NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

DURANGOKO BONBARDAKETA

Josu Chueca (Lerin, Nafarroa Garaia, 1956)
Luis Fernandez (Eibar, Gipuzkoa, 1966)

Testu mota: Artikulua

Garaia: 1936-1939

Atala: Historia

1. Durango, 1937ko martxoaren 31.


Euskal Herrian gerra amaitzeko determinazio tinkoarekin, ofentsibari ekin zion Emilio Mola jeneral frankistak 1937ko martxoan, eta Bizkaia “desegin edo apurtuko” zuela agindu zuen. Ofentsiba hasi baino lehentxeago airez jaurti zuten hegazkinek Molaren abisua. Erdarazko bertsioa egin da ezaguna –“Arrasaré Vizcaya”–, baina euskaraz ere idatzi zuten frankistek:

Azkaneko deia:
España’ko nortian darabilgun guda edo guerra au beriala amaitzeko asmua artu dot.
Iñor il ez badozue eta daukozuezan armak itxi eta gugana etorten bazarien suen bizija eta ondasunak gordeko doguz zuentzako oker barik.
Onela gaur berian egiten badozuen Bizkai guztiak deseguin edo apurtuko dot, guda edo guerra´ko Fabriketatik azirik.
Jakin eguizue ziur eguiteko oso-oso guertauta nagoala biar diran gauza guztiak ezkuetan daukedaz ta.

General Mola.

2. Franco jenerala Burgosen 1936ko abuztuan. Atzean, haren ezkerretara, Emilio Mola jenerala.

Emilio Molaren “abisua” banatu zuten hegazkinez gain, beste batzuek ere zeharkatu zuten zerua ofentsibaren hasieran, 1937ko martxoaren 31 hartan.

Goizeko 8:45ak ziren hegazkin italiarrak Durangora gerturatu zirenean. Lau Savota 84, bonbaketari trimotorrak, eta eskoltako bederatzi Fiat CR-32, hegazkin arin edo kazak. Pasaldi bakarrean, Durangoko erdigunean 4000 kilo bonba soltatu zituzten, Kurutziaga kaletik hasi eta Ezkurdi plazaren ondoan dagoen tren geltokiraino. Arratsaldean izan ziren beste bi bonbardaketa saioen ondoren (beste 7200 kilo), Durangon 289 hildako utzi zituzten, 71 etxe suntsitu, eta beste 234 hondatu, haien artean hiru eliza eta bi komentu, Durangoko Gerediaga elkarteak bildutako datuen arabera.

Ia 300 hildako. Euskal Herrian zehatz dokumentatutako bonbardaketa larriena da Durangokoa; izan ere, Gernika erreta eta suntsituta geratu zen arren, ez dago esaterik 200 edo 400 izan ziren han hildakoak.

Jose Luis Fernandez 25 urteko mutila zen martxoaren 31n hegazkinak Durango gainera etorri zirenean. Kalean harrapatu zuten hegazkinek, eta Ezkurdi plazan geratu zen, hondakin artean, bizirik eta zauri barik. “Abioiak ikusten nituen hor atzeko aldean, hona zetozela”, gogoratzen du 60 urteren buruan, goiz hura pasatu zuten toki berean, Durangoko Ezkurdi plazan. “Zortzi-bederatzi ziren, eta han zeuden bitartean, ez nuen ikusten peligrorik. Eta pentsatu nuen, banoak kanpora, herritik irten. Eta banindoan hor zehar, Ezkurditik, estazioa pasatu eta han hasten ziren zelaietara. Eta halako batean, zarata demasa. Begiratu nuen gora eta, aibadios!, lau abioi bonbardeoan, kristoren trimotorrak, buru gainean, esateko”.

Hegazkinak ikusitakoan, erreflexu azkarrak izan zituen Jose Luisek: horregatik dago bizirik. “Ikusi nituen parean eta, aurrera segitu beharrean, buelta errefugiora”. Babeslekua plazaren albo batean zegoen, egun Batzokia dagoen eraikinaren aldamenean. “Baina ez nintzen ailegatu. Lehenengo bonbak tiro egin zuenean, etzan egin nintzen lurrean, banku baten azpian. Ezin ailegatu errefugiora. Guk egin behar genuen etzan lurrean eta ahoa zabalik eduki, hori bagenekien, kartelak ipintzen zituzten eta”.

Bonbardaketa batean ez da entzuten, filmetan bezala, bonbek txistu egiten dutenik erortzean. Hegazkinen motorra lehenbizi eta gero eztanda hotsak. Oso azkarra izan zen dena. “Kolpera bota zituzten bonbak. Niretako, bost minutura ere ez zen ailegatuko”, oroitzen da Jose Luis. Plazan ere erori ziren, baina berari ez zioten eman. “Arbola ere jausi zitzaidan aldamenera, eta koskorrekoa hartu nuen buruan, metrailarekin edo harriren batekin edo. Odolik ez, baina kolpea bai”.

Bonbardaketa amaitu zenean, “dena lainotuta moduan, kearekin” zegoela gogoratzen du. Egun eguzkitsua zen, baina dena estali zuen erasoak. Ezkurdi plazan, bere inguruan, “hildakoak eta heriduak mordoa” ikusi zituen Jose Luisek. “Gero gizonak-eta etorri ziren eta haiek jasotzen jardun zuten. Zelaietara irteteko nire intentzioa zuzen eroan banu, ni txikituta geratuko nintzen. Hementxe tramoa, nik pasatu behar nuen lekua, geratu zen jo eta bonbazo-zuloz bete-bete eginda. Ikusi ez banitu haiek abioiak, nik aurrera segituko nuen, eta hilda egongo nintzen”, kontatu digu estazioaren parean plaza guztiz berritua dagoen tokian bertan.

Jose Luis Fernandezek pentsatzen du hegazkinek beharbada tren geltokia zutela helburu eta horregatik bonbardatu zutela Ezkurdi plaza. Gerediaga elkarteak, ordea, sakon aztertu du gaia eta Durangon zeuden helburu militarren zerrenda egin du. “Gure lanaren konklusioa da Molaren mehatxua betetzera etorri zirela, terrore politika bat zabaltzera”, kontatu digu Gerediaga elkarteko Jon Irazabalek. “Arma lantegiak ez zituzten ukitu; komunikazioetara, hurbildu ere ez; Montongo zubia [Durango eta Iurrieta lotzen dituena] beharrezkoa zen defentsarako, eta hara ere ez ziren joan”.

Konpainia militarren bat bazegoen Durangon, baina herria zibilez gainezka zegoen batez ere. Errefuxiatu ugari zeuden, Gipuzkoako Eibar, Arrasate eta Bergara inguruetakoak gehienak. Jose Luis Fernandez Elgetatik etorria zen familiarekin, fronte-lerroa ezarri zelako bere herrian, eta etxe batean zeuden apopilo beste hiru familiarekin batera.

Faxistek populazio zibil hori jarri zuten bonben jomugan. Hegazkinek erdigunea aukeratu zuten, eta hantxe eragin zituzten hildakoak. Kolperik latzena Andra Maria elizan izan zen. Gerra garaian intendentziarako erabili zuten soldadu errepublikanoek, baina martxoaren amaierarako libre zegoen berriro elizkizunetarako, Aste Santua hurbil zelako. Goiz hartan meza zegoen eta jende asko zegoen elizan. Bonbek eman zioten eta sabaia erori zitzaien barrukoei. Dozenaka lagun hil ziren barruan, horien artean Rafael Billalabeitia abadea, meza ematen ari zela. Santa Susanaren komentuan 11 moja ere hil ziren.

Gernikan ez bezala (berehala okupatu baitzuten faxistek), Durangon oraindik hilabete iraun zuen aginte legalak, eta kalteak eta biktimak zenbatzeko denbora egon zen. Gerediaga elkarteak bildu ditu datuak, eta azken kontaketaren arabera 289 izan ziren hildakoak. Bonbardaketaren unean berean 187 hil ziren, eta horietarik 84 hilobi komunetan ehortzi zituzten. Ez zen halako kontaketarik egiterik izan Gernikan: ziurtasunik ez dago Durangon baino gehiago edo gutxiago hil ziren esateko.

3. Eguna egunkariaren lehen orria bonbardaketa ondoko egunean (1937-05-01).

Gerediaga elkarteak erantzukizunak ere aztertu ditu, eta duela bi urte aurkikuntza garrantzitsua egin zuen. Durango ez zuten alemanek bonbardatu, 60 urtez pentsatu izan den bezala, italiarrek baizik. Hori bai, indar faxisten ahalegin konbinatua izan zen erasoa. Mola jeneralaren lantaldeko Juan Vigon koronelak planifikatu zuen, eta planak alemanek zehaztu zituzten, Espainian zegoen Wolfram von Richthofen aire-indarren komandanteak. Honen aginduak Mola, Franco eta Hugo Sperrle (Condor Legioaren buru) jeneralek onetsi zituzten, eta italiarrek bete zituzten Aviazione Legionaria indarren Velani komandantearen bitartez. […]

Goizeko erasoaren ondoren, arratsaldean beste bi eraso egin zituzten hegazkin italiarrek Soriako baseetatik irtenda. Bonba gehiago jaurti zituzten, baina jende gutxiago hil, durangar gehienak ondo babestu zirelako, herri inguruko zelai eta basoetan asko. “Arratsaldean, lehengusinekin joan ginen kanpoaldeko pinudi batera, San Apolinarrera. Abioiek pinudian bertan hartzen zuten buelta, eta han pasatu genuen beldurra, ene! Bakoitzak pinu bati heldu besoekin, eta bonbardeoa pasatu zen arte”.

CHUECA, Josu, FERNANDEZ, Luis (1997). Espainiako Gerra Zibila Euskal Herrian. Andoain: Euskaldunon Egunkaria. (117 eta 122-125).

4. Durango, 1937ko martxoaren 31.
5. Durango, 1937ko martxoaren 31.
6. Durango, 1937ko martxoaren 31.
7. Semanario gráfico de reportajes, 1937-05-01.

Gerediaga elkartearen Durangoko bonbardaketa (1/2)

IKUS HAU ERE

Durango, isildutako bonbardaketa. Eitb nahieran

Irudiak

  1. Sabino Arana Fundazioa.
  2. AnonymousUnknown author , via Wikimedia Commons.
  3. Euskal Prentsaren Lanak. Armiarma.
  4. https://www.donostia.eus/DonostiaKultura/donostiateka/handle/123456789/753//?locale=es.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper