36.6.1a Forma batzuek aldiberekotasun zehatza adierazten dute berariaz, erreferentzia ematen duen gertakaria iraupenekoa dela seinalatuz. Adierazpen orokorreko formek ere adieraz dezaketena espresuki seinalatzea dute zeregin forma hauek, ondoko adibideak alderatuz ikus daitekeen moduan: Haurra lo dagoenean, itzalita edukitzen dugu telebista - Haurra lo dagoen bitartean, itzalita edukitzen dugu telebista. Aurreneko perpausean aditzaren aspektu lexikoak adierazten du gertakaria iraupenekoa dela; bigarrenean, bai aditzaren aspektu lexikoak eta baita ondoko formak ere. Hauek dira gisa horretako perpausak egiteko erabiltzen diren formak: -no (hemen deno), «{-n ∼ -tu} bitartean» (hemen den bitartean; bazkaldu bitartean) eta «{-n ∼ -tu} artean» (hemen den artean; bazkaldu artean).
36.6.1b Forma hauekin eginiko perpausetako predikatuak iraupenekoak direnez, egoera edo jarduera adierazten dutenak izaten dira maiz (hemen deno, mendian dabilen bitartean), baina gauzatze prozesua adierazten dutenak ere izan daitezke (etxeko lanak egin bitartean); erdiespeneko predikatuak, berriz, pluraltasunak edo errepikatzeak egiten ditu iraupeneko, ohi bezala (ikusleak sartzen diren bitartean, hots, ‘sartzen ari diren bitartean’; egunero garaiz etortzen zaren bitartean), edo prozesu gisa ulertzeak (trena gelditzen den bitartean, hau da, ‘gelditzen ari den bitartean’). Uneko predikatuak epeko bilakatzen dira, halaber —interpretazio hori onartzen dutenean—, ezezka emanda eta iraupeneko forma erantsita; hala gertatzen da, esate baterako, honako perpaus honetan: Egun hauetan ez da etorriko baserritarra azokara, gaixorik baitago; hura etortzen ez den bitartean haren lekuan jar zaitezke zu, hau da, ‘etortzen ez den denboran’, ‘etorri gabe dagoen denboran’.
Perpaus hauek aditzera ematen duten aldiberekotasuna guztizkoa da perpaus nagusiko predikatua ere iraupenekoa denean: Lo zeunden bitartean, isilik egon dira etxekoak; mendekoaren iraupen-epeak ematen dio erreferentzia nagusikoaren epeari (‘lo egotearen’ epeak ‘isilik egotearen’ epeari, adibidean). Hortaz, gertakariaren kokapena ez ezik —hau da, aldiberekotasuna—, haren iraupenaren zenbatekoa ere ematen dute aditzera perpaus hauek.
Aldiberekotasuna ‘partziala’ edo ‘inklusiboa’ da, berriz, perpaus nagusiko predikatua unekoa denean, gertakari nagusiak mendekoaren une batekin bat egiten duena: Lo zeunden bitartean sartu dira lapurrak etxean.