NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

LEHEN EGUNAK, LEHEN GUDUAK

Jean Elizalde “Zerbitzari” (Azkaine, Lapurdi, 1883 – Lekorne, Lapurdi, 1961)

Jean Elizalde “Zerbitzari” 14ko gerrako berri-emailerik leialenetakoa izan zen Eskualduna astekarian. Erizain jardun zuen frontean, zaurituak artatzen eta ebakuatzen, eta aipamenak jaso zituen eginkizun horretan erakutsitako ardura eta ausardiagatik. Lehenengoa, 1917ko maiatzaren 21ean, hil horretako 5ean eta 6an «su bortitzenaren azpian zaurituei artak» emateagatik. Bigarrena, 1918ko apirilaren 13an, urte horretako martxoaren 26tik 30era Mont-Renaud-eko guduan «zaurituak lehenbailehen ebakuatzeko ekimenik handiena» erakutsi zuelako, «arrisku handiko sorospen-postu batean». Hurrengoa, 1918ko abuztuaren 7an, berriz ere bizkor jokatzeagatik eta zaurituak artatzeagatik «bonbardaketa eta tiroketa bortitzenen azpian». Gerla bururatu eta lau egunera, 1918ko azaroaren 15ean, azken aipamena eta gurutzea ukan zituen. Pirinio Atlantikoetako artxiboko erregistro militarrean jasota geratu da arrazoia: «Bere burua eskaini zuen lehen lerroan eroritako ofizial baten gorpuaren bila joateko, kide batek lagunduta; ausarki bete du bere egitekoa etsaiaren suaren pean eta egoerarik arriskutsuenean”. (1) Hemengo pasarte hau gerra amaitu eta hamarren bat urtera idatzi zuen.

Testu mota: Memoriak

Garaia: 1914-1918

Atala: Historia

Gako hitzak: Lehen Mundu Gerra

1. Baionetekiko erasoa (prentsa-argazkia). Agence Meurisse.


[…] Agorrilaren hogeita hiruan etorri zitzaion manua, eta berehala zabaldu zen landa handi batzuetan. Fontaine-Valmont delako herrixkan gelditu ginen geroni, elizaren inguruetan, xixpa puntaraino kargatua, nor nondik agertuko zen. Thuin begien bistan genuen eta jada hango karriketan tiro bakar batzuk adi zitezkeen. Ez zen oraino lotsatzekorik. Irri egiten genien ere, han nonbait, airean zapartatzen ziren aleman obus batzuei.

Irriak sartu ziren haatik bet-betan txara batetik gainerat etorri zitzaigun tiro parrapatarekin! Hain xuxen, largabistak begietan, xoko batean xutik zegoen kapitain bat, tiro batek kopetaren erdian atzemanik, zabal-zabala erori zen, hila, doi-doia oihu bat eginik: “Haurrak, gorde ongi!”. Berrogeita Hamazazpigarreneko lehen hil maitea, geroztik gure ondoan hil diren aitzindari eta soldadu gutiz-gehienen izenak ahantzixeak baldin baditugu, zurea sekula ez dugu ahantziko: beti odolezko hitzez nonahi gure begiek eta gure bihotzak irakurriko dute: Constans!

Constans kapitaina erortzen ikustearekin, alemanek uste izan zuketen aitzindari guzietan handiena hil zigutela eta lotsatuak ginela. Kantuz eta irrintzika txarako zuhaitz guzien gibeletik ateratzen ikusi genituen guri buruz abiatzeko, beren kapela gris marra-gorriekin. Gainerat igorri genien ximixtarekin, ez ziren nahi baino lasterrago sartu berriz beren txaran! Horrela egiten dira gerlako aprendizgoak.

Guk ere arratsalde hartan egin behar genituen!

Gure koronelari iruditu ote zitzaion txara hartan ez zela aleman anitz? Ez dakigu. Bortzgarren konpainiari manatu zion beti zihoala baionetekin txaratik alemanak fueratzerat! Gure lagun gaixoak abiatu ziren eta alemanetarik berehala ukan guk doi-doia emana genienaren ordaina: tirokaldi bat ikaragarria.

Jo handik, jo hemendik, alemana aitzinatzerat ez uzteko gure botere guziez bermatu ginen oro, handik goiti, eta arratsalde apalak leku bertsuetan atzeman gintuen, elkarrengandik bizpahiru ehun metrotan.

Gauari geunden loriatuak, ilunari esker txaran sartuko ginela ixilka eta alemanei emanen geniela oroitzeko ferekaldi bat. Gerla ez da zatika egiten: ez da zatika egin behar. Lan onik egitekotz, ez da bakoitza bere alde bermatu behar: orok bat eginez ere, bada zer egin. Aitzindari handiek jakinarazi ziguten beraz ez genezan txara haren aitzinean bertze denborarik gal eta emeki-emeki egin genezan gibelerat. Zer errabia beltzak hartu gintuen oro! Baina manatua bete behar! Lehenik lauzpabortz, gero bospasei, han-hemenka elkar laguntzeko itzuliz, abiatu ginen beraz Beaumont deitu herrixkari buruz. Gauerdirako han behar genuen.

Eta horra non iluna nagusitzerat bezala zihoalarik, gugandik aski hurbil soldadu tropa handi bat ikusten dugun trankilki guri buruz heldu, oraino ezagutzen ez ditugun jantzi batzuetan. Aitzin-aitzinean hiruzpalau gizon alimale Belgikako bandera handi batekin, eta hauetarik batek frantses zerratu ederrez oihu egiten digu:

–Adixkideak, ez gaitzazue gero tiroka!

Gero eta hurbilago genituen: kasik ehun urratsetan. Beharrik orduan norbait ohartu baitzen alemanak zirela! Bildots larruarekin otso haiek gure bandera nahi ziguten oharkabean ebatsi! Kukuak makur jo zien eta, baionetak xixpen puntan, jauzi egin genien gainerat. Gehienak hantxe gelditu ziren lurrean, ahoz goiti. Gehien-gehienak gero! Baina min ederrik egin ziguten haiek ere, eta geroxeago Beaumont hartako karrika bakarrean gure sailak kontatu genituelarik, zer hutsarteak! Sei aitzindari eta laurogeita hamar bat soldadu hilak: bertze hoinbertze kolpatu eta galdu bertzalde. Gerla hasia genuen. gure Berrogeita Hamazazpigarrenaz, baina nola ixilik egon gure lagunen bihotza arratsalde hartan ikusita? Gerla bururatu arte ekintza harrigarri franko ikusiko dugu: harrigarriago guti. Jainkoak nahi izan baitzuen Thuin jada aipatu herri hartako jende gaixo batzuk ondoko egunetan nonbait kausi genitzan, nahi duzue salatzea zer erran ziguten? Hona hitzez hitz: “Bi egunen buruan, alemanak urrunduxe zirelarik, joan ginen gudu ikaragarri hura egin zenuten gunerat. Bidea ez genuen aise iragan: hilez emokatua zen. Xoko batean bi frantses eta bi aleman atzeman genituen beren baionetekin oraino elkarri josiak!”.

2. Lobbes-eko (Belgika) hilerri militarra, 57. erregimentua borrokatutako lekutik gertu.

ELISSALDE, Jean (1995). LVII.a gerlan. [Patri Urkizuren edizioa]. Irun: Alberdania. (6-7).

ERREFERENTZIAK

BIDEGAIN, Eneko (2013). Lehen Mundu Gerra «Eskualduna» astekarian. Iker-30. Bilbo: Euskaltzaindia. (183-184).

IKUS HAU ERE

  1. Source gallica.bnf.fr / Bibliothèque Nationale de France.
  2. http://storage.canalblog.com/20/75/132869/56973667.jpg .

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper