NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

TXORI-ERREKA: GERRAK EROANDAKO KAZETARIA

Kirmen Uribe (Ondarroa, Bizkaia, 1970)

Testu mota: Artikulua

Garaia: 1936-1939

Atala: Historia

1. Segundo Bedialauneta “Txori-erreka” (Ondarroa, 1895 – Derio, 1937).
Ion Arantzamendiren bilduma


1935eko azaroaren 11n Segundo Bedialauneta “Txori-erreka” goitizenez sinatzen zuen idazleak ohiko kronika eman zuen argitara Euzkadi egunkarian. Ohiko kronika, ez ordea arrunta. Egun hartako zutabean “Arteta” esaten zioten idazle gazte bati eginiko omenaldia hartu zuen gaitzat. Larunbatean poesia-irakurketa eta erromeria izan ziren herrian. Igandean, berriz, meza, haur antzerkia eta pilota partidak frontoian. Mukuru betea zegoen batzokia gauerako. Ilobearen indarra eta Aberrijagaz bizi obrak antzeztu ziren. Biak ala biak ziren Arteta gaztearenak, Augustin Zubikarairenak, alegia. Antzezleen artean hauexek: Jose Ituarte Artibai, Jose Mari Zubikarai, Jose Markuerkiaga, Sabas Errementeria eta Josu Urresti.

Hain zuen ere, Josu Urrestiren ahotik jakin nuen Txori-errekaren berri lehenengoz, Bar Puerto ikuskizunerako testigantzak bideoz grabatzen ari ginela Josu Eizagirre eta biok. Josu Urrestik gerra garaian bizi izandakoa kontatu zigun, eta halako batean Txori-erreka izeneko idazle bat aipatu zuen: "Larrinagako kartzelan aurkitu genituen Txori-erreka, Jazinto Ibaigarriaga, Samuel Panaderu... Txori-errekak esan zigun: ‘Trankil egon. Ez da ezer izango. Guri beldurra emateko esaten dute horrenbeste’. Guri beldurra emateko? Hiru egun igaro baino lehen fusilatu zuten Txori-erreka. Gizon santua zen, bizargina. Ez zuen inoiz ezer egin, egunkariren batean zutaberen bat idatzi, besterik ez".

Aho bete haginekin geratu ginen. Txori-erreka izeneko idazle bat. Ezingo zuen izengoiti ederragorik aukeratu, eta iradokitzaileagorik. Idazlea eta gerra garaian fusilatua, Lauaxetaren modura, Lorcaren modura, halabehar gaiztoaren mende. Ezin nuen burutik aldendu izen hura eta aldiro-aldiro jaiotzen zitzaidan burura. Gizon hari buruz gehiago jakin nahi nuen, paperetan arakatu eta ezagutu zuen jendearekin hitz egin.

Eta halaxe, Bizkaiko Foru Aldundiaren liburutegian Euzkadi egunkariaren 1933ko aleak begiratzen ari nintzela topo egin nuen atzera ere Txori-errekaren izenarekin. Hark sinatutako kronika bat aurkitu nuen ezustean. Gorozikako San Joan jaiak ekartzen zituen gogora, nola eskutik helduta Gorozikatik Ondarroarako bidea egin zuten txistu soinuan, mendian behera.

Eta ezari-ezarian, hari-matazari tira eginez bezala jakin nuen ez zela txistu soinua bakarrik entzuten garai bateko dantzarien entseguetan. Idazmakina zahar bat entzuten zela ondoko gelan, taka-taka, taka-taka. Txori-erreka izaten zen, Euzkadirako aste hartako kronika idazten, hontaz eta hartaz, kronikari guztien moduan, seguruena, inguruan ikusten zuenaz; kronikari guztien moduan, beharbada, azken orduan. Gehien saltzen zen egunkaria zen garai hartan Ondarroan Euzkadi, hiru txikitan saldu ere.

Eta ezari-ezarian, hari-matazari tira eginez jakin nuen Txori-erreka Segundo Bedialauneta Guenaga zela eta 1895ean jaio zela Domingo aguazil txikiaren eta Leonarda andrearen etxean. Entzute handikoa zen haren aita, aldean armarik eraman nahi izaten ez zuen aguazila. Ez zuen eskola handirik Segundok. Letra larritan idaztetik igaro zen, hori bai. Eta euskaraz irakurtzen eta idazten bere kabuz ikasi zuen, pixkanaka-pixkanaka saiatuz. Bizargin lana ikasten ere herritik kanpo ibili zen eta berehala hartu zuen lanerako Damian Jauregialzo txistulari eta bizarginak. Segundoren anaia bera ere danbolin-jole trebea izan bide zen.

Ondarroako Euskaltzaleen Bazkuna elkarteko kide zen eta ezaguna zen egunero-egunero lauburuaren ikurra eramaten zuelako paparrean jarrita. Bake epailea ere izan zen Errepublika garaian, gerra sortu zen arte. Bada haren bizitzan gerora markatuko zuen gertaera bat. Garai hartan elizako atarian mahaitxo bat jartzen zen elizarako dirua biltzeko. Paper batean idazten ziren dirua ematen zutenen izenak. Norbait hiltzen zenean, esate baterako. Zenbaiten ustez, Txori-errekak bazuen baztertuenganako kezkarik. Behin, haserre, mahaia elizako ataritik hartu eta eraman egin zuen —dirudienez hildakoaren etxeko atarira—, egoera latz horretan dirua elizarentzat baino hildakoaren etxekoentzat premiazkoagoa zelako ustean. Zalaparta handia sortu zuen gertakari horrek herrian eta zenbaiten iritziz ez bide zion gehiegi lagundu Bilbo faxistek hartu zutenean. Begitan hartu zuten gizona.

1935. eta 1936. urteetan ugari dira haren kronikak Euzkadi egunkarian. Gehien-gehienak gertakari hurbilei buruzkoak dira, halako tokira egindako mendi irteera, halako politikariak beste halako hori esan duela. Izan ere, politikari buruzko kezka areagotuz doa urte horietan. Horren adierazgarri esaldi bat. 1935eko abenduaren 18an lehenbiziko orrialdean argitaratu zioten zutabea. "Egija mingarrija da" jarri zion izenburua. Kronika bukatzeko esaldi hauxe erabili zuen: "".

Laster iritsiko zen ekaitza, iritsiko zenez. Gerra hasi zen 1936ko uztailean. 1937ko martxoaren 2an, zutabe ederra atera zuen Segundok Egunan, euskara hutsez argitaratu zen lehen egunkarian. Egoerarik latzenak barrura begiratzeko gogoa eman izan balio bezala, ustez bizitzako gauzarik txikienei jarri zien arreta eta ume denboretako gertakari bat azaltzen digu, zoragarri:

“Bein auxe . Mutikua nintzalarik amamak opil txiki bi emon eustazan, bata, zapal-zapala ta bestia, biribil-biribila. Opilak atsegiñez eta gogoz jan nebazan, eta jan nebazanean amamak itaune auxe egin eustan: ‘Zein nayago dozu, biribila ala zapala?’. Eta nik, beste baten be ekarri , olaxe erantzun neutsan: ‘Bijak, amamatxu, bijak ixan dira gozo-gozoak’. Eta orduan amamak bere artian, baña neuk entzuteko eran, auxe esan eban: ‘Bai ba, bijak izan dira urun bateko opilak eta’.”

Berehala jausiko zen Bilbo. Hiria faxistek mende hartu baino bospasei egun lehenago Augustin Zubikarairekin egin zuen topo Segundok Bilbon bertan. Augustinek idatzi du hitz gutxiko pertsona zela Txori-erreka eta egun hartan izaniko elkarrizketa hau jartzen du horren adibide:

—Kaixo Segundo.
—Kaixo.
—Egun garratzak igaro behar doguzala-ta nago.
—Jaungoikuak nahi dabena.
—Ez dakit Bilbo zaindu ahal izango dogun. Eta gero, zer?
—Ni Bilbotik inora be ez.
—Eta gauzak txarto ba datoz?
—Niretzat gerra Bilbon amaituko da.

Ez zuten geroztik gehiago elkar ikusi. Kartzela garaiko testigantza Josu Urrestik berak damaigu. Eta baita Jose Etxebarriak ere. Jose Etxebarria, Maria Agedanekoak, sagardotegi baten ardura zuen Kale Handian. Ertzainetako sarjentoa izan zen gero. Haren esanetan, kartzela batetik besterako lekualdatzeak ziren okerrenak. Presoen lekualdatzea arratsaldean bazen, benetan heltzen zinen beste kartzela batera. Okerrenak gaueko lekualdatzeak izaten ziren. Zaindariak ziegara gauez etorriz gero eginda zeuden zureak. Goizaldeko lauretan izaten ziren halako bisitak. Izu-laborria zabaltzen zen presoen artean. Ordu horietan ziegatik ateratzen zen presoak ez zuen hurrengo goiza ikusiko. Halaxe egokitu zitzaion Txori-erreka idazleari ere. Derion hil zuten 1937ko uztailean, Madalen bezperan. Kalean bertan hil zuten, testigantza batzuen arabera. Egun horretan bertan bidali zion anaia danbolin-joleari azken gutuna. Urteetan idatzi zituen kronika guztiak ez bezala, gaztelaniaz eman behar izan zuen azkenengo karta. Ikaragarriak dira hitzok:

Urteetan idatzi zituen kronika guztiak ez bezala, gaztelaniaz eman behar izan zuen azkenengo karta. Ikaragarriak dira hitzok:

Escribo estas cuatro últimas letras. Quisiera verte, pero no tengo tiempo y apodérate con todas mis cosas. Agur y recuerdos a todos los buenos amigos. Jesucristo pasó más con menos culpa y les perdono a todos.

Segundo de Bedialauneta

Gerra bukatu zen azkenik. Asko eta asko ez ziren itzuli. Josu Urresti, adibidez, San Joan egun batean itzuli zen herrira eta bidetik ikusi zuen jendea bazetorrela eskutik helduta mendian behera, Txori-errekaren kronika hartan bezala. Urte asko igaro ziren Txori-errekaren gorpua Ondarroara itzuli orduko. 1979ko abuztuaren 4an omenaldia egin zioten Ondarroako hilerrian. Haren hezurrak “Amerikanoa” esaten zioten haren panteoian sartu zituzten. Omenaldi hartan idatzi bat irakurri zuen Augustin Zubikaraik Txori-errekari gorazarre eginez. Berrogeita lau urte lehenago Segundok berak Arteta idazle hasiberria Euzkadin goraipatu zuen moduan.

URIBE URBIETA, Kirmen (2002). «Txorierreka. Gerrak eroandako kazetaria», Ondarroa: 99-101.

Oharra: Bihotzez eskertu nahi dut Txori-errekari buruzkoak argitzen hainbat eta hainbat lagunengandik jaso dudan laguntza. Ezin ordainduzko zorra dut zuokin guztiokin.

2. Txori-errekaren ”Urumea"ko itzaldija eta bere ondoren ikaragarrija”.
Eguna, 1937-03-02.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper