NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

EGIZUE ARGIZARI ANITZ

Resurreccion Maria Azkue (Lekeitio, Bizkaia, 1864 – Bilbo, Bizkaia, 1951)

Testu mota: Artikulua

Garaia: 1934

Atala: Herri-kultura

Erleei heriotza iragartzen.
Iturria: R. M. Azkue, Euskalerriaren yakintza, 1935.


Mamu eder zoragarri hauen nagusiari Euskal Herriaren alde gehienetan erdaratik harturiko izena eman ohi diogu: erregina. Zuberotarrek izen bitxi bat daukate: anddereder, erdaraz «hermosa señorita». Nonbait andere «señora» entzun izan dut.

Erleak ez omen dira, diruz behintzat, ez erosi ez saldu behar; beste zerbaitez ordeztu bai. Bilbo ondoan neronen adiskide batek, erleak bere uda-etxeko baratzean Erandioko seme bati ezarrarazita, bere lanaren ordez zenbat diru nahi zuen galde egin zionean, inolaz ez zuen zuriko bat ere baserritarrak hartu nahi izan. Ohitura hauxe berau Alemanian nonahi zabaldua omen dago. Handwörterbuch des deutschen Aberglaubens liburu handi ederrean hitz hauek irakurri ditut: «Die Bienen sollen nicht gekauft werden», «erleak ez dira ez erosi ez saldu behar». Aragoin esan zidaten: «Las abejas no se venden, se cambian por ovejas». Gure egun hauetara arte gizona bera erosi eta saldu izan dute; ez urrutiko herrietan soilik. Hondarribian, orain hirurehun urte ez oso, hango seme batek Eiza Audala zeritzon mairu bat saldu zuen. (1) Gizona bai eta erleak ezin saldu. Nondikoa ote du mamu eztigiletxo honek gizonak izan ez duen berezitasun edo pribilegio hau?

Erlategi-etxeko nagusia nahiz bere emaztea hil dadinean (toki batzuetan etxeko edozein hilda ere bai), norbait erleengana joan eta hilberria hitz gutxitan ematen die: «Ugazaba hil da» edo «nagusia hil da»; «ugazabandrea hil da» edo «etxekoandrea hil da». Alemanian ere, Sartori jakitunaren liburu batean irakurri dudanez, ohitura hauxe berau daukate (2). Westfaliako baserri askotan, erleei etxeko nagusien hilberria eman ezik, urtean berean erlauntzak hustuko liratekeela uste dute. (3)

Gernika ondoko basauri polit Gorozikan, etxekoren baten herio-egunean, «erleen beharra egizu» esanez, adiskide bat berri hau ematera bidaltzen dute. Isiltxorik hurreratzen zaie mandataria eta erlauntzari estalkia kenduta, bederatziurren osoan, elizkariek dirauten bederatzi egun haietan, erlauntzak zabalik utziz, barrukoei hitz hauek zuzentzen dizkie: «Urlia hil da». Elizako bederatziurrena amaitzean erlategiko bederatziurrena ere amaitzen da, lehen bezalaxe erlauntzak estalirik uzten dituela. Gainera, hileta-zantzuren bat erlategi inguruan ezarri ohi du mandatariak. Nafarroako Bera deritzon huritxoan, Suspela auzotegiko emakume batek honelaxe (azentu eta guzti) iragarri zien erleei beren jabearen heriotza: «Etxeko andrea hil da eta egizue argizari anitz, zerura bidaltzeko».

Bizkaiko baserri askotan erlategi aurrean, Erramu egunean bedeinkatutako gurutze bat, sahatsezko gurutzea, zutik jartzen dute. Behin edo behin erleak elkartu eta ihesi joaten ere badakite eta hona hemen, haiek erakartzeko, basauri batzuetan egin ohi dutena: ontzi batean ardoa eta beste batean esnea erakutsi eta gainera erlauntzak ere ardoz eta esnez igurtzi. «Erleak ardozale al dira?», galde egin nion Gorozikan nire berri-emaileari. «Jauna —erantzun zidan berak—, mozkortiak dira erleak». Arrigorriagan irakasle izan nuen emakumeak ere erleei neguan, hotzez hil ez daitezen, azukrez gozaturiko ardoa ematea on dela esan zidan. Beste ohitura bitxi baten berri ere izan nuen lehen aipaturiko Gorozikan. Zaldi nahiz behor bat hil dadinean, bere burua taket luze baten erpinean ezarri eta erlategi ondoan zutik egun batzuetan utzi ohi du abere- eta erle-jabeak.

Resurreccion Maria Azkue (1934). “Euskalerriko oitura ta sineskeriatxo bat edo beste”, (Eusko Ikaskuntzaren V. Kongresuan irakurritako lana, Bergara, 1930), Eusko Ikaskuntza: 93.

Erreferentziak

[1] Euskal-Esnalea XVIII, 384. or.

[2] Den Bienen insbesondere wird der Tod des Besitzers, des Bienenvaters, alsbald in aufmerksamer Freundigkeit mitgeteilt (Sartori, Sitte und Brauch. 11.132).

[3] Vor allem müssen die Bienen in Kenntnis gesetzt werden, wenn nicht binnen Jahresfrist alle Stöcke abzehren und verziehen sollen ( Westfällische Vokskunde, 101).

Ikus hau ere

Ainize Madariaga, “Erleak iratzarri, ahaidea itzaltzean”, Berria, 2022-11-2.

Resurreccion Maria Azkue Susa argitaletxearen “Literaturaren Zubitegia” webgunean.

ARANA MARTIJA, Jose Antonio (1993). Resurreccion Maria Azkue. Bidegileak bilduma. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper