NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

AXULARREN AROA

Mayi Ariztia (Sara, Lapurdi, 1887 – 1972)

Axular izenez ezagutzen dugun idazlea gizon miretsia izan zen bere garaian ere. Haren etorriak, haren erudizioak, zer pentsa ez zekitela uzten zituen herritarrak. Nondik zetorkion gizon hari halako jakinduria? Hura ez zen parte oneko kontua… Euskal Herrira ere iritsia zen, nonbait, Alemanian sortu eta Europa osora zabaldu zen Faustoren elezaharra, eta han aurkitu zuten erantzuna. Fausto bezala, deabruaren eskolan ikasitakoa izan behar zuen Axularrek. Faustok bere arimaren truke eskuratu zuen jakinduria; Axularrek, itzala galdu zuen tratuan.

Testu mota: Elezaharra

Garaia:

Atala: Ahozko literatura

1. Axular bere arima saltzen deabruari, adimen artifizialaren bidez irudikatuta.
Argazkia: Tom Oates.


Axular apezarena

Baziren hiru apez, bat Iruñekoa, bertzea Donostiakoa, eta bertzea, Axular, Urdazubikoa.

Joan ziren, apez egin eta ondoan, hirurek deabruaren eskola ikasi behar zutela.
Deabruak erran zien eskola irakatsiko ziela, baina bat harentzat gelditzekotan.
Eskola behar zuten urte bat eta egun batez ikasi.
Ari izan ziren beraz, han, eskola ikasten.
Urtea eta egun bat iragan ondoan, etorri zitzaien deabrua.
“Egunak egun egin dituzue.”
Axular apezak arrapostu: baietz.
Axularrek manatu zuen donostiar apeza eman zedila aitzinean, eskola hartarik kanporat joateko; haren ondotik, Iruñeko apeza, eta, azkenik, bera.
Deabruak galdetu zien: “Zein zarete, orain, nirea?
Axularrek eman zion arrapostu: “Hartzak nire gibelekoa”.
Deabruak zion, bere zapata takoiarekin, itzala!
Geroztik, hartako izan zen Axular itzalik gabea!
Apez horiek, deabruaren eskola ikasi zuten ondoan, turnatu izan ziren bakoitza bere tokietarat.
Axular apeza, etxerat etorri zen.
Egun batez, Urdazubiko elizan meza eman eta, amari erran zion: “Gure Aita Saindua deabruarekin esposatzera doa, egun”.
Infernuan den deabrurik abilena galdetu zuen, eta ekarrarazi Axularrek, bereganat.
Galdetu zion deabru hari ea zenbat denboraz eginen zion Erromako bidaia.
Erran zion deabruak: “Oren erdi bat harat, oren erdi bat han, eta oren erdi bat erreturnan: beraz, oren bat eta erdi”.
“Ez haiz hi, nik behar dudan mandoa.”
Ekarrarazi zuen Axularrek bertze deabru bat, zeren hori ez baitzuen aski abila.
“Zenbat denboraz eginen duk hik Erromako bidaia?”
“Bortz minutu harat, bi minutu han, bortz minutu gibelerat etortzeko.”
“Hi haiz nik behar dudan mandoa.”
“Ama, ekar iezadazu kapa, Erromarat noa.”
Igotzen da deabruaren gainean eta partitzen da Erromarat.
“Ai, ai, ai, unatua nauk!”, egiten zion deabruak.
Eta bertzeak: “Harri, diablo!”.
Haiek Erromarat ordukotz, denak mahai eder batean jarriak: ezteiak ziren.
Axularrek jotzen die leihoa.
Atera zitzaion hango gobernanta.
“Erraiozu Aita Sainduari mahaia neur dezala eskuko kanarekin, zenbat luze, zenbat zabal duen”.
Aita Sainduak hala egin zuen: neurtu zuen mahaia eta makilarekin gurutzatu zuelarik, gelditu zen konpainiarik gabe, gurutzea ikusi eta, mahai hartan jarriak ziren deabru haiek guziak, denak suntsitu baitziren.
Axular apeza, bi minuturen buruan, turnatu zen gibelerat, Urdazubirat.
Amari egin zion: “Ama, Jakako mendian elurra ari du!”.
“Hik dakik, ba, Jakako mendiaren berri!”
“Begiraiozu nire kapari.”

Ama harritu zen ikusi zuenean kapa, dena elurrez betea, eta bere semea horren urrun ibili zela horren laster. Baina ez zion aitortu oraino urrunago ere ibili zela, hamabi minutuz.
Eta geroztik, Axular apezari esker, izan zen gauza bat ona: ez zutela gehiago apezek esposatzea libro izan.

Erran zidan ere, bere Lehen Komunioa egin zuenean, Sarako elizan ari zirela aitzineko aldare behereko taulen berritzen. Ordu arte, Sarako erretor eta apez guziak han ehortziak izan ziren. Harri guziak altxaturik, apez horien hezurrak bildu zituzten eta elizako arku azpian ehortzi.

Axular apezaren gorputza bakarrik atzeman zuten osorik, elurra bezain xuri; errauts xehe bat altxatzen zitzaion gorputz hari, haize egiten zitzaiolarik; apez arropak arras estatu onean zeuden.

Utzi zuten beraz Axularren gorputza han berean, batere mugitu gabe. Eta orain-oraino, han dago, orduan bezala, Sarako eliza aitzinean, aldare ondoan.

2. Axularren hilarria Sarako (Lapurdi) elizan.
Argazkia: Tom Oates.

Axular oraino

Axularrek manatu zion bere beretterrari hil zezan, meza ematen ari zelarik,   hitzak erraten zituen denboran.
Eman zion errebolber bat kargatua, haren hiltzeko; baina, lehenbiziko egunean, beretterrak ez zuen izan kuraiarik, eta ez zion tiro egin.
Biharamunean, Axularrek berriz ere erran zion finki: “Ez hadila izu, hil nazak; ez diate deusik eginen”.
Eta beretterrak hil zuen, konsagrazioko denboran, zeren orduan deabruak ez baitu deus botererik; eta, nola Axular apeza deabruaren eskolan ibilia baitzen, deabruak baino gehiago bazekien, eta hura baino gehiago zen. Bazekien zertako hilarazi behar zuen bere burua.
Beretterrari ez zioten deusik egin, ez zuten preso hartu, atzeman baitzuten, kalizaren azpian, Axularren letra bat, hartan ematen zituena esplikazio guziak, eta nola beretterrari berak manatu zion haren hiltzea, eta zertako.
Erraten zuen ere, nahi baldin bazen froga bat, egiazki hura salbatua izan zela eta deabrua bentzutu zuela, aski zutela bihotza kentzea eta ezartzea sagarrondo baten gainean: zeruan baldin bazen, mika batek eramanen zuela bihotz hori, eta damnatua bazen, bele batek.
Hala egin zuten, eta etorri ziren berehala bele bat eta mika bat karrankaka…!
Baina ez zuten ez batek eta ez bertzeak bihotz hura eraman.
Hurbildu zen uso xuri bat, eta hark gan zuen Axularren bihotza zeruetan goiti.
Denek ikusi zuten ongi Axular apeza salbatu izan zela...

Josepe Amorenak 82 urtetan errana, 1925ean.

Berak, dioenez, ikasia zuen, haurrean, Muttila zaharrarengandik, Muttilainean muttil ttiki zegoelarik, duela 70 urte.

ARIZTIA, Mayi (1934). Amattoren uzta. Baiona: Gure Herria. (12-16).

Mayi Ariztiaren Amattoren uztaren lehen edizioa, 1934.
Argazkia: Tom Oates.

IKUS HAU ERE

ARIZTIA, Mayi [Ilustratzailea, Maite Gurrutxaga; egokitzailea, Patxi Zubizarreta] (2012). Amattoren uzta. Ipar Euskal Herriko ipuinak. Irun: Alberdania.

Irudiak

  1. Midjourney AI. via Wikimedia Commons.
  2. Via Wikimedia Commons.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper