NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

VERDUNGO BERRI

Jean Elizalde “Zerbitzari” (Azkaine, Lapurdi, 1883 – Lekorne, Lapurdi 1961)
Jean Saint-Pierre “Anxuberro” (Milafranga, Lapurdi, 1884 – 1951)

Verdungo gudua Lehen Mundu Gerrako luzeena izan zen, 1916ko otsailaren 21ean hasi eta abenduaren 19ra arte luzatu zen. Odoltsuenetakoa ere bai, Sommekoarekin batera. Milioi laurden bat hildako eta milioi erdi bat zauritu utzi zituen, elkarren aurka lehiatu ziren soldadu frantses eta alemanen artean. Guduaren erdian, handik itzuli berriak zirela, Jean Elizaldek eta Jean-Saint Pierrek ikusitakoaren berri eman zuten 1916ko ekainaren 9an Eskualduna astekarian argitaratutako kronika luzeetan. Hango bi pasarte labur ekarri ditugu hona.

Testu mota: Kronika

Garaia: 1914-1918

Atala: Historia

1. Fleury-devant-Douaumont herria (Meuse, Frantzia), 1916ko ekaineko konbateetan erraustua.


FLEURY DEITZEN ZUTEN HERRIXKA XURI POLLIT BATEAN

Jean Elizalde “Zerbitzari”

Gure ametsak…

Ez nuke haatik juramentu egin nahi batzuek eta bertzeek ez dutela beren lo gozoan ametsik egiten.

Nahi eta ez noizbait gogorat etorri behar dute Verdunen ikusi ditugunek: lurra hala itzulia, iraulia hainbertze eremutan, non begiak heda ahala ez baitute belar ondo bat ikusten; oihanak hala zirtzikatuak, non dudatzen baituzu sekulan arbola ondo bat ere izan den han; herrixkak eta herriak hala erroz gora emanak non harri meta bat baizik ez baita gehiago ageri, etxe orde….. Baina gure ametsetan gehienik ikusiko duguna da naski hauxe: Fleury deitzen zuten herrixka xuri pollit batean, Douaumont delakotik hurbil, emazteki gaztexko bat jarria, hamar bat hilabeteko haurra besoetan, hila; eta urrunxeago, bi gizon zahar, elkarri lotuak eskua eskuan adio errateko bezala, hilak haiek ere…

Ez, holakoak ez daitezke ahantz.

LURRA HARAT-HONAT DABIL

Jean Saint-Pierre “Anxuberro”

Ez da gehiago pezoin arterik hor gaindi, lurra iraulia da gau eta egun, bazter guzietan zulokatua. Alimaleko zulo haietan gordetzen da gizona. Baliteke bakoitzaren barnean hamabortz zaldiren tokia. Lurra osoki errea, biluzia, larrutua, belar ondorik gabe. Oihanak eta oro irentsiak, xehakatuak, egur kozkor hondar batzuk han-hemenka…

Laztura batek hartzen du gizona hor sartzean, obusen harramantza izugarriak inarrosten dituelarik bazter guziak. Sar zulo batean. Ez dakizu noiz artio iraunen dizun zure aterpeak. Orobat bertze zulo batek irentsiko du zurea, obus handi bat aldean erortzearekin: ezen lurra harat-honat dabil, itsasoko ur handien pare, atzemanak oro uzkailirik ehorzten dituela.

2. Obus erauntsiaren aztarnak Douaumontetik gertu, 2005.
Eskualduna, 1916ko ekainaren 9a, 1. eta 2. or.

IKUS HAU ERE

BIDEGAIN, Eneko (2013). Lehen Mundu Gerra «Eskualduna» astekarian. Iker-30. Bilbo: Euskaltzaindia.

Irudiak:

  1. Le Pays de France, 1916ko uztailak 6.
  2. Oeuvre personnelle, via Wikimedia Commons.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper