Kokapena:
23.2.2.3a Badira aditz motak absolutiboa eta datiboa eskatzen dutenak, edo, behintzat, onartzen dutenak: mugimendu aditzak, gustatu motako aditz psikologikoak, edo datibo hunkituko egiturak (Etxepare 2003).
23.2.2.3b Mugimendu aditzak. Aditz intrantsitibo hutsen artean ikusi ditugun mugimendu aditzetako askok (§ 23.2.2.2c) onartzen du datibo sintagma: erori zaio, gerturatu zaio, hurbildu zaio, hurreratu zaio, iritsi zaio, joan zaio, urrundu zaio. Datiboak, mugimenduaren amaiera (biziduna) adierazten du: Barraren beste puntako gizona hurbildu zaio (Gonzalez). Baina datibo hunkitua (interes datiboa) edo jabe datiboa ere izan daiteke (ikus § 18.4.4); hau da, jabetza edo interes harremana egon daiteke subjektu absolutibokoaren eta datiboz markatua den argumentuaren artean: Gure amaren lankide bat etorri da / Gure amari lankide bat etorri zaio; Gero eta ikasle gutxiago joaten zaio eskolara (Zubizarreta) / Gero eta ikasle gutxiago joaten dira (haren) eskolara.
23.2.2.3c Gustatu motako aditz psikologikoek (bururatu, gustatu, otu) absolutiboa eta datiboa eskatzen dute. Datiboak ‘esperimentatzailea’ paper tematikoa hartzen du eta absolutiboak ‘tema (gaia) edo estimulua’ (ikus § 18.4.3). Absolutiboko sintagmaren ordez perpaus jokatugabea zein jokatua ere izan daiteke estimulua: Literatur lantegi bat antolatzeko ideia bururatu zaio Lujanbiori (Lertxundi); Gure laguntzaren beharrean ote zeuden bururatu zaio norbaiti (Zubizarreta); Beisbola gustatzen zaio (Aristi); Jende gehienari gustatzen zaio kafea hartzea (Elorriaga).
Beste batzuek da/zaio alternantzia onartzen dute: damutu, dolutu, interesatu, laketu. Garesen laster laketu naiz (Aintziart); Honako hau areago laketuko zaio (Jon Muñoz); Damutu zait horrela sutu izana (Larrañaga); Berehalaxe damutu naiz nire esaldiaz (M. Etxebarria).
23.2.2.3d Datibo hunkituko egiturak zein jabe datibokoak (ikus § 18.4.4): Joni alkandora urratu zaio; Joni ama hil zaio; Aneri begitartea ilundu zaio.
Beste adibide hauetakoak ere datibo hunkituak dira: Laster, eguna izanen da eta neke izanen zaigu herri aitzinetik iragan eta beste aldera iristea, nehork ikusi gabe (Touyarou); Zilegi izan bekit zuri gaztigatzea ezen hasiak direla munduan Valmonten ausentziaz ohartzen (Jon Muñoz).
Gertatzea eta agertzea adierazten duten aditzek ere har dezakete datiboa: Sugetzar bat agertu zitzaion bidean (EH); Zer gertatuko zaio herri honi balio hauek familietan erakusten ez badira […]? (Salaburu).