NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

BIZI ONDOREN

Juan Carlos Etxegoien Juanarena “Xamar” (Garralda, Nafarroa Garaia, 1956)

Testu mota: Saioa

Garaia: 1992

Atala: Herri-kultura

1. Argizaiola.


Sortuz geroz guziek zor dugu hiltzia,
deusik ezta gure munduko bizia.

Bordel bertsularia (1792-1879)

Gure herrian hildakoekiko begiramena berezia eta sakona izan da beti, ohitura zahar askok frogatzen duten bezala.

Etxe batean norbait hilzorian zenean auzoa deitzen zen lehenbizi, kasu honetan elizarako bidean eskuineko etxekoa —lehen auzoa/leenatea/kurutzeketaria—, hain zuzen. Apeza eta sendagilea, lehen auzoak deiturik, gaixoaren gelan biltzen ziren.

Heriotza luzatzen bazen, teila bat kentzen zuten zenbait herritan, horrela heriotza laburtuko zelakoan.

Hil ondoren lehen auzoak senideak deitzen zituen eta berak ala etxeko norbaitek animaliei ere berria ematen zien, erleei bereziki. Gorpua, etxe bakoitzak zuen bide jakin eta berezi batetik eramaten zuten elizara. Ezin zitezkeen bide arruntak erabil, bide berezi hura bakarrik, zenbaitetan luze eta kaskarragoa izan arren. Bide honek hainbat izen hartzen zituen: elizabide Uharten (NB), gorputz-bide Ataunen (G), andabide Kortezubin (B), zuzenbide Nafarroan...

2. Gorputz-bidea, Orexa (Gipuzkoa). Iñaki Linazasoro. Euskal Herriko Atlas Etnografikoa.
Heriotza Errituak. Etniker Euskalerria Taldeak.
3. Elgia, Indartia, Etxebestia, Etxebestekoborda, Etxebarria eta beste zenbait etxeren
hilbidea Bustintze-Hiriberrin (Nafarroa Beherea).

Hilerrian etxe bakoitzak bere hilobia zuen. Lehengo denboretan, XIII. mendetik XIX.a arte, hilobia —jarlekua— eliza barnean zegoen. Geroztik eliza inguruan kokatu zuten hilerria, oraindik Iparraldean ikusten ahal den bezala.

4. Santa Graziko eliza, Zuberoan.

Bataiatu gabe hiltzen ziren haurrak etxeko hegalpean —itxusurian— edo baratzean ehortzi ohi ziren toki askotan: Errioxan (A), Liginagan (Z), Uharten (NB), Kortezubin (B), Aretxabaletan (G), Saran (L)… Horrez gain, etxearen, hilbidearen eta hilobiaren artean zegoen loturak etxea ere hilerri zela erakusten du. Horregatik guztiagatik, hilobia eta etxea bereizezinak ziren eta biak batera uzten zitzaizkion ondorengoari.

Zenbait tokitan, oinordekoa ezkondu ondoren, opariren bat eramaten zuten ezkonberriek etxeko hilobira. Modu horretan, hildakoen aurrean ere kanpotik etorritako espos berria etxean sartzen zen.

Hil-meza garaian etxekoandreak zenbait ofrenda egiten zituen jarlekuan. Era berean, hildakoaren ohepekoa (garaian lastozkoa) hilbideko lehenbiziko bidegurutzean erretzen zuten otoitz bat eginez eta, zenbaitetan, ur bedeinkatuaz sua zipriztinduz. Hala, bidetik zebilenak, auzoko etxean norbait hil zelako berria ikasirik, haren arimaren alde otoitz egin ohi zuen.

Elizkizunak eta ehorzketa bukatu ondoren hildakoaren etxera joaten ziren ahaideak eta gonbidatuak (zenbait herritan elizara joaten ziren guztiak), mezatako bazkaria deitua ospatzera. Bazkarian, otoitz egin ondoren, senideren batek goraipatu egiten zuen hildakoaren izaera, eta gero, denbora pasatu ahala, giroa alaitu eta irriak eta txantxak zabaltzen ziren bazkaltiar guztien artean.

Sineste zabaldua zen hildakoak, zenbait kasutan, agertu egiten zirela. Agerketa horiek era askotakoak izaten ahal ziren: argiak —argiliak—, itzalak, hotsak, etab. Kasu horretan, galdetu behar zitzaion zer nahi ote zuen, eta eskatutakoa eginez gero ez omen zen gehiago agertzen.

5. Sei bihurguneko hilarria, Bidarrai (Nafarroa Beherea).
6. Argizaiolak Amezketako (Gipuzkoa) elizan. Hildakoari eskaintzen zitzaizkion oparien artean, argiak zuen garrantzirik handiena. Beste opariak bezala, elizako jarlekuan ipintzen ziren, hildakoak argia izan zezan beste munduko iluntasunean barruratzean.

ETXEGOIEN JUANARENA, Juan Carlos “Xamar” (1992). Orhipean: Gure herria ezagutzen. Arre: Pamiela. (43).

Irudiak:

  1. Errazking. Via Wikimedia Commons . Lan hau Creative Commons Aitortu Partekatu Berdin 4.0 lizentzia baten mende dago.
  2. Etniker Euskalerria Taldeak.
  3. Jose Migel Barandiaran, “Enquêtes ethnographiques”, Eusko Folklore, 40. zenb., 1996-1997, 94. or.
  4. Stephanemartin. Via Wikimedia Commons . Lan hau Creative Commons Aitortu Partekatu Berdin 3.0 lizentzia baten mende dago.
  5. Via Wikimedia Commons. User:Asp.
  6. Iñaki LL. Via Wikimedia Commons . Lan hau Creative Commons Aitortu Partekatu Berdin 4.0 lizentzia baten mende dago.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper