NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

AZKOITIKO HERRIARI, LANGILEEI BATEZ ERE

Makinisten Anaitasuna

XX. mendearen lehen erdian, langileriaren ingurukoa izan zen eztabaida ideologikorik zabalena eta borroka gehien sortu zituena Mendebalde osoan. Produkzio-bideen jabetzarik gabe, eta euren lan-indarra soldata eskasen truke saltzera behartuta, antolatzen eta euren eskubideak aldarrikatzen hasi ziren langileak. Gatazka horren adibide bat dakargu hona. Panfleto bat da, Azkoitiko herrian bertako langile talde batek egina gainerako langileak euren jarrerara bildu nahian. Izan ere, istilu larriak gertatu ziren Azkoitian panfletoa zabaldu zen garaian: makinistek lanari utzi, nagusiek fabriketako ateak itxi, lock-out egin alegia, guardiak etorri, jendeari tiroka eraso, sei-zazpi lagun zauritu…

Testu mota: Panfletoa

Garaia: 1920

Atala: Historia

1. Langile greba Bizkaian, 1892. Egilea: Vicente Cutanda Toraya (1850–1925).


AZKOITlKO HERRIARI, LANGILEEI BATEZ ERE (ca. 1920)

[…] Langileak, heldu da denbora. Orain behar dugu hartu geurekin geure indar guztia. Ordua da geure lo kaltegarri honetatik esnatzeko. Zabaldu begiak eta ikus ezazu zer borroka dabilen zure inguruan. Borroka txit gogorra, guretzat handia daukana. Lau urte borrokan pasatu ditugu zerbait geure bizitza lasaitzearren, goseak hor pasatu genituen hamaika aste, hor geure odola eman genuen geure alderdia gordetzearren, eta gaur ez dugu ezertxo ere egingo? Horren erraz utziko ote ditugu horrenbeste saiatuta ekarritako ondasunak? Gogoratu ondo lehenago zer ginen eta zer modutan lan egiten genuen, gure guraso zaharrak nola izan ziren, eta begiratu orain nola aurkitzen zaren. Oraindik ondo izateko falta duzula esango duzu. […]

Galdetu zeure buruari: Zer da nire eguneroko janaria? Zer deskantsu ematen diot neure buruari? Nola bizi dira nire emazte eta umeak? Ondo galdera denei erantzun iezaiezu, ikusiaz eta aitortuaz garbi gertatzen zaizuna. Ez zaitez tristetu, langile gizajoa, ez; orain ez da tristatzeko denbora. Geure buruen alde lan egiteko ordua da. Tristatzeko arrazoi asko daukazu, zergatik ikusten duzun zeure izate ona galtzen. Eguneko nekea ordaintzeko jan behar duzunik ez duzu, eta, hori asko ez dela, oraindik beste arantza batek min handiagoa ematen dizu. Hainbeste maite duzun emaztea ikusten duzu tratu txarrarekin lehengo antzik ez duela, kolore hilarekin, osasun bizi ezinean, nahigabez beteta bere haurtxoentzat ezin inguraturik behar dutena. Zure umeak aurpegi tristearekin aurkitzen dituzu, ez dutelako zerekin isildu beren gosea, zerekin txukun estali beren gorputza. Besoak tolestu eta egongo zara ezer egin gabe horiek ikusita?

Kaleko harriek berek ere negar egingo lukete adituko balute zenbait langileren etxean gertatzen dena. Negarra ez da sendagaia. Malkoa begietatik irtenarekin ez duzu aurkituko zure zoriona. Beste zerbait egin behar dugu. Non aurkituko dugu geure sendagaia? Elkartean. Ezer egingo badugu elkartu egin behar dugu langileak elkarrekin, baina egiazko elkarteetan. Elkarte horietan ikusi eta ikasi behar dugu non eta nola aurkituko dugun ondo izatea. Hau langile guztiok egin behar duguna da. Ez utzi besteentzat lan hau, norberak egin behar du bere aldetik ahal duen ahalegin guztia. Ikusi dituzu lehenago zer gauzak nahigabez betetzen duten zure bizitza. Baita ere erakutsi dizugu non dagoen zure sendagaia. Orain bihotzik baduzu, maitasunik baduzu, odolik zainetan badaukazu, etorri elkartera. […]

Anaiak: Elkar ondo ezagutzen dugu eta horregatik hitz egin dezagun geure lan-kontuan. Aspaldian ikusten dugu nola egiten diguten nagusiek ahalegin tokatzen diren orduak baino gehiago sartzeko, extraordinarioa pagatu nahi ezik. Zortzi orduan osatuko ditugu geure nagusiak, ez eduki kuidadorik. Dutenean izaten dira estu eta presa. Ez dutenean, egon behar izaten dugu. Horregatik denak errespetatu zortzi orduak. Horietan egin zintzo lana, baina minutu bat gehiago ez.

Pentsatu berriz gero zer daukagun. Hogeita hamar bat urte izatera heltzen zarenean, gehiago lan horretan egiteko gauza ez zarenean, zer egin behar duzu? Orain da ordua neurriak hartzeko; ez gero damu izan. Aspertu gara denentzat bakarrik beti borrokan jarduten; min ematen digu geure kontra, gu nondik galduko dabiltzanak guk borrokan alkantzatutakoa hartzen [ikusteak]; gaurtik aurrera beste gauzaren bat pentsatuko dugu. Besteek sufritzen dutena, bada, guk ere sufrituko dugu, baina gure bizkarretik inork ez du barrerik egingo.

Denok egin behar dugu lana, denok elkarri lagundu. Diruak orain darabil borroka ikaragarria lanarekin. Orain, ez gero, hartu behar dugu erabaki hau.

Ez dugu jardungo lanean, ez zentimo bat merkeago, ezta minutu bat ere gehiago. Hau da gaur mundu guztiko langileen erabakia. Guk ere hala hartu behar dugu. Aurrera, langileak, ez atzera egin.

Makinisten Anaitasuna
Sindikatu Katoliko Librea, Azpeitia, Imp. Arregui, ca. 1920.

MENDIGUREN ELIZEGI, Xabier, IZAGIRRE, Koldo (1998). Euskal Literaturaren Antologia. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza. Donostia: Elkarlanean Ikastolen Elkartea. (234-236).

2. Langile manifestazioa Donostian, 1922. Argazkia: Ricardo Martín.
3. Langile manifestazioa Donostian, 1920ko maiatzaren 1ean. Argazkia: Ricardo Martín.
4. Panfletoa osorik, hemen.

Irudiak

  1. Wikimedia Commons.
  2. Fondo Foto Car. Ricardo Martín, Wikimedia Commons. Lan hau Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 3.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.
  3. Kutxa Fototeka / KUTXATEKA / Photo Carte / Argazkilaria: Ricardo Martín. Lan hau Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.
  4. Dokumeta Gipuzkoako Foru Aldundiko Biltegi digitala. http://hdl.handle.net/10690/2754 Lan hau Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper