38.2.3a Dedukziozko perpausak eta nagusia aginterazkoa dutenak azalpenezkoak dira berez, eta ezin dira kausalak izan: Euria egin du, kaleak bustita baitaude, baina *Euria egin du, kaleak bustita daudelako; Egon isilik, ezer ez dakizu eta, baina *Egon isilik, ezer ez dakizulako.
38.2.3b Bestelakoetan, ordea, adierazitako kausa predikatuaren barneko ‘kausal’ gisa edo kanpoko ‘azalpenezko’ bezala aurkeztea hiztunak erabakitzen du, zer jarrera hartzen duen; euria egin-kaleak busti erlazioko kausa, esate baterako, adierazpen nagusian txertatuta nahiz hari erantsita eman daiteke. Euria egin duelako daude kaleak bustiak esaldian euria egin izana ‘kausal’ gisa aurkezten du hiztunak, adierazpen nagusiaren barnean txertatuta; ‘euria egin izana’ ‘kaleak bustita egotearen’ eragile gisa aurkezten da, besterik gabe. Kaleak bustita daude, euria egin du eta esatean, berriz, bere ‘azalpena’ ematen ari da hiztuna, asertzio bati beste bat erantsiz; ‘kaleak bustita egotearen’ zergatikoaz berak ematen duen azalpena da ‘euria egin izana’. Esanahia bertsua bada ere, aukera bakoitzak bere ezaugarriak ditu, sintaktikoak eta semantikoak, gorago ikusi den moduan. Alde bera ikusten da, esate baterako, Ihesi joan dira beldur zirelako eta Ihesi joan dira, beldur baitziren perpausen artean, lehenak kausa adierazten baitu zuzenean eta bigarrenak azalpena eskaintzen.