NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

BEGIZKOA ZER DEN ETA NOLA KEN DAITEKEEN

Resurreccion Maria Azkue (Lekeitio, Bizkaia, 1864 – Bilbo, Bizkaia, 1951)

Testu mota: Artikulua

Garaia: 1934

Atala: Herri-kultura

Begizkoaren aurkako kutunak.


Goazen orain begizkoa zer den eta nola ken daitekeen ikastera. Izen asko ditu gaitz honek hor eta hemen zabalduta. Beste herrietako izenen aldean geure artekoari deritzot nik egokiena. Italieraz hiru ditu: malocchio, jettatura eta mursiana. Gure erdaldunek mal de ojo eta gainera aojo ere esaten diote. Aragoi aldean sineskeria hau hila izan arren, zaharren batzuek el mal dau izendatzen dute. Frantsesek mauvais oeil, Alemanek Bösser Blick. Guk, Euskal Herri osoan ez arren, alderik gehien-gehienetan behintzat begizkoa esaten diogu. Aetzen artean (Aezkoan) Frantzian bezalatsu begi gaiztoa ematen diote izentzat. Ormaiztegin amonatxo bati galde hau egin nion behin: «Begizkorik ba ote da gero?». «Begizkorik ez dela? Izena ezarri zaionean, zerbait bada», erantzun zidan. «Eta begizkoa egin zaion umeari, zer egiten diozue gaitz hori kentzeko?». «Atzapar zilarrezko bat eskumuturretik zintzilik erabiltzea omen da gauzarik onena».

Ormaiztegin bezalaxe, bigarren galde hori basauri batzuetan egin izan dut. Entzun nituen hitzekin berekin azalduko ditut eman zizkidaten osabideak. Araban, Aramaioko Oletan: «Umeari begizköa kentzeko, kirikixoaren agiñak soiñean yosi oi dotsez». Bizkaiko Murelagan: «Onetarako, begizkodunari kaltzerdiak iruntzietara jantzi bear ddakoz». Aramaioko Gantzagan: «Begizköa kentzeko ura Eloŕixotik ekartzen zeben Gantzagara, Napaŕoako San Gregorixotik be bai». Elorrion bi sendagailu eman zizkidaten. Lehenengoa: «Begizkodun umea osatzeko, Elizako iru ontzitatik eroan bear da ur bedinkatua». Bigarrena: «Eskëan dabilenak baturiko ogixaren zati bat umeari emonezkero, ume onek eztau begizkorik izango». Markina ondoko Bolibar edo Goilibarren eman zidaten hau: «Begizko(r)ik umea(r)i e(g)in eztakixon, ikatza kolköän sartzen eutsen». […] Lekeition eta Gorozikan esan zidaten honek ere jakingarritxoa dirudi: «Kutuna erabilten da paparretik dingilizka yosita. Kutun-barruan ikatza, diru txiki bat, umearen zila (gordeta edukirikoa) ta apiöa eukiten dira». Bizkaiko beste huritxoren batean, zeinetan ez dakit, hau gaineratu zidaten: «Kutun orretan iru gauza sartzen ebezan: ogi bedinkatua (hiru zatitan elizatik ekarririkoa), ikatza ta oilo-korotza». Nonbait eta noizbait kutun horren ordez azkonarraren atzapartxo bat zintzilik jartzen zuten gurasoek begizkodunaren paparretik. Hona hemen Arrasateko eskribau Barrutiak orain berrehun bat urte egindako Acto para la Nochebuena deritzon teatro-gaitxo batean dioena:

Azkonarraren atzamartxoa
ekarriko dot menditi,
begizkorik eztegizuen
bulartxorean isegi.

[…] Beste bi osabidetxo aipatu behar ditut. Lehenengoa Asterrikan, Ermuan, Lekeition eta Markinan eman zidaten. «Ume bat norbaitek begiz yo dabenean, bere Aitari soineko alkondarea aldatu eragiten dako ta alkandora atantxe begizkodun umea batu bear da». Bigarrena Berrizko amona bati orain hogei bat urte entzun nion. «Auzolanetan nai elizkari-egunetan, etxe baten lagun asko batuta dagozanetan, etxeko ume bat edo bati begizkoa egitea sarri jazoten da ta orduan katilu baten ura mai-ganera ekarri ta lagun guztiak banan banan iru atzamar ur atantxe sartu ta ur ori begizkodun umeari emoten jako». Murelagan eskua eta gainera aurpegia ere garbiarazten zaizkie begizkoa egin dutenei; eta ur hori begizkodunari edaten eman ohi diote edo zioten, bertan esan zidatenez «nai mutil-neskatotxu nai beiari». Ez dakit erdal herrietan Elorrion baturiko sinestetxo hau ote dagoen: begizkoa, norberak nahi ez duela ere, ume nahiz abereei egiten zaiela. Alemanian daukaten sineskeria bat, ordea, toki askotan galde egin arren, ez dut Euskal Herrian batu ahal izan. Han gure begizkoari, lehen aipatu dudanez, begirakune gaiztoa (Bösser Blick) esaten diote. Gainera begirakune ona ere badute: güter Blick. Gure begizkoa beti gaiztoa izan ohi da, beti txarrerakoa.

Resurreccion Maria Azkue (1934). “Euskalerriko oitura ta sineskeriatxo bat edo beste”, (Eusko Ikaskuntzaren V. kongresuan irakurritako lana, Bergara, 1930), Eusko Ikaskuntza: 93-95.

IKUS HAU ERE

Resurreccion Maria Azkue Susa argitaletxearen “Literaturaren Zubitegia” webgunean.

ARANA MARTIJA, Jose Antonio (1993).Resurreccion Maria Azkue . Bidegileak bilduma.

Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.

Irudia

Medikuntza eta Zientzia Historiaren Euskal Museoa. By Museomed - Own work.

Lan hau Creative Commons Aitortu Partekatu Berdin 3.0 lizentzia baten mende dago.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper