NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

BERRARMATU, BERRASMATU

Jon Fernandez

Testu mota: Artikulua

Garaia: 1914-1918

Atala: Historia

Jatorrizkoa

Eibarko armagintzaren urrezko aroa

Gernikako eta bereziki Eibarko armagintzak inoizko ekoizpenik handiena lortu zuen Gerra Handian. Bakea iristean, hondoratu egin zen: bizikletak eta josteko makinak egiteari ekin zioten orduan.

Star konpainia, Eibarren, 1920an. EIBARKO ARMAGINTZA MUSEOA

Aberastasuna eta krisia. Bata zein bestea eragin ditzakete guduek, eta Lehen Mundu Gerrak biak ekarri zizkion Euskal Herriko herri armaginari. Eibarko ekonomiak XX. mendeko urrezko aroa izan zuen 1914tik 1918ra, eta urritasun eta krisi aro gogorra gerra ostean. Gerra Handiak egin zuen Eibar ezagun nazioartean, eta ospe horrek eman zion armagin izena: Gabilondo y Ciaren Ruby pistola mundu osoan egin zen ezagun, eta Eibar pistola goitizena jaso zuen berehala. Esperanza y Unceta konpainia eibartarrak 1913an Gernika-Lumon irekitako armategiaren Astra pistola laburrek ere entzute handia lortu zuten aliatuen artean. Baina 1918ko azaroaren 11n hankaz gora jarri zen dena: tren bagoi batean, Frantzia iparraldeko Compiegne basoan, armistizioa sinatu zuten aliatuek eta Alemaniak. Gerra nahi baino lehenago amaitu zen, lau urtez produkzioak aparra bezain bizkor gora egin ostean, fabriketako biltegiak errebolberrez eta pistolaz beteta zeuzkaten Eibarko enpresa jabeentzat. Irtenbiderik bako arma stock erraldoia birziklatu beharrez, inoizko moldaketa industrial handiena egin zuen Eibarrek. Armak egiten zituzten enpresa asko beste produktu batzuk ekoizten hasi ziren gerra ostean: bizikletak (Orbea, BH eta GAC), josteko makinak (Alfa) eta bulegoetako materialak (El Casco), besteak beste.

Euskal armagintza, hala ere, ez zen Lehen Mundu Gerrarekin sortu. 1482koa da Eibarko arma lantegi bati buruzko lehen albiste idatzia. Debabarreneko armagintza tradizioa XV. mendean sortu zen, Espainiako koroak Soraluzen armen errege fabrika sortu zuenean. Aldi berean, Placencia de las Armas izenaz bataiatu zuen herria. Espainiako arma guztiak errege fabrika horretatik pasatzen ziren, aztertu eta gaitasun agiria lortzeko.

Inguruetan arma fabrika txikiak sortu ziren, bereziki Eibarren, eta XIX. mende amaierarako sekulako indarra eta ospea lortu zuten eibartarrek: produkzioaren % 80 nazioartera esportatzen zuten. AEBetako, Alemaniako eta Belgikako pistola arinen bertsio merkeagoak eta kalitate eskasagokoak egiten espezializatu ziren. Espioitza industrialaren urteak izan ziren. Igor Goñi Mendizabal EHUko Ekonomiaren Historiako irakasleak azaldu du, esaterako, 1901ean Eibarko alkatea Liejara joan zela armagin belgikar nagusien metodoak zeintzuk ziren jakitera. Belgikarrak ziren eibartarren konpetentzia zuzena.

1914an 11.000 biztanlera iristen ez zen herrian, 2.000tik gora lagunek egiten zuten lan armagintzan, eta urtebete lehenago, Eibarko Arma Eskola sortu zuten. 1914ko udan hasitako Gerra Handiak saltoa emateko momentu ezin hobean harrapatu zuen Eibar, ordurako armagintza baitzen herriko bizimoduaren motorra.

Baina gerrako lehen urtea oso txarra izan zen. Aliatuen eta potentzia zentralen arteko lehen borrokek nazioarteko merkataritza kontratu ugari eten zituzten, eta Eibarren ehunka behargin langabezian geratu ziren. Udalak jantoki sozialak ireki eta obra publikoak egin behar izan zituen —Eibar eta Markina arteko errepidearen eraikuntza— langabeei sabela eta patrikak betetzeko.

Ordura arte, pistola arinak soilik armadetako ofizialek erabiltzen zituzten, baina gerra lubakietako aurrez aurreko borrokan jokatzen zenez, soldadu guztiak hasi ziren errebolberra erabiltzen. Nazioarteko blokeoak gaindituta, 1915 hasieran hasi zen hauspotzen euskal armagintza. Frantziari hilean Ruby modeloko 50.000 pistola saltzeko kontratua sinatu zuen Gabilondo y Cia eibartarrak. Konpainia ez zen gai horrenbeste produzitzeko, eta, Elgoibarren lantegi berri bat zabaltzeaz gain, Eibarko arma enpresa txikiak azpikontratatu zituen. Erresuma Batuari, Italiari eta Errumaniari ere saldu zizkioten pistolak euskal armaginek, eta historiako produkziorik handienera iritsi ziren: lau urtean, bi milioi pistola inguru saldu zizkieten aliatuei.

Marka historikoen sorrera

Industriaren gorakadak langile eta gizarte kontzientzia piztu zuen eibartarrengan, hamarkada luzez herriaren izaeran txertatu dena. Horren adibide da 1913ko greba. Hedatzeko asmoz, Esperanza y Uncetak Gernikan ireki zuen arma fabrika —gerora Astra izango zena—, eta ehun langile eibartar eraman zituen bertara lanera. Desadostasunak zirela medio, langileek greba egin zuten, eta sei ez beste guztiek enpresa utzi zuten, eta Eibarrera itzuli ziren. Gerra Handia piztu zenerako, ordea, konpainiak fabrika martxan jartzea lortu zuen, behargin gernikarrak kontratatuta.

Lau urtean, Eibarko konpainiek bi milioi pistola inguru saldu zizkieten herrialde aliatuei

1918an gerra amaitu zenean, hondoratu egin zen euskal armagintza, eta bereziki Eibar. Arma eskaria erori egin zen, AEBek muga zergak jarri zizkieten atzerriko armei, 1920an Madrilek arma salmenta mugatu zuen segurtasun arrazoiengatik... eta, bitartean, biltegiak pistolaz beteta zeuzkaten fabrikek, saldu ezinik. Egon ziren 1936ko gerrara bitartean ekaitzari aurre egitea lortu zuten marka batzuk: Unceta y Cia Espainiako armadaren hornitzaile bihurtu zen, eta Star Bonifacio Echeverria Guardia Zibilarena. 1920-1930eko hamarkadetan pistolak Txinara esportatzen ere asmatu zuten Eibarko hainbat konpainiak. Nolanahi ere, armagintzan ez zegoen denentzako tokirik, eta iraupen ariketa eredugarria egin zuten konpainia askok. Alfa kooperatiba josteko makinak egiten hasi zen; bizikletak egiten Orbea Hermanos, Beistegi Hermanos (BH) eta Garate, Anitua y Cia (GAC); eta bulegoetako ma-teriala Olave, Solozabal y Cia (El Casco). Irudimen eta au-sardia handiz, armagintzako teknologia erabili zuten beste sektore batzuetan arrakastaz sartzeko.

Erreferentzia bibliografikoa

FERNANDEZ, Jon (2014ko otsailak 23). "Lehen Mundu Gerra, 1914-1918. Min handia", Berria, 9. or.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper