahi berririk eransten forma soilari: sarri(tan), sekula(n), aspaldi(an), berehala- (koan). Orobat esan daiteke, baita ere, adberbio hizkia hartzen duten zenbait adberbiori dagokionez ere: beti(ro), goiz(ik)… Adberbioek kasu marka hauek hartzen dituztenean ez dira betetzen izenkiekin agintzen duten arauak: egun izenetik eguneko eta egunetik sortzen dira, baina egun adberbiotik egungo eta egundik. Gailur hitzak gailurretik egiten du, baina gaur adberbioak gaurtik.

22.4.6k Adberbio batzuek hurrenkera markatzen dute: lehenik, bigarrenik, azkenik

22.4.6l Eta, behin eta berriz ikusi dugun gisan, partitiboan ageri direnak, edo -ta daramatenak: ikusirik, eginik, ikusita, eginda… Horiek guztiak adberbio gisa erabiltzen ditugu, esanahiari dagokionez.

22.4.6m Badira denbora adberbio gehiago ere. Horiek modu berezian biltzen dira 35. kapituluan.

22.4.7. Denbora adberbioen indargarriak eta esamoldeak

22.4.7a Adberbio batzuek atzizki indargarri eta adierazkorrak ere har ditzakete: berehalaxe, orduantxe, orduxetik, orduxerarte, oraintxe, oraindixek, oraintxe arte, oraintsu, maiztxo, beranduxko… Gradu markak edo maila adberbioak ere hartzen dituzte: beranduago, beranduegi, beranduen, oso berandu, ondo berandu (gutxi erabilia), berandu asko (testuetan gutxi erabilia); beste maila batean, bai erabiltzen da orduan-en ondoren, noiz bai nabarmentzeko: orduan bai41.4.2d). Gehientasun mailakoek maiz daramate -a edo -ik: beranduena, beranduenik. Beste zenbaitek, aldiz, ez dute horrelakorik onartzen: *betixe, *behinago, *oraindikegi. Batzuek, azkenik, esanahi berezia hartzen dute horrelako formetan: orainago, orain berriki; geroenean, hemendik aurrera edo azkenean.

22.4.7b Erabilera adberbiala duten bestelako hitz eta esamolde batzuk ere baditugu euskaraz, aski lexikalizatutzat har daitezkeenak. Gehienetan inesiboaren edo instrumentalaren marka daramate: artean, bitartean (bizkitartean, bien bitartean), arestian, askotan, gutxitan, batzuetan, gehienetan, azkenean, gaztetan, txikitan, garaiz, tenorez, beste orduz… Ez dute guztiek erabilera eta hedadura bera euskalkiei dagokienez: Arestian (oixtian, aixtean, aiztian, araiztian, arastian, axtean, axtion, oxtian…) euskalki guztietan erabiltzen da, tradizioari dagokionez, zubereraz eta bizkaieraz izan ezik. Gaurko idazleen artean arrunta da. Tenorez zubereraz ageri da hasieran, XIX. mendean Iparraldeko gainerako hizkeretara hedatzen da, eta Nafarroako testuetan ere ageri da. Gaur egun idazle askok erabiltzen dute: ‘garaiz’ esan nahi du. Beste orduz (bertze orduz, bestorduz, bertzorduz) batez ere Iparraldean erabili izan da, eta Hegoaldean Beobidek eta Orixek ere erabiltzen dute: Erran dezagun bertze orduz Larrunen bazela bizipide bat, orain nihori gogoratzen ez zaiona: betizoen haztea (Zerbitzari). ‘Aspaldi, beste garai batean’ esan nahi du.

22.4.7c Sail honetan sar daitezke artikulua eta guzti erabilera adberbiala duten aurrena, azkena, eta horien gisakoak. Artean postposizio gisa ere erabiltzen da eta, zenbait euskalkitan egiten bada ere, ez da arte postposizioarekin nahasi behar: Bostak arte ez naiz etorriko; Bostak artean hemen egon da.

22.4.8. Hitz batzuen denborazko erabilera adberbiala

22.4.8a Izen batzuek ere, duten esanahiagatik, erabilera adberbiala dute maiz. Ez du horrek esan nahi adberbio direla, baizik izaeragatik errazago gertatzen dela erabilera hori. Hori gertatzen da mende, gizaldi, urte, hil, aste, egun, ordu, oren, gau, minutu, segundo, une eta horiek bezalakoekin: Joan den urtean (= iaz); Zenbait egunez ez dira agertu; Ordu erdi bat utzi zuen ukitu gabe; Hilabete bat bakarrik iraun zuen han; Hamazazpi urte egin genuen han; Orain dela bi aste etorri zen; Hola gertatzen ziren kontu hauek orain dela bi mende. Jakina, bost ordu egon da lanean perpausean, bost ordu adberbioa da. Ez du inolako markarik. Aldiz, joan den urtean esaten badugu bistan da inesiboan dagoen sintagma bat dugula, baina hori ere, bere osotasunean, adberbio erabilerako sintagmatzat hartu behar dugu. Beraz, multzo honetan marka gabeak eta markadunak izango genituzke185. Jarri berri dugun adibidean, bost ordu egon da lanean, ez da inesibo ez beste markarik ageri. Beste testuinguru batzuetan ere bada joera marka hori galtzeko. Ez gara hemen ari *igandea itxita eta holakoez. Horiek berriak dira. Baina badira beste adibide batzuk lekukotasuna dutenak tradizioan: Egon zen gau guzia otoitzean (Larregi); Gau guzia ez zen otoitzetik baratu (Laphitz); Han zeuden urte guzia (Joanategi). Badirudi hor gau guzian eskatzen duela, baina gau guzia ageri da.

Halaber, barru eta buruan ere erabiltzen ditugu holakoetan: bi egunen buruan, bi ordu barru. Eta berdin gertatzen da aurrean, aurretik, aitzinean, aitzinetik, ondoan, ondoren, ondotik, ostean, arte… postposizioekin ere: lau urteren ondotik/ondoren; hiru ordu aitzinetik han ginen; hamar egun aurretik; zerbait egin aurrean eta abar. Horiek guztiak oso erabiliak dira.

22.4.8b Hemen sartu beharko genituzke zori izenean oinarritzen den zorian, eta hurran adberbiotik sortzen den eta denbora markatzen duen esaera adberbiala ere (-tzeko zorian; -tu hurran): O, zein estu eta itotzeko zorian nagoen! (Kardaberaz); Jaunak orduan itsasora igorri zuen haize handi bat, eta festa gaitza egin zen itsasoan, eta lehertzeko zorian zebilen ontzia (Duvoisin); Zeren akabatu hurran da eguna, beheitituko da eguzkia […] (Axular).

22.4.8c Denbora adierazten duten esaera adberbialak osatzen ditugu batzuetan galdetzaileekin: noiztik hona, noiztik nora, ordutik aurrera, bat-batean, lehenbailehen, noiz edo noiz, noizetik noizera, aldian-aldian, urtean-urtean, urtez urte… Tokia nahiz denbora adierazten dute beste batzuek: hemendik goiti, hemendik aurrera, hemendik aitzina… eta horien gisakoak.

Badira beste batzuk behin osagaia erabiliz osatzen ditugunak: noizik behin, noizean behin, inoiz edo behin, aldian behin, lantzean behin, behin edo behin, beste behin, astean behin, hamabostean behin, behindanik behin, behin ere (berez baiezko ez direnetan), behingo batean, lehengo eta behin, behin-behinean, behin betiko

Badira beste batzuk gehiago ere: ahal bezain laster/arin/fite/azkar

22.4.8d Ez gutxitan denbora adberbioek beste postposizio sintagma bat daramate aposizioan. Inoiz adberbioak zabalegi utzi duen denbora-gunea mugatuago adierazteko: bihar goizean, atzo gauean, bart arratsean, iaz udaberriz… Beste batzuetan, berriz, aurrekoa bera, indartuz edo, errepikatzen duen gehigarria baizik ez da aposizio hori: orduan bertan, orduan berean, oraintxe bertan, oraintxe berton, oraintxe berean, behin batean, lehen garai batean, lehen garai haietan… Eta alderantziz ere gerta daiteke, hau da, adberbio bat izatea aposizioan: lehengo egunean berandu, goizean goiz, goizean goizik

22.5. Adberbioen sailkapen semantikoa (III): Leku adberbioak

22.5.1. Zer diren leku adberbioak: Non, oinarrizko galdera

22.5.1a Lekuzko adberbioen atal honen laburpena: Lekuzko adberbioek non galdetzaileari, eta hortik eratorritakoei (nondik, nora) erantzuten diote. Erakusleak ditugu, batetik: hemen, hor, hementxe, hona… Indargarria harturik ditugu bertan, bertatik eta abar. Bertan eta berean aldaeren arteko desberdintasunak aztertuko dira. Adberbio elkartuek (nonbait, inon, edonon, nonahi…) osatzen dute sail bat.

Badira, jakina, horiez gain bestelako leku adberbioak: hurbil, urrun, gertutik… Batzuetan zail izaten da bereiztea adjektiboak diren (adberbio gisa erabiliak) edo adberbioak (batzuetan adjektibo gisa erabiliak). Maila markak onartzen dituzte: hurbilago, oso hurbil… Eta esaera adberbialak ere aipatu behar dira: han-hemen, maldan goiti…

22.5.1b Leku adberbio galdetzailea non da. Eta horretatik, kasu markak erantsirik, honako hauek ateratzen dira: nondik, nora, noraino, norako destinatiboa (eta nongo izenlaguna). Gainerako leku galderak bestelako postposizio sintagmen bidez egiten dira: zenbat lekutan, zeren atzean

22.5.2. Sintagma erabilienak

22.5.2a Goiko galderei erantzuten dieten postposizio sintagma erabilienak honako hauek dira: erakusleekin zerikusia dutenak (hemen, hemendik, bertan…); adberbio zehaztugabe elkartuak (edonon, edonondik eta abar) eta adberbio gisa erabiltzen ditugun bestelako postposizio sintagmak (aurrera, gora eta abar). Banan-banan ikusiko ditugu ondoren.

22.5.2b Galdetzaile horiek erakusleetan har dezakete erantzuna. Toki adberbioak dira: hemen, hor eta han. Erakusle horiek (berez inesibo ihartuak direnak) bestelako postposizioak har ditzakete: hemendik, hona, honantz, honaino, honako; hortik, horra, horrantz, horraino, horrako; handik, hara, harantz, haraino, harako. Horra eta hara horiek, harridura perpausetan erabiltzen ditugularik, aurkezpen balioa ere badute: Horra! Horra!, Gure Olentzero (herrikoia); Hara zer zioen (Larzabal); Horra zer onak dituen kanpotik (Duvoisin). Zerrenda horretan ikusten ditugu honako, horrako eta harako. Ez dira nahasi behar hemengo, horko eta hango izenlagunekin. Denbora markatzen duten adberbioekin anbiguotasuna sortzen da: Biharko egunkaria 6etan kontsulta daiteke; Hori biharko egin behar duzu. Lehenbiziko adibidean izenlaguna da, eta adberbioa bigarrenean. Baina forma bera dugu: biharko. Ber gauza gertatzen da gaurko esaten badugu ere: Gaurko berrietan ikusi dugu; Gaurko aldarrikatua zuten independentzia. Ez da forma aldatzen.

22.5.3. Forma indartuak

22.5.3a Forma indartuak ere eskura ditugu. Forma horiek -(t)xe atzizkia edo ber- aurrizkia erantsirik sortzen dira: hementxe, hemendixek/hementxetik, honaxe; hortxe, hortixek/hortxetik, horraxe; hantxe, handixek/hantxetik, haraxe. Horiek batetik. Bestetik: berton/bertan, bertotik/bertatik, bertora/bertara eta abar.

Euskaltzaindiak erakusle soilen formari buruzko erabakia hartu zuen bere garaian: hona, eta ez honera, adibidez. Baina indartuei buruz ez du erabakirik hartu. Hemen forma erabilienak jarri ditugu (hementxen, hementxet, hortxet… ez ditugu kontuan izan). Baina, egia esateko, testu idatzietan ez da horrenbeste lekuko ageri ere.

22.5.3b Lekua zein denbora adierazteko erabiltzen diren ber- formei dagokienez, esan dezagun berton/bertan ditugula, batetik, eta bereon/berean, bestetik, euskalkien arabera bereiziak. Baina ez dute horiek erabilera bera. Berton/bertan batez ere mendebaldeko testuetan ageri dira eta oso forma zaharrak dira. Gaur egun oso hedatuak dira, eta bertan forma indartuak lekua jan dio pixkanaka han forma soilari. Maizago ageri da testuetan. Bereon ez da horrenbeste ageri. Tradizioan baditu agerraldi batzuk (Orixe, Axular, Mendiburu, Iraizoz, Zabala), baina bakanak dira, eta gaurko testuetan ez da ageri. Berean maizago erabili izan da Iparraldean, baina mendebaldeko testu batzuetan ere ageri da: Oraintxe berean iragan dituk hemendik (Larzabal); Oraintxe berton goazen, bada, Betleemera (E. Bustintza).

Baina desberdintasuna ez da bakarrik euskalki kontua. Hasteko, forma horiek guztiak aposizio gisa erabiltzen dira: hemen berean/bereon/bertan/berton. Aurretik adberbio bat izan dezakete (hemen), edo postposizio sintagma bat (etxean). Baina horretaz gain kontua da bertan/berton laxo ere erabil daitezkeela, nahiz aposizioan baina maiztasun gutxiagorekin: Itsuaren parera zeneko aditu zuen Jesusek haren hots hitza: gelditu zen bertan eta […] (Mendiburu); Jaunarena da lurra, eta bertan dagoen guztia (Uriarte); Eta bertan eror zedin haren gainera laino eta ilunbe (Leizarraga). Baina testuinguru horretan ezin da berean erabili, beti zerbait behar du aurretik, aposizioan edo, non ez den determinatzaile hutsa (etxe berean).

22.5.3c Jakina, bertan horrek bestelako postposizioak ere har ditzake: bertara, bertatik eta abar, maiz erabiltzen dira euskalki gehienetan eta, beraz, orduan bertan, eta han bertan bezala, orain bertan eta hemen bertan ere esaten da. Orain berton eta hemen berton formek erabilera markatuagoa dute, dialektala edo estilistikoa.

Bertan hitzak, azkenik, ‘hurbil’ nahiz ‘aurki’ ere adieraz dezake. Indartuaz ematen da inoiz: bertantxe. Eta bertan behera, bertatik behera, bertatik bertara, edo antzeko esaerei ere ematen die bide: […], non gidariak esaten digun toki hartan bertantxe, bi egunez lehenago, nola suge batek fakir bati heldu eta ordu beteko gorputz zela (Anabitarte); Ez bageneki egiaz gaudela, gauzak bertan behera uzteko izango litzateke (Kirikiño); Orain, esango die Ezekiel profetak dioenez: orain bertatik bertara zuen gainean izango da, edo ixuriko dut nire ira, eta haserrea (Agirre Asteasukoa).

Bertan honekin osatzen da bertan goxo (edo bertan gozo) esapide adberbiala ere: Urte gehiegi iragan zaizkigu bertan goxo geundelarik (Mitxelena). ‘Ezer egin gabe, lasai, geldirik’ adierazi nahi du.

22.5.4. Adberbio elkartu zehaztugabeak

22.5.4a Adberbio elkartu zehaztugabeak ditugu sail honen bigarren multzoan: edonon, nonahi (nongura, aise markatuago), nonbait, inondik. Horiek beste postposizio batzuk ere hartzen dituzte (§ 22.5.6): edonondik, edonora; nondik-nahi, noranahi; nonbaitetik, norabait; inondik inora. Horietan inon, inondik, inora eta abar, batez ere ezezko eta galderazko perpausetan erabiltzen dira.

22.5.4b Adberbio elkartu hauei maiz eransten zaie ere partikula, kutsu berezia emanez horrela. Edo- eta -nahi osagaiez eratuei esanahi kontzesiboa ematen die. -bait eta i- osagaiez sortuak, berriz, indartu egiten ditu: Nahi duena jan, edo ahal duena, baina, nolanahi ere, jan behintzat (Soroa); Nolanahi ere den, negua bazen, elurretan zuri irudikatzen nuen dena delako izaki liluragarria (Lertxundi); Itsu tristeak nolabait ere / munduan behar du bizi (P. Errota); Nonbait ere zerbait bilatuko ahal diagu (Urruzuno); Eta horra non ez batera eta ez bestera begiratuta Andre bidezkorik inon ere ez zuen ikusi (Kardaberaz).

Inondik ere leku esanahiarekin erabiltzen dugu: Ate eta sarrera guztiak itxiak daude, eta inondik ere ezin dezakegu biderik ireki (Lardizabal).

Baina esanahi horretaz gain, moduzko esanahia ere badu, eta ‘seguru-seguru’, ‘dirudienez’ edo adierazteko erabiltzen dugu: Baina zuk inondik ere zerbait baduzu, ez zaude zure onean (J. Iruretagoiena).

22.5.5. Adberbio-adjektiboak

22.5.5a Bada, oraingoz, bestelako multzo bat ere sail honetan: gertu, urrun, hurbil, urruti eta abar. Horietako batzuk adberbio (hurbil bizi da; urrun da) nahiz adjektibo (negu hurbila; mendi urruna). Zail da esatea adberbio diren adjektibo gisa erabiliak batzuetan, edo alderantziz gertatzen den.

22.5.5b Askotan postposizio markak hartzen ahal dituzte: aldean, gertutik, urrutira… Zernahi gisaz, -tik postposizioarekin hurbildik/hurbiletik eta urrundik/urrunetik sortzen dira. EGLU-I liburukian (329) zehazten zen hurbildik adberbioa dela, eta hurbiletik adjektiboa. Hori ez da, hala ere, guztiz horrela: egia da hurbildik beti adberbio gisa erabili dela tradizioan eta hala erabiltzen dela egun ere: Baina arrastoa hurbildik segitzen diegu (Txillardegi); Ez oso hurbildik (Garate); Oi lurra, orai hurbildik hire gainera ixuriren dinat ene haserrea (Axular). Baina hurbiletik bietara erabiltzen da: Jesus nobleari zaio loturen hurbiletik (Etxeberri Ziburukoa); Halaber naiz Jaungoikoa itzultzen zuregana. Peril hurbiletik salba nazakenarengana (Etxeberri Ziburukoa); Joanesek bala baten haizea hurbil-hurbiletik sentitu zuen pasatzen (Bidegain); Urrunetik edo hurbiletik lurraren burtu batetik bertzera gure inguruan diren jendaki guzienak (Duvoisin); Errepublikak hurbiletik kontrolatzen baitzituen apezen harat-honatak (X. Arbelbide). Adibide horietan ikusten da hurbiletik adberbio gisa erabilia. Noski, adjektibo gisa ehunka adibide atzemanen ditugu.

22.5.5c Urrundik/urrunetik bikotearekin ere gauza bera gertatzen da, urrunetik bietara erabiltzen baita, baina urrundik beti adberbioa baita: Ihardetsi zioten: Anitz leku urrunetik etorri dira zure mutilak, zure Jainko jaunaren izenean (Duvoisin); Eta Dabid bertze aldera iraganik, gelditu ondoan urrunetik mendi bizkar batean […] (Duvoisin); Hazienda haiek, urrunetik aditu balute bezala sainduaren boza jauzteka abiatu ziren kaperako alderat (M. Elizanburu).

22.5.6. Maila markak, esaera adberbialak eta bestelakoak

22.5.6a Adberbio hauek maila markak onartzen dituzte: oso hurbil, hurbilegi, hurbilago eta abar. Marka adierazkorrak ere, batzuek bederen, urrutitxo…: Horrez gainera, Etxalar urrutitxo eta bidea laburtu (Anabitarte); Horra non urrunsko bi gizon ikusten dituen: biak bizardunak (Zerbitzari).

Jatorrizko izen batzuk postposizioak hartu ondoren nolabait adberbio gisa iharturik geratu dira, eta hala erabiltzen ditugu: aurrera, gora, kanpora, barnean, behean goian, aldamenean, goiti eta abar.

22.5.6b Baditugu, bestetik, lekua adierazten duten esaera adberbialak ere. Hor sartzen dira, batetik, galdetzaileetatik sortuak: nondik nora (moduzko esanahia ere badu). Inesiboaren gainean eraikiak ditugu beste batzuk: aldapan gora, maldan goiti, maldan behera, kalean bar(re)na, kalean zehar… Horrelakoetan, adberbio horiek postposizio balioa dute, eta emankorrak dira: kalean gora, mendian gora, eskaileretan gora… Azkenean, baditugu bestelako batzuk ere: han-hemen, non edo non, nora edo hara, nondik edo handik, handik edo hemendik, gainbehera, goiti-beheiti, gorabehera, tokian-tokian, hor nonbait… Eta hor sartu behar genuke gero eta … -ago egitura ere: gero eta urrunago.

22.5.6c Lekua markatzen duten erakusleek adberbio bat eraman dezakete aposizioan, dela adberbioaren erreferentzia mugatzeko (hor goiti, han urrun…), dela gehigarri huts hura indartzeko (han bertan…). Eta postposiziodun sintagmek ere: mendian urruti

22.6. Adberbioen sailkapen semantikoa (IV): Modu adberbioak

22.6.1. Modu adberbioak zer diren: Nola eta zelan, oinarrizko galderak

22.6.1a Adberbio hauek nola edo zelan galdetzaileei erantzuten diete. Nola horrek erabilera asko ditu. Esate baterako, nola joango zara Iruñera? galdetzen duenak autobusean edo autoan joango zaren jakin nahi dezake, edo, besterik gabe, ezin zarela joan esan nahi dezake, ez dela batere egokia Iruñera joatea. Baditu beste erabilera asko hemen azaltzen direnak. Batzuetan, adibidez, konparazioetan erabiltzen dugu.

Adberbio elkartu zehaztugabeak (edonola), erakusleetatik eratorriak (honela, honelaxe), adjektiboetatik eratorriak (ederki), aditz jakin batekin erabiltzen direnak (kili-kolo egon) eta abar. Badira, noski, adberbio kategoriako hitz zuzenak (aise), edo adberbio gisa erabilitako adjektiboak (lasai). Aditzekin gertatzen diren elkartze sintaktikoak ere badira (doan eskaini, bidenabar esan…) eta moduzko esaera adberbialak (nola edo hala, bide batez…).

22.6.1b Modu adberbioen galdetzaile nagusia nola (nula, nurla, lola) da, baina bizkaierazko testuetan aise gehiago ageri da, eta erabiltzen, zelan. Gaur egun ere indar handia du zelanek bizkaieraz: Ikertu eta xuritu zuen hiztunak nola jokatzen duen denborari buruz (Mitxelena); Zelan baina artzainez jantzi? Jantziak non aurkitu? (F. Bilbao). ‘Zer gisa, zer modutan’, esan nahi du, eta esanahi hori duenean ez du bestelako postposiziorik onartzen. Izenlagun gisa erabil daitezke, hori bai: Zer alegrantziak, nolako bozkarioa, nolako ongietorria orotan eta guzienganik (Barbier).

Horren ondoan baditugu nolatan, zelatan (lekuko gutxirekin), nolaz…, eta horiek ‘zergatik, zer dela eta’ edo holako zerbait adierazteko erabiltzen ditugu: Esango digu egileak berak nolatan jo zuen bide horretatik (Mitxelena); Horra nolaz diren bilakatu apezgaitegiak eskola-etxe (Larre). Hor ikusten da, inguruko erdaratan bezala, galdetzaile horiek zergatia galdetzeko ere erabiltzen ditugula askotan.

Nola eta zelan adberbioek, zernahi gisaz, bi esanahiak dituzte (‘zer modutan’, eta ‘zer dela eta’): Nola pentsa dezakezu, Antonio bihotzekoa, zutaz ahaztu naizela? (Mitxelena); Ikusi dugu zelan dakizun sinestu behar dena (Kardaberaz).

22.6.1c Beste batzuetan isilpeko aditzen bat dugula tartean, baieztapen edo ezeztapen indartsua gordetzen duen itaun erretorikoa egiteko ere erabiltzen ditugu: Nola egingo dut hori, bada? (Ez dut holakorik egingo, nola uste duzu…?); Nola ez, gero? (Bai, noski; nola uste duzu…?); Nehork ez aditu? Ezkila? Nola, bada, hori? (Barbier).

22.6.2. Nola-ren bestelako erabilerak

22.6.2a Baditu adberbio honek beste erabilera batzuk ere. Batzuetan perpaus osagarrietan erabiltzen dugu: Eta ikusi duzu nola eraman duten arima infernuko ministroek? (Lizarraga); Hara, entzun al duk nola deitu didan? (Navarro).

Beste batzuetan esaera adberbial batzuetan, eta moduzko perpausetan ere: Eta, nola diren gauzak, bihotza oraindik ere samurtu egiten dit gogoratzeak (Saizarbitoria); Guti aski zikindu edo anitz zikindu, nola gerta (Herria); Arras bakan oro har, nahiz izan zitzakeen gurekilako aldi luzeagoak, nola gerta (Herria); Gizonek dituzte hartzen beren gainlore arruntak, nonahi atzeman daitezkeenak, hala nola arrosak (J. Etxepare); Zertako profetizatzen duzu, erranez: Hau dio Jaunak: Hona hiri honen ematera nola hala Babiloniako erregeen eskuetara, eta hark hartuko du (Duvoisin); Deusek ez nau hala samurrarazten nola holako gauzen ikusteak (Duvoisin). Edo ‘adibidez’ esan nahi duela: Dantza jauzietan bazituen berak arrainaturik franko pieza, hala nola “Milafrankarrak”, “Baztandarrak”, “Ainhoarrak” eta beste (Aintziburu eta Etxarren).

22.6.2b Mendeko perpausari bide emateko erabiltzen da (adizki laguntzaileak menderagailua behar duela): Nola gaur dugun lehen eguna, berritik hasiko gara (Xalbador). Eta zerbaiten araberako testuingurua adierazteko (berriz ere laguntzaileak menderagailua behar du): —Lizardiren zenbait pasarte ezin daiteke uler. —Nola irakurtzen den; Eta eguna luzeago edo motzago nola den, hiru ordutara alda litekeela [erlojua] (Munita). Konparaziozko testuinguruetan ere: Hainbertze ontasun badu semeak nola bere aitak (Duvoisin); Iturburura joatea ez da hain makur handia nola den tarteko horietan gelditzea (Villasante). Gainerako galdetzaileekin ere gertatzen da: Onuragarria izango dula? Nondik ikusten den; Noiz ateratzen garen, argiago edo nekatuago egongo gara.

Ezezko testuinguruan, konparaziozko perpaus batzuetan: Ez duzu arbola itsusiagorik nola baita olibondoa (J. Etxepare). ‘Bezala’ren esanahia duela: Uste dute ezin dela deus ere eskriba daitekeela lengoaia hartan, nola bertze orok baitute eskribatzen berean (Etxepare).

Harridurazko perpausetan ere erabiltzen da: A zer kanta! Nola bihotza jotzen duen! (Larzabal). Sinesgarritasun eza erakusten du batzuetan: Nola! Zer darasazu, gizona?, erraten dio apezak (Hiribarren).

22.6.2c Atzizki adierazkorra, edo gutxi gorabehera markatzen duena da -tsu (gaur egungo testuetan ez du ia lekukotasunik, pixka bat gehiago nolatsuko izenlagunaren forman): Segur naiz irakurtzaile zenbait bederen jakin nahiak direla nolatsu iragaiten ziren eresia emaite horiek (Lafitte); Huna nolatsu duten moldatu guzia (Hiribarren).

22.6.3. Bestelako galdetzaileak

Nola/zelan horiekin batera zer moduz, zein eratan, nolako gisan… bezalakoak ere erabiltzen dira. Esapide ihartuak dira, betiere adberbio funtziotan ageri direnak.

Galde horien guztien erantzun posibleak dira adberbio elkartu zehaztugabeak (§ 22.6.4) (edonola, nolabait…), erakusleetatik eratorriak (honela, horrela…), adberbio bihurtutako adjektiboetatik eratorriak (ederki, txarto…), zuzenean adberbio gisa erabiltzen ditugun adjektiboak (arin, azkar, bizkor…) eta bestelakoak, askotan aditz jakin batekin erabiltzen direnak (kili-kolo egon, blai egin…). Ondoren aztertzen dira guztiak.

22.6.4. Adberbio elkartu zehaztugabeak

22.6.4a Lehen saila osatzen dute adberbio elkartu zehaztugabeek: edonola (edozelan bizkaieraz), nolabait (zelanbait, bizkaieraz), nolanahi (zelangura, zelan nahi, bizkaieraz) eta inola (ezelan, bizkaieraz).

Adberbio horiek, egia esan, galdetzailea bezain zabalak dira esanahiari dagokionez, moduaren mundua bera ere aski irekia baita. Esanahi horietako batzuk aipatuko ditugu segidan.

Inola (inolaz) berez baiezko ez diren perpausetan erabiltzen da: ezezkoetan eta galderazkoetan. Modu esanahiaz aparte, zenbaitetan ukapen indartua adierazten du (inola ez = erabat ez); beste batzuetan, berriz, ‘itxuraz’ edo ‘seguru’ edo antzeko zerbait esan nahi du.

22.6.4b Nolanahi adberbioak esanahia zehaztugabea du batzuetan (edozein modutan, zernahi gisaz), subjuntibo kutsua beste batzuetan, eta esaera kontzesiboei bide emateko ere balio du, ere gaineratuz gero.

Lehenbiziko adieran askotan, ez beti, zentzu peioratiboa du: Baina gizartea zenbat eta aurreratuago, jendea bereganatzen hasi da gauzak ezin direla nolanahi egin (Salaburu); Ohituraren arabera, ez ziren bi premu edo bi kaiet elkarrekin ezkontzen ahal, etxe berriak ez ziren nolanahi egiten ahal (M. Tambourin, Herria); Zer ez dugu asmatzen gizonok, zuriezina zuritzeko eta gure kontzientziaren nolanahi garbitzeko (Irigoien).

Batzuetan subjuntibo kutsua du: Gauzak nolanahi gertatu diren, hari isilik egotea dagokio (Villasante).

Esaera kontzesibotzat har daitezke nolanahi ere den, nolanahi den ere, nolanahi den, nolanahi dela eta horien gisakoak: Nolanahi ere den, negua bazen, elurretan zuri irudikatzen nuen dena delako izaki liluragarria (Lertxundi); Nolanahi dela ere, gaizki esanak barka (Altzaga).

22.6.4c Nolabait (nolabit, nolapait, nolapeit aldaerak). Ongi dokumentatzen da XVIII. mendeko idazkietan, Nafarroa Garaian eta gipuzkeraz. Aise gutxiago beste euskalkietan. ‘Moduren batean, hala edo hala’ esan nahi du: Aspaldi hartan gaixo egonda / nolabait jarria txutik (Uztapide); Gizakiaren gaineko beste ikuspegi bat, nolabait esan (Alonso). Beste batzuetan ‘edozein modutan’ esan nahi du: Erbestean denda morroi, bizargin, ferratzaile eta abar irabazbide errezen bila nolabait ibiliak (Agirre). Edo ‘modu txarrean, hala-hola’: Orain liburua egina dago, baina gaiarekin ere nolabait ibili naiz (Uztapide).

Inguru batzuetan, nolakotasun hori aditzak markatzen du: nolabait bizi esamoldeak ‘ahal den bezala, modu batera edo bestera bizitzea’ da, baina beste ingurune batzuetan ‘gaizki, eskas edo itxura txarrean bizitzea’ ere esan nahi du, edo era susmagarriz ibiltzea: Dena segituan gastatzen dutenak dira nolabait samar ibiltzen direnak (Tx. Garmendia).

Zenbaitetan, bestalde, esaldiaren indarra leuntzeko edo erabiltzen den partikula gisako zerbait bilakatu da: Horixe da, nolabait, esan nahi nuena.

22.6.4d Edonola (edozelan) badirudi ez dela hain erabilia bere esanahi zehaztugabean. Ez du lekukotasun gehiegi tradizioan (Mogel, Agirre, Orixe, Lizarraga). Gaur egun gehiago erabiltzen da: Izan ere, obra honetan ez naiz behin ere edonola mintzatu, zehaztasun osoaz eta egokitasun handiz baizik (Kintana), eta zenbait esaeratan, ‘dena dela’ adierazi nahi duela: Edonola dela ere, gaur ez da etorriko (Cano); Edonola den: zaldiko-maldikoan ibiltzea baino, hark bira ematen zuen guztietan aita han zegoela ikustea zen, ororen gainetik, niri gustatzen zitzaidana (Lertxundi); Edonola ere, umore onez hartu zuten denek apustuaren amaiera (Arretxe).

22.6.4e Adibideetan ikusten denez, maiz hartzen dute adberbio hauek ere partikula. Zenbaitetan adberbioaren esanahia indartzeko balio du, enfasia emanez: inola ere ez, inoiz ere ez… Beste batzuetan kontzesio kutsua ematen dio perpausari: nolanahi ere den…

22.6.5. Erakusleetatik eratorritako adberbioak

22.6.5a Bigarren sail batean sartzen ditugu erakusleetatik eratorritako adberbioak: honela (holan, bizkaieraz), horrela, hola, hala. Adberbio deiktikoak dira. Jatorriz, *honen+era+la, segur aski, -la zaharretik sortu baita -ra adlatiboaren marka. Adierazkortasun kutsua, indarra adierazten dute honelaxe, horrelaxe, holaxe, halaxe adberbioek, eta gutxi gorabeheratasuna, hortik sortzen diren honelatsu, horrelatsu, holatsu, halatsu aldaerek.

Horiek guztiek tradizioa dute gure literaturan: honela Lazarragak erabiltzen du eta hedatua da gipuzkeraz edo bizkaieraz idazten dutenen artean; horrela adberbioak leku gehiago izan du Hegoaldean, eta gutxiago Lapurdin, Nafarroa Beherean edo Zuberoan; hala Lazarragak erabiltzen du eta, bizkaierazko tradizioan lekukotasun urriagoak baditu ere, oso hedatua izan da euskalki guztietan; hola (eta holan, bizkaieraz) ez da hain erabilia izan, baina Iparraldean Etxeberri Ziburukoak eta XVIII. mendeko idazleek erabiltzen dute, XIX. mendean bizkaierazko testuetan eta gipuzkoar bertsolariren batek ere, eta XX. mendean oro har hedatzen da. Hortik sortzen dira hola eta hola (berriz aipatu beharrik ez dagoen zerbait labur adierazteko-edo), hala-hola, hola-hola, hala nola, nola hala eta abar (§ 15.4.4). Gaurko liburuetan arruntak dira, nahiz hola baino maizago ageri diren gainerakoak. Hala-hala adberbioak bi esanahi ditu. Iparraldean ‘horrela’ adierazteko balio du: Etxe apal batzuk, zaharrak, murruak zartatu eta hala-hala utziak (J. B. Etxepare); Iltzeak izanikan ere hala-hala segitu zuen pilotan eta partida irabazi (Aintziburu eta Etxarren). Hegoaldean maizago erabiltzen da ’erdipurdika’ adierazteko: Hala-hala dabil azken bolada honetan.

Honelaxe (hunelaxe, honelantxe, honelatxe…) aldaera indartua Hegoaldean dokumentatzen da XVIII. mendeaz geroztik. Iparraldeko autore batzuek ere (Materrek, Etxeberri Ziburukoak, Haranederrek…) ere erabiltzen dute. Gaurko testuetan nahiko erabiltzen da. Horrelaxe ere gehiago ageri da gaurko idazleen artean. Holaxe gehiago ageri da tradizioan, baina gaur egun honelaxe bezalatsu, hain segur batzuek ereduzko formatzat hartzen ez dutelako, nahiz azken urteetan gehiago erabiltzeko joera ikusten den.

22.6.5b Halaxe da gehien ageri dena, desberdintasun handiarekin, bai tradizioan eta bai gaurko testuetan ere: Etxera dijoa artez, burumakur eta gogoa goibel. Halaxe dagerkigu zerualdeak ere aurpegia gaur (Barrensoro). Nola galdetzailearekin korrelazioan ere erabiltzen da: Nola den haren iluna, halaxe izango da haren argia (Larramendi). Eta zer galdetzailearekin: Urriko tenporetan zer haize, negu guzian halaxe (EZBB). Bezala adberbioarekin ere korrelazioan: Beste gizonek zuei egitea nahi duzuen bezala, zuek ere halaxe egiezue haiei (Iraizoz).

Batzuetan ‘amen’ adierazteko ere balio du: Erregutu ezazu gu bekatarien alde orain eta gure heriotzeko orduan. Halaxe (ArgiDL). Eta batzuetan ‘halaxe bada’, ‘halako batean’ eta holako esanahiak ditu: Aitak ez zion eragozpenik jarri eta halaxe, Piarresek udaraldi oso bat egin zuen morroitzan (Etxaide); Halaxe, liztorrak buruan burrunbaka eta bihotzean sukarra irakiten zebilzkiola, heldu zitzaion egunsentia (Barrensoro).

22.6.5c Erakusleetatik sortutako hala adberbioak ere hartzen badu, birformulatzaile urruntzaile bihurtzen da (ikus § 43.10.5 “Birformulatzaile urruntzaileak”): Hala ere, zerbait iragarrita, egin egingo zuen: zeharo aldatua ez bazen, behinik behin (Jon Muñoz). Hori hala-rekin bakarrik gertatzen da: ia adibide guztietan birformulatzailea da. Bada adibideren bat zalantzazkoa: Hala ere egiten zuten ogiak ez zuen parerik eta, jatekoaren aldetik pobretasun handienean zirelakotz, ez zuten ogirik uzten eskapatzera beren harpe zuloetatik (Aintziburu eta Etxarren).

Aldiz, ez da gauza bera gertatzen honela eta horrela-ren kasuan, holakoetan beti moduzko adberbio arrunta baita: Honela ere deitzen zitzaion Aita Santuari Erdi Aroan (Frantzisko Asiskoa, Klara Asiskoa); Horrela ere alferrik izango duk eta (Jokin Muñoz).

22.6.5d Erakuslea ez izanik, bada -la horretaz baliaturik egiten dugun beste adberbio bat ere: bestela. Bestela (edo bertzela) Leizarragaren garaitik dokumentatzen da, eta, tradizioari dagokionez, guztiz hedatua dago, nahiz bizkaieraz gutxiago erabili den. Gaur arrunta da.

Eta konparatiboetan bezala erabiltzen dugu. Perpaus osagarrien -(e)la atzizkiak ere badu, beharbada, erakusleen modu atzizki honekin zerikusirik: horrela esan, … -ela esan.

22.6.6. Adberbio eratorriak

Hirugarren saila adberbio atzizkiren baten bitartez eratorritako adberbioek osatzen dute. Hau da sailik handiena, zalantza gabe. Holako adberbioak osatzeko -ki, -to, -ro, -ka, -ik, -la eta -ta atzizkiak erabiltzen ditugu: arinki, polito, astero, jauzika, isilik, nola, jauzika…22.2.2). De Rijkek -ik bidez sortutako adberbioak egoera adberbioak direla dio (2008: 684).

22.6.7. Bestelakoak

22.6.7a Laugarren saila osatzen dute adberbio gisa erabilitako bestelako hitzek. Holakoak dira arin, azkar, bizkor, garbi, gogor, goxo-goxoan, lasai, zehatz, ziur, zuzen, aldrebes, apropos, lotsagabeago, dotore, lasai…: Ez dakit zuzen zergatik, Tomas aise ere lotsagabeago ari baitzen (Epaltza); Ezagutu nian erizain bat, dotore-dotore zegoena bere uniformearekin, fin-fina: ez, egiatan ari nauk (Navarro); Erraz esaten dira pitokeria horiek mahaira lasai-lasai eserita! (Linazasoro).

Adjektibo asko erabil daitezke zuzenean, inolako aldaketa gabe, adberbio gisa (zenbait kasutan zail gertatzen da erabakitzea, dena den, kategoria aldaketa adjektibotik adberbiora gertatu den, edo alderantziz). Hasteko, kantitateari erreferentzia egiten diotenak aipatuko dira: eskas, urri, jori, naro, oparo, ugari eta abar. Badirudi, dena den, Hegoaldeko hizkeretan errazago onartzen direla. Askotan galdegai gisa erabiltzen ditugu, aditzarekin harreman estuan. Ezezko perpausetan ezinbestean aditzaren ondora biltzen ditugu (“quasi focus” deitzen dio de Rijkek honi, 2008: 239): Ez naiz ongi oroitzen (Mitxelena); Ez duzu oso erraz barkatzen (Garate). Gauza bera egiten dugu galdegaia beste elementuren bat baldin bada ere: Zer egin dut zehatz? (Txillardegi); […] orduan ikusi zuen oso garbi zer gertatzen zen (I. Mendiguren); Seme, hartu zeure seme-alabak eta zoaz laster Mediara (J. A. Mujika).

22.6.7b Aise (eta aisa aldaera) batez ere Iparraldean erabili izan da tradizioan, nahiz badiren adibide batzuk gipuzkeraz eta bizkaieraz ere. Hitz horrek erabilera bat baino gehiago du: adberbio hutsa, nolabait esateko, maila adberbioa eta adjektiboa. ‘Errazki’ esan nahi du, ‘erraztasunez’: Denik gutxien ohituak ere aise atzeman dizaioke (Mitxelena); Horrek aise egiten ditu gauzak. Maila adberbio gisa ere erabiltzen da: Zu ere aise goxoago zinen / duela hamabortz urte! (Mattin). Adjektiboa ere izan liteke, nahiz gutxitan erabilia: Ezen ene uztarria aisea da, eta ene karga arina (Leizarraga).

22.6.7c Arau hitzaren erabilera arruntena, bistan da, izenarena da: Arau sobera dago munduan. Baina postposizio gisa ere erabiltzen da, arabera aldaerarekin (tradizio idatzian araura, arauera, arabera…): Horren arabera, kontua gero eta okerrago doa. Edo arau gisa ere ageri da, besterik gabe, batzuetan ahalbidearen sinonimoa dela: Euskaraz mintza, eta bertzalde ikas euskara. Ikas, erran gabe doa, toki arau, ahal arau, urte arau (Hiriart-Urruti); Emaztearekin duelarik gizonak bere gozoa, zenbat ara berezi gizon batetik bertzera eta gizon beraren baitan, adin arau, aldarte arau, ahal eta behar ordu arau! (J. Etxepare); Hitzak aurkitu arau izkiriatzen nituen (Lafitte).

Ikusi hemen Euskaltzaindiaren 21. araua: “Arabera”, Oiartzunen, 1994ko abenduaren 29an onartua.

Badira, orobat, kasu markaren bat harturik adberbio gisa ihartuak geratu direnak ere. Instrumentalean: berriz, oinez, zinez, nekez, adibidez, alderantziz, benaz (benez, menaz), berariaz, egiaz, gogoz, halabeharrez, itxuraz, tamalez… Beste batzuek inesiboaren marka hartzen dute: aidean, aukeran, benetan (bene-benetan), dilindan, ezinbestean, ezjakinean, itsumustuan, ustekabean, osterantzean (osteruntzean, ostiantzian, osteuntzean) Adlatiboan beste batzuk: gogara, erara, gora gustura, ostera… Eta erakusleak ere: honetara, horretara, eta, batez ere, hartara. Ablatiboan ere: gogotik.

Adberbio horiek aditzari lotuak (aditz sintagmaren modifikatzaile), nahiz kanporago (perpausaren modifikatzaile) gerta daitezke: Neskatoa ez zen itxuraz oso garaia (Uribarri); Gizon bat sartu da, hozbera itxuraz (M. Etxebarria); Eskua zuria zen, eta leuna, itxuraz (Uribarri); Autodidaktak ez du, itxuraz, mintzatu nahi (M. Etxebarria); Alderantziz da, hain zuzen: ez nuke bestela izaterik nahi inolaz ere (J. A. Arrieta); Ez zuen kontra egin; alderantziz, ikaragarri gustatu zitzaion (J. A. Arrieta).

Adberbio horiek adberbio esaera konplexuagoak eta aski lexikalizatuak osatzeko ere balio dute: Bi bider hartu ninduen, hala ere, loak, nire gogoz kontra, segundu batzuetan (J. Zabaleta); Hitz bateko letrak atzekoz aurrera jarrita, hitza desitxuratua agertzen zaigu, esanahirik gabeko ulertu ezineko segida batean (Arranz). Batzuetan egitura irekiagoa dute (nire/zure… kabuz/ustez/aburuz/ustetan…): Hona gazte zentzudun eta prestuak gure aburuz nolakoa izan behar duen (Zubizarreta).

22.6.8. Elkartze sintaktikoak

22.6.8a Bosgarren eta azken sailak biltzen ditu berez adberbio diren edo adberbio erabilera duten hitzez osatutako elkartze sintaktikoak ere: ados izan/egon, blai egin, alde izan/egon, kontra izan/egon (ikus § 9.4), begira egon, beha egon, belauniko jarri, bidenabar esan, debalde eman, derrigor(rean) egin, doan eskaini, blai egin, kili-kolo egon, kito geratu, konforme egon, majo ibili (lagunartekoa), tente ibili, ziplo egin eta abar. Agian sail honetakoak lirateke igeri ibili, ihesi joan, zain egon eta horien gisakoak ere. Eta hots hitzak ere: tiki-taka joan, ika-mika aritu eta abar.

22.6.8b Moduzko esaera adberbial gehiago badira. Ugariak ditugu euskaraz: baitezpada, badaezpada, batez ere, orobat, alde bat, nola edo hala, nola hala, noraezean, inondik ere, inola ere, hala nola, hala-hola, hola-hola, aldez edo moldez, argi eta garbi, batera eta bestera, edozein moduz, hain zuzen, hain segur, halabeharrez, bide batez, nahitaez, orpoz orpo, atzekoz aurrera eta abar.

Beste batzuetan hitzak errepikatuz sortzen dira: poliki-poliki, bene-benetan, itsu-itsuan, itsumustuan, isilka-misilka, zirt edo zart, bete-betean, tiki-taka, ika-mika

Eta hemen sartu behar genituzke gero eta… -ago egiturak ere: gero eta hobeki, gero eta ederkiago eta abar.

22.7. Adberbioen sailkapen semantikoa (V): Maila adberbioak eta zenbatekoak

22.7.1. Maila adberbioak zer diren

22.7.1a Hemen aipatuko diren adberbio guztiak zenbatekoari edo intentsitateari daude lotuak, baina lotura horren indarrak gradu asko izan ditzake. Maila adberbioak ditugu, batetik, adjektibo baten, beste adberbio baten edo aditzaren maila edo intentsitatea adierazteko erabiltzen direnak: Hau oso berria da, eta ez diot inori ezer esan, oraindik (Zaldua); Hori arras laketu zait; zeren eta hura hemen ez denean, nehork ez baitit hitz egiten, eta aspertzen bainaiz (Jon Muñoz); Behin oso haserretu zen nirekin (Garate); Nor berean aski gustura egon gintezkeen, baina bata bestearena normalena zen arrotz sentitzea (Zubizarreta).

22.7.1b Beraz, maila adberbioak honako hauek dira, besteak beste: oso, guztiz, biziki, txit, aise, arrunt, erabat, zeharo, dexente, arras, berdin, guztizki, izugarri, franko, ikaragarri, hagitz, pixka bat, samar, sobera, txoil eta abar; honen, horren eta hain erakusleak; zein esklamatiboa. Erdi izena da berez, baina maila adberbioa ere izan daiteke: Txalupa txiki batzuk zeuden egurrezko poste erdi ustel bati lotuta (Lertxundi). Horietan, ikusten denez, ilunena txit hori dateke. Ikusten dugu, bada, jatorri eta esaera desberdineko hitzak erabil ditzakegula maila/zenbateko adberbio modura.

22.7.2. Oso

22.7.2a Adjektiboen edo bestelako adberbioen gradua markatzeko erabiltzen ditugun adberbioen artean oso da hedatuena, hizkera eta garai guztietan ageri dena. Guztiz ere aski arrunta da. Guztizki Iparraldean erabili da. Eta gauza bera gertatzen da arras (nahiz XX. mendearen erdialdetik Hegoaldera hedatzen den), biziki, eta arrunt-ekin ere (hau adjektiboa ere). Aise ere sail honetakoa da, beste erabilera batzuk baditu ere (§ 22.6.7b): Artobero jauna, kanpo horietan oso ardozaletu zen (Urruzuno); Neutralak guztiz gutxi izanik (Erkiaga); Gaur aditu gauza horiek orok nahasi naute arras (Barbier); Biziki erraz baita hamabortz urteko mutiko baten atakatzea (Etxebarne).

22.7.2b Oso, berez, oso adjektibotik (egia osoa) dator. Sintagma sinpleetan ageri da: Irakasle hori [oso ona] da. Baina sintagma konplexuagoa denean (oso + izena + adj.), hurrenkera arruntena hori da, hain zuzen, parentesi artean eman duguna: oso irakasle ona. Batzuetan, hala ere, oso izenaren eta adjektiboaren artean ere ematen da: irakasle oso ona, nahiz hurrenkera honek ez duen aurrekoaren maiztasunik. Esan dezagun, zernahi gisaz, ez duela horrek bat determinatzailea onartzen: *oso irakasle on bat / *irakasle oso on bat. Ezinbestean, -a behar du hor. Bat zenbatzailea nahiz artikulua izan daiteke (§ 16.2.2), eta askotan ez da bien artean bereizteko modu garbirik, baina sintagma honek -a mugatzailea bakarrik onartzen du, esan bezala. Ez da eragozpenik, noski, bestelako zenbatzaileak erabiltzeko: bost irakasle oso on, zenbait irakasle oso on eta abar.

22.7.2c Zalantzak sortu izan dira artikuluaren ordez erakuslea ere onar dezakeen edo ez egitura honek: hiztun batzuentzat aski arrunta da oso film barregarria egitura, baina nekez onartzen dute oso film barregarri hura. Horrela, aldaera horri galdera marka jartzen dio EGLUk (I: 198), eta oso barregarri den filma egitura erlatiboa eskura dugula oroitarazten da han. Debeku edo traba horretaz Saltarelli (1988: 81) ohartu zen. Badirudi joera hedatuena hori dela, nahiz Orixek badituen kontrakoa erakusten duten erabilerak (hurrenkera pixka bat aldaturik, hori bai: (izena + oso + adj. + erakus.): Gauza oso on hauen burubide txit ere hau bere bidea eginik, iraganen da (Orixe)186. Gauza bera Orixeren beste adibide honetan: Zure lan oso on horien ondotik. Baina nahiko bakanak dira tradizioan, eta gaurko euskaran ere ez dira erraz ikusten.

22.7.2d Oso hori galdegai gisa ageri da zenbaitetan: Oso da txarra Aitaren etxetik urrutian bizi, eta gure etxera bihurtu nahi dugunean gure Aita onak gu ez ezagutzea (Agirre); Farsa delako hau josteko aukeratu nuen gaia oso da arrunta (Labaien); Oso da txikia (Lizardi).

Dagokion sintagmatik kanporatua ere, nahiz adibide gutxiago dauden literaturan: Ez du harrokeriarik, / umila da oso (Txirrita); Garestia da oso (Soroa); Zergatik kontrizio edo amore damua da oso, edo perfektoa […] (Mogel); Bai, mutil ederra da oso (Erkiaga). Hiztun anitzen ustez, oso horren aurretik etentxo bat egin behar da ezinbestean, baina ez beste batzuen ustez.

22.7.3. Berdin eta nahiko

22.7.3a Berdin ere batzuetan sail honetan sartzen ahal dugu: Betidanik eta alde guztietan berdin gaizki ikusia dela […] (Larreko); Iduri kanpoz berdin ongi doazela beti, baina kasurik egin gabe galtzerat uzten beren mintzaia (J. P. Arbelbide). Esanahiari dagokionez ‘gauza bera, halaber, nolanahi ere…’ adierazi nahi du. Iparraldekoa da, baina B. Mogelek ere badu adibideren bat: Egizu nahi duzuna; berdin ez diogu guk geure buruari horrelako lorrik eman nahi (B. Mogel).

22.7.3b Nahiko (edo nahikoa) adberbioa zenbatzaile zehaztugabetzat hartzen dugu: Badute nahiko afari (Orixe); Hogei bat lagun nahiko muniziorekin bagina (I. Alkain eta A. Zavala); Nahiko buruhauste bereganatu zuen (J. A. Irazusta). Zenbakaitz diren izenekin ere: Nahiko toki badago (Labaien); Nahiko beldur diot (Orixe). Arruntak dira adibideak artikuluarekin ere: Ez da arrazoi nahikoa gainerako bideak mozteko (Mitxelena); Ausardi nahikoa dutenak (Txillardegi). Askotan aurreko izenak ere hartzen du artikulua: Dirua nahikoa daukazue (Etxeita); Gaia nahikoa bildu nuen (Mitxelena); Eta zuk guztientzako indarra nahikoa (Insausti); Emango digu lurrak / garia eta artoa / gaztaina, sagardoa / ta ardoa nahikoa (Munibe). Baina ez da ezinbestekoa artikulua jartzea: Jan nahikoa eman (Inza); Ale nahikoa jan (Orixe); Ausardi nahikoa dutenak (Txillardegi); Hats nahikoa hartu (Oskillaso). Beraz, ezin da hor arau esturik eman.

Adberbio hori graduatzailea ere izan daiteke: Harreman hori nahiko ongi ikusten da (Mitxelena); Bazeneki zein gogoan dudan gaizo haur ona! Jainkoak ez ahal du nahiko gaizki kausitua izan dadin (Hiriart-Urruti).

22.7.3c Aditzekin eta adjektiboekin ere erabiltzen da. Ez da erraza jakitea batzuetan zer den, graduatzailea edo adberbio arrunta. Tradizioan nahiko eta nahikoa txandakatzen dira, predikatu gisa ageri direnean ere: Gainalde zurituak nahikoa erakutsi eta goraipatu ditugu (Mitxelena); Mingaina bidean nahikoa busti zait (Amundarain); Horretarako zu zerori nahikoa zara (Barriola); Zuek bertan izanez gero nahiko apainduko duzue (Labaien); Harreman hori nahiko argi ikusten da (Mitxelena); Nire ustez nahiko egin nuen (J. A. Irazusta); Nahiko xelebrea zen, erdi eroa (Anduaga); Nahikoa aldakorra dugu (Mitxelena); Bart nahiko ederrak ikusi nitian (M. A. Mintegi); Gela nahiko txikia zen bertan hiru ohe edukitzeko (Iturralde). Izena konplementatzen duen adjektibo batekin ageri bada, tartean ikusiko dugu maiz: gizon nahiko handia.

22.7.4. Maila adberbio hutsak

22.7.4a Adberbio horietako batzuk maila adberbio hutsak dira, ez dira beste zereginetan agertuko, aldamenean adjektibo edo beste adberbio bat behar dute, eta ezin dira bestelako inguruneetan agertu: *Badaki txit.

22.7.4b Baina gehienak maila adberbioak izateaz gain bakarrik ere erabil daitezke: Oren oro arras dugu erortzeko perila (Etxeberri Ziburukoa); Biziki erakuts diezaion nola herioan ez den deus (Leizarraga); Ez al din hire amak nahikoa hire ahizpari emandakoarekin? (Etxaniz); Ordutik hona franko aldatu dira gauzak (Mitxelena); Noiz niro erran, franko ditudala pakatu? (Egiategi) eta abar. Franko adberbioa arrunta da beste/bertze-rekin agertzea: Bertze franko bide daude ofizio horretakoak zeruan (Lizarraga).

Beste zenbaitetan intentsitatearen neurrien gorabeherak onartzen dituzten aditzen lagungarri izan daitezke, oso eta bestelako maila adberbioen pareko: Eta ez dira orduan sobera harrituko, mundua gaizto, neke eta idorxko atzematen badute (J. B. Etxepare).

22.7.5. Kokagunea

22.7.5a Batzuetan izenaren atzean edo aurrean ager daitezke, nonahi, eta orduan zenbatzaileak dira: Holako pleinta franko ekarri baitute eni (J. Oihenarte); Nire buruak ere eman dit franko lan (Labaien); Bazuen oinen azpian ur franko (Axular); Haren bihotzean gaixtakeria franko atetu baita (Artxu); Haiek badute leku franko (Axular). Franko adberbioa aurreko izenak mugatzailea duela ere erabiltzen da: Bazterra franko badiat kurriturik (J. Etxepare); Eta nola zabal baitira eta laguna franko baitute […] (Axular).

22.7.5b Arruntena da adjektibo edo adberbio baten aurrean edota atzean agertzea. Adjektiboaren ondoan maila adierazten dute: Besoa franko luze baitzuen (Saint-Pierre); Franko abila dela letxero kontuan (Mattin); Nik aditu diat hire astoa arrunt zozoa dela (Larzabal); Orain, zertxobait gehiturik eta arrunt dotoreturik agertu zaigu [liburua] bigarren aldiz (Mitxelena).

22.7.5c Beste adberbio batekin ere maila adierazten dute: Bizi bada bizi, jende horien erdian, arras ongi laketu nuen (Larzabal); Biziki ontsa oroitzen naiz (J. B. Etxepare); Gu gaizki bizi gaitun, oso gaizki (Agirre); Jadanik franko berant da aurtengo (Althabe); Handik franko fite gertatu zen (Etxebarne); Ez zen sobera baina aski franko (Mardo).

22.7.6. Asko, aski, samar, pixka bat

22.7.6a Multzo berekoa da asko mugatzailearekin ere, erabilera adjektibala duela: Sofa karraska egin eta are beherago hondoratu zen, eta, egia esan behar badut, on askoa gainera, apurtxo bat trebatu ostean (I. Mendiguren); Baita on askoak ere (Iturbe).

22.7.6b Aski adberbioa aurretik nahiz ondotik joan daiteke: Joatekotz, aski goiz hobe dik deliberatzea (Larzabal); […] dama polita da eta guztiz egokia: goiz aski bota zion Alzuruk begia […] (Iztueta).

22.7.6c Samar ere ez da urrun, esanahiaren aldetik, aski adberbiotik. Adberbio edo adjektiboekin batera erabiltzen dugu, ez aditzekin. Hegoaldean du tradizioa. Adjektibo ondoan jarririk, haren artikulua eta kasu marka hartzen ditu: Uitzik hartu zuen, lehenbizikoz, astindu eder samarra (Lizardi); Etxe nagusian sartuta berehala, sukaldea, lasai samarra, euskal baserri guztikoen irudira (Agirre). Aldaera sabaikaria (xamar) ere erabiltzen da samar baino gradu apalagoa adierazteko, zenbait hizkeratan: Aurpegiz mehe xamarra, zango politak eta azal guri eta leuna zuen (Erkiaga) vs Jabea baserritar txiki samarra zen, txaparra (Erkiaga). Adberbioekin ere bai: Bakoitzak ahalegina eginaz, ondo samar bizi ziren senar-emazteok (Etxeita); Baina, berandu samar da-eta, egiteko ugari dugu (Erkiaga).

22.7.6d Pixka bat izen sintagma da berez, baina determinatzaile gisa erabiltzen dugu: Pixka bat / asko / zerbait ikasi. Izaera adberbiala du anitzetan: Euskara pixka bat arroztua du eta Euskara pixka bat ikasi du (edo Pixka bat ikasi du euskara). Adibide horietan pixka bat izenarekin joan daiteke ([euskara pixka bat]) edo perpausarekin, kantitatezko adberbioekin gertatzen den gisan.

Bestelako aldaera batzuk ere onartzen ditu, postposizioak harturik, esanahia (‘denbora laburrean’) aldatu gabe: Haatik, kasu eman behar diok, pixka bat (Larzabal); Geldi zaitez pixka batean, mesedez, […] (Labaien); Orduan, pixka batera gerra badugu (Labaien).

Zerrenda horretan zenbat galdetzailea ere sartu behar dugu, adberbioen sailean. Batzuetan izenekin doa, eta orduan ez da adberbioa, baizik zenbatzaile mota bat: Zenbat jende sartzen da hor?; Zenbat langile ditu enpresa horrek? eta abar. Baina beste batzuetan aditzarekin doa, eta orduan adberbioa da: Ikusiko dun zenbat naizen abila (J. B. Elizanburu); Zenbat maite zuen (Larregi); Nik zenbat dudan sufritzen (Gazteluzar); Zenbat umildu nintzen (Añibarro); Balekite ongi zenbat maite ditugun! (Barbier); Zenbat nekatzen gaituzten (Uztapide).

22.7.7. Kopuruari eta osotasunari lotutako adberbioak

22.7.7a Baditugu, azkenik, asko ez badira ere, kopuruari eta osotasunari loturiko bestelako adberbio batzuk ere. Horiek aipatzen den gaiari buruzko nolabaiteko hurbilketa adierazteko erabiltzen dira: ia, kasik, abantzu (Iparraldean), doi, ozta, eskas…: Baina aitonak ez du ia ezer jaten (Agirre); Gogoan duzun hura kasik ezin erran, gerla piztu gabe (Hiriart-Urruti); Soinean ordukotz zituen zapatak abantzu hautsiak zituen (Webster); Xahar-xahar bati edo bertzeri kafe bero bat emaiten zitzaion doi-doia, urrunetik ahitua zeren zen etorria, eta beharbada herrestaka (Barbier); Eta zerbait pagatzen badu ozta izango da erdia (J. M. Zabala); Egurrak eskas egin dukeenean hilen da sua (Duvoisin).

Normalean, perpaus hasieran edo perpaus amaieran doaz, besarkadurak perpaus osoa har baitezake, edo sintagma bat, edozein motatakoa: ia bost kilo patata (IS); ozta-ozta goizetik (AdbS); doi-doi goiz osoan (PS); kasik ez dut agurtu ere egin (P). Zer sintagma mota besarkatzen duen, horren hasieran ageri dira, gehienetan. Batzuetan, aldiz, amaieran, betiere besarkatzen duen sintagma amaieran, ez tartean: Ordu erdi bat ozta egin zuen (Kardaberaz); Nik ezagutu ere egiten dut ozta (Uztapide).

22.7.7b Doi-doi horren parekoa da ost-ostean ere, nahiz gutxiago erabilia: Ost-ostean joan nintzen igandean elizaraino (Agirre); […] pitin bat bere tentunera etorri zen, guztiz sendatu ez arren; eta jai egunean, ost-ostean bada ere, joan zen elizaraino (Agirre). Egungo literaturan ez da ia adibiderik ageri.

Sail honetako adberbioak errepikatzen dira, sarritan, indarra emateko edo: doi-doi, ozta-ozta, kasik-kasik

Ezezkoetan erabiltzen ditugunean badituzte pareko baiezko esamoldeak gutxi-rekin osatuak: Ez nuen ia inor ikusi vs Inor gutxi ikusi nuen. Esanahia dela eta, nolabaiteko maila adierazten du hurran adberbioak ere, aditzarekin ageri dela: Ez dakusazu biziaz etsitu hurran dudala? (Axular).

22.7.8. Deiktikoak

22.7.8a Maila adberbio deiktikoak ditugu honen, horren, hain bezalakoak. Ikusten denez, erakusle arrunten genitiboaren forma bera dute (hain hori, harenhaenhain litzateke Mitxelenaren ustez [FHV 7.4 atala: 141]). Horietan erabiliena hain da, hori baita termino ez markatua, eta honen eta horren tokian ere erraz erabiltzen da: Nora zoaz honen/horren/hain goiz?; Jainkoaren ontasuna hain handia da (Pouvreau).

22.7.8b Gainerako maila adberbioekin erkaturik, bada beste desberdintasun bat hauen guztien artean. Zerrendako oso, guztiz, biziki, txit, arrunt, erabat, zeharo, dexente, arras, berdin, izugarri, ikaragarri, hagitz… maila adberbio gehienak adjektiboekin (biziki interesgarria da) edo aditzekin joan daitezke (biziki maite du), baina honen sailekoek galdu dute dagoeneko gaitasun hori, eta honenbeste, horrenbeste, hainbeste eskatzen dute aditza modifikatzen dutenean: Filma amaitu aurretik utzi dugu aretoa. Hainbeste aspertu gara!

22.7.9. Zein, zer…

22.7.9a Horiekin batera zein ere erabiltzen da: Zein ederra zaren Jesusen ama! (Mendiburu); O zein ederra zaren, nere arima, zein ederra zaren! (Agirre); A, zein ederra zaren, ene maitea, zein ederra zaren! (Duvoisin). Edo zeinen: […] eta nik ere badakit zeinen pozik bete dituzun haren nahikari xumeenak (Duvoisin); Eta ni lotan, zeinen harritu eta sortua egon naizen (Duvoisin); O, zeinen ederra zaren, ene adiskidea! Zeinen polita zaren (Otaegi); Zeinen txoragarria udaberrian txoritxoak astirik han jolasean! (Arzak).

Eguneroko hizkeran arruntena da ze hutsa erabiltzea, besterik gabe. Eta literaturan ere ez dira adibideak falta: A! Ze ederra zaren, ze ederra zaren! (Uriarte); Ze ederra den erlijio katolikoa, ze pozgarria handik datorkigun sinistea (Arrese Beitia); Ze ederra gorputzez, ederrago ariman, […] (Lizarraga); A, ze ederra zaren! Beste batzuetan dei egiten dio bere esposa laztana, bere usoa, bere bakarra (J. M. Zabala). Ez dira falta izan zenbaitetan eztabaidak ze horren azpian legokeen hitzaren forma dela eta: zer edo zein. Ikusi dugu aurreko pasartean zein izan daitekeela. Baina ez dira tradizioan adibideak falta zer-ekin ere: Begira iezaiok zer ederra (Soroa); Zer ederra den antxua, udako berdel bizkar gizena […] (Iraola); Zer handia, zer ederra zaren (Arzak); Zer ederra den Jaungoikoaren obra (J. Artola).

22.7.9b Beraz, esan dezakegu ze ahoskaturik ere, idatzian zer, zein eta zeinen erabiltzen direla, denek esanahi bera dutela. Euskaltzaindiko Hiztegiak ere hala biltzen du. Guztiak adjektiboaren edo adberbioaren aurrean doaz. Salbuespena hain da, horrekin hurrenkera aldatzen ahal baita, adizkiaren aurrean jarriz: Hain da handia ezen frogatu duenak baizen ezin jakin baitezake nolakoa den (Axular); Hura hain da grazia handia non ezin ausart baininteke haren zuri eskatzea […] (Pouvreau); Hain da gaixtoa, diotenaz, arrotzentzat, deabruak berak bere antze guztiarekin egundaino ezin ontsa ikasi baitu! (Hiriart-Urruti). Holakoetan, ikusten denez, ondoriozko perpausa eskatzen du, batzuetan perpaus hori isiltzen badugu ere.

Horietan guztietan arruntena artikuluaren erabilera da (eta ez erakuslearena), hau da, honen/horren/hain hiri handia egiten dugu, baina nekez ?honen/horren/hain hiri handi hau.

22.7.10. Azken oharrak

22.7.10a Gutxi eta asko antonimoak dira, baina maila adberbioak edo maila atzizkiak hartzen dituztenean ez ditugu antzeko moduan ibiltzen: gutxik ez du arazorik oso gutxi, gutxiago edo gutxiegi, gutxien egiteko. Aldiz, ezin dugu esan oso asko, askoago, askoegi edo askoen. Gauza bera gertatzen da anitzekin ere (ez dugu esaten *oso anitz, *anitzen…). (Ikus 32. kapitulua).

22.7.10b Zenbait kasutan intentsitatearen neurrian gorabeherak onartzen lagungarri izan daitezke adberbio batzuk, oso eta bestelako maila adberbioen pareko: Orain anitz esnatu da (Izeta); Ez ziren gutxi lasaitu Bordaberrikoak (Tx. Garmendia); Beharbada ez nukeen sobera harritu behar (Epaltza).

22.7.10c Sentimenduak zenbakarriak ez direnez eta euskararen legeak garbiago gorde nahirik, honelako perpausak edo antzekoak (asko maite zaitut) gaitzetsiz, oso maite zaitut eredukoak proposatu izan dira inoiz forma egoki bakartzat. Eta galdera ere ez omen litzateke zenbat maite nauzu? tankerakoa. Baina hori erabilera hedatuenaren aurka joatea litzateke.

Iritziak iritzi, goiko perpausak gramatikalak dira. Eta konparatiboetan ere hain maite bezala hainbeste maite erabiltzen da. Denetatik aurkitzen da: Mugaz beste aldean asko maite omen zuten (Anabitarte); Nik asko maite dut (J. Eizagirre); Eta bai berak, eta bai herri guztiak, asko maite zituztela (Kirikiño); […] asko maite bainuen teatro jokoa (Larzabal); Jon asko maite dut (Lizardi); […] nire alaba bakarra da, oso asko maite dut (Agirre); […] eta asko maite diat osaba gizajoa (M. Lekuona).

Badira, jakina oso erabiltzen dutenak ere: Oso maite ninduen (Orixe); […] Donostian txoko polit bat, oso maite izaten zutena (S. Salaberria); Berak oso maite zuen bat eri zegoen (Iraizoz); Ni hainbeste maite ninduzun, aita (Barriola); Hil al da zuk hainbeste maite zenuen laguna? (Altzaga); Hain maite zituzten misionet frantsesask! (Zerbitzari); Hain maite zuen Iturrin (Barbier); Lourdesko Ama Birjina, Jesus hain maite duzuna (Barbier) eta abar.

22.8. Adberbioen sailkapen semantikoa (VI): Iritzi adberbioak

22.8a Zalantza bat baino gehiago sor lezake, beharbada, atal honen izenburuak. Zer da, izan ere, iritzi adberbioa? Zehatz esateko, hemen perpausetik nolabait kanpora gertatzen diren eta hari buruzko hiztunaren iritzia edo jarrera adierazten duten adberbioak sartzen ditugu: Txarra zen, nonbait; Agian joango da… Sail honetakoak dira menturaz, itxuraz, agian, iduriz, onenean, nonbait (ez lekuzkoa), ausaz, apika, antza (gip., bizk.), arean (bizk.) eta abar187. Arruntean perpaus osoari dagozkio adberbio hauek, ez bakarrik sintagma bati.

Horietako batzuk postposizio sintagma batetik datozenak dira, erabiliaren erabiliaz adberbio gisa finkatuta geratu direnak. Menturaz, esaterako, mentura izenetik dator, tradizio luzea du (Lazarragak erabiltzen du) eta forma adberbial horretan (edo menturan bezala) erabiltzen da batez ere: Baina honelakorik oraindaino gutxitan jazo da, eta menturaz ez da sekula gertatuko (Añibarro). Iparraldean benturaz gehiago. Itxuraz forma adberbiala, noski, itxura izenean oinarritzen da: Herri poesiaren bideetara judu itxuraz Kerexetak (Mitxelena). Ausaz formarekin ere berdin gertatzen da: ausa du oinarrian (edo auza), baina lekukotasun gehienak ausaz bezala ageri dira: Eztarriak kilikatzen zion, gehiegi erre zuen ausaz (Mirande). Apika idazle gipuzkoarren tradizioan ageri da gehien bat: Bekatu asko genituen apika, baina nork bereak (Mitxelena). Gaur egungo testuetan arrunta da.

Antz izenetik sortzen dira antza, eta antza denez esaera adberbialak. Jatorriz gipuzkoar-bizkaitar idazleek erabilia batez ere: Antza denez, honetantxe ere, lapur izaten ere, euskaldunak berariazkoak izan dira (Kirikiño). Eta hortik sortu da antza bakarrik erabiltzea ere: Norteko trenak jendea merke dabil, antza (Zamarripa).

Arean bizkaieraz erabili izan da, eta hirugarren graduko erakuslearen ablatiboaren (-rean) forma arkaikoan oinarritzen da. Esanahi bat baino gehiago du (‘deus ez’ ezezkoetan, ‘zerbait’ baiezko eta galderetan), baina forma adberbiala da (‘hots’, ‘hau da’…) hemen interesatzen zaiguna: Zure baitan iritzi bakar hau ez egizu aintzat hartu: arean, zuk diozuna eta besterik ez, ontzat hartzea (Zaitegi).

22.8b Badira bestelako forma adberbial batzuk ere: beharbada, dudarik gabe, agidanean, agidanez, badaezpada, inola ere (moduzkoa ez denean) eta abar: Agi danez, deitzailea ez da nornahi (Lizardi); Agi danean, hauxe bakarrik esan zuen: “Lapur horiek lapur talde bat dira […]” (Iraizoz). Ez dute denek erabilera bera: agidanez, agidanean eta badaezpada Hegoaldeko tradizioan erabili dira eta gaur egun ere nekez ikusten dira Iparraldeko testuetan. Aldiz, beharbada eta duda(rik) gabe euskalki eta garai guztietako testuetan ageri dira.

Sail honetan sartzen dira noski, jakina eta horien gisakoak. Noski gipuzkeraz eta goi-nafarreraz idatzi testuetan ageri da batez ere, tradizioari dagokionez. ‘Segur aski’ edo ‘zalantza gabe’ esan nahi du: Gauza horiek guztiak behar ditu gizonak noizean behin, eta gure baserritarrek inork baino gehiago, noski (Agirre); Idatzi, noski, erdaraz idazten zen edonon (Mitxelena); Zuek ere irakurriko zenuten, noski, eta nik ere bai, Fernando Amezketarraren liburua (Azpiroz). Goi-nafarreraz eta gipuzkerazko testu batzuetan ere naski ageri da, eta ‘segur aski’ esan nahi du: Beldur honek zituen naski ikaratzen: guk hemen behar gauzen eramaile, eta urruntzale izanen zela autobidea (Larre).

22.9. Adberbioen sailkapen semantikoa (VII): Bestelako adberbio batzuk

22.9.1. Diskurtso markatzaileak

Lehenengo sail honetan, osaeraz edo jatorriz desberdinak izanik, diskurtso markatzaile modura erabiltzen ditugunetako batzuk biltzen dira (ikus 42. kapitulua, § 42.19 atala): behintzat, behinik behin, bederen, gutxienez, bederik eta horien gisakoak.

22.9.2. Ere

Bigarren saila osatzen du ere adberbioak. Emendiozko juntaduran (§ 28.4) erabiltzen da, eta emendiozko diskurtso markatzaileen artean aztertu da (§ 42.19, § 42.19.2).

22.9.3. Omen/ei, ote…

22.9.3.1. “Partikulak” deituak

Hirugarren sailean sartzen ditugu omen, ei (bizk.), ote, bide, al eta ahal partikulak, zenbaitetan adberbiotzat hartu izan direnak (gramatiketan “partikulak” hitza erabiltzen da). Partikula hauek bakarka doaz, ezin dira elkarrekin agertu perpaus berean188. Aditzarekin batera ageri dira eta aditzaren esanahia batera edo bestera zertxobait aldatzen dute. Adizkia sintetikoa denean aurrean jartzen dira, eta adizki analitikoetan laguntzailearen aurrean: Jakinez geroz harenak egin zuela, nehor ezin hurbildua omen zen (Hiriart-Urruti); Trenez baino arinago eta merkeago egin ei da eroate hori (Kirikiño); Eta ihardetsi zidan: “Ez ote dakizu zertara etorri naizen zuregana? (Duvoisin); Baina euskara, zertako? Euskaldun ez direnek ez bide dute haren ikasteko gutiziarik (Hiriart-Urruti); Gizaldeak harritu ziren eta esan zuten: “Hau al dugu gero Dabiden semea?” (Iraizoz). Ahoskeran arau fonologiko arruntak ezartzen dira: omen zen edo al zara elkarketak omentzen eta altzara bezala ahoskatzen dira hizkera gehienetan.

22.9.3.2. Omen/ei

Batez ere Nafarroan eta ekialdean erabilia, omen (omenean, umen…) izena da: Prezio guti du munduko famak eta omenak (J. Haranburu). Adberbio gisa gipuzkeraz ere ageri da tradizioan, XVI. mendetik aurrera. Hiztunak aditzaren aurrean omen sartzen duenean, informazio hori besteri entzuna diola adierazten du, diotenez, dirudienez, entzun dudanez edo horien antzeko zerbait esango balu bezala. Baina ez dela segur esaten duenaz, hori adierazten du.

Ei mendebaldean erabilia da.

Bi hauetaz ikus § 23.5.3.2. Han aztertzen dira xeheki.

22.9.3.3. Ote

Ote partikulak galdera edo zalantza adierazten du. Elementu espekulatiboa da, nolabait esateko. Tradizioari dagokionez, gutxi erabili izan da goi-nafarreraz eta zubereraz. Gainerako euskalkietan arrunta da. Batzuetan ete aldaera erabiltzen da. Zuzeneko nahiz zeharkako galde perpausetan ageri da, baina galdera horiek erretorikoak direnez, hiztunak ez du erantzunik espero. Xehetasunak § 23.5.3.5 atalean ikus daitezke.

22.9.3.4. Bide

Sail honetan sartzen dugu bide ere. Berez izena da, baina badu beste zentzu bat ere, eta orduan partikulatzat har daiteke. ‘Dirudienez, segur aski’ edo holako zerbait adierazi nahi du: Gauza sakona bide da, izan / itsaso hondargabea (Lazarraga). Tradizioan ez da ageri, ez bizkaieraz, ez zubereraz. Baina Lazarragak erabiltzen du, eta arrunta da lapurteraz eta behe-nafarreraz, arruntagoa XVIII. mendetik aurrera. Goi-nafarreraz ere erabiltzen da: Senda bide lezake bere lepratik (Larregi); Barneak eman bide dio basa dentista hark ez zekiela hortzen antolatzen (J. Etxepare); Horrelako lege fonetikorik ezagutzen ez dugunez gero, analogia izan bide da aldaketa horren eragilea (Mitxelena). Hiztunak ezagutzen duen zerbaitek bultzatzen du esaten duenaren egia onartzera.

Xehetasunak § 23.5.3.3 eta § 23.5.3.4 ataletan ikus daitezke.

22.9.3.5. Al

Galde perpausetako al ere hemen sartzen dugu. Berez, XIX. mendearen erdialdean hasi zen indarra hartzen bizkaierazko eta, batez ere, gipuzkerazko testuetan: A! Zu al zinen, Xabier? (Etxaniz); Ikusten al dituk mendi zuri haiek? (Anabitarte). Jakina denez, al horren tokian Iparraldean -a atxikitzen zaio adizki jokatuari (§ 10.3.2.2), baina hori ez da, noski, adberbioa: Tomate saltsarik jan duzua egun? (Mirande). Horren parean beste euskalki batzuetan Tomate saltsarik jan al duzu egun? Edo, besterik gabe, Tomate saltsarik jan duzu egun?

Xehetasunak § 23.5.2 atalean ikus daitezke.

22.9.3.6. Ahal

Aditz aurreko ahal partikula honek hiztunak duen nahikari indartsua adierazten du: Laster ikusiko ahal ditugu! esaten badugu, adibidez, ez gara uste edo nahi apal bat adierazten ari, ez dugu adierazten espero duguna, baizik benetan gerta dadin nahi dugun zerbait. Horregatik ere, arruntean geroko marka daraman aditzarekin doa adberbio hau: Ez ahal gaitu, Jainkoarren, gaur gauean zurtz utziko (Aldasoro); Gaixoa ni, babestuko ahal gaitu Jaunak, ez ahal dugu sekula horrelakorik ezagutuko (Navarro).

Xehetasunak § 23.5.3.6 atalean ikus daitezke.

22.9.3.7. Bai eta ez

22.9.3.7a Bai eta ez baiezko eta ezezko adberbiotzat hartzen dira egungo hiztegietan (ikus, esaterako, Euskaltzaindiaren Hiztegia nahiz RAErena), baina zalantzak gertatzen dira gramatikarien artean, kategoriaren sailkapenari dagokionez. Izan ere, perpaus osoa ordezka dezakete (etorriko al zara bihar? Ez), edo adizkia (ama ez da joango, baina aita bai). Ikus § 23.5.1.

Esaten dugunaren (adierazpenaren, galderaren, erreguaren, aginduaren…) baiezkotasuna edo ezezkotasuna adierazteko erabiltzen ditugu bai/ba- eta ez; hau da, gure esanari egia balioa onartzeko nahiz ukatzeko. Eta galderetan, berriz, egia balioaz galde egiteko: badakizu hori; ez dute lagunik; badakizu hori? Ez dute lagunik?

22.9.3.7b Bai, eta ekialdean XIX. mendearen erdialdetik ba, ez dugu adizki jokatuarekin batera erabiltzen; esaten dugunaren egia balioa onartzeko adizkia (jokatua edo jokatugabea) baliatzen dugu bere horretan: etorri da, zu kalera irtetea nahi dut. Besterik da, bai/ez motako erantzuna eskatzen duen galdera baten erantzunean-eta, perpausaren aurretik nahiz ondotik ematea, baina betiere etenune txiki batez lagundurik (idatzian koma bidez adierazten dugu etenune hori): bai, atzo oso berandu iritsi nintzen / atzo oso berandu iritsi nintzen, bai. Gehienetan ez dugu perpaus osoa errepikatuko, galdegaia baino ez dugu emango (ikus § 41.4.2b): Bai, oso berandu; Bai, zinemara joan nintzen; Bagabiltza Piarres? —Ba, bagabiltza. Zuek ere ba? (J. B. Elizanburu). Baieztapenaren indargarri moduan ere erabiltzen dugu, betiere eten txikien artean: Izan zituen, bai, bere lanak botatako paper guztiak biltzen! Perpausaren ordain balioa du horrelakoetan bai adberbioak.

Bai hizkera guztietako testuetan ageri da, hasieratik. Ekialdean, XIX. mendearen erdialdetik ba ere erabiltzen da bai-rekin batera: Bai, ihardetsi zuen Etxebarnek (J. B. Etxepare); Ba, laboraria naiz (J. B. Etxepare); Ba, jauna, ba, handik heldu naiz (Barbier); Ez al da negar egitekoa hemeretzi gizon eder galtzea? —Bai, hori bai (Agirre). Bakarrik agertzen ahal da (bai), edo beste esaldi batekin justaposizioan (Etorri da, bai).

Adberbio hori baiezkotasunaren indargarri ere erabiltzen da: Izan zituen, bai, bere gauak argi honek. Nolakoak, ordea? (Larramendi); Aita Melani, jendarmeek ez ahantzia, ez dugu guk ere ahantzi behar. —Paulina ere hor dun, bai! (Lafitte). Batzuetan, ezezkotasunaren aurkako zerbaiten gisa ageri da: Jan bai horrek, lanik eginen ez badu ere (Garate); Aita eta Ama begira ez zeuden, baina Zu bai! (Kardaberaz); Ikusteko begirik ez eta negar egiteko bai! (Agirre); Hori ez da, beharbada, gizontasun prestua; bai, ordea, soziologia zuzena (Mitxelena).

22.9.3.7c Zehaztasunen baten baietzaz edo ezetzaz galdetzeko/ziurtatzeko: —Hi, hainbeste bagaituk, behintzat, edozertan. —Bai? Ezetz eraman […] harkaitzen hogei minutuan Txantxikoren ontzia (Barrensoro); —Nik uste dut pintatu egiten dituela. —Bai? Agudo jakingo dugu! (Iraola). Galdera bati erantzuna ematen zaiolarik: —Ost-ostean joan nintzen igandean elizaraino. —Elizaraino bai? Asko egin zara orduan (Agirre); —Bera, ordea, bera denez ez dut sekula maite izan. —Eta Xalbat bai? (Etxaide). Lotura balioa, entzulearen arreta edo oniritzia indartzeko, erakusten du zenbaitetan: Horra zer milagroak bi aldi horietan San Frantzisko Xabierrek bere aldarean eginak. Bai?, bada biak bezain ikustekoa da orain adituko duzun hirugarrena (Mendiburu); Dena dela, gaurkoak ez du honezkero zuzentzerik, bai? Eta jan dezagun (Lizardi).

Adizkia sintetikoa denean, ba- aurrizkia erantsiko diogu baiezkotasuna nabarmentzeko: badator, badaki, bazekarren. Baiezkotasun horixe izaten da orduan galdegaia (ikus § 41.4.2b). Zenbaitetan baiezko hori enfasi handiz markatzen da, bai perpausordaina ere etenen artean eransten zaiola: Badakit, bai, non ibili zinen. Ezezkoaren oihartzun gisa edo, baiezkoa hanpatzen duten egituretan aurki dezakegu ba-: Ez da etorri! Bada etorri!

22.9.3.7d Ezezko adberbioa ez da. Esaten dugunaren egia balioa ukatzeko erabiltzen da, eta perpausordain nahiz adizki jokatuaren aurrean ager daiteke. Bizkaiera zaharrean ze ageri da (aginte eta subjuntibozko adizkietan), eta hori dela eta, filologoen ustez, bi formek, ez eta ze, *eze zahar batean aurkituko lukete iturri bakarra (ikus OEH). Hizkera eta garai guztietan erabilia. Ze erabiltzen du Lazarragak ere (beti agintezko adizkiekin: Ze zaoz engañadurik), eta Refranes y Sentencias liburuan ere. Euskaraz idatzitako lehenbiziko testuan ere ageri da: Guek ajutu ez dugu (Donemiliagako glosak, X. m.).

22.9.3.7e Galde perpausetan eta ezezkoetan ageri da: Ez al duzu entzuten? (Etxaniz); Ez guk esan genitzakeen baino ederkiago bakarrik, baita zehatz eta zorrozkiago ere (Mitxelena).

Balio espletiboa izan dezake galde perpausetan: Eta arimen salbazioagatik zer ez dugu egin behar? (Kardaberaz); Zer ez zuen hark emango semeak eta bilobak bere ondoan ikustearren? (Etxaniz).

Konparazio perpausetan: Obraren handitasunera eta dignitatera behatzenago duzularik ezen ez translatazalearen inperfekzionetara (Leizarraga); Hobe zela poto egitea, ezen ez arrazoi txar bat emaitea (Xalbador).

Batzuetan adjektiboen aurrean ageri da: Ipuin ez garbiak (Astarloa); Badirela zenbait ez-euskaldun horrelakorik aditu nahi ez dutenak (Mitxelena); Badira zenbait ez-gizon horrelakorik aditu nahi ez dutenak.

22.9.3.7f Tokiari dagokionez, adizki laguntzailearen edo sintetikoaren aurrean ematen dugu: ez da etorri, ez dut uste, ez dator. Perpaus nagusietan eta zenbait mendekotan gertatzen da ‘ez + laguntzailea’ aurreratzea. Erlatibozkoetan, -enez (gero), -en arren, edo -enean menderagailuak hartzen dituzten perpausetan ezin da horrelakorik egin: irakurri ez duen liburua, liburua irakurri ez duzunez (gero), liburua irakurri ez duzun arren

Baina perpaus nagusietan ere, hain aspaldiko ez diren idazleen testuetan, batez ere Hegoaldekoetan, ikus daiteke ‘adizki nagusia + ez + adizki laguntzailea’ hurrenkera: Eta Tomas ageri etzan (Lardizabal); Izen ori iñork ezagutzen ez du (Lopez Mendizabal). Hurrenkera hori bera gordetzen da harridura tankerako moldea duten zenbait ezezko erretorikotan: Hitzik gabe gelditu ez da, bada! Nola oroituko ez naiz, bada, horretaz! Formaz ezezkoak izan arren, esanahia baiezkoa dute adibide horiek; ez dira ukapenak, baiezko hanpatuak baizik. Adizki laguntzailea isilpean gordetzen denean ere ordena horixe gertatzen dela pentsa daiteke: Horrek egiten ez eta guk egin behar al dugu? Bertze inor ezagutu ez eta, nire kazetaritza ikasketak medio, neroni izan nintzen aukeratua (Epaltza); Baina jaieguna iritsi eta inor agertzen ez (Zubizarreta).

22.9.3.7g Ezezko perpausak koordinatzen ditugunean, gerta daiteke ukapen desberdinen batuketa izatea: Ez gara garaiz iritsi eta ez dugu ezertxo ere ikusi. Baina gerta daiteke aukera desberdinen ukapen bakarra izatea ere: Ez galdu da ez galduko; Ez galdu da eta ez galduko ere; Ez berak egiten du, ez guri egiten uzten (digu). Horrelako egituretan, koordinatzen diren perpaus edo sintagmen aurrean ematen dugu ez. Idazle zaharren testuetan ere aurki daitezke horrelako adibideak: Ez atseginik nahi du utzi, eta ez penarik hartu (Axular).

Ezezko perpausetan ukagai (ikus § 41.4.3g) bat baino gehiago zerrendatzen ditugunean, bakoitzaren aurrean eman dezakegu ez: Ez zuen ez jantzirik, ez lo-zakurik, ez paperik, ez eta dirurik hartu (Borda); Baina hark ez zuen ez erantzun ez irribarrerik egin (Montorio); Ez zuen ez lagunik ez adiskiderik, ez erlijiorik ez sinesterik (Aldasoro). Ezezkoa indartu nahi dugunean, aukeran dugu ez perpausordain gisa erabiltzea, eten artean: Ez nuen, ez, zuen berri; Ez dut ez holakorik egingo, nire jaun hori (Ezkiaga).

22.9.3.7h Badirudi, sintaxiaren ikuspuntutik, ezezkotasunak autonomia duela euskaraz: Etxe hau ez da polita, eta hango hura ere ez. Ohart gaitezen bigarren zatian ez dela ezinbestekoa aditza agertzea. Ez da holakorik gertatzen beste hizkuntza batzuetan (… that one isn’t either), non aditz gabeko perpausa (… *that one not either) ez baita gramatikala. Ingelesaren kasuan ezetza aditz inflexioarekin, hots, perpaus buruarekin loturik legoke. Euskaraz ezezko polaritatea gertatzen da perpaus hasieran: Norbait dator, baina Inor ez dator. De Rijken ustetan (2008: 165-166, I. Laka 1990, 1991 aipatzen du puntu honetan) horren arrazoia litzateke, berriz ere, ezetzak perpaus hasierari eragitea, eta ez ezinbestean inflexio osoari.

Esan dezagun, azkenik, adberbio honek baduela izen erabilera ere: Lehenbiziko ezean eta errefusean ez dezagun etsi (Axular); Egokera hura, ordea, ez zen orekarik eza baizik (Txillardegi); Batasunik eza (Mitxelena); Eleberri batean, ordea, ez dute behin ere […] estaliko hemen-oraingo gertarien gabea eta eza (Mitxelena); Etorkizun beltz! / Zer duk niretzat? / Poza? Ezaren zuloa? (Etxaniz). Adjektibo erabilera ere badu: Inork baino ezagunago baititu nire idazlan argitaratuak eta ezak (Orixe).

Bai/ez oposizioa ere marka daiteke, osagai bat baieztatu eta beste bat ukatzeko: Ikusteko begirik ez eta negar egiteko bai (Agirre).

22.9.3.7i Ez eta bai bestalde, -tasun atzizkiaren oinarri ere izan dira: Zelango eragozpenak, ogi ta gauza askoren eztasunaz? (Mogel); Istiluak, hondamenak eta eztasun gorria baino ezin zezaketela ekarri (K. Izagirre); Errukarri izate hori, batere zentzurik gabeko hitza da, edo, bestela, eztasun mingarria (Igerabide); Irlandarren eztasun linguistikoa Irlandako estatuaren muinean dago (K. Izagirre); Ilusioa transmititzen dute, baikortasuna, alaitasuna, poza, etorkizuna, pluraltasuna, multietniatasuna… baitasuna alegia (Otamendi).

Esan bezala, ba- eta ez adizki sintetikoen aurre-aurrean ematen ditugu (eta ez adizki analitikoetan, adizki laguntzailearen aurre-aurrean). Tartean ezin da bestelako osagairik ezarri, ez bada al galdera markatzailea edo modalitatea adierazten duten ahal, bide, omen/ei, edo ote.

179 Argumentutzat hartuko ditugu, oro har, aditzarekin komunztadura egiten duten sintagmak. Zernahi gisaz, arazoa ez da hain sinplea: Jonek liburua ipini du esaten badugu, bistan da ipini aditzak nonbait ipintzea eskatzen duela. Bistan da ere Jonek argazkia ikusi du esaten badugu, ikusi aditzak ez duela ezinbestean non ikusi duen eskatzen, ikuste hori beti gertatuko baita nonbait. Ez da aditzaren kontua, baizik gertaera guztiena. Hortaz, badirudi sintagma eta aditzen artean badirela hiru maila bezala: argumentuak, argumentu ez diren ezinbesteko osagarriak eta osagai zirkunstantzialak, perpausean kanporago leudekeenak.

180 Hau UPV/EHUko Euskara Institutuak garatu duen aplikazio batean ikus daiteke: https://www.ehu.eus/ehg/ehme

181 Izen batzuek ere hartzen dute atzizkia, baina oso markatuak dira: andreki, gizaki, gizonki, jendaki, ardiki, liburuki… esate baterako: […] erlijio honetan edo hartan sartzen dira gizaki eta andreki guziak […] (Mendiburu); Urtean hiruretan zure gizonki guziak agertuko dira zure Jainko jaunaren aitzinera (Duvoisin); […] asperkundea egiten dut entzun ez nauten jendaki guzien gainean (Duvoisin).

182 Dena den, -ka atzizkia erantsirik, hitz berriak hartzen duen kategoria dela eta, ikus 11. kapitulua: § 11.10 (“-ka formak: zenbatzaileak, aditzak, postposizio sintagmak eta adberbioak”).

183 De Rijkek (2008) “minor apocope” deitzen du fenomeno hau, eta Hualdek (1991) “vowel lowering process”.

184 Txikigarri bezala ere erabiltzen da, palatalizatua batzuetan (-txo txikigarriaren parekoa litzateke, nahiz horrek ez duen esan nahi bi txikigarriek banakuntza bera duten), baina orduan ez da adberbioa: izenekin (alabatto, andanatto, aulkitto, auzitto, mutiko, neskato, ttantto, zakuto, bidetto, bulegotto, egonalditto, elizatto, emaztetto, eskutto…), adjektiboekin (ahultto, laburtto, iluntto, luzetto, ttipitto, txikito…), adberbioekin (aitzintto, askitto…), bat zenbatzailearekin (batto) eta abar.

185 Zalantzak sor daitezke badira hamar bat urte ez dugula ikusi eta horren gisako egiturekin. Itxuraz adberbiotik ez oso urrun bada, kasu horretan subjektua da, eta komunztadura egiten du: badira hamar bat urte ez dela etorri / bada urte bat ez dugula ikusi.

186 Bide batez, de Rijkek (2008: 244) ez du ongi bildu adibidea, ere horren ordez eder jarri baitu.

187 De Rijkek "modalitate adberbioak" deitzen ditu (2008: 249).

188 De Rijkek "partikula modalak" direla dio (2008: 161).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper