NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

DORNIER 17AK BILBO GAINEAN

George Lowther Steer (Hegoafrika, 1909 – Myanmar, 1944)

Testu mota: Kronika

Garaia: 1936-1939

Atala: Historia

1. Eguna egunkaria, 1937ko apirilak 20.


[1937ko] Apirilaren 18a igandea zen Bilbon, frontean ez zegoen inolako mugimendurik, baina errebeldeen hegazkinek ez zuten bakerik ematen eta gure sirena guztiak hoska zeuden isildu gabe. Bederatzi eta erdietan etorri ziren, bizarra mozten ari nintzela; eta hamarretan, oinetakoak janzten ari nintzela; eta gero berriro bazkalorduan. Jakin-minak, azkeneko aldi horretan, Areatzara eraman ninduen, Torrontegi hotelaren pareraino. Zer ikusi handirik ez zegoen, baina bat-batean motor biko bi bonbaketari agertu ziren zeru hodeitsuaren tarte urdin batean. Gero zarata nahasi bat entzun zen: motorrek ziztuan gorantz jo eta azeleratu egiten zuten, elkar babestu nahiz bezala. Eztanda handi bat, motor-lehia zoro bat, eta Begoñako maldan, nire parean, bonba-sail bat erori zen abiadura ikaragarrian. Tximista, trumoia, trumoia, tximista, trumoi luzea eta kea.

2. Egilea: Hector Hilario, Baionako kolonian errefuxiatutako 14 urteko ume bilbotarra. Marrazkiaren atzeko aldean, mutikoak idatzitako azalpena: “Eszena honek erakusten du nolakoak izan diren Bilboko bonbardaketak 1937. urtean. Ni agertzen naiz eta Begoñako tunelaren sarreran nengoen”. Iturria: They still draw pictures! marrazki bilduma.

Jende multzo handia zegoen zubi zaharraren azpian. Hegoaldean, hegazkin bat kea zeriola atera zen hodei artetik, eta beste bat pixka bat balantzaka. Aurrenekoa altuera galtzen ari zen bizkorki; sutan lehertu zen Nerbio ibaiaren mendebaldeko tontor batean, Galdakaon.

Hans Sobotka eta haren bi lagun aleman zeramatzan barruan.

Jakin nuenez, igandeko hirugarren eraso hau, apirilaren 18koa, hiru Dornier 17k eta bi Heinkel 111k egin zuten. Hegoaldeko begirale-postuek jakinaren gainean jarri zuten Lamiakoko polo-zelai zaharreko aireportua, Nerbioiren inguru menditsuan kokatua, eta lau ehiza-hegazkin errusiar, espainolek pilotatuak, segituan aireratu ziren. Felipe del Río gaztea zeramaten buru. Altuera gutxira mantendu ziren, hodei multzoen artean, ibarra Bilbo zaharraren inguruan estutzen den tokian, eta alemanak zeru zabalera atera zirenean, atzetik joan ziren, haiek ikusi gabe. Hiru Dornier haietako metrailadoreak aurrera begira zihoazen. Apenas izan zen borrokarik.

Del Ríoren Boeingaren metrailadoreek minutu bat aski izan zuten aurretik zihoan Dornierra, Sobotkak pilotatzen zuena, zulatzeko. Beste espainol bat atzeraxeago zetorrenaz arduratu zen: bala batek pilotuari eman bide zion, zeren hegazkina balantzaka hasi baitzen.

3. Felipe del Río.

Beste hiru hegazkin alemanek buelta eman zuten; ez zuten beste erremediorik. Tiroz jotako biek, berriz, bonba guztiak batera jaurti zituzten. Sobotkarenak sua eta kea botatzen zuen fuselajetik, kometa formako norabide-lemaren muturretatik, belo estu batek bezala estaliz “lapitz hegalari” guztia. Del Río atzetik joan zitzaion, tiroka, eta suzko bola handi batean bilduta botatzea lortu zuen Galdakaon. Gizontxoek beranduegi egin zuten jauzi. Gero Del Río eta beste hiru hegazkinek bigarren Dornier kaltetuari ekin, eta patu berera kondenatu zuten Legutio inguruan.

Hiriko neska guztiak Galdakao aldera abiatu ziren, hantxe baitzegoen hegazkin eroria, oraindik sutan sastraka artean, eta aerodromoko mekanikariek ere harantz jo zuten kamioi astunetan, Pablovitch errusiarrak bere lapitza zorrozten zuela ohar batzuk hartzeko alemanez.

Dornierrak hiru laguneko eskifaia zuela ikusi genuen, Sobotka eta beste bi aberkide. Sobotkak eta ezezagun haietako batek igaro-baimen alemanak zeramatzaten Erromatik atera ziren eguneko datarekin, apirilaren 5a. Hirugarrenak ez zeukan agiririk, baina alemana zen inondik ere.

4. Hans Sobotkaren dokumentazioa.

Sobotkaren gorpua ahoz gora zegoen lurrean, erdi kiskalita eta bizkarrezurra gorantz oker-oker eginda. Hesteen zati bat, saltxitxen modura frijituta, gorputz sendotik zintzilik zeukan. Eta bi besoak aurpegira igota, lurra jo aurreko herioan. Aurpegia, berriz… Tira, ez zirudien argazkian bezain itxurosoa.

Beste bi alemanak Nerbioira erori ziren. Saiatu ziren jauzi egiten, baina jausgailuek ez zuten zabaltzeko betarik izan, eta ura indarrez jo eta kolpearen ondorioz hil ziren. Baten itxura nahiko arrunta zen, baina besteak zer pentsa handia eman zien euskaldunei.

Euskaldunak ez zeuden horrelakoetara ohituta. Berria zen haientzat. Buelta eman zioten gorputz luze, ile-horiari. Aurpegia mailatuta zeukan, baina hala ere harrigarria egin zitzaien. Zeren bekainak depilatuta baitzeuzkan, eta ahoa gorriz pintatuta; eta gorri hura ez zen aho ertzetik zerion odolarena.

Eskuak begiratu zizkioten, zuriak eta finak; atzazalak, manikura eginda, txukun-txukun esmaltaturik eta biribil moztuta. Oso bitxia.

Euskaldun xaloek, zer pentsa ez zekitela, gorputza auto batean ipini eta Guda Osasunbideko egoitzara bidali zuten. Harrigarria, alemanek gerra-pilotu gisa emakumezkoak erabiltzea, pentsatu zuten; zer asmatu behar ote zuten hurrena?

Bilbon, ordea, Guda Osasunbideko egoitzan, sendagile eta gizon eskarmentudunak zeuden. Gorpua erantzi eta zehatzago aztertu zuten. Galtzarbeetako ilea ere depilatuta zeukan, eta azpiko arropa femeninoa zen, zeta arrosakoa. Baina betetzen zituen, ozta-ozta bazen ere, gizontasunaren gutxienekoak, eta kasua Gerra Zibileko pasadizorik bitxienetako bat bezala erregistratuta geratu zen liburuetan.

The Aeroplane argitalpenak uztailaren 28ko alean zioen bezala, Dornier 17a lan estimagarria egiten ari zen Espainian.

Hiru minutuko bonbardaketak 67 hildako eta 110 zauritu utzi zituen. Hondamendi arrasto bat luzatu zen Alde Zahar guztian eta Begoñan barrena, emakumeak antxoak saltzen egon ohi ziren ibaiertzeko kai suntsitutik hasita.

Pisu-bloke merkeak erdibituta eta agerian geratu ziren, itsu batek zaindutako liburutegi desordenatuaren apalak balira bezala trebeska eta azpikoz gora kokatutako liburuekin. Inguru guztian –Bilboko pobreena–, kaleak beirazko itsaso bat ziren, tranbia eta auto zirtzikatuen pausaleku.

Solokoetxe eta Iturribide kaleetan, San Frantziskon eta Gorte kalean, Enkarnazioan eta Autonomian, hondamendia ikaragarria zen. Bonbak lur azpiko komunetaraino sartu ziren, trenbidearen tuneletaraino eta Defentsa Pasiboko arduradunek segurutzat jotako babeslekuetaraino.

Babesleku horietariko bat señor Cotorrueloren goma eta zapata fabrikaren azpian zegoen, eta fabrika horrek su hartu zuen. Zeru grisaren azpiko harrizko kaleak, Bilboko malda aldapatsuan, urez bete ziren segituan. Euskal polizia motorizatuak fabrika inguratu zuen, eta lau orduz hiriko Suhiltzaile Brigada osoa lehian aritu zen sugarren kontra. Laurak eta bostak artean, makinak blai eta zorua putzu eginda, induskatze-lanetan hasteko modua izan zuten, azpian harrapatutako jendea erreskatatzeko. Gelditu gabe aritu ziren arratsalde osoan; baina jende guztia hilda zegoen, zanpatuta, asfixiatuta, itota. Pixkanaka, gorputz mamitsu haiek atera zituzten. Aurrena ume txiki bat, bost urtekoa edo; gero gizon gazte bat; gero haurdun zegoen emakume bat. Familia oso bat, iragana eta etorkizuna, bonba bakar baten erruz ezereztua; banatutako ileak aurpegi mailatuetara zetozkiela, samindura puska beltz bustiak balira bezala gorpuetatik zintzilik.

Emakumeari arnasketa artifiziala egiten saiatu ziren, ez dakit nik zergatik; hilda zegoen aspaldi. Baina Gurutze Gorriko erizainek ere, beren uniforme zuri eta botika-ontziekin, zerbait egin behar ba, suhiltzaileak eta polizia halako lanak egiten ikusita.

Gau osoan, hilobiak bere hildakoak jaulkitzen jarraitu zuen makinaria eta goma kirasdunen artetik fabrikako horma blaitu eta hondatuen artera, eta handik gero kaleko farolen argitara. Zorigaiztoko eszena hura prestatzen lagundu zuen ariarraren azpiko arropa, zeta arrosakoa, Defentsa Sailean eskegita geratu zen jendeak ikusteko.

5. Sobotkaren bonbardaketa.

LOWTHER STEER, George (1994). Bilbo, 1937 [The Tree of Guernica-ko pasarte hautatuak].

Emak Bakia Baita. Arre: Pamiela. Itzultzailea: Asun Garikano.

IKUS HAU ERE

LOWTHER STEER, George (2019). Gernikako Arbola. Gerra modernoaren landa-azterketa bat. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren argitalpen zerbitzua. Itzultzailea: Koro Navarro. Liburuaren sinopsia, hemen.

LOWTHER STEER, George, “The Tragedy of Guernica. Town destroyed in Air Attack. Eye-wittness’s account”, The Times, 1937-04-27. Gernikako bonbardaketaren kronika, erasoaren ondorengo egunean egina eta The Times egunkarian argitaratu zena. (Ingelesez)

Irudiak

  1. Eguna egunkaria.
  2. They still draw pictures! A collection of 60 drawings made by Spanish children during the war (Hitzaurrea: Aldous Huxley), New York, Spanish Civil Welfare Association of America for the American Friends Service Committee, 1938. Special Collections & Archives, UC San Diego.
  3. Adela del Río-ren artxiboa.
  4. eta 5. The Tree of Gernika, G. L. Steer.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper