NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

ZEIN ZUZEN?

Evaristo Bustintza “Kirikiño” (Mañaria, Bizkaia, 1866 - 1929)

Testu mota: Artikulua

Garaia: 1914

Atala: Historia

1. Automobil bat bere bidean, 1923.


Euzkadi, 1914ko urtarrilak 24

Atzo arratsaldean, ateri zegoela-eta —noiz edo noiz!—, irten ginen ibilaldi bat eginaz kikilduak luzatzera.

Bideak oraindino lupetzez beterik daude; alboetatik ibil liteke, baina erdia zirin-zirin dago.

Herrirantz gentozela ibai ondotik, entzun genuen gure atzealdetik automobil edo beribil zarrastada, eta ibaira buruari utzi behar edo zipriztinez estalita gelditu behar; ez zegoen beste irteerarik.

Gu baino aurreraxeago zihoan gizontxo zimel bat, eta beronek ere beribil orroa sumatu zuenean, bihurtu zuen burua, gelditu zen, atera zuen sakelatik oihal zati gorri-gorria zotz bati josita, hau hartu ezkerreko eskuan, eta eskumakoan agertu zuen errebolberra, eta chauferrari begira ipini zuen.

Chauferrak, ikaraturik, gelditu zuen gurdia.

Barruan zetozen senar-emazte antzeko bi. Irten zen gizonezkoa jakitera zer zen, eta beronek eta chauferrak gizon zimelarekin, gutxi gorabehera, hizketa hauxe eduki zuten.

—Zer jazotzen dela?

—Ezer ez, gizonak —erantzun zuen zimelak—, ezer ez, zoazte aurrera bakean, hemen ez da ezer izan.

—Zergatik atera dituzu ba oihal gorri hori eta iskilu hori?

—Zeuek geldiaraztearren.

—Zergatik hori?

—Zenekarten abiadaz zipriztinez beterik utzi behar ninduzuelako.

—A, horregatik, e? Salatuko zaituztegu. Hau ez da horrela geldituko. Hori egiteko eskubiderik ez daukazu.

—Ezta zeuek ere, ez daukazue eskubiderik bidean datorrena lohi-lohi uzteko.

—Gu geure bidean joaten gara, eta lohitu gura ez duenak alde egin dezala.

—Ni ere neure bidean joaten naiz, eta lohitu gura nautenei… neuk dakit zer egin.

Elkarri begirada itzelak jaurti eta purrustada batzuk eginda, sartu ziren beribilean ugazaba-morroi biak eta joan ziren.

Gizon zimelak, erakutsirik bere errebolberra, gezurrezkoa zela ikus genezan, eskatu zizkigun geure izen-abizenak zinaldari edo testigotzat hartzeko.

Guk eskerrak eman genizkion beragatik geure jantziak garbi atera genituelako, eta eskaini gintzaizkion bere aldez ahal duguna egiteko epaikari edo juezen aurrera badaramate.

Ez dakigu ba zer irtengo den.

Behin-behinean, nik, epaikaria banintz, zimelaren alde erabakiko nuke, eta aginduko nieke beribildunei notinen ondotik igarotzean astiro joateko, edo bestela jantzi berri bat ordaindu diezaiotela lohituari.

Hori nire iritzia da, baina zuena eta epaikariarena ez dakigu zein izango den.

2. Euzkadi egunkariaren logotipoa. Kirikiñoren jatorrizko artikulua, hemen. (1914-01-24, 1. or.).

IKUS HAU ERE

ETXEBARRIA, Igone (1992). Ebaristo Bustintza Lasuen “Kirikiño”. Bidegileak bilduma. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.

Irudiak

1. Ricardo Martín, , via Wikimedia Commons.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper