NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

GERLAKO ALBISTEAK ASTEZ ASTE

Jean Saint-Pierre “Anxuberro” (Milafranga, Lapurdi, 1884 – 1951)

Gerla Handia hasterako Eskualduna astekaria errotua zegoen Ipar Euskal Herrian, zazpi mila ale saltzen zituen astean. 1914tik 1918ra, bestelako ehunka artikulurekin batera, frontean zeuden soldaduen kronikak ere argitaratu zituen, haien artean hiru idazlerenak, Jean Etxepare medikuarenak, eta Jean Elizalde “Zerbitzari” eta Jean Saint-Pierre “Anxuberro” apaizenak. Hain zuzen ere, azken honek idatzitako kroniken pasarte batzuk dakartzagu hona.

Erizain gisa hasi zuen Saint-Pierrek gerla, euskaldun asko biltzen zituen Baionako 49. erregimentuan, baina laster sarjentu ezarri zuten. Frontetik bertatik idazten zituen, beraz, bere kronikak: “Kanoi hotsaren artetik, karrikarte zoko batean, lursagar zakuen gainean jarririk, idazluma tzar bat hortz artean marruskatuz, soldadu lagunen berriak eta haien etxekoen arrangurak hausnartu ondoan, zarra-zarra, paper mutur baten gainean bere artikuluak zirrimarratzen zituen”. (1)

1918ko martxoan zauritu eta preso hartu zuten alemanek, eta Limburgeko hirian atxiki zuten urte bereko azaroaren 11n gerla bururatu arte.

Testu mota: Kronika

Garaia: 1914-1918

Atala: Historia

Gako hitzak: Lehen Mundu Gerra

1. Lehen Mundu Gerrako irudiak.


(Milafranga, Lapurdi, 1884 – 1951)

Hil ehorzte bat (1915-01-29)

Egun hauetan gertatua. Toki hauetan alemanen eta frantsesen artean baziren bospasei soldadu, frantsesak, hantxe erori berriak, hil gogor zetzanak.

Alemanek igorri zieten frantsesi letra bat, harri bati estekaturik, airez aire, errekara, jin zitezen beren lagunen ehorztera.

Frantsesak ez ziren fida, gisa horretako zakurkeria franko eginik baitaude gure etsaiak, gerla hasiz gero. “Ez gara agertuko —diote frantsesek—. Ager lehenik zuek, eta jalgi guziak kanporat!”

Alemanak ateratzen dira. Halarik ere gure aitzindari batek erraten die, oraino gorderik: “Tiro eginen duzue! Beti gezurrez ari zarete”. “Ez, ez, ez. Ez dugu tiro eginen. Zatozte deskantsuan”.

Bi gizon badoaz, pala eta aitzurra bizkarrean. Alemanek ere beste bi manatzen dituzte eta laurek elkarrekin ehorzten dituzte gure hilak, bertze soldadu guziak xutik daudelarik, buru-has, ixilik.

Lana egin ondoan, itzuli ziren zoin bere tokirat. Egun hartan ez zen tirorik entzun erreka haietarik. Hilek eman zieten biziei zenbait orenen bakea.

Ez litzateke behar horrengatik sinetsi noiznahi eta nonahi gertatzen direla gisa horretako solasaldiak. Ez behar ere. Etsaiak adiskidetuko balira guduaren tokian, anitzek ez lukete behar orduan bihotzik gehiago gerlako lan izugarriari buruz. Galduak lirateke berak, eta haiekin beste franko.

Jatorrizkoa, hemen.

Emazteak soldadu (1915-03-05)

Ingelesen armada azkartuz doa.

Ingelesak alemanen kontra herra izugarrian daude. Lau mila emazte ingeles sartu dira armadan: , karrosa, posta eta holako zeretan. Azken urte hauetan kalapita ederrik altxatu dute Ingalaterran emazte batzuek diputatuen izendatzeko bildu nahiz; haietarik omen dira oraingo horiek.

Jatorrizkoa, hemen.

2. Emakumeak munizio-fabrika batean Chilwell-en (Nottinghamshire, Ingalaterra) 1917an. Argazkia: Horace Nicholls.

Arratoiak (1915-6-18)

Arratoiz eta saguz bazterrak beteak ditugu. Ez dute holako festarik egin aspaldian, eta bizkarra leun darabilte. Bat garbitu bezain laster, bertze bat ikusten dugu zulotik ateratzen. Alemana iduriak dira, hots, , bai eta ere okaztagarriz”.

Jatorrizkoa, hemen.

Gerlako hilarriak (1915-11-19)

Hilen asteak hilen oroitzapena dakarke beti, baina aurten sekula baino sarkorrago. Familia guti dago, gerla izugarri honetan hurbilekoetarik nor edo nor galdu gabe gelditu denik. Beren herriko hilerrietan itzuli bat egitearekin, igande goiz guziez, hain ederki egiazko euskaldun guziek egin ohi duten bezala, gogoa hemen gaindi darabilte gehienek, urrun, gerla toki hauetan, begiz ikusi nahi lituzketen hobien inguruetan.

Jatorrizkoa, hemen.

3. Notre-Dame-de-Lorette-ko hilerria. Prentsa-argazkia [Agence Rol].

Oinaze handiena (1916-06-09)

Bertze arrisku guziak ahanzten dira, egarriak gizona beretu duenean: bertze guziak deus ez dira oinaze izugarri horren aldean.

Euriari oihuz zegoen soldadua bi egunez: euria jinik azkenean, ontzi bat ezar zuloaren [lubakiaren] izkinan, eta hartarik hurrupa bat, zer gozoa! Bertze batzuek aterpetzat dugun oihal hartan biltzen zuten ur xorta bat, eta gogotik edaten.

Euria gelditu zenean, zenbaitek edan dute zuloen zolan ur lohitsu zikin bat, azken ezinbertzean.

Jatorrizkoa, hemen.

Aireplanoak (1915-04-16)

Aireko gerla da ikustekoa. Badabiltza gero eta gehiago txori-gizonak.

Apirilaren lehenean, ortzegun sainduz, goizean goiz agertu zitzaizkigun bizpahiru aireplano alemanen lerroetarik.

Gibeleko herrien gainerat jaurtiki dituzte beren bonbak. Bat ikusi dut erortzen urerat. Bi arrain hil ditu. Hainbertzenarekin gure kanoiak hasi zaizkio tiroka.

Gure txori-gizonak ere noizbait iratzarturik airatu dira, eta alemanari buruz abiatu. Ez nuen behin ere ikusi oraino halako oldarrean aireplanoa. Frantsesa ordu berean alemanaren ondoan zen: alemana ihesari eman da, bere lerroetarat iragan nahiz. Frantsesa bazterretik aitzindu zaio, bidearen hesteko alemana entseatzen da behetik: frantsesa heldu zaio gainerat, iduri xehakatu behar zuela oldarrean, eta tiro batez gidari alemanari izterra hausten dio. Aleman aireplanoa lurrerat doa, frantsesa ondoan itzulika, belatza txoriaren inguruan ari den bezala. Zer oihuak orduan bazter guzietarik!

Goizeko zazpi orenak ziren. Alemana bizirik zegoen oraino. Galdatu diote zeren ondotik zebilen hain goizik. Gure kanoi handi bat nondik ari zen ikusi nahia zuen aspaldion, eta hain xuxen goiz hartan lekua kausiturik zihoan. Bere paperean ezarria zuen xuxen gure kanoiaren tokia.

Doala orain erraterat alemanei.

Jatorrizkoa, hemen.

4. Amerikar metrailadoreek jaurtitako CL.III A aireplano alemana. Argonneko eskualdea, Frantzia, 1918-10-04.
Argazkia: Pvt. J. E. Gibbon.

Craonneko-herria. Maiatzaren 4a (1917-05-18)

, herri guzia behar genuela guretu, eta jauzian gaineko ordoki hartara heldu. […]

Bagenekien menturazko lan bati lotzera gindoazela, ezdeus batek hausten ahal zigula gure oldarra. Baziren alabaina gizonak patar hartan, baziren metrailetak, baziren eskuinetik kanoiak, eta gero, gain hartan, zeri buruz ote geunden?

Bagenekien bertzalde geroko lan guzien gakoa horretan zela. Ez baginen heltzen, ez zela gibelera jiterik, oro sekulako patarrean etzanik egonen ginela. Errana zen, hitzemana zen, egin behar zen.

Arratsaldeko sei orenetan atera ginen oro betan, sei gizon lerro, orok iduri gizon bat, urrats berean, hats berean, hain zalu non etsaiaren gainerat helduak baikinen ohartzeko astia utzi gabe. Gure kanoi ttipien erauntsiak irekitzen zigun bidea, eta hain hurbildanik josiak geunden gure kanoien obusei non gutarik asko erauntsiaren barnean sartuak baitziren, etsaiari oldartzeko oraino harritua zegoen arte hartan.

Ez dut egundaino deus ederragorik ikusi gure gizonen igate hori baino. Erran digute geroztik gure jeneralei negarra jauzi zaiela begietara, beren soldaduak ikustearekin, oro hain xuxen zoin bere lerroan, oro airean zeramatzala gain hartara heltzeko lehiak, batzuk xutik armari bermatuz, bertzeak zango eta besoei, pinu xehakatuen erroei lotuak, beti gorago…

Jatorrizkoa, hemen.

Bihotzean ausiki samina (1919-07-04, Alemanian barna preso-esparrurantz daramatela, zaurituta)

Gau ilunean harrituak gindoazen, bazter guziak sutan zeudelarik, lantegia lantegiari jarraikitzen zitzaiola, eta hiria hiriari.

Alemaniak nondik ote zituen holako indarrak mila gogoeta eginik baikeunden, orain ikusten genuen: horra beraz Alemaniaren bihotza, horra labetegiak, horra non zituen moldatzen, lan ikaragarrien kostura, bere kanoi alimaleak, bere burdineria, bere infernuzko tresna beltzak.

Zer gizonketak lanean, zer harrabotsak, zer hiriak! Bortz hiri, lerro-lerro berrehun mila jendez goiti bakoitzak dauzkala eta bertze asko, orotara bi milioi jende, burdinarekin eta ikatzarekin borrokan trenetik ageri baitziren, erdi biluziak, suaren eta lanaren sapa bortitz hartan!

Gure begiez halakoen ikustea amets lazgarri bat bezala zitzaigun. Gauaz egiteko bidea zen, Alemaniaren berri jakiteko. Gudu tokian bezain ontsa orduan ikusi genuen zer hatsean Alemania bermaturik zegoen garaitzeari buruz.

Bihotzean ausiki samina egin zigun lantegi horien hedadura gaitzak, lau-bortz orenen bidean.

Azkenean bazterrak eztitu ziren eta isildu: iparreko bidea utzirik, eguzki aldera bihurtu ginen, handik laster Münster hirian jausteko.

Ortutsik iragan nintzen hango karrika ederretan gaindi; bazen begien asetzekoa, ilargi zuri baitzen, eta jauregi ederrak bazterretan: baina holakoek ez dute balio pipa bat tabako, tripa sekulako kurrinketan ari delarik.

Gehiago dena, lagunei ezin jarraikiz, ahulegiz eta zangoaren minaz, bide-hegian jarri nintzen azkenean. Soldadu aleman bat banuen nirekin. Erran nion ez zuela zeren oihurik egin; ezinbertzea nuela. Ez nuela gehiago urratsik eginen. Oren laurden bat auzitan eman genuen, hura oihuz, Los, los, higi nendin handik, eta ni aldiz xutik, urrats bat egin eta jar.

Jatorrizkoa, hemen.

ERREFERENTZIAK

(1)XARRITON, Piarres (2003). Jean Saint-Pierre “Anxuberro”. Bidegileak bilduma. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia. (13).

IKUS HAU ERE

Jean Saint-Pierre “Anxuberro” Susa argitaletxearen “Literaturaren Zubitegia” webgunean

Irudiak

  1. User: Hohum via Wikimedia Commons.
  2. Via Wikimedia Commons.
  3. Source gallica.bnf.fr / Bibliothèque Nationale de France.
  4. U.S. Armyderivative work: Keraunoscopia, , via Wikimedia Commons.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper