NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

AGUEREBERRY POINT, HERIOTZAREN HARANA, KALIFORNIA

Asun Garikano (Tolosa, Gipuzkoa, 1962)

Testu mota: Biografia

Garaia: 1900-1920

Atala: Historia

Pete Aguereberry Heriotzaren haranean. Iturria: George Pipkin Collection.


Kronologiari begiratuta, 1860an jaiotako Domingo Etcharren baigorriarra da Heriotzaren haraneko meatzeekin lotuta aipatzen den lehen urre-bilatzaile –eta aurkitzaile– euskalduna. Hainbat urtetako ahaleginaren ondoren, Etcharrenek eta bere sozioak, Jack Keane irlandarrak, urrea topatzea lortu zuten Heriotzaren haraneko Funeral Mendietako maldetan 1903ko abenduan. Albistea zabaldu zelarik, 1904ko maiatzerako bostehunen bat urre-bilatzaile bazebiltzan inguru haietan. Keane Wonder Mine izenaz bataiatu zuten meatze hura, eta Heriotzaren haraneko bi urre-meatze emankorrenetarik bat bihurtu zen urteen joanean, milioi bat dolar inguruko etekinarekin. Hura ustiatzeko eskubideagatik jasotako diruari esker, Domingo Etcharrenek, «Ballarateko euskal harakin begibakarrak», denda bat erosi zuen Darwinen (Kalifornia). George C. Pipkin idazleak Ballarateko herritar nagusien artean aipatzen du Etcharren, eta herriko saloon baten, harategi baten eta lursail ugariren jabe izatera heldu zela dio.

Darwin, Kalifornia, Heriotzaren haranerako bidean, ca. 1926.
Iturria: University of Southern California. Libraries eta California Historical Society.

Euskaldun gehiago ere aipatzen dira Heriotzaren haranaren historian, hala nola Ballaraten bertan bizi izandako John Caricart edo, lehenago, Dolph Navares, Pacific Coast Borax Company-ko langilea izandakoa. Baina guztien artean aipagarriena, bere biografia apartagatik eta bere izenak Heriotzaren haraneko mapetan dirauelako, Pete Aguereberry da: umetan aldizkari batean Kaliforniaren deskribapena irakurri, eta esnea eta eztia omen zerizkion lurralde hartara joan arteko onik izan ez zuen gizona.

Pete Aguereberry Onizepean (Zuberoa) sortu zen mundura 1874an, eta, hamasei urterekin itsasoa zeharkatu ondoren, hamaika lanetan aritu zen Mundu Berrian, inon luzaz etsi gabe, bat eta beste probatuz. Heldu berritan, pilotari izan zen San Frantziskon eta artzain San Joaquin Ibarrean, 2 600 buruko artaldea zainduz, gauetan lur gogorrean lo egiten zuela, ez denda eta ez ezer.

San Frantziskoko Eder Jai frontoian jokatutako partiden berri ematen duen albistea.
San Francisco Call, 1901eko abenduak 27. Iturria: California Digital Newspaper Collection.
Artikulua, hemen.

Artzaintzan zirauen 1894an, estatu hartan ezagututako urterik lehorrenean, belarra ihartu, iturburuak ahitu, eta ardi-nagusiek 200 000 buru galdu zituztenean. Bere nagusiak ere lur jo zuelarik, Petek hamar dolar jaso zituen hiru urteko lanaren truke. Gero meatzari izan zen, beste euskaldun batek Maderan (Kalifornia) zeukan French Liquour Store delakoan egin zuen lan, San Frantziskora itzulita esnea kalez kale saltzen zuten gurdietan ere enplegatu zen… harik eta hiriko bizimoduaz aspertu, eta Elkora (Nevada) joan zen arte, Pedro eta Bernardo Altube oinatiarren Spanish Ranch-en lan egitera. Han ere gustura ez, eta artzaintzara itzuli zen, aldi hartan Fish Creek izeneko tokira, Nevadan. Tenperaturak 40 gradu zero azpira jaisten dira han neguan, eta ardiei, izoztuta ez hiltzeko –hala ere ez ziren gutxi hiltzen–, aizkoraz kendu behar zien izotza.

Lan gehiagotan ere saiatu zen Pete: Eureka eta Ely arteko diligentziaren gidari izan zen; lehenengo izotz-saltzailea Tonopahn (Nevada), 1901ean, mea-aurkikuntzen garaian; ganadu-garraiatzailea ere bai, Bishopetik (Kalifornia) Tonopahraino abelgorriak gidatuz hamar eguneko bidean; berari suertatu zitzaion Shepherd Canyon Route-ko diligentziaren azken gidaria izatea ere. Hori dena eta gehiago izan zen Pete Aguereberry, bere joan-etorriei bukaera eman zien ezustea gertatu arte. Txikitan aldizkari frantses hark ereindako ametsa beteaz, urrea aurkitu zuen Heriotzaren haraneko Panamint mendietan.

Bere adiskide izandako George G. Pipkinek erretratatutako gizonak Mendebaldearen konkistako protagonisten ausardia eta sufritzeko gaitasuna erakusten ditu, haien itxaropen agorrezina eta zorigaitzean aurrera egiteko kemena. Horri guztiari Pierre Lhandek euskaldunei egozten zien inquiétude atavique hura –«egoskortasuna» deituko lioke beste norbaitek– gehitzen zaiola. Guztiarekin, bere kide askok lortu ez zutena lortu zuen Petek. Arestian esan bezala, bere izenak bizirik dirau Heriotzaren haraneko mapetan, Aguereberry Point begiratokian.

Prospektore gutxi ausartzen ziren Heriotzaren harana edo Panamint mendiak bakarrik zeharkatzera: arriskutsuegia zen. Horregatik, Pete Aguereberryk pozik ekin zion bideari laguntzat nor eta Shorty Harris zuela, Heriotzaren haraneko historiari lotutako pertsonaia berritsu eta harroxka, baina, zalantzarik gabe, hango bideak ederki ezagutzen zituena. 1905eko ekainaren azken egunak ziren, eta Shortyk lehenbailehen heldu nahi zuen Ballaratera, hango ostatuetan uztailaren 4a ospatzera. Aguereberry beste asmo batekin zihoan. Postaz bidali behar zioten dirua jaso nahi zuen, eta jarraian inguru haietan prospekzio lanari lotu. Aspertuta zegoen besteren kontura lan egiteaz, bere urre-alorra nahi zuen.

Shorty aurretik zihoan, zaldiz eta bere lau astoei zartaka mugi zitezen; Aguereberry berriz atzerago, asto gainean. Panamint gailurretik distantzia gutxira, Petek itxura oneko tontor bat ikusi zuen, eta begirada bat ematera gelditzea erabaki zuen. Jo zuen lehen harkaitz puskak urre gordina zeukan! Lagin batzuk hartu eta Shortyrengana jo zuen lasterka. Baina Shorty ez zegoen berriketetarako. «Hi, Pete, segi dezagun Ballaratera», esan zion pazientzia galtzear. «Ez, zuk harri hauei begiratu aurretik», erantzun zion Petek. Gogoz kontra, Shortyk bere lupa hartu eta harriari begiratu zion. Zalditik jauzi egin eta oihuka hasi zen: «Alajaina! Uztailaren laua! Aberatsak gaituk. Non deabru aurkitu duk hau, Pete?».

Aurkitutakoa erdi bana egiteko ohitura zen bidelagunarekin. Hala, Shorty Harrisek eskubideen erdiak zituen. Lekuari zer izen eman ere erabaki beharra zeukaten. Petek «Aguereburg» deitzea pentsatu zuen. Bere izena gorde samarra geratzen zelakoan, «Harrisberry» proposatu zuen Shortyk. Petek ameto eman zuen. Baina azkenean Harrisburg izenaz erregistratu zuen Shortyk, eta hori da gaur arte lekuaren izena mapetan, Flat hitza gehituta: Harrisburg Flat.

Ez zen izan Shortyren jukutria bakarra. Denei aurkitzailea bera izan zela esaten ibili zen Shorty. Biak ezagutu zituen George C. Pipkinek, eta ez du dudarik: Peteren lana izan zela uste du, eta aldi hartan, beste askotan bezala, bere burua harrotu nahian ibili zela Shorty.

Harrisburg Flaten, bere meatzearen ondoan jasotako etxetxo batean bizi izan zen Pete hil arte, 40 urte luzez. Azken urteetan, bere gastu txikietarako dirua behar zuenean baizik ez zuen lan egiten. Pipkinek diosku gogo onez erakutsi ohi ziela bere jabegoa turistei. «Jendea meatzean barna laguntzen ez zen sekula nekatu eta inoiz ez zuen horregatik kobratu. Bere atsegin handienetarik bat zen jendea Aguereberry Point-era eramatea eta ia bi mila metro beherago zabaltzen zen Heriotzaren haranaren bazter miresgarriez gozatzea haiekin batera.»

Pete Aguereberry bere Eureka meatzean.
Iturria: National Park Service.

Ez da paisaiarekiko sentiberatasuna Far Westeko meatzariekin lotu ohi den sentimendua. Western generoko nobelek eta pelikulek beste era bateko protagonistak erakutsi izan dituzte. Baina horretan ere, beste hainbat arlotan bezala –ez zuen familiarik osatu, bere meatzearen atarian altxatutako etxetxo hartan bizitzen jarraitu zuen, ez zuen jaioterrira itzultzeko asmorik izan–, bere gisakoa izan zen Pete Aguereberry. Miretsi egiten zuen Heriotzaren haraneko paisaia munduz kanpokoa. Eta, eremu haiek Monumentu Nazional izendatuak izan eta turisten jomuga bihurtu baino lehen, Petek zazpi kilometro eta erdiko bidea ireki zuen eskuz, pikotx, pala eta eskorgekin, errautsa zeriola, bere meatzetik gain hartaraino. Aguereberry Point izenaz agertzen da gain hura gaurko mapetan. Galdetzen ziotelarik zergatik galdu zuen hainbeste denbora eta indar bidea egiten, besteek ere ikusmira eder hartaz gozatzea nahi zuela erantzuten zuen.

Aguereberry Point, Heriotzaren haranean. Argazkia: Craig Baker, 2017.
Iturria: HMdb.org. The Historical Marker Database.
Argazkia: Craig Baker, 2017. Iturria: HMdb.org. The Historical Marker Database.

GARIKANO, Asun (2009). «Aguereberry point, Heriotza ibarra, Kalifornia», Erlea 1: 33-35.

IKUS HAU ERE

“Pete Aguereberry”, Death Valley National Park, National Park Service, CA, NV. (Ingelesez)

“Death Valley Prospector Dies…”, Pete Aguereberryren heriotzaren albistea The Desert Magazine aldizkarian. 1946-02, 34. orria. (Ingelesez)

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper