34.3.3a Hipotesiaren nozioa ere oso garrantzitsua da baldintzazko perpausen berri emateko. Hipotesiak egiteko hizkuntzek duten modu nagusietarik bat da baldintza. Hipotesia, gerta zitekeenari edo daitekeenari buruz egiten den proposizio aukera bat da, eta baldintzazko perpausak hura mamitzen du. Are gehiago, anitz hizkuntzatan, eta euskaran ere hala da, esaleak hipotesiei ematen dien gertakortasun mailaren arabera, adizki jokatuaren aldia desberdina izan ohi da (+/-alegialdia). Esaleak hipotesiak gertakortzat jotzen dituenean, oraineko edo iraganeko adizkerak erabiltzen ditu: Bihar Donostiara joaten bagara… (-alegialdia; gertakorra). Horrelakoei baldintza errealak deitu izan zaie gramatiketan. Eta adizkia (+alegialdia) motakoa bada, baldintza irrealaz hitz egiten da: Bihar Donostiara joango bagina… (+alegialdia; gertagaitza); Iaz Donostiara joan izan bagina… (+alegialdia; ez da gertatu). Aurreko adibide horietan, adizkeraren aldaketak adierazten du esaleak nola ikusten duen solaskidea eta haren lagunak Donostiara joateko aukera: lehenean, gertakorrago dela gertagaitza baino; bigarrenean gertagaitzago dela gertakorra baino; eta hirugarrenean, iraganaldira begira, Donostiara ez zirela joan, ez dela gertatu (baldintza kontrafaktualak ere deitu izan dira horrelakoak). Azken honen gisako adibideekin, adierazten dena da, baldintzadun perpauseko bi ataletan aipatzen dena ez dela egiatan gertatu. Kontzertura joateko deitu bazenit, joango nintzen esaten badugu, aipatzen diren bi gertakariak ez direla jazo adierazten da: kontzertura joateko ez ziola deitu, eta kontzertura ez zela joan. Hauetan, bada, ez dago egiazko hipotesirik: hipotesiak etorkizunean bakarrik egiazta daitezke, eta etorkizunera begira dauden adibideak bakarrik izan daitezke benetako baldintza hipotetikoak.
34.3.3b Hipotesiari esaleak ematen dion gertakortasuna maila, beraz, erabiltzen diren adizkiei lotua dago, eta horretatik abiatzen dira sarri gramatikariak baldintzazko perpausen sailkapena egiteko. Baina puntu honetan, kontuan izan behar da adizki jokatugabeekin ere osatzen direla baldintzazko perpausak, eta adizki jokatugabeek adizki laguntzailerik ez dutenez, sailkapen horretarako irizpide nagusia, adizkia (+/-alegialdia) izatearen irizpide formala, ez da agertzen mendeko perpausean: Donostiara joanez gero, hondartzara joango naiz/nintzateke/nintzen. Ondore perpauserako hautatzen den aditzaren arabera, nabarmena da esaleak gertakortasun-maila desberdinak dituela buruan, baina hala ere baldintzazko perpausa guztietan bera da (Donostiara joanez gero): baldintzazko perpaus jokatugabeetan (+/-alegialdia) izatearen edo oraina/iragana den informaziorik ez dugu mendeko perpausean, eta aspektu markarik ere ez zaigu azaltzen.
34.3.3c Azkenik, hipotesien gertakortasun mailaren gainean ari garelarik, nabarmendu behar da testuinguruak ere garrantzi handia izan dezakeela. Begira ondorengo adibideari: Bihar eguraldi ona egiten badu, hondartzara joango gara; baina ez diot itxura handirik ikusten, eta ziurrenera beste zerbait pentsatu beharko dugu. Adibide honetan orainaldiko adizkiak erabiltzen dira baldintzazko perpausean, eta hipotesia nahiko gertakorra izan zitekeen, baina perpausari ematen zaion jarraipenean, gertakortasunari buruzko itxaropenak erraz aldatzen dira.