NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

GERLARIEN BERRI

Kronikari anonimoa

Gerra-kronikariek bidalitako albisteetan leundu egiten zen lubakietan gertatzen ari zena: ez zen komeni etxekoek edo beste fronte batean ari ziren soldaduek egia jakiterik. Eskualduna astekarian argitaratutako berrien artean ere oso gutxik dute hemen aurkezten dugun honen gordintasuna. Andazain batek idatzia dirudi, eta zaurituak lubakietatik eritegietara nola garraiatzen dituzten kontatzen du.

Testu mota: Kronika

Garaia: 1914-1918

Atala: Historia

Gako hitzak: Lehen Mundu Gerra

1. Britainiar andazainak soldadu zauritu bat ebakuatzen atzitutako lubaki aleman batetik. Sommeko bataila, 1916ko irailaren amaiera. Argazkia: Ernest Brooks.


EskualdunaEskualduna, 1914ko urriak 20

... Egun gure kolpatu gaixoetarat nahi ala ez lerratzen zait ene solasa. Haietarik anitz ikusi dukezu. Gogoratu ote zaizu nola mirakulu jinak diren hemendik horrat?

Goazen haste-hastetik.

Kolpatu guziak ez ditugu guk biltzen. Anitzek beren burua berek ezartzen dute toki seguruan.

Kolpatu batek lekua husten du zalu, zangoak batere on baldin baditu: zerbait senti dueneko, berak ez dakielarik oraino xuxen zer duen, laster egiten du handik aldaratzeko, egin ahala urrun, herrestan baldin bada herrestan, eskuekin bermatuz aterpe bat atzeman artio, oihan zoko bat, bat, pezoi baten malda zerbait, hots, arrisku handitik begiratzeko on daitekeenik. Hain urrun ezin higi daitezkeenak, gudua ari deno agertzeak berak arrisku handia duelakotz, han berean kokatzen dira, arroila handi tranchée direlako haien barnean etzanik.

Bataila handi bat oraino karraskan ari zelarik, abuztuaren 29an, arratsari buruz ikusi nituen kolpatuak tropaka bide handirat ateratzen zoko guzietarik. Zangoak on zituzten oraino gehienek; baina baziren franko zangoak herrestan zerabilzkitenak, sarraski izugarri batzuetarik odola zeriela, guziak galdez urrun zenetz lehen hiria, urrun zenetz burdinbidea. Halakoak heltzen dira berak.

Baina zenbat bertze kolpatu handi hezurrak xehaturik han daudenak ezin higituz, oihuka, nork altxatuko dituen! Haiekin dira lanak, ez baitaiteke hurbil guduak diraueno. Oraingo gerlan ez da behar nehola ere agertu, azken beltzean baizik, hil edo bizi zenbait urrats baitezpada behar direnean irabazi; kanoien eta balen zalaparta izugarriaren barnetik ez litezke bizirik atera kolpatuen altxazaleak eta kolpatuak.

Zer egin beraz? Gauari beha egon. Gauazko guduak ere badira, bet-betan egiten diren oldar handi batzuk; baina bataila handiak orain artio egunezkoak ikusi ditugu; iluntzean erauntsia nolabait eztitzen da. Orduan da kolpatu ezinduen biltzea, eta batzuetan gau osoa ez da aski. Gure eskualdean egin dugun azken indar handian 700 kolpatu baziren biltzeko; goiz alderat oraino zenbait gelditzen ziren, langile guziak ez baitziren xuxen helmenean, toki berean; ez behar ere. Azken kolpatuen altxatzen ari ginelarik gudua berriz hasi zen burrunban, baina laster berriz eztitu; anartean ahal bezain ontsa gorderik egon ginen lurpean.

Gure laguntzeko badugu gurekin zakur beltz handi bat. Kolpatuen sentitzeko sudur ona omen du biziki. Bi mila liberaz goiti kostatua, arras jendekina, buru ona biziki; elea du eskas. Baina lan guti egin du orain artio; gurekin jostatzen bai, gu etzan eta hark poliki burutik kepia jalgi eta ekar aitzindari bati, eta holako; egiazko lanean ez da haren beharrik. Bertzalde, kanoien txistua biziki partida du.

“Brancard” batean etzanik daramagu kolpatua, hurbilerat bi gizonek eskuetan, urrunago lauk sorbalda gainean, medikuek berehala arta dezaten han berean eta ikus urrunago joateko on denetz. Ospitaleak badira han berean, ahal bezain hurbil, etxe kalamastra handi zenbait, eskola, gaztelu zahar, eliza; oro han etzanik lastoaren gainean ezartzen dituzte. Lotura bat ona egin, xorta bat edan, eta bota karrosetan, bidea baldin bada, bati buruz.

Bide onik ez denean, bi, hiru egun egon behar hantxe etzanik, esku-orga ttipi batzuetan banazka behar direlakotz eraman, batzuetan biziki urrun. Sei, zazpi orenetaraino egin dute anitzek, hilinki-halanka, oihan-bide tzar batzuetan, hiru edo lau gizonek orgaxka ahal bezain eztiki erabiliz. Orduan dira minik handienak, sukarrak erretzen dituelarik, trenerat ezin helduz; arras guti arrangura; kasik batere; oro isilik, baitakite ez dela bertzerik egiten ahal. Afrikar soldadu arabe horiek dira pleini gehienik, beti zinkurinka. Alemanak ere bai. Sufritzeko nagusi gara kuraiaz guziei.

Gara baterat helduz gero, behar dituzten artak seguruak dituzte; orain bederen. Lehen egunetan bertzerik zen, burutziarik ez zitekeen egin. Ehunka bagenituen bizpahiru gauez, eta beti heldu, oinez, karroz, beribilez, orga alimaleko batzuetan, idi eta zaldiek tira ahala goizeko bi orenetan, beti heldu sekula baino gehiago. Eta, futxo, ezin utz han; kokatu behar trenetan, berehala tokia husteko. Zer gauak!...

2. Zauritu bat garraiatzen belaunetarainoko lokatzetan. Pilckmengo bataila, Belgika, uztailak 31-abuztuak 2, 1917.
Argazkia: John Warwick Brooke.
3. Zauritu bat garraiatzen Verdungo frontean (prentsa-argazkia). Agence Rol, Verdun, 1916.
4. Zauritu bat garraiatzen Verdundik gertu (prentsa-argazkia). Agence Rol, Verdun, 1916.
“Gerlarien berri”, Eskualduna astekaria, 1914-11-13, 1. or.

Irudiak

  1. Via Wikimedia Commons .
  2. Via Wikimedia Commons .
  3. Source gallica.bnf.fr / Bibliothèque Nationale de France.
  4. Source gallica.bnf.fr / Bibliothèque Nationale de France.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper