NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

BOLÍN KAPITAINAREN GERRA TURISMOA

Hektor Ortega (Bilbo, Bizkaia, 1966)

Testu mota: Artikulua

Garaia: 1936-1939

Atala: Historia

Iparraldeko Gerra Ibilbidea bisitatzera gonbidatzen duen ingelesezko eskuorria.
Egilea: Turismo Zerbitzu Nazionala, 1938ko apirila. The Southworth Spanish Civil War Collection, Mandeville Special Collections Library, University of California, San Diego.


Batzuetan, gizon-emakumeok mundua gurekin hasi zela pentsatzeko joera daukagu. Guk ezagutu duguna “betikoa” da eta lehenengoz guk ikusi duguna oso modernotzat jotzen dugu. Turismo tematikoa, esate baterako, nahiko asmakizun berria iruditzen zaigu. Eta zer esan gaur egun puri-purian dagoen errelatoaren gaineko eztabaidaz. Bada, gaurko saiora 1938ko turismo ibilbide bat ekarriko dugu, errelatoaren gaineko borrokarako lanabes gisa sortu zena. Ibilbide hura Bilbotik igarotzen zen.

Egunotan, Espainiako Biblioteka Nazionaleko argazki bilduma arakatzean, sorta harrigarri batek atentzioa eman dit. “Rutas de guerra organizadas por el capitán Luis Bolín por Bilbao y Burgos” izenburupean, 34 argazki ageri dira. 1938ko udan egin zituzten. Turista multzoak ageri dira, autobusean, Bilbon, Larrabetzun, Gernikan, Donostian eta Burgosen. Zer ote zen guzti hura?

Garaiko prentsara jo dugu. 1938ko ekainaren 13an Francoren Gobernuak dekretu ofiziala eman zuen Burgostik “Ruta de Guerra del Norte” sortzeko, Iparraldeko Gerra Ibilbidea, alegia. Bidaia zirkuitu hura, batez ere, atzerritarrentzat eratu nahi zuen Espainiako militar matxinatuen gobernuak. Turismo Zerbitzu Nazionalaren agindupean utzi zuen ibilbidea antolatzeko ardura, baina hura Barne Ministerioaren baitan zegoen orduan, egin kontu. Agindua Francisco Francok berak sinatu zuen, baina baita Ramon Serrano Suñerrek ere. Izan ere, militar hura, diktadorearen ezkonanaia izateaz gain, garai hartan Barne ministroa ere bazen. Gerra ostean, Serrano Suñer Kanpo Arazoetako ministro izendatu zuen Francok eta kargu hartan nazismoaren aldeko jarrera oldarkorragatik nabarmendu zen.

Ramon Serrano Suñerrek berak azaldu zuen, militar matxinatuen hedabideetan, kanpainaren helburua: errealitatea erakutsiz, aberriaren etsai marxisten kanpaina iraingarria deuseztatu nahi zuten. Zehatzago esanda, “kanpotarren fede onean eragiteko asmoz, gorriek asmatutako gezur sorta” eta sortutako legenda desegin gura zuten. Serrano Suñerrek berbaz berba ziurtatu zuenez, “eurek gezurra esaten dute; guk, ostera, borrokatu eta eraiki egiten dugu”. Haien egia erakusteko, Iparraldeko Gerraren Ibilbidea programa diseinatu zuten eta haren barruan zirkuitu bi antolatu zuten. Bata Irun eta Oviedo artekoa, Donostia, Bilbo, Santander eta Gijónetik igarotzen zena. Bestea, ostera, Galiziatik Santanderrera joaten zen. Autobusak eta ostatuak prestatu zituzten, baita gidari eta itzultzaileak ere, lekuan lekuko azalpenak emateko. Denetara, bederatzi eguneko zirkuitua zen Bilbokoa. Uda hartan, astean hirutan egin nahi zuten.

Iparraldeko Gerraren Ibilbidea ez zetorren bakarrik. Ondoren, Andaluzian, Madrilen eta Aragoin ere antzeko zirkuituak eratzeko asmoa zeukaten. Errelatoaren gaineko gatazkaren atal hura, beraz, Hego Euskal Herrian hasi zen. Espainiako Liburutegi Nazionaleko argazki zorro horretan autobusak, turistak eta gudalekuak ageri dira. Turisten artean frantsesak, belgikarrak eta ingelesak izan ziren, gutxienez. Argazkietan ikusten denaren arabera eta espero litekeen bezala, gehienbat ultraeskuindarrak ziren. Duela gutxi Larrabetzun eraitsi duten Gaztelumendiko monumentuaren aurrean egindako argazki batean, adibidez, agur faxista eginez ageri da turista multzoa, gizonak zein emakumeak. Artxandan ere egon ziren, suntsitutako muinotik Bilbora begira. Eta, hara, Gernikara eraman zituzten, zelan ez. Errelatoaren gatazkaren gorengo eszenatokia ibilbide osoaren arrazoia zen. Argazki batean, Gernikako Arbolaren ondoan ageri dira. Ez dago, ostera, erraustutako herriaren lorratzik irudi hartan.

Luis Antonio Bolín kapitainak antolatu bide zituen errelatoaren borroka irabazteko bidaia turistiko haiek. Espainiako faxismoaren tour-operadoretzat jo dezakegu Bolín, gerra turismoko lehenengo zirkuituak sortzeaz gain, berak egin zituelako 1936ko uztailean Franco Kanarietatik Marokora eraman zuen hegazkina lortzeko lanak. Orduan ABC egunkariko kazetaria zen. Ondoren, Francok kapitain izendatu zuen eta haren gobernuaren prentsa arduradun bihurtu zen, harik eta, 1938tik aurrera, Turismo Zerbitzuko buru gisa saritu zuten arte. Jakina, prentsa arduradun izan zen sasoian, Gernikako gezur-jarioaren gorengo asmatzailea izan zen Bolín jauna, ahalegin itzelak egin baitzituen “gorriek” erre zutelako gezurra lau haizeetara zabaltzeko.

Gernikako sarraskia biktimei leporatu zien gizon horrek, frankismoaren krimenak ezkutatzeko zirkuitu turistikoak antolatu zituen erregimeneko buruzagi hark, plaka bat dauka oroigarri Espainiako Doñanako parke nazionalean. Han berbarik berba irakurtzen denez, “bere bizitza Espainiari eskaini zion, eta bere ekintzak, bizi garen mundua hobetzeari”. Gaur egungo turistek ere gomutan eduki dezaten.

ORTEGA, Hektor (2018). Gomutan. Bilboko historiaren atal ezezagunak. Bilbo: Erroa. (173-175).

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper