(...)
Sanzol erdarazko San Zoilo-ren euskarazko ordaina da Galipentzun, esan bezala Basílica de San Zoilo eta Iglesia de Sanzol batetik, eta Portillo de San Zoilo eta Sanzolportillua bestetik, entitate bera izendatzen duten toponimoak direlako.
Aspaldikotasunari dagokionez, badirudi errazago dela San Zoilo-tik Sanzol ateratzea alderantzizkoa baino, azken hau 1335erako aurkitu dugun arren. Hasiera batean Sanzol Nafarroako erromantzearen eraginez sortu eta euskaraz erabili zen forma zela pentsatu genuen (garbi baitago Sanzol dela gure hizkuntzan ibili zen forma. Cf. Lergako Santa Agueda erdalduna = Santagata euskalduna [Gauza bertsua gertatzen da Gazolatzen. J. Jurío, TCPCC, 299-300. orr.]), gure eskualdean, eta Galipentzun bereziki, nabaria baita bertako erromantzearen eragina. Guztiarekin ere, askoz iparralderago dagoen Muru-Azterainen Jimeno Juríok oraindik ere bizirik dagoen eta San Zoilo-ren ordaina den Sansol bildu du. Honela dio autore honek:
"Alto (530 m.) en cuya falda suroriental está el pueblo. Poblado del Bronce y de la I y II Edad del Hierro. Ermita de Sansol con ábside semicilíndrico, vano central y signos lapidarios, sin techumbre y convertida en cementerio. El obispo Igual de Soria la llamó «San Zoilo» y así otros después. En Muru siguen llamándolo Sansol. La parroquia daba una colación a los vecinos el día del santo" [TCPCC, 369. or. Azpimarra gurea da.]
Sansol forma lehenagoko *Sanzol batetik atera zitekeen, ezaguna baita euskaraz hitz berean bi txistukari ageri direnean biak artikulagune bereko egiteko dagoen joera (cf. frantses, sinetsi...). Izaban San Zolo edo Sanzol dugu [B. Estornés, DTR, 386. or.].
Euskal elkartuetan bigarren osagaiaren azentuaketa nabarmenagoa da lehenarena baino [Tout ceci fait penser que le premier élément des composés n'était que faiblement accentué, bref, qu'il était presque proclitique... La situation est très différente dans le second membre. Tout y suggère que nous avons affaire à un fort contraste entre syllabe accentuée et non-accentuée plutot qu'à une uniformité dans l'atonie", Mitxelena, "A propos de l'accent basque", SHLV, 236. or.], eta honengatik aurkitzen ditugu azken bokala galdu duten Larlutx ( < Larreluze), Egiluz (< Egiluze)...eta beste. Hagionimoetan ere badira azken bokala galtzen dutenak: Barañainen, kasu, San Macay 'San Macario' (San Macari gisa ere azaltzen dena) dugu [Jimeno Jurío, TCPCC, 172-173. orr.], eta Eslaban bertan Jaun Done Belaio edo San Pelai. Dena den, azken bokalaren galtzea azentuaketari ezezik, elkarketan ardura azaltzeari ere zor dakioke.
Hortaz, badirudi aztergai dugun toponimoaren bilakaera hau izan dela: Sanzoilo > *Sanzoil > Sanzol [Agian *Sanzoll bat ere proposatu beharko da. Cf. kontsonante aurreko Iruñ- / Iruin- / Irun- txandakatzea.]. Honetan, esan bezala, elkartuaren bigarren osagaia izateak eta aldi berean atzean portilua duela sarritan azaltzeak izango zuten eragina.
(...)
Zer:
Non:
Jatorria:
OV.11