NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

ERREKETAN

Kronikari anonimoa

1914ko azaroan gerla molde berri bat abiatzen da. Ipar itsasotik Suitzara, 780 kilometrotan barrena, errekak (lubakiak) egiten dira, eremu zeharkaezin batek bereizten dituela. Lekutik mugitu gabeko gerla horren berri ematen du Eskualduna astekarian argitaratutako albiste honek. Kronikari anonimoak ez ditu aipatzen zorriak, arratoiak, lohia eta hotza. Hori gabe ere nahiko kezka bazuten semeak, senarrak, anaiak frontean zituzten Eskualdunaren irakurleek.

Testu mota: Kronika

Garaia: 1914-1918

Atala: Historia

1. Soldadu alemanak Mendebaldeko Frontean, 1916.


Eskualduna, 1914ko azaroak 13

Egun hauetarik batez, gure soldadu aitzindarietarik batek erraten zuen hauxe: “Gerlari doazkion gauza guziak gure ustez aitzinetik amestuak genituen; hau bakarrik ez zitzaigun gogoratu: erreka batzuen barnetik ari behar ginela gerlan. Hori alemanek digute irakatsi, eta ikasi diegu ederki”.

Orain diren gerlako tresna izugarriekin eta xuxenekin, zerbait geriza behar da soldaduentzat, ez badira nahi laster erraustuak ikusi. Gure aitzindariek amestua zuten, soldaduak etzanik emanez, hola tiro eginaraztea. Alemanek errekak zituzten gogoan, eta gogo hori obratu dute.

Badituzte, erreka horien egiteko, tresna berezi batzuk lurra zulatzen dutenak, ukaldi batez, hiru pia zabal eta barna. Holako zenbaitekin laster eginak dira zulo handiak eta luzeak. Haien barnean ez da arrisku handirik, non ez den obus bat xuxen gainerat heldu eta han lehertzen. Orduan ez daiteke ihes egin, eta desmasia handiak dira.

Beraz frantsesek ere beren errekak egin dituzte, eta han daude erne, noiz etsaia etorriko zaien. Etsaia maiz gauez da ilkitzen bere erreketarik. Berehala, zelatan dagoen soldadu batek jakinarazten die bere lagunei. Hauek ere ilkitzen dira beren zuloetarik, eta guduari lotzen etsaiari buru egiteko. Gudu horretan ere, ahal bezainbatean, etzanik egon behar, herrestaka ibili behar, non ez diren baionetarekin hurbiltzen. Horra gerla egiteko molde berria.

Etsaiari hurbilenak diren soldaduak, hala gureak, hala bertzeak, erreketan dira. Erreka horiek badute hurbil bi metro barna. Hor diren frantsesak aski deskantsuan daude egunez, ezen alemanak beren zuloetarik guti dira ilkitzen egunak diraueno. Ongi haziak dira: ekartzen diete, egunean bitan, urrunxeago antolaturik, salda, haragia, arnoa eta kafea; tabakoa ere badute ausarkian pipatzeko.

Baina gauaz bertzerik da, orduan baitira alemanak agertzen eta jazartzen. Beraz gure soldaduek ernerik egon behar dute beren erreketan; lokartzen badira ere, xixpa eskuan behar dute, zaintzaileen lehen oihuan berehala tiro egiteko. Ezen laster egin behar da, alemanen eta frantsesen errekak maiz ehun eta berrogeita hamar metrotan baitira elkarretarik.

2. Britainiarren (goian) eta alemaniarren (behean) lubakiak aurrez aurre. Mendebaldeko Frontea, 1916.

Jainkoak begira erreka horietarik kanpo burua ager, ikusteko zer gertatzen den inguruetan; laster etorriko da tiro bat eta tiro horrek bakan huts eginen du agertu burua. Badira tiratzaile hoberenetarik xoko zenbaitetan gordeak holakoei frogatzeko ez dela on inguruetako berri sobera jakin nahi izatea.

Bi euskaldunek egun hauetarik batez frogatu dute hori; joak izan dira buruan. Eta nahiz kolpe gaitzak zituzten, bizkitartean sendatu dira biak. Harritua, medikuak omen zioen euskaldunek ez dituztela bertzeek bezalako buruak.

Ez uste izan erreka horietan neke dela egotea euria delarik. Gainetik egina zaie aterpe bat, euritik gerizatzeko. Bertzalde badute ere zolan urarentzat isurki bat, zangoak ez daitezen busti.

Erreketan egotea ez litzateke hain neke lo egiten ahal balitz. Lo eskasa da hor izugarri. Horra zertako hor egoteko aldizkatzen diren soldaduak. Bizpahiru egunen buruan maizenik, ilkitzen da erreketarik bertze batzuei toki horren uzteko eta bigarren lerrorat joateko. Bigarren lerro horretan arrisku gehiago ba omen da, han agerian delakotz, eta etsaien kanoiek harat errazki igortzen baitituzte beren ukaldi izugarriak.

Hor ere zenbait egun egoten da, eta gero urrunxeago joaten, puska bat deskantsatzerat. Hola soldaduak ez dira soberarik nekatzen, eta berriz itzultzen direnean erreketarat, aski ongi deskantsatuak heldu dira.

Oraingo gerlako molde berria hori da. Nork iraun lezake bertzela, eta bereziki nork iharduki oraingo tresna izugarriekin? Horretarik heldu dira horrenbertze egun dirauten gudu luzeak. Lehenago bezala xutik eta agerian baleude soldaduak, laster bururatuak lirateke guduak. Ez litzateke oren anitzik behar armada osoen suntsitzeko. Horra zertako baziren uste zutenak gerla honek ez zezakeela iraun bizpahiru aste baino gehiago. Baina orain erran dizuegun molde berri horrekin ageri da iraun dezakeela luzaz. Non ez duen Jainkoak zerbait hor egiten, gure gizonen laster itzularazteko beren etxeetako lanetarat!

3. Soldaduak lo, batek guardia egiten duen bitartean.
Cheshire erregimentu britainiarraren lubakia, Somme, 1916.
4. Soldadu frantsesak beren lubakietan.
“Erreketan”, Eskualduna astekaria, 1914-11-13, 1. or.

IKUS HAU ERE

  1. Bundesarchiv, Bild 136-B0560 / Tellgmann, Oscar, , via Wikimedia Commons.
  2. No. 10 Squadron RFC, , via Wikimedia Commons.
  3. Via Wikimedia Commons .
  4. Bain News Service, , via Wikimedia Commons.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper