22.5.1a Lekuzko adberbioen atal honen laburpena: Lekuzko adberbioek non galdetzaileari, eta hortik eratorritakoei (nondik, nora) erantzuten diote. Erakusleak ditugu, batetik: hemen, hor, hementxe, hona… Indargarria harturik ditugu bertan, bertatik eta abar. Bertan eta berean aldaeren arteko desberdintasunak aztertuko dira. Adberbio elkartuek (nonbait, inon, edonon, nonahi…) osatzen dute sail bat.
Badira, jakina, horiez gain bestelako leku adberbioak: hurbil, urrun, gertutik… Batzuetan zail izaten da bereiztea adjektiboak diren (adberbio gisa erabiliak) edo adberbioak (batzuetan adjektibo gisa erabiliak). Maila markak onartzen dituzte: hurbilago, oso hurbil… Eta esaera adberbialak ere aipatu behar dira: han-hemen, maldan goiti…
22.5.1b Leku adberbio galdetzailea non da. Eta horretatik, kasu markak erantsirik, honako hauek ateratzen dira: nondik, nora, noraino, norako destinatiboa (eta nongo izenlaguna). Gainerako leku galderak bestelako postposizio sintagmen bidez egiten dira: zenbat lekutan, zeren atzean…