NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

CHIMISTA BEZELA PASAKO DIRA!

Kike Amonarriz (Tolosa, Gipuzkoa, 1961)

Testu mota: Artikulua

Garaia: 1903

Atala: Historia

Jatorrizkoa

Marrazkia: Jon Zabaleta. Iturria: Erlea 5, Euskaltzaindia, 2009.


Ikusmira ikaragarria zebilen errepideen inguruan 1903ko maiatz hartan. ACFk –Automobile Club de France– urtero antolatzen zuen lasterketa nagusia ordura arteko handiena eta ikusgarriena izango omen zen. Paristik Madrila iritsi behar zuten ibilgailuek hiru etapatan; Madrildik

Ez zen txantxetakoa kontua: 224 tramankulu ziren azaltzekoak irteera puntura. Tamaina eta mota askotako makinek ekin behar zioten ibilbideari: 650 kilo eta tona bat bitarteko 88 autok, 400 eta 650 kilo bitarteko 82k, eta 54 motozikletak. Garaiko markarik eta piloturik ezagunenak ikusi ahal izango ziren bidean, tartean, Gipuzkoako eta Arabako errepide nagusian. Ba omen ziren orduko 140 kilometro harrapa zezaketen aleak ere. Zer ikusi behar dugu? Noraino iritsi gara?, pentsatuko zuen batek baino gehiagok.

Garaiko prentsak oihartzun handia eman zion albisteari. Horren adibide, Ibaizabal aldizkaria. 1903ko apirilaren 12ko 67. alean eta Zarraparrea sailean, automovil edo burtariñen ariñeketari buruz artikuluxka argitaratzen zuen, honako iruzkin kritiko honekin amaitzen zena: “Aberatzen burukeri edo capricho bat baiño ezta guztia, baiña obe da bidea zabal istea, ango egun bategaitik. Kontus, baserritarrak, egun orretan”. Maiatzaren 17ko 72. aleak, berriz, honela zioen: “Paperetan ikusten dogunez, burtariñen ariñeketa-egunerako oartuko dituez bidean dagozan errietako alkate eta aguintedun guztiak, jakin eraguin daioen jenteari, egun atan eztaitezala ibilli bide horretan...”.

Agintariak ere asaldatuta baitzebiltzan auto sorgindu haiek zirela medio, bazterretan gerta zitezkeen istripuekin kezkatuta eta herritarrek izan zezaketen jarreraren beldur. Beste hainbat lekutakoek bezala, Gipuzkoako agintariek ere arau zorrotzak kaleratu zituzten maiatzean zehar, lasterketak eragin zitzakeen kalteak ahalik eta txikienak izan zitezen.

Tolosako Udal artxiboan ekitaldiaren inguruko hiru agiri aurkitu ditugu. Lehena, behin-behineko gobernadore Antonio Giménezek Gobernu Zibilaren izenean kaleratutako 1903ko maiatzaren 15eko zirkularra. Poster baten tamainakoa da, erdara hutsez erredaktatuta dago, eta istripu, desgrazia edo atentatuak ekidin nahian, zazpi agindu zehatz ematen ditu. Besteak beste, hilaren 26ko goizeko 6etatik arratsaldeko 8ak bitartean eta Irundik Etxegarate bitarteko ibilbide osoan, pertsona, abere eta edozein garraio-motaren zirkulazioa debekatzea.

Bigarrena folio tamainako bando bat da, maiatzaren 17an Tolosako alkate Emilio Santosek kaleratua. Erdara hutsez dagoen idazki honetan, zirkulazioa debekatzen zen egun horretan Guadalupe fabrikaren eta Arzabalza baserriaren artean, eta tolosarrei eskatzen zitzaien Gobernu Zibilaren zirkularraren aginduak bete zitzaten. Baita, lasterketa ikustera zihoazenek besteen jabetzetan kalterik ez sortzeko eta inolako gehiegikeriarik ez egiteko. Eta azkenik, beren kultura, zentzutasuna eta, hala egokituko balitz, beren onberatasuna atzerritarrei erakusteko.

Hirugarrena, berriz, sinadurarik eta datarik gabe kaleratutako euskarazko oharra da, folio baten erdia hartzen duena eta aurreko bi agirietako edukiak modu laburrean eskaintzen dituena.

Atentzioa ematen du ikusteak Donostiatik Tolosarako eta erdaratik euskararako bidea egiten duten heinean laburtu eta txikitu egiten direla agiriak! Zirkularraren 50 lerro luzeak 13 lerro labur bilakatzen dira euskarazko testuan. Lehen begiratuan, Gipuzkoan eta erdaraz luze-zabalean idazten dela esango genuke, eta probintziaren barnealdean eta euskaraz, labur-motzean.

Baina harrigarriena itzultzailearen sen ona eta komunikazio ahalmena dira. Erdarazko bi testu zurrun eta bihozgabeen aldean, pasioa eta indarra dario euskarazkoari. Itzultzaileak ez zituen esaldiak hitzez hitz itzuli. Aginduen zentzua barneratu eta Tolosaldeko euskaldunak jakinaren gainean jarri eta arauak betetzera bultzatuko zituen ohar labur, ulergarri eta deigarria kaleratu zuen, orduko arimen asaldagarri eta gaur egungo gure begien gozagarri. Hona iragarkiaren testua:

«ADITZERA (Ez al du hitz honek “Bandoa” hitzak ez duen erakarpen-indarra?).

Jainkoak daki zer oker ikaragarriyak gertatu litezkeen (hori da hasiera hori!) Probintzi ontan, ill onen 26-ean, Paristik -Madrilla, gure kamiyo errialetan, chimista bezela pasako diran automovil izena duten eta, baforiaren bidez, neurririk gabe korritzen duten gurdi edo koche mota berriyakin. (Hau bai dela “alarma soziala” sortzea!)

Ala, nire aldetik eragotzi nairik alegiñ guztian, desgrazi edo doakabe oyek, debekatzen det, osoro, Probintziyako kamiyo errialetan egun ortan ibilltzea, goizeko seyetatik arratseko zortziyak arte, persona, animali, gurdi eta beste orlako edozeiñ gauz (pertsonak gauzen pare!). Beobiya, Irún, Errenteriya, Donostiya, Lasarte, Andoaiñ, Billabona, Irura, Tolosa, Alegriya, Ikaztegiyeta, Legorreta, Isasondo, Villafranka, Beasain, Idiazabal eta Echegarate-ko mugaraño.»

Bere laburrean, testuak sekulako indarra du. Bere estilo zuzen eta bizia, gaztelaniatik euskararako laburtze-itzultze lanetan erabilitako irizpideak eta gaztelaniazko eta euskarazko idazkien konparaketatik atera daitezkeen ondorio soziolinguistikoak direla medio, erreferentzia interesgarria iruditzen zait, euskal itzulpengintzaren inguruko ikerketa eta hausnarketetarako eta komunikazio egokiaren inguruan adibide gisa erabiltzeko.

Itzulpengintzatik itzul gaitezen ordea, laster batean, lasterketara.

Paris-Madril auto-lasterketak sortu zuen ikusmina eta zalaparta sekulakoak izan ziren.

Gutxitan bezala bildu zen jendea Versailleseko irteerara, autoak abiatzen ikustera. Ehun mila pertsona inguru zenbatu zituen garaiko prentsak, eta milaka eta milaka omen ziren Bordele bitarteko errepide bazterretan pilaturikoak. Jendetza hark sortzen zuen arriskuaren eraginez, ordu erdiz atzeratu behar izan zuten hasiera.

Handiak baitziren arriskuak. Horrelako lasterketa batean ohikoak zirenei jendetza eta hautsa gehitu behar zitzaizkien oraingoan. Lasterketa ikustera pilatzen zen jendetza arrisku bizia zen gidarientzat eta pertsonentzat beraientzat. Gainera, aurreko egunak beroak eta lehorrak izan ziren Frantzian eta egun haietako beroaren eraginez, errepideak hautsez bete ziren.

Ez da harritzekoa, beraz, Paristik abiatu orduko, istripuak eta heriotzak etenik gabe gertatzea.

Louis Renault izan zen Bordelera iristen lehena, baina bere ondoren heldutako gidariekin batera, albiste lazgarriak ere hasi ziren iristen, hildakoen eta istripuen berriak. Autoen erdiek izan zuten istripu edo matxuraren bat, egunean zehar zortzi izan ziren hildakoak –3 ikusle eta 5 gidari– eta ehun bat zaurituak.

Gertaera horien aurrean, Frantzian premiazko Ministro Kontseilua deitu zuten, lasterketa bertan behera utzarazteko. Espainiako gobernuak ere debekatu egin zien autoei beren lurraldean sartzea. Azkenean, gurdietatik tiraka eraman zituzten tren-geltokira eta trenez itzularazi Parisa.

Maiatzaren 25ean, Tolosako alkateak beste ohar bat kaleratu zuen (eskuz idatzitako kopia besterik ez dugu aurkitu) esanez lasterketa bertan behera gelditu zela eta baita hartutako neurri guztiak ere.

Hainbeste agindu eta hainbeste ohar, eta azkenean, den-denak alfer-alferrik!

ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOA: AMONARRIZ, Kike (2011). «Chimista bezela pasako dira!», Erlea 5: 29-32.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper