NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

GERLA HASTE – BIBA FRANTZIA!

Jean Hiriart-Urruti (Hazparne, Lapurdi, 1859 – 1915)

“1914ko ekainean, Sarajevon gertatu zen atentatu bat izan zen hilabete bat geroago Europa osoa gerlaren erdira eraman zuen aitzakia. Frantzian mobilizazioa izan zen, eta 18 eta 49 urte arteko gizon guztiak gerlara deitu zituzten. Euskal Herriko milaka gizon ere joan ziren Frantzia iparraldera eta Belgikako mugara, alemanen kontra borrokatzera. Baina, gerla eta mobilizazio haren harira, […] Frantzian batasun sakratua indarrean jarri zen. arteko liskarrak izoztu ziren, eta denek bat egin zuten Alemaniaren kontra. Hots, Frantziako nazioaren eraikuntzan urrats bat gehiago izan zen, zatiketa guztien gainetik, frantses guztiak –eta baita euskaldunak ere– Frantziaren defenditzera joan baitziren.” (1)

Testu mota: Artikulua

Garaia: 1914-1918

Atala: Historia

1. Gerra hasierako euforia. Tropak Parisko Gare de L’Est tren-geltokirantz, 1914ko abuztuan.


Eskualduna, 1914ko abuztuak 7

... Hau da berriz mobilizazio gaitza! Egundaino Frantzian ez da ikusi holakorik. Hainbertze gizon, holako ordena ederrean, hain fite, oro utzirik, denak soldadu.

Gerla behar badugu, doala gerla. Biba Frantzia!

Biba Euskal Herria!

Euskal Herrian bezala joan baldin bada gizon-altxatzea bertzetan, ez dugu zeren, behin eta berriz, Frantziaz etsi; ez eta ere lotsa.

Zuberoan, Baxenabarren, Lapurdin, orotan oldar bera.

Larunbat arratsalde erditan, atabalak eta elizetako ezkilak entzutearekin, eta jendarmeak banazka tarrapatan bazter guzietarat hel ahala hel, afixen emanarazterat herri guzietan, laztura batek hartu ditu oro: Zer da hori? Gerla ote?

Ez zen gerla oraino, baina hartarako azken urratsa. Urrats bat gaitza, Frantziako guziak egin zezalako deia: “Ordre de mobilisation générale”.

2. Hemezortzi eta berrogeita bederatzi urte arteko gizonak gerlara deitzen dituen afixa.

Berrogeita bortz urterainoko gizon guziak altxa; batzuk berehala gauerditik goiti; bertzeak andanaka, lau, bortz egunez kasik oro.

Gaua zein bere etxean solasean eta gogoetan egonik, biharamunerako oro deliberatuak ziren eginbidearen betetzeari; uko egin gabe.

Zenbaitek uste ez bezalako dute hor beren burua erakutsi euskaldun gizonek. Ederki!

Zenbat xehetasun hunkigarri genituzke hemen emateko, entzunak edo geuk gure begiz ikusiak! Bertze zenbat sekula jakinen ez ditugunak eta agian Jainkoak sariztaturen dituenak, bakoitzari merezitu laguntza emanez beretzat eta familiarentzat.

Hemen hiru, lau gizon gazte eta adineko, etxeko langile guziak hor-harat doazela, nagusi eta mutil, emazte ahul, zahar higatu, haur hotz batzuen gain utzirik oro; lan etxeko gizon bakarra, ogi edo arto, biziaren egile bakarra; erromes, eri, ohatu batzuen hazlea gerlarat; suaren pizlerik ez zaiela gelditzen etxean.

Joatea lotsagarriago askotan eta kuraiakuraia handiago, azkarrago xedea.

Pobreak lana, lanik gabe edo lan gutiz bizi zirenak beren izate goxoa, orok oro utz eta lot, hala behar denez geroz, zinkurinik gabe, gizonki, gerlarako bideari.

Bakoitzak bere mina du minenik, baina badira aipagarriak, ez balitz ere orori bihotza altxatzeko baizik.

A, zer etsenplu hunkigarriak!

Zuberoako Zalgizetik sei anaia Garikoitz; seietarik, bat apeza.

Getariatik d’Elbée jaun soldadu aitzindari ohiaren zazpi semeak, alaba baten senarra eta alaba hura… bederatziak badoaz hor-harat, Frantziaren zerbitzari; zortzi soldadu familia beretik eta emazte bat, soldadu eri eta kolpatu artatzaile, Croix Rouge delako andere bilkuran sarturik.

Holako zenbat, nonahi! Ez da beti bakarrik bihotz-altxagarri, zenbat ere baita eder d’Elbée aita, on balitz bera ere gerlarat joango litzatekeenak bere haurrak oro bil eta erran dizkien hitzak: “Faites-vous tuer plutôt que de trahir votre devoir, mes enfants”.

Bakar batek berak gerlarakoan berdin hunki diezaguke bihotza, hemen uzten dituenak ikusiz.

Hazparne Zelaiko kartierran, sei edo gehiagoko haur xeheria baten aita laborari etxetiar, etxeko gizonki bakarrak —etxalde handiko lan guziak bere gain— ortziralean berak jaurti ditu gutienetik hirurogeita bat zaku ogi, mekanikaz; larunbatean oro berak sartu. Izerdialdi bat ederra harturik, emaztea bere haurrekin utz eta lot gerlako bideari.

Baionatik bat luzaz eri egon berria, doi-doi lanari berriz lotua, lau haur ttipiren aita, sei libera sakelan zituenak, utzi dizkio emazteari erdiak, hiru; bertze hiru liberekin, anda kurri, soldadu. […]

Orok bat

Ote da, ote daiteke deus hunkigarriagorik; deus, bihotz-altxagarriagorik, nola baita ikustea, Frantziaren buru batetik bertzera, herritar guzien batasuna gerlari buruz?

Ez da gutartean gehiago, xuri ez gorri, bereizkunderik.

Oro frantses Frantzian; Euskal Herrian oro euskaldun, elkarren anaia.

Donibane Lohizunetik Atharratzeraino eta han-harat azken herrietako azken mugaraino, dezagun egin guztiek bat Frantziarekin.

Jainkoa lagun, nehork ez gaitu garaituko.

“Gerla haste – Biba Frantzia!”, Eskualduna astekaria, 1914-08-07.

ERREFERENTZIAK

BIDEGAIN, Eneko (2013). Lehen Mundu Gerra «Eskualduna» astekarian. Iker-30. Bilbo: Euskaltzaindia. (549).

IKUS HAU ERE

“Lehen Mundu Gerra, Gerla Handia, min handia”, Berria, 2022ko azaroaren 2a. (Infografia)

“Lehen Mundu Gerra, 1914-1918. Min handia”, Berria, 2014ko otsailaren 23a.

Irudiak

  1. Bibliothèques d'Amiens métropole
  2. French government via Wikimedia Commons

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper