NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

VERDUNGO INFERNUA

Jean Elizalde “Zerbitzari” (Azkaine, Lapurdi, 1883 – Lekorne, Lapurdi, 1961)

Gerla Handiaren lehen egunetan, Jean Elizalde “Zerbitzari”ren 57. erregimentuak Belgikako guduetan hartu zuen parte, Charleroin lehenik, Guise aldean gero. Irail hasieran, Marnera bidali zuten. Handik Andereen Bidera, eta hilabeteak egin zituen Verneuil eta Beaulne inguruan, Craonnetik dozena bat kilometrora. 1916ko udaberri arte egon zen eskualde hartan, geldirik. 1916ko maiatzean, Verdungo guduan borrokatu zen. Gero, zenbait hilabetez pausan egon ondoan, 1917ko maiatzean Andereen Bideko guduan aritu zen, Craonnen. 1918ko martxoan, Noyon (Oise) inguruetan. Abuztuan, Rouy-le-Petit aldera jo zuen, Sommeko guduetara. Handik hamarren bat urtera, Zerbitzarik bere gerra-oroitzapenak idatzi zituen. Urteak pasatuta ere, Verdun aipatzea infernua aipatzea zen apaiz azkaindarrarentzat. (1)

Testu mota: Memoriak

Garaia: 1914-1918

Atala: Historia

1. “Azkena”, Verdun, ca. 1916. Egilea: Jean-Louis Forain.


... [1915eko] Maiatzaren hiruan lau egunen jatekoa eman ziguten eta gauaz gudu tokiari buruz abiarazi. Bide guziak harat eta honat zebiltzan soldaduek zeuzkaten: ez, ez zen erraz ibiltzea. Jada ageri zen nonbait zerbait handi bazela. Non? Laster ikusi behar genuen gure kostuz.

Ez da gure eskuetaratu libururik aski erran duenik zer infernua izan den Verdun. Hamabi egunez gure begiz ikusi dugu geronek, baina ez dezakegu bertzeek baino gehiago erran! Euskarak ez du aski hitz handi eta sarkorrik horretarako! Norbaiten espirituak berak ez dezake-eta asma! Hain xuxen, egun batez, Douaumont delakoari buruz gindoazelarik, bidean buruz buru egin genuen Ibarnegarai jaun diputatu gure adiskidearekin. Hango infernua dastatua zuen jada. Jauzi batez gainerat etorri zitzaigun, besarkatu gintuen eta erran: “To, gaizoa, Jainkoak zaindu hazala!”. Jainkoak zaindu gintuen, ezen hau finka dezakegu, eskuetako bortz eriak juramentu egiteko elkarri loturik: Verdungo infernutik ez da bizi eta oso atera Jainkoak zaindu duena baizik!

Baitira erraten dutenak egungo egunean ez dela gehiago mirakulurik ikusten, gu bezala Verdungo infernuan sartu balira eta handik erre gabe atera, ez litezke hola mintza! Guk eta gure lagun batzuek zango-besoak oraino ukaitea, horra mirakulua!

Gau guzia bidean ibili ginen, nehon gelditu gabe: argia genuen halere gure tokietarat heldu orduko. Argi zabala gero! Batzuk gelditu ziren Tunnel de Tavannes delakoan, bertzeak Fort de Vaux delakoan, gutiz gehienak erreketarat joan haatik. Erreketarat joan? Non ziren errekak? Ez zen nehon bat ageri lur irauli hartan...

2. Soldadu frantsesak erasorako prest, Verdun, 1916.

Manua ukana genuen, harat joatean, zernahirengatik zehe batez gibelat ez egiteko, lekuaren gainean hiltzeko oro, alemanak buruaren altxatzerat utziko genituen baino lehen. Manu bera eman ziguten bizpahiru edo lauzpabortz egunen buruan Thiaumont deituaren aitzinerat igorri gintuztelarik ez dakigu zertako. Obus erauntsi lazgarrienengatik, aire pozoituengatik, jada han eta hemen usteltzen ari zirenen usain ezin jasanarengatik, gose-egarriengatik, ororengatik, ez genuen bururik gibelat itzuli Berrogeita Hamazazpigarreneko gizonek, Verdungo aldia bururatua genuela erran zigutelarik baizik. Laurehun eta berrogei hil han utzirik, joan ginen pausurat. Ehunka kolpatu bertzalde.

Verdunen izan diren soldaduetan bat ez da, gogoz edo bortxaz, bere eginbidea ederki bete ez duenik. Batzuk badira haatik bertzeek baino gehiago egin dutenak. Nola ez aipa euskaldun bat hemen? Etxegoien senpertarra, Axkonatarretarik bat. Donibanen dago egungo egunean, karrikan ikusten duten haurrek kapela kentzen ahal diote lurreraino! Kanoiak garrasika ari ziren batez, mandatari bat galdetu zuten hitz bat norabait helarazteko. Bere burua eskainirik, eta kasik segurki heriotzari buruz zihoala jakinagatik, Etxegoien abiatu zen lasterka. Horra non bide erditarat gabe obus batek ehorzten duen. Lurpetik hats-bahi hamahiru orenen buruan atera zutelarik, aitzindariei badakizue zer erran zien gaizo euskaldunak?: “Barka, otoi, hitz hau ez badut oraino helarazi! Nahi duzue oraino egin dezadan?”. Erran gabe doa ez zutela utzi; baina bai gerizarat nahi bazuen eta ez joanarazi.

Ez dugu menturaz bertze behin soldadu gaskoirik hemen aipatuko, euskaldunekin berekin ukanen baitugu zer erran, baina Camales deitu gure lagun batek merezi du. Mandatu baten norabait eramaterat zihoan hura ere, Etxegoien bezala. Kolpatua da bidean: zangoek ez dezakete gehiago ez ibili ez atxiki. Herrestan helduko da bururaino, odola purrustan doakiola, mandatua doi-doia eginen du eta han berean... hila eroriko! Gaizo Camales!

Hoberenetik ere, soldaduek ez zezaketen luzaz iraun Verdunen: gehienei zainek gaina hartzen zieten, bertzeak zenbait egunen buruko burutik joanarazten zituen egartsuak. Ez daki pairatzea zer den behin ere luzaz edan gabe egon ez denak! Sufrikarioen sufrikarioa, hori da segur! Aise sinetsiko duzue beraz nola atsegin hartu genuen hamabi egunen buruan infernu hartarik atera ginelarik!

Ligny-en-Barrois herri polit bat da eskualde polit batean. Harat eraman gintuzten pausatzerat, eta han iragan genituen hogei egun goxo. Arrats gehienetan inguru guzietako euskaldunak elkarretaratzen ginen, elizan elizkizun maite zenbait eginik, gero bi mus partida ostatuan egiteko.

ELISSALDE, Jean (1995). LVII.a gerlan. [Patri Urkizuren edizioa]. Irun: Alberdania. (39-45).

3. Soldaduak Verdungo hiriaren hondakin artean (prentsa-argazkia). Agence Meurisse.
4. Bras-etik Belleville-rako bidea Verdun inguruetan (prentsa-argazkia). Agence Rol.

ERREFERENTZIAK

(1) BIDEGAIN, Eneko (2013). Lehen Mundu Gerra «Eskualduna» astekarian. Iker-30. Bilbo: Euskaltzaindia. (183).

Irudiak

  1. National Gallery of Art, via Wikimedia Commons .
  2. Collection DocAnciens/docpix.fr. Wikimedia Commons.
  3. Source gallica.bnf.fr / Bibliothèque Nationale de France.
  4. Source gallica.bnf.fr / Bibliothèque Nationale de France.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper