22.5.2a Goiko galderei erantzuten dieten postposizio sintagma erabilienak honako hauek dira: erakusleekin zerikusia dutenak (hemen, hemendik, bertan…); adberbio zehaztugabe elkartuak (edonon, edonondik eta abar) eta adberbio gisa erabiltzen ditugun bestelako postposizio sintagmak (aurrera, gora eta abar). Banan-banan ikusiko ditugu ondoren.
22.5.2b Galdetzaile horiek erakusleetan har dezakete erantzuna. Toki adberbioak dira: hemen, hor eta han. Erakusle horiek (berez inesibo ihartuak direnak) bestelako postposizioak har ditzakete: hemendik, hona, honantz, honaino, honako; hortik, horra, horrantz, horraino, horrako; handik, hara, harantz, haraino, harako. Horra eta hara horiek, harridura perpausetan erabiltzen ditugularik, aurkezpen balioa ere badute: Horra! Horra!, Gure Olentzero (herrikoia); Hara zer zioen (Larzabal); Horra zer onak dituen kanpotik (Duvoisin). Zerrenda horretan ikusten ditugu honako, horrako eta harako. Ez dira nahasi behar hemengo, horko eta hango izenlagunekin. Denbora markatzen duten adberbioekin anbiguotasuna sortzen da: Biharko egunkaria 6etan kontsulta daiteke; Hori biharko egin behar duzu. Lehenbiziko adibidean izenlaguna da, eta adberbioa bigarrenean. Baina forma bera dugu: biharko. Ber gauza gertatzen da gaurko esaten badugu ere: Gaurko berrietan ikusi dugu; Gaurko aldarrikatua zuten independentzia. Ez da forma aldatzen.