NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

HILDAKOAREN HARRI BIRIBILA PLAZARA

Miel A. Elustondo (Azpeitia, Gipuzkoa, 1958)

Testu mota: Artikulua

Garaia: 1960-1970

Atala: Historia

Jatorrizkoa

Argazkia: Zaldi Ero.


Harri biribilaren historia? Urteetan atzera joan behar dugu. Badira urteak Elkon (Nevada) jaialdiak egiten hasi ginela, 64an egin zen-eta lehenbizikoa. Jokoak egin behar genituela esan zuten: aizkoran eta harri jasotzen. Sasoi hartan, artzainen artean baziren zenbait gazte Euskal Herrian lan horietan ibiliak eta haiek jardun ohi zuten lanean. Esaterako, harri jasotzea dela eta, urte batzuetan hemen artzain ari zen Bikandi izeneko gazte batek jardun zuen harri altxatzen. Urte batzuk hemen eta joan egin zen atzera Bizkaira.

Garaitsu hartan, Elkon bizi den beste euskaldun batek, Nikolas Fagoaga lesakarrak, norbait inguratu zuen Salt Lake-n –kanposantuetako harriak egiten zituena, antza–, eta marmolezko kanika egiteko agindu zion. Baita hark egin ere! Kanika ederra, gainera! Elkoko euskaldunen soziedadeak pagatu zuen. Bikandi hark Salt Laken egindako harri harekin egin zituen zenbait erakustaldi Elkoko jaian. Baina Bikandi Euskal Herrira joan zenean, harria genuela geratu ginen, baina jasoko zuenik gabe.

Hurrengo urte batean, berriz, bi lagun tokatu ziren Elkon harri jasotzeko moduan. Beharbada bat Euskal Herritik etorria izango zen, ez dakit seguru. Akaso, Bikandi ere tartean zen. Ez naiz gogoratzen. Kontua da norbaitek pentsatu zuela bi harri-jasotzaileek batera egin behar zutela lan. Bi bola behar ziren, beraz, baina bat besterik ez genuen. Orduan, Nikolas lesakarrak:

—Hi, badakik? Ikusi diat nik harri bat. Gurearen tamaina berdin-berdinekoa. Eta pisuan ere ez duk bost libraren gorabeherarik izango.

—Non duk, bada, harri hori? –galdetu genion klubean.

—Kanposantuan...

Sasoi hartan herriarentzat lan egiten zuen bat ere euskalduna zen, Alfontso Igoa, nafarra, eta harekin hitz egin eta, hau eta hura, gauean, Nikolas beste batzuekin kanposantura joan eta hildakoaren harria hartu! Horixe egin zuen. Egunez, jaialdian erabili genuen harria. Ilunabarrean, atzera hura hartu eta lehengo tokira eraman zuten delako harri hori. Inork ez zuen ezer sumatu. Eta, jakina, inork ezer sumatu ez zuenez, ohitu egin ginen, eta urtero, jaialdia zen garaian, kanposantura joan eta hildakoaren harria, bola, hartzen genuen, plazara eraman, jaso eta berriz kanposantuan lagatzen genuen, haren hilobian. Hemezortzi-hogei urtean egin genuen azioa, eta inor ez zen konturatu.

Halako urte batean, ordea, jaialdia egin eta gero, han ari ginen bola biribilak eta gainerako trasteak erremolke batera jasotzen, dena bere tokian lagatzeko, eta, nonbait, emakume batek ikusi zuen, eta ikusi ez ezik, konturatu zen! Haien familiaren hilarria izan bola! Haien aitatxirena omen zen, orduan ehun urte baino gehiago hil zen gizonarena, haren hilobiaren gainean zegoen harri biribil bera! Emakumea kargutu egin zen eta bere aitari kontatu zion. Poliziak deitu zituzten! Eta poliziak bolaren bila euskaldunongana. Gertatu zen artean Alfontsok bertan zituela pisu guztiak, hildakoaren harria eta gainerakoak. Poliziak hura ikusi zuenean kontuak!

Garai hartan Bob Echeverriak egiten zuen Basque Club-eko buru, eta hark joan behar izan zuen familiari barkazio eske, euskaldunon izenean. Hildakoaren familiak ez zuen salaketarik jarri eta, ordainetan, Pedro Ormazak –eraikuntza negozioa zuenak– garbitu egin zuen hildakoaren hilarria, zuritu ere bai, eta bola biribila zutarriari zementuz ondo josi zion. Klubak, berriz, harri biribil hura ez zuela atzera erabiliko hitz eman zuen. Eta horrela egin dugu…

Horra Elkoko harri biribilaren historia, jakin nahi bazenuen...

Ilustrazioa: Jon Zabaleta

Erreferentzia bibliografikoa

ELUSTONDO, Miel A. (2015). «Hildakoaren harri biribila», Erlea 8: 84-85.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper