NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

BILBOKO KARGEREN GREBA

Hektor Ortega (Bilbo, Bizkaia, 1966)

Wilhelm von Humboldt-ek Euskal Herrira egin zituen bi bidaietan, 1799an eta 1801ean, hizkuntzak piztu zuen batik bat haren arreta, baina gauza gehiago ere egin zitzaizkion harrigarri. Haien artean, emakumeek egiten zituzten lanak. “Ematen du bi sexuen rolak aldatuta daudela Probintzia Baskongadoetan eta bereziki frantses Euskal Herrian —idatzi zuen Los Vascos liburuan—. Inon ez ditut ikusi emakumeak hainbeste lan klase eta hain nekosoak egiten. Espainiako aldean, laia gogorraren gainean makurtuta iraultzen dute lurrik zailena eta gogorrena [...] Bilbon, itsasontziak deskargatzen ari direla, pisu izugarriak eramaten dituzte buru gainean ibaitik biltegietara, burdinazko barrak batez ere; sutegietan ere ikusi izan ditut mailuarekin eta ingudearekin lanean. Baina aipagarriena da, indar aparteko horrekin batera, beste horrenbesteko trebezia eta arintasuna erakusten dutela.” (1)

Humboldten miresmena piztutako emakume haien ondorengoak greba baten protagonista izan ziren Bilbon 1911. urtean.

Testu mota: Artikulua

Garaia: 1911

Atala: Historia

1. Emakumeak minerala deskargatzen Bilboko portuan, 1870-01-01. Santa Ana de Bolueta, 1841-2016.


Ez da liburuetan ageri. Ez da, orain arte, Interneten azaldu. Baina horrek ez du esan gura garrantzi handikoa izan ez zenik. Gaur hona ekarri nahi dugu Bilboko emakume behargin hauen greba. Urte askoan, kaietako zamaketa-lanak gizonek zein emakumeek egiten zituzten. Emakume haiei “kargerak” esaten zieten. 1911ko maiatzaren 15ean grebari ekin zioten. Eta hogei egunez gogor borrokatu ziren haien eskubideen alde.

Gutxienez XVIII. mendeko bigarren erdialdetik aurrera, Bilboko portuetako zamaketa-lanen zati handi bat emakumeen esku egon zen. Andrazko haiek “sorki” esaten zitzaion mantarra jartzen zuten buruan eta haren gainean, trebezia handiz, otzarak paratzen zituzten. Otzara haietan ontzietako merkantziak kaietara edo merkatarien sotoetara eramaten zituzten. XIX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera, batez ere bakailaoaren eta ikatzaren garraioan ibiltzen ziren Bilboko kargerak.

Lan zinez gogorra zen. Joan-etorri asko egin behar izaten zituzten, soldata txiki bat aterako bazuten. Pisu handiak hartu behar izaten zituzten eta, batzuetan, karga haiek buruan hartuta, baporeetatik kaira igaro behar zituzten pasabide moduan ipinitako ohol estu batzuetatik. Lan istripuak ugariak ziren, eta Uribitarteko kaia atondu zutenean trenbidearen arriskua gehitu zitzaien, trenak eta emakume langile haiek leku beretik igaro behar izaten zutelako. Horrez gain, sarritan elkarren artean borrokatu behar izaten zuten, zama lanak lortuko bazituzten. Nortasun handiko emakume haien arteko eztabaidak itzelak izaten ziren, zarraparra galantak, deiadarka kaian edo kalean.

1911ko maiatzaren 15ean, Bilboko kaietan ikatzaren zamaketa-lanak egiten zituzten gizonezkoek grebara jo zuten. Lanorduak murriztu eta soldatak altxatzea nahi zuten. Ugazabek ezetz erantzun zutenean, lan egiteari utzi zioten. Sasoi hartan ikatza garrantzi handikoa zen, hala itsas nabigaziorako, orduko baporeetako galdarak elikatu behar zituztelako, nola industria eta etxeetarako ere. Hortaz, grebak ondorio zabalak ekarri behar zituen.

Kinka hartan, Bilboko kaiko emakume beharginen elkarteak grebara deitu zituen kargeretako batzuk, ikatzaren garraioan zebiltzanak, hain zuzen ere. Emakumeek soldata igoera eskatu zuten. Erreal bi gehiago eskatu zituzten, egunean 3 pezeta eta 25 zentimo irabazteko, gizon zamaketarien jornalaren erdia, gutxi gorabehera. Horrez gain, kargatutako otzarak bururaino altxatzeko lana gizonek egin zezaten nahi zuten, emakumeentzat ahalegin izugarria zelako.

Ugazabek gizonei emandako erantzun berbera eman zieten andrazko beharginei: ezetz. Orduan kargerek grebari ekin zioten, gogotsu ekin ere: kaietatik gora eta behera ibiltzen ziren, zamaketa-lanik egiten ez zela bermatzeko. Eta inguruetako sotoak eta bertatik ateratzen ziren gurdiak zaindu zituzten, ikatzaren salerosketa oztopatzeko. Istiluak ere ez ziren falta izan, greba saihestu nahi izan zuten merkatari eta gurdizainekin, batez ere.

Edozelan ere, emakume eta gizon grebalarien jarduna eragingarria izan zen eta ikatzaren salerosketa geldiarazi zuten. Gatazka tenkatu egin zen eta istiluak ugaritu egin ziren. Ekainaren 6an, adibidez, berrogei emakume taketak eskuetan zituztela azaldu ziren San Frantzisko kaleko biltegi batean. Bertan ikatzaren deskargan ari zen ugazabari eta langileari oihuka, sakaka eta are joka ere hasi zitzaizkien, lana bertan behera utzi zuten arte. Udaltzainak agertu ziren eta emakumeetako bi atxilotu zituzten. Bitartean, goizeko seiak aldera, hirurogei bat kargera pikete moduan ibili ziren Deustuko Olabeagako kaian, lanik egiten ez zela bermatzeko. Txapelokerrek sakabanatu zituzten.

Arratsaldean ere gurdi bi ikusi zituzten Erripako kaian ikatza kargatzen. Kargerak berehala azaldu ziren, taketak eskuetan berriz ere. Hala ere, argitu zietenean ikatza Misericordiako umezurtzentzat zela, bakea eman zieten. Emakumeak, berrehun baino gehiago, Ledesma eta Henao kaleetatik barreiatu ziren. Gerotxoago, Albiako lorategietan istilu galanta eratu zen: emakumeek garraioan zetorren gurdia geldiarazi zuten, guardiak gurdizaina babestera joan ziren eta auskan hasi ziren emakumeak eta txinelak, harik eta zaldizko txapeloker bik, ezpatak eskuetan dinbi-danba, emakumeak sakabanatu zituzten arte. Poliziek zortzi emakume atxilotu zituzten eta, gutxienez, sei zauritu. Prentsaren arabera, Celedonia San Miguel, Petra Sáenz, Antonia Hernández, Julia Fernández, Benita Salva Arregi eta Jobita Rodríguez ziren.

Ekainaren 8an, ugazabek eta langileek laudo bat onartu zuten. Gizonezkoek lanorduak murriztea eta soldatak altxatzea lortu zuten. Emakumeek erreal bateko igoera erdietsi zuten, eskatutakoaren erdia. Garaipena zen. Biharamunean, Vasco-Andaluza enpresak akordioa onartzeari uko egin zionean, emakume beharginek ez ezik, laurogei gizonek ere uko egin zioten enpresa horrentzat zamaketa-lanak egiteari. Borroka latza eginez, kargerek soldata apur bat altxatzea eta elkartasuna nabarmen zabaltzea lortu zuten.

2. Kargerak, 1846. Egilea: Francisco de Paula Mellado (1818-1876). Zumalakarregi Museoa.

ORTEGA, Hektor (2018). Gomutan. Bilboko historiaren atal ezezagunak. Bilbo: Erroa. (165-167).

ERREFERENTZIAK

(1) VON HUMBOLDT, Wilhelm (2006). Los vascos. Donostia: Herritar Berri. (34).

IKUS HAU ERE

Hektor Ortega, “Bilboko kargeren greba (1911)”, Bilbo Hiria irratia, 2018-03-07. (Audioa)

Irudiak

  1. Wikimedia Commons.
  2. http://www.gipuzkoa.eus/ . Webgune honetako edukiak Creative Commons-en Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa baimenaz babesturik daude.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper