37.5.2a Beste helburuzko perpausek bezala, kausalen erabilera bertsua du helburuzko -tzeagatik perpausak ere, predikatuaren barneko osagaia denean. Zerta(ra)ko edo zergatik galderei zuzenean erantzutea ohikoa ez badu ere, ez du debeku horrela egitea, zergatik motibatiboarekin batik bat: Izan ere, zergatik egiten duzu hori? -Beste on bat, bakea, lortzeagatik (Villasante); Ebak erantzun zion: Jakizu zergatik: fruitu hori jan ondoan ez hiltzeagatik (A. P. Iturriaga). Galdegaia ere izan daiteke: Enrique ikusteagatik, sentitzeagatik eta laztantzeagatik etorri zen Helen iaz berriro ere sanferminetara (Berria); Egiten duten guztia, jendeak ikusteagatik egiten dute (Elizen arteko Biblia). Murriztailearekin: Biderik luzeena hautatu nuen, urtegia ikusteagatik bakarrik (Cano); Hori ikusteagatik bakarrik merezi du azoka bisitatzea (Berria). Bai-ez kontrastea adieraziz ere erabil daiteke, beste helburuzko nahiz kausazko perpausekin edo bestelako sintagmekin: Jainkoa zerbitzatzeko behar dena emango dizut, eta ez gehiago: eta hori ere ez zuri gustu emateagatik, ezpada Jainkoak agintzen, ta nahi duena egiteagatik (Kardaberaz); Beltzak zanpatu zuen; baina ez dirua kentzeagatik […], iruzur egin zigulakotz baizik (Izeta); Diktadura garaian jende askok errebindikazio politikorako gune zelako jotzen zuen antzokietara, ez antzerkia ikusteagatik (Argia).
37.5.2b Gainerakoetan aditz nagusiaren eskuinean du honek ere ohiko lekua: Nire arima salduko nuke zerrenda horretan nortzuk dauden jakiteagatik (Berria); Zaleek dirua ordaintzen dute gu ikusteagatik (Berria). Baina haren aurrean ere koka daiteke: Eta gero ahaideoi poz pixka bat emateagatik, han zerabilen bere ontzitxoa baga indartsuen gainean gora eta behera (Agirre); Horiekin ibiltzeagatik ni ere sartuko nintzateke futbolista (X. Mendiguren Elizegi).
37.5.2c Predikatuaz kanpoko perpausak ere era daitezke forma honekin, -tzeko formarekin bezala. Halakoak dira, hain zuzen ere, enuntziazioaren helburua adierazten dutenak: Aitzakiak bilatzeagatik ez da, baina Alavesek denboraldi hasiera gogorra izan du (Egunkaria); Ez da justifikazio errazak bilatzeagatik, baina norbera, gaztea denean, okertu egiten da maiz (Alonso); ‘aitzakiak’ edo ‘justifikazioa’ bilatzea ez da perpaus nagusiko gertakariaren helburua, esatearena berarena baizik.