NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

JUAN DIAZ DE GARAIO, NEKAZARI ETA PSICOKILLER

Nagore Irazustabarrena

Testu mota: Artikulua

Garaia: 1870-1880

Atala: Historia

1. Juan Diaz de Garaio Ruiz de Argandoña, “Sakamantekas” (Egilatz, Araba, 1821 – Vitoria-Gasteiz, Araba, 1881).


Argia, 2006ko martxoak 19

Juan Diaz de Garaio Ruiz de Argandoña Egilatzen jaio zen 1821eko urriaren 16an. Arabako Lautadako hainbat herritan ─Agurain, Alaiza, Izartza, Okariz eta Añua─ jardun zuen laborari eta morroi-lanetan. Bere «bestelako» lanak ere inguru horretan egin zituen Sakamantekasek.

1870eko udaberrian egin zuen lehen hilketa. Prostituta zahar bat izan zen biktima: estrangulatuta hil ondoren, gorpua bortxatu eta labanaz sabela ireki zion. Hurrengo urteko udaberrian gauza bera egin zuen adineko beste prostituta batekin. Hurrengo bi krimenak 1872ko abuztuan izan ziren, elkarren segidan: hirugarrena 13 urteko neskatoa izan zen, eta laugarrena berriro ere prostituta, baina aurrekoak baino gazteagoa. 1873an eta 1874an bi saiakera egin omen zituen, baina biktimek ─beste prostituta bat eta eskale bat─ ihes egitea lortu zuten. Urte batzuk pasako ziren Diaz de Garaiok bere helburu makurra berriro lortu arte. Ofizialki behintzat. Izan ere, badira leporatu zitzaizkion baino hilketa gehiago egin zituela pentsatzen dutenak. Lau aldiz ezkondu zen Garaio eta hiru aldiz alargundu. Emazteak erraztasun harrigarriz hil zitzaizkion, baina ez zuen inork frogatu ahal izan heriotza horietan senarrak zerikusi zuzenik izan zuenik. 1878an eta 1879an, berriro, Sakamantekasen bi saiakerak alferrikakoak izan ziren, baina urte horretako irailean bosgarrena erori zen eta handik bi egunera seigarrena eta azkena. Biak inguruko nekazari gazte eta sasoikoak ziren eta haiekin Garaiok bere sadismoa muturrera eraman zuen gorpuak mutilatuz.

Ordurako Arabako Lautadan beldurra errotuta zegoen eta Sakamantekasen mitoak Arabako lurrak gainditu zituen berehala. Hiltzailea bilatzeko ahaleginak ere gero eta handiagoak ziren. Baina azkenean kasualitateak eraman zuen Diaz de Garaio justiziaren aurrera. Egilaztarra beste baserri batean sartu zen morroi, eta inoiz ikusi ez zuen haur batek hatzarekin seinalatu eta «Hori aurpegia! Sakamantekas ematen du!» bota omen zuen. Garaio atxilotu zuten orduan eta, polizien harridurarako, atxilotuak bere krimen ilunak aitortu zituen. Gasteizko Polborinean garrotez hil zuten 1881ean.

2. Garrotea.

Garaiko kronikek diotenez, Garaiok «Neanderthalen kaskezur eta kopeta du, masailezurra ohikoa baino handiagoa eta aurpegian asimetria ugari dauka». Cesare Lombrosok bere L'uomo delinquente liburuan deskribatu zuen kriminalaren profila zuen ─gaur egun, noski, Lombrosoren teoriek ez dute baliorik, ezaugarri fisikoek ez baitute jarrera kriminalean zerikusirik─. Garaioren garuna hamar forentsek aztertu zuten hil ondoren, Gasteizen eta Madrilen. Ondorioetan bat egin zuten denek: ez zegoen eroa, bere erabakiak erabat kontzienteki hartu zituen.

3. Emakume gaizkile italiarren garezurrak.
Cesare Lombroso, L’uomo delinquente, 1897.

Sakamantekas, trenez iritsitako mitoa

Sakamantekas Diaz de Garaio baino gehiago da. Hainbat belaunalditan Euskal Herrian eta hemendik kanpo ere haurrak izutzeko erabili den mitoa da. Baina Egilatzeko hiltzaileak une eta toki egokian egin zituen bereak «titulua» jasotzeko. Mitoa XIX. mende erdialdean sortu baitzen, ferrokarrilaren etorrerarekin batera. Zaldi eta gurdietara ohitua zegoen gizarteak errezeloz hartu zuen burdinazko tramankulu erraldoi hura; 100 km/h-ko abiadura harrigarria zen garai hartan, harrigarriegia gauza onerako. Zurrumurruak zabaldu ziren berehala: abiadura haren sekretua gurpilei ematen zieten olio finean omen zegoen eta olio hura haurren gantz samurretik baino ezin zitekeen lortu. Horregatik, trenaren jabeek gaizkileak kontratatzen zituzten haurrak bahitu, Manchester edo Liverpoolera eraman eta bertan galdara erraldoietan urtzeko.

Beldurrak bi lan egin zituen Sakamantekasen kasuan: lehenik mamua sortu zuen; ondoren, mamuari benetako identitatea eman zion, Diaz de Garaioren hilketak aprobetxatuz.

IRAZUSTABARRENA, Nagore (2006). «Juan Diaz de Garaio, nekazari eta psicokiller», Argia 2032.

IKUS HAU ERE

Nagore Irazustabarrena Urangaren artikuluak Argia aldizkarian.

Irudiak

  1. , via Wikimedia Commons.
  2. No machine-readable author provided. Ildefonk assumed (based on copyright claims). , via Wikimedia Commons.
  3. Fondo Antiguo de la Biblioteca de la Universidad de Sevilla, via Wikimedia Commons. Irudi hau Creative Commons 2.0 lizentziaren mende dago.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper