NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

ESKOZIAN ZER BERRI

Juan Bautista Bilbao “Batxi” (Arratzu, Bizkaia, 1887 – Bizkaiko golkoa, Atlantikoa, 1916)

Juan Bautista Bilbao “Batxi” oso gazterik, hamaika-hamabi urte zituela hasi zen txo edo “mutil-txiki” lanak egiten itsasontzietan. Lehen Mundu Gerraren garaian, ontziko “maiordomo” edo hornitzailea zen. Gerra hura irabazpide bikaina izan zen Bizkaiko ontzi-konpainientzat, batekin eta bestearekin trafika baitzezaketen neutraltasunaren banderapean. Baina itsasoan zebiltzanentzat, handia zen arriskua. “Ez dago egunik ontziren bat hondora ez doanik, alemaniarrek ipiniriko mina batek jota”, idazten du Batxik 1914ko irailean. Hurrengo urte osoa portuz portu eman ostean, Euskal Herrira batere etorri gabe, bere ontziak mina aleman bat jo zuen La Pallicetik 40 miliara, 1916ko urtarrilaren 16ko goizean. Lezama y Cía konpainiako Bayo ontzian zihoazen marineletatik bakarra salbatu zen, pilotua. Seguru aski, Batxi bere gelan harrapatu zuen eztandak, ohetik jaikita, irakurtzen edo idazten. Hala egoten omen zen egunero goizeko seietatik bederatziak aldera arte. 28 urte zituen eta hiru alabaren aita zen. Batxiren kronikak Euzkadi egunkarian eta Napartarra astekarian argitaratu ziren, lehenbizikoan gehienak. Idazle oparoa, 1913ko abendutik 1916ko urtarrilera bitartean berrehun kolaborazio inguru igorri zituen bi agerkari horietara.

Testu mota: Kronika

Garaia: 1914-1918

Atala: Historia

1. Glasgowko ontziola bat Lehen Mundu Gerraren garaian.


Glasgowtik, 1915eko maiatzaren 11n

...Itsaso arriskuz betekotik goaz, baina Ama Birjina da gure alde, eta orain arte legez helduko gara gu ostera ere goazen tokira hari eskerrak.

Ibaian behera goaz, eta ibai ertzetako ontzioletan ez da besterik ageri gudaontzi berria baino. John Brown & Co. ontziolan daude oraindino uretara jaurti barik lau itsaspeko eta lau kanoi-ontzi, eta uretan korazatu bat guztiz handi eta ederra, gertu noiznahi irteteko. Bere albotxoan beste dreadnought bi, gutxi falta zaiela amaitzeko. Horietaz gainera daude lau kanoi-ontzi eta bi itsaspeko gertu gudara joateko.

2. John Brown & Co.-ko iragarkia
1918ko iragarkia. Ontzioletan 400 000 mila lagun ari ziren, baina langile premia zegoen hala ere. Batik bat 1917tik aurrera, U-Boat alemanek hondoratutako merkantzia-ontzi guztiengatik.

John Brown & Co. ontziola baino itsasorago dago Deaslow deritzon beste ontziola bat, eta hemen daude ia amaituan lau kanoi-ontzi, korazatu bat eta itsaspeko bat. Eta uretan, gudarako gertu, dreadnought bat eta lantxa kanoidunak. Deaslow ontziola utzi atzetik eta berehala aurkitzen da Glasgow Corporation Bewage Purification Works deritzon fabrika handia. Hau utzi eta beste ontziola bat dago eskumatik; bertan lau zamaontzi egiten dihardute. Gerotxoago idorotzen ditugu ibai ertzean haitz handi baten atzetxoan beste ontziola bi. Bertan ageri dira hor hamabiren bat ontzi berri, uretan eta lehorrean, seguru ez dakit gudaontziak ala merkanteak diren.

Hau utzi atzetik eta agertzen zaizkigu hainbat baserri-etxe, eta ibaiertzean hainbat ardi, txahal, oilo eta faisan deritzen hegaztiak. Baserriok uzteaz batera agertzen dira hiri alai eder bi ezkerretik eta eskumatik etxe eder eta zuhaitzez beteriko kaleekin.

Horiek atzetik ditugu agertzen garenean ostera ere hainbat ontziola eta fabrika dagoen herri eder batera. Bertan dakuskigu hainbat bidaiari-ontzi eta osterantzekoak. Hiri eder honetatik igarotzean alaiek dihardute jotzen eliza denetan. Bederatziak dira.

Hamarretan irten gara itsaso zabalera, eta hantxe gelditurik utzi dugu , berari emanik geure eskutitzak sendientzat, eta zuentzat, abertzale anaientzat. Idazkitxo hau ere berak daroa. Uste dut jaurtiko duela idazki-kutxara.

Agur ba neure kutunak, Genovara arte, Jaungoikoak nahi badu.

Oraingoxe daramatzagu eskegita geure txanelak, gertu ezer jazoko balitz.

3. Emakumeak ontziola batean lanean.
River Clyde, Eskozia, 1917. Argazkia: Ernest Brooks.

BILBAO, Juan Bautista “Batxi” (1997). Hau mundu arrano hau. [Edizioa: Iñigo Aranbarri eta Koldo Izagirre]. Zarautz: Susa.

Egile berarenak: Ingalaterran zer berri

Irlandako itsasoan zer berri

Italian zer berri

Ikus hau ere

Juan Bautista Bilbao Susa argitaletxearen “Literaturaren Zubitegia” webgunean.

Irudiak

  1. Royal Navy official photographer , via Wikimedia Commons.
  2. , via Wikimedia Commons.
  3. , via Wikimedia Commons.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper