NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

BAZTANGO ALEMANA

Juan Carlos Etxegoien Juanarena “Xamar” (Garralda, Nafarroa Garaia, 1956)

Herrietan, norbait hiltzen zenean, auzoak arduratzen ziren gorpuari lur eman artean zenduaren etxean egin beharreko guztiaz: abereak zaindu, otorduak prestatu, apaizari deitu, senideei berria jakinarazi, gorpua jantzi, hilerrian zuloa ireki… Zenbait herritan, batik bat “lehen auzoak” egin behar izaten zuen lan hori guztia. Eta ez zen gutxi: senideei berria jakinaraztea, besterik gabe ere, nahiko lan bazen. Jean Baratzabal zuberotarrak oroitzen zuen bere aitak, XX. mende hasieran, Zunharretatik Ainharbera joan behar izan zuela “hil-mezü” bat eramatera, esan nahi baita, 40 km-ko joan-etorria oinez egun berean. Gisa berean, Mezkirizko Perpetua Saraguetak gogoan zuen nola behin bere aita holako mandatu bat ematera joan zen, lehenik Bankara, Bankatik Baigorrira, Baigorritik Arizkuna eta gero Bozatera, dena oinez. Eta gero etxera. 65 km pasa… (1)

Horrelako ohituren berririk ez zuen Günter Brettschneider Munich-eko Unibertsitateko hizkuntzalariak euskararen sintaxia aztertzeko asmotan Euskal Herrira etorri eta Lekarozen etxe bat alokatu zuenean.

Testu mota: Saioa

Garaia: 2018

Atala: Herri-kultura


Uda arratsalde batez Zerrajeroineko atarian geunden solasean, Auritz aldetik kotxe bat heldu zelarik. Gure parera iritsirik, gelditu zen, itxuraz turista galdu baten aitzinean ginen matrikula alemaniarra ikusirik. Jaitsi zen gizonari so eginez ez zen dudarik, atzerritar itxura nabarmena baitzuen.

–Arratsalde on! –hasi zen gizona Euskaraz.

–Bai eta zuri ere!

–Kontxesi Pedroarenaren bila nator. Mariano Izetak eman dit haren izena zeren lan bat egiten ari bainaiz Euskarari buruz eta Aezkoan Kontxesik lagun nintzakeela erran dit… Badakizu non egon daitekeen?

Kontxesi han berean zegoen eta turista Günter Brettschneider zen, Munich-eko Unibertsitateko hizkuntzalaria. Brettschneider sintaxiaren inguruko ikerketa bat egiten ari zen eta ekialdeko adibideak nahi zituen, adibide biziak, eta horretarako Aezkoa zen azken lurraldea. Jende nagusiarekin solasaldiak antolatu nahi zituen grabatzeko. Günter gizon xaloa zen, nonahi moldatzen den horietarikoa eta zuen jakintza naturaltzat hartzen zuena, alta gu absolutuki harriturik ginen. Erraten zuen hizkuntzak, gehiago ikasirik, gero eta errazago egiten zitzaizkiola, horregatik ez zuela meritu handirik ehun bat mintzaira aski ongi ezagutzeak, hark bezala. Hori bai, mintzatzeko eran berrogeiren bat bakarrik zituela kontrolatzen. Afrikan luze ibilia zen, bai eta Amerikan ere eta, oraingoan, Euskara aztertzen ari zen. Lekarozen kokaturik, fite irabazi zuen Baztango alemana izengoitia eta arras laketua zen baztandarren artean.

Galdegin nion Lekarozen, alokairuan zuen etxean, ea zer moduz hartua zuten herritarrek, ea euskaldunak erraten duten bezain hertsiak ote ginen.

–Hori azaltzeko ona da lehengo astean gertatu zen istorioa. Ondoko etxeko jauna agertu zitzaidan goizeko bederatzietan ate joka. Ireki nion eta esan zidan: “Günter, aita hil zaigu”. “A, ba sentitzen dut…”, erantzun nion oso ongi jakin gabe zer egin behar nuen. Gizonak segitu zuen: “Etxe hau gurearen auzo da, beraz zuri dagokizu hilerrian zuloa egitea gure aita lurperatzeko…”. Eta, agian nik ez nuela izango-eta, esku batean zeraman pala eskaini zidan. Harendako igual zen ni alemana ala txinoa izatea, etxe hau zen harenaren lehenbiziko auzo eta ni nintzen barnen zegoena, beraz…, pala hartu, galdetu zein zen haien hilarria, eta lanera, zuloa prest egon zedin arratsaldeko hiletarako.

Usadio zaharra segituz, heriotza kasuetan auzokoak oraino bete behar dituen lanen artean dagoena herri txikietan.

ETXEGOIEN JUANARENA, Juan Carlos “Xamar” (2018). Etxera bidean. Arre: Pamiela. (154-155).

ERREFERENTZIAK

(1) ETXEGOIEN JUANARENA, Juan Carlos “Xamar” (2023). Biziaroak. Herri Kultura. Arre: Pamiela. (188-189).

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper