NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

GERRA, JOAN-ETORRIKO BERDINTASUN EGOERA

Arantxa Elizegi

Testu mota: Artikulua

Garaia: 1914-1918

Atala: Historia

1. Emakumeak Women’s Army Auxiliary Corps delakoan parte hartzera animatzen dituen kartela. Erresuma Batua, Lehen Mundu Gerra.


GERRA, JOAN-ETORRIKO BERDINTASUN EGOERA

Gizonak frontean egonik, ‘haienak’ ziren lanak hartu zituzten emakumeek, baita boto eskubidea lortu ere.

 

«Britainia Handian askok argudiatzen zuten emakumeek ezin zutela bozkatu haien garuna gizonezkoena baino txikiagoa zelako eta, beraz, bozak iritsitakoan ez zirelako aukeratzeko gai izango. Esaten zuten haien fisiologiak agintzen zuela —haurren zaintzak, hilekoak, erditzeak eta menopausiak— eta, ondorioz, tarteka burua galtzen zutela»; hala dio Diane Atkinsonek, idazle eta historialari britainiarrak. Argudio horiek berak edo oso antzekoak erabiltzen zituzten Lehen Mundu Gerra aurreko edozein herrialdetan; izan ere, sufragisten mugimendua 1900 inguruan jaio bazen ere, herrialde gehienetan emakumeek ez zuten boto eskubiderik izan gerra bukatu arte. «Sufragisten mugimendua ez zen ongi ikusia. Jendea mehatxatua sentitzen zen, emakumearen betiko testuingurutik ateratzen zirelako», azaldu du Atkinsonek. Hain zuzen, gerrako urteetan egindako lana saritu eta barne gatazkak saihesteko balio izan zuen emakumezkoen boto eskubideak. Britainia Handian, esaterako, 1917tik aurrera 30 urtetik gorako emakumeei onartu zieten eskubide hori. AEBetan ere, garaitsu horretan aukeratu zuten lehen emakumezko ordezkaria, Jeannette Rankin, errepublikano feminista eta bakezalea. Alemanian ere gerraostean eta ezkerraren ekimenez onartu zieten emakumeei bozkatzeko eskubidea, argudiatuz «gizartea baketzeko» balioko zuela.

Mugimendu sufragistaren atzean bi mugimendu nagusi zeuden: bata, gerraren aldekoa eta gobernuaren babesa zuena, eta bestea, bakezalea. Azken horretako kide zen Aletta Jacobs herbeheretarra. Hark antolatu zuen Emakumeen Nazioarteko Biltzarra Hagan, 1915ean. Bertan parte hartu zuten hamabi herrialdetako milatik gora emakumek, eta gehiago izango ziren, ordezkari britainiarrei herrialdetik irteten utzi izan baliete.

Behin-behineko askatasuna

Gerrak gizarteko alor guztiak irauli zituen, baita ordura arte ontzat ematen ziren rolak ere. Gizonak frontean egonik, norbaitek egin behar zituen haienak ziren lanak —soldata erdiaren truke bazen ere—. Britainia Handian, esaterako, gobernuaren esku geratu ziren munizio lantegi guztiak, eta haietan emakumeak ziren nagusi. Orotara, gerrak iraun zuen lau urteetan 1,6 milioi emakume aritu ziren lanean gobernuarentzat, gehienak arma lantegietan.

2. Emakumeak munizio fabrika batean. Chilwell, Nottinghamshire (Ingalaterra), 1917.
Argazkia: Nicholls Horace.

Bakanagoak, baina izan ziren frontera joan zirenak ere. Haien artean nabarmentzekoa da Flora Sandes britainiarra, zeina Serbiako armadako komandante izatera heldu zen, Britainia Handia lotsagarri utziz. Izan ere, Londresek bere fabriketan soilik nahi zituen haiek, eta ez frontean gizonekin batera borrokatuz. Izan ziren emakumezkoen batailoiak ere. Horietako bat, Maria Botxkarevak zuzendutakoa. Hark 2000 emakumez osatutako batailoia sortu zuen Errusiako armadaren barnean, borrokarako unean gizonak lotsarazi eta errazago garaituko zituzten argudioarekin.

Itxurazkoa eta epe laburrekoa izan zen, hala ere, askatasun egoera hura. Gerra amaitu orduko, herrialde gehienetan lehengora itzuli ziren emakumeak, alegia, ikusezintasunera. «1931rako, etxetik kanpo lan egiten zuten emakumeen kopurua gerra aurrekoaren parekoa zen», azaldu du Joanna Bourkek, Londresko Unibertsitateko historia irakasleak.

ELIZEGI, Arantxa (2014ko otsailak 23). Lehen Mundu Gerra, 1914-1918. Min handia. Berria, 16. or.

Irudiak

  1. © IWM (Art.IWM PST 4881)
  2. , via Wikimedia Commons.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper