40.4.1a Barneko moduzko perpausen artean bi sail desberdinduko ditugu: aditzaren adjuntu zeregina duten osagarri adberbialak, eta erabilera predikatiboan azaltzen direnak (lehen mailako nahiz bigarren mailako predikatu gisa).
40.4.1b Barneko moduzko perpausek askotan adjuntu funtzioa izaten dute eta aditz sintagma modifikatzen dute: Giltza sarrailan sartuz eta hari buelta emanez irekitzen da atea; Zuk irakatsi zenidan bezala egin ditut gauzak; Poliziei barkamena eskatuz saihestu zuen trafiko-isuna; Tranpa eginez hautsi zuen aurreko marka. Azpimarratutako zatiek nola? galderari erantzuten diote; honela, horrela, hala adberbioez ordezka daitezke; eta aditz sintagman adierazitako gertakaria nola betetzen den adierazten dute. Aditzetik hurbil izaten dira, eta galdegai izateko arazorik ez dute izaten. Nekez bereiziko dira pausa edo koma bidez predikazio nagusitik. Aurretxoan eman ditugun guztiak zuzenki aditzari begirako moduzkoak dira (ireki-nola; egin-nola; saihestu-nola; hautsi-nola), osagarri adberbialak; ekintza edo gertakaria zer eratara gauzatzen den adierazten digute, ez besterik. Hizkuntzan oso ohikoa izaten da era honetako egiturez baliatzea: Hitz egiten duen bezala idazten du; Zigorrak etengabe jarriz lortu zuen semearen jokabidea aldatzea; Trikimailuez baliaturik aldarazi zion iritzia; Esan duen moldean egin du; Sufritu barik eta azkar iritsi nahi dute gailurrera; Dieta egin gabe ez zara argalduko.