NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

PEDRO GALLASTEGI ATXAREN ADIERAZPENA

Jose Migel Barandiaran (Ataun, Gipuzkoa 1889 -1991)

1936ko udazkenean, Ipar Euskal Herrira erbesteratuta, Jose Migel Barandiaranek gerratik ihesi zihoazenen lekukotzak jasotzeari ekin zion, kilometro gutxira gertatzen ari zena erregistraturik utzi nahian. Bildu zituen 136 txostenak ezkutatu egin behar izan zituen 1940an alemanek Frantzia okupatu zutenean, eta hantxe egon ziren, oilategi batean lurperatuta, Barandiaranek berak berreskuratu arte 1944an.

Lekukotza haietako bat da, euskaraz dagoen bakarretakoa, hemen aurkezten dena. Honela hasten du Pedro Gallastegi umeak kontakizuna, bere hizkeran:

Testu mota: Lekukotasuna

Garaia: 1936-1939

Atala: Historia

1. Egilea: Jesús Vergara, Baionako kolonian errefuxiatutako 10 urteko haurra, Fiterokoa (Nafarroa). Atzeko aldean, azalpena: “Hemen marraztu dut nire ebakuazioa Donostiatik Frantziara”.


Baiona, 1937ko urriaren 29a

Pedro Gallastegi Atxa informatzailea, sortzez Zaldibarrekoa (Bizkaia), 9 urtekoa, egun Baionako Dr. Delay klinikan ospitalizatua.

Pedro Gallastegi umeak honakoa adierazten du:

Aranguren Erdiko baserrian bizi ginen nire aita, nire ama eta nire bi ahizpak. Nire aitak Juan Kruz Gallastegi du izena, nire amak Paulina Atxa, eta nire ahizpak Juanita eta Marina dira. Juanitak hamalau urte dauzka, eta Marinak bost. Gugaz bizi zen Anjela Otadui gure lehengusina, hogeita bost urtekoa.

Erreketeak Arratera sartu zirenean Eibarko familia bat gure etxera etorri zen, eta gure etxeko ganbaran bizi ziren. Gure ezkaratzean egiten zuten euren kozina, eta ganbaran jan. Lagun onak ziren. Apirilaren azken aldera ebakuazioa egin behar zela guri esan ziguten Zaldibarren guardian zeuden milizianoek, erreketeek sartu behar zutela eta.

Gero gure aita Gernikara joan zen guretzat eta handikoentzat etxe bat topatzera.

Apirilaren hogeita lauan, gauez erreketeak Satamañazarreko sakonean agertu ziren. Gu orduantxe ohera joanda. Gure etxeko eibartarrak txilioka behean atondoan hasi ziren. Eta erreketeak datozela esan zuten. Ama bentanara irten zen, eta gero denak behera bajatu ginen. Gau hartan lorik ez genuen egin. Denok negarrez gaua pasatu genuen. Aita ez zen etorri oraindino etxera. Eta gero jai-erdietako arropak jantzi, lau behi uztartu, eurei zamatik kateak lotu eta euregaz Anjela eta ni irten ginen Gernikara joateko asmoan. Goizeko laurak ziren. Behi bat eta txahal bi etxean utzi genituen, eta beste hiru txahal Berrizko Lupite baserrira eroan genituen.

Gurekin joan ziren sei behirekin Felisa eta Romualdo Aranguren Gainekoak, eta Ilario Ortxakunekoa.

Arietzu mendi ostean gelditu egin ginen, amari eta aitari itxoiten; baina ez ziren agertu. Gero handik irten egin ginen hotz egiten zuelako, eta joan ginen Munitibar aldera. Baserri baten almortzatu genuen: urdaia taloaz eta taloa eta esnea. Ez ziguten ezer kendu. Behiei eman zieten naboa, baina ez zuten jan: berotuta zeuden. Felisak eroan zuen behien uztarri gainean baba eta irina, eta eman zien behi denei, baina ez zuten jan; Ortxakunekoek bai, beti goseak egoten ziren eta. Gero Munitibarrera joan ginen. Bidean Aranguren Gaineko behi bat utzi genuen etxe baten, ezin etorri zen eta. Munitibarrera arratsaldeko ordu biak-ordu bi eta erdiak inguruan ailegatu ginen. Han Munitibarreko kruzean andre bat topatu genuen. Anjelak esan zion ea kortarik behientzat bazuen. Lehenengo ezetz esan zigun. Eta denok negarrez hasi ginen. Gero andre hark berak esan zigun ikusiko zuela ba, eta joan zen, eta gero etorri zen eta esan zigun behiak eroateko, etxe bat bazuela eta. Eroan genituen behiak etxe zahar-zahar batera eta han utzi genituen bederatzi behi. Gero andre hark behientzat berdea ekartzeko esan zigun han kamioaren goiko aldeko soro batetik. Eta hara joan ginen eta ekarri genuen berdea. Eta jetzi behiak, eta gero haiei berdea eman. Gero joan ginen andre haren etxera eta bazkaldu genuen: arrautzak eta ogia esneaz hartu genuen. Eta atera irten ginen automobilak-eta ikustera, eriduak, kanoiak eta milizianoak pasatzen ziren eta.

Gero iluntzean afaldu eta sabaira lo egitera. Nik lo ederto egin nuen.

Hurrengo goizean gosaldu, esnea eta ogia, eta hango sarjentu batek esan zigun behiak mendira eroateko. Eroan genituen, eta kazako bost aeroplano ibili ziren han gure gainean. Gero eguerdian ekarri genituen behiak etxera. Joan ginen bazkaltzera, eta geugaz bazkaldu zuten miliziano askok. Entzun genituen hiru tiro, eta milizianoek esan ziguten hori dela aeroplanoak datozen seinale. Denok irten ginen kanpora, eta horma baten ertzean etzan ginen. Anjela eta gu geunden etxeko andrea zeuden nire ondoan. Beste mutiko bat ni baino goratxoago eta beste mutiko bat aldamenean. Jaurti zituzten bonbak. Neuk bat bakarrik entzun nuen. Lehenengo bonbak gortu egin ninduen, baina kea ikusten nuen toki askotan. Gero eskua odolez beteta ikusi nuen, eta begiratu nion hankari eta apurtuta neukan: belauneko hezurra dena apurtuta neukan, eta belaunetik beherako azala eta okela dena kenduta. Makila batekin nekez jagi nintzen, eta han ikusi nituen Anjela eta beste andrea, lurrean etzanda, soinekoaz eta gonarekin burua tapatuta. Gero behiak zeuden etxe sarrerara sartu nintzen, eta behien uztarriko narruen gainean etzan nintzen. Han zeuden trapu batzuekin lotu nuen hanka. Han zegoen Saturren kaballua lotuta, eta bonbak botatzen zituztenean bera saltoka hasten zen.

Geldi egoteko esaten nion: “Geldi, kaballo!”. Gelditzen zen eta niri begira-begira egoten zen. Hankatik odola irteten zitzaion. Han zeuden hamar behi, eta bonben zarataz ikaratu eta behi batzuek kateak apurtu zituzten eta bota atea eta kanpora irten ziren, eta han saltoka zebiltzan.

Gero mutil bi eta Saturren semea etorri ziren nigana, eta irten ziren behiak ekarri zituzten, eta sokarekin lotu zituzten. Niri zerbait esaten zidatela antzematen nion, baina durundia bakarrik entzuten nuen. Ura ekartzeko esaten nion Jose Luis Saturren semeari. Pixka bat ekarri zidan, eta neuk gehiago ekartzeko esaten nion. Berriz ere beste pixka bat ekarri zidan. Berak esan zidan Anjela hilda zegoela.

Aeroplanoak joan zirenean bi gizonek eta Saturren semeak eroan ninduten kamiora Cruz Roja-ko automobilen ondora. Han gizon batek egin zidan kura eta hanka lotu. Handik Bilbora. San Luisko ospitalean sartu ninduten. Handik egun bira hanka ebaki zidaten: Don Jose Maria Gondra zuen izena niri hanka ebaki zidan medikuak. Bi hilabetean-edo egon nintzen han ospitalean. Hango beste eriduek kantatu eragiten zidaten askotan. Hilario, Romualdo eta Felisa, nire lehengusu Tomas eta Jesus, tio bi, gure etxean egon ziren eibartarrak, Socorro Rojo-ko bilbotar andreak, eta beste batzuk. Andre horiek ekartzen zizkidaten karameluak eta laranjak. Hango garbitzaileak eta enfermerak onak ziren; gereziak eta galletak ekartzen zizkidaten. Baita errezatzeko ere esaten zidaten.

2. San Luis Gonzaga ospitalearen irudia, Bilbo, 1937. Jardunean egon zen tropa frankistak Bilbon sartu arte.
3. Jose Maria Gondra, San Luiseko zuzendaria.

Gero Balmasedara eroan ninduten. Han egon nintzen lau egunean. Gau baten bota zituzten hiru bonba han mendian eta ikara handia eman zidan.

Handik Lierganesera eroan ninduten. Hango Hospital Militarrean egon nintzen bi hilabete inguruan. Hango eridu batzuk zatarrak ziren: mozkorrak, eta maldizioka ibiltzen ziren. Eta bertako neska garbitzaileak eta oheak egiten ibiltzen zirenak ere ez ziren denak onak. Niri batek medaila kendu zidan, eta erlojua ere kentzea gura.

Lierganesetik Pelis Ugaldek eta beste mutil batzuek Santanderra eroan ninduten, eta barku baten sartu eta La Pallice-ra etorri nintzen; gero Burdeosera, eta handik Baionako Delegaziora. Bertan Doctor Bilbaok kura egin zidan. Gero don Manuel etorri zen; handik klinikara, lekurik badagoen ikustera; bi mantarekin joan zen berriz Delegaziora eta bere automobilean ekarri ninduen hona. Orain hemen nago.

BARANDIARAN, José Miguel (2005). La guerra civil en Euzkadi. 136 testimonios recogidos por José Miguel de Barandiarán. Madrid: Bidasoa. (349-350).

4. Egilea: Carlos Alonso, Baionako kolonian errefuxiatutako 14 urteko ume donostiarra. Atzeko aldean, azalpena: “Lagun batzuk kilkerrak harrapatzen mendian”.
Sortze-data: 1936-1938. They still draw pictures marrazki bilduma.
Special Collections & Archives, UC San Diego. Bilduma, hemen.
5. Egilea: Teodoro Pineiro, Baionako kolonian errefuxiatutako 13 urteko umea, Irungoa (Gipuzkoa). Atzeko aldean, mutikoaren azalpena: "Marrazki hau egin dut erakusteko holaxe alde egin nuela Irundik”.
6. Egilea: Elias Garralda, Baionako kolonian errefuxiatutako 12 urteko ume iruindarra. Atzeko aldean, azalpena: “Eszena honek esan nahi du nola ihes egin nuen Pirinioetan barrena. Urrutian, topatu genuen lehenengo herria: Larroun”.

IKUS HAU ERE

Pedro Gallastegik izan zuen etorkizunari buruzko aipamen laburra, ahotsak.eus atarian: “Zaldibartar bati hanka kendu eta arreba hil”. (Arreba ez, lehengusina galdu zuen Pedrok)

The still draw pictures! A collection of 60 drawings made by Spanish children during the war (Hitzaurrea: Aldous Huxley), New York, Spanish Civil Welfare Association of America for the American Friends Service Committee, 1938.

CHUECA, Josu (2004). «1937, Gerrako haurren koloniak», Argia.

Irudiak

  1. They still draw pictures! Izen bereko bildumako 60 marrazki jasotzen dituen liburua. Special Collections & Archives, UC San Diego.
  2. Bilbao, 2015eko abendua.
  3. Bilbao, 2015eko abendua.
  4. They still draw pictures (‘Oraindik ere margotzen dute’). Espainia guztiko haurrek egindako 634 marrazki jasotzen dituen bilduma. Special Collections & Archives, UC San Diego.
  5. They still draw pictures! Special Collections & Archives, UC San Diego.
  6. They still draw pictures! Special Collections & Archives, UC San Diego.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper