NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

GERRA URTE, GEZUR URTE

Alberto Onaindia (Markina, Bizkaia, 1902 – Donibane Lohizune, Lapurdi, 1988)

Testu mota: Lekukotasuna

Garaia: 1936-1939

Atala: Historia

1. Pasaron por Guernica los invasores, Aurelio Arteta. Data, 1937 eta 1938 artean.


“Gerra urte, gezur urte”, hala dio esaerak. Gernikan 1937ko apirilaren 26an gertatutakoari buruzko gezurrak bonbardaketaren ondoko orduetan hasi ziren. Hiria erraustu zuen sua itzali gabe zegoela, bando nazionalak euskaldunak berak eta “gorri separatistak” egin zituen errudun eta gezur hori zabaltzera bideratu zuen bere propaganda-aparatu guztia. Ez zuen agertu nahi, munduaren aurrean, populazio zibilaren kontra egindako lehen aire-erasoetako baten erantzule.

Egiari bidea zabaldu nahian, apirilaren 30ean prentsa errepublikanoak Jose Antonio Agirre lehendakariaren oharra argitaratu zuen:

Ante Dios y ante la Historia que nos han de juzgar, afirmo que durante tres horas y media aviones alemanes han bombardeado con una fiereza desconocida hasta aquí, a la población civil indefensa de la histórica ciudad de Guernica, reduciéndola a cenizas y persiguiendo con tiro de ametralladora a las mujeres y niños, que han perecido en gran número mientras huían locos de terror.

Baina Salamancako kuartel nagusian prest zeukaten erantzuna. Egun horretan bertan bota zuen Luis A. Bolín prentsa-buruak Radio Nacional-en:

¡Miente Aguirre! Miente vilmente. En primer término, no hay aviación alemana ni extranjera en la España nacional. Hay aviación española… En segundo lugar, Guernica no ha sido incendiada por nosotros. La España de Franco no incendia. La tea incendiaria es monopolio de los incendiarios de Irún, de los que han incendiado Éibar, de los que trataron de quemar vivos a los defensores del Alcázar de Toledo.

2. “La única verdad sobre Guernica”.
Azul: órgano de la Falange Española de las J.O.N.S., II. urtea, 180. zk., 1937-04-29, 1. or

Zer errelato nagusituko zen, hori zegoen jokoan. Denborarik galdu gabe, Agirre lehendakariak Parisera bidali zuen bonbardaketaren lekuko izandako Alberto Onaindia kalonjea, hango elizgizon eta kazetariekin hitz egin zezan. Onaindiaren lekukotza egunkari askotan argitaratu zen (L’Echo d’Alger (1937-05-04), L’Humanité (1937-05-05), Le Populaire (1937-05-07)) eta erabakigarria izan zen ordura arte bando nazionalaren alde egondako katoliko frantses askoren jarrerak aldatzeko.

Asmo berarekin, Euzko Jaurlaritzak liburuxka bat argitaratu zuen bonbardaketa gertatu eta aste pare batera. Euskaraz eta ingelesez idatzia —batez ere ingelesez, nazioartean zabaldu nahi baitzen—, froga-balioa zuten argazki asko zituen: Gernikako etxeak eta kale osoak sutan, hegazkin-pilotu alemaniar nazien erretratu, arma eta dokumentuak…

Guernica liburuxkaren azala.
Euzkadiko Jaurlaritza, 1937.

“To civilized mankind” (‘gizon-emakume zibilizatuei’) zuzendutako hitz batzuk zekartzan hasieran: «The Basque country offers to your compassionate gaze the corpse of her loveliest city, confident that it will not be profaned by your indifference…»,

«Euskal Herriak bere hiri maitatuenaren hilotza jartzen du zuen begirada errukiorraren aurrean, zuen axolagabetasunak profanatuko ez duelakoan…”. Eta aurreraxeago: «Gure samina aski ez balitz bezala, gure seme-alabak geuk hil ditugulako akusazio zinikoa jasan behar dugu gainera».

Hurrengo orrian, Alberto Onaindiak Parisen eskainitako lekukotza zetorren. Liburuxkan, ingelesez, baina euskaraz jarri dugu hemen.

FAXISMOAK GERNIKAN EGINDAKO KRIMENEN LEKUKOTASUN GEZURTAEZINA

Alberto Onaindia
(Markina, Bizkaia, 1902 – Donibane Lohizune, Lapurdi, 1988)

Paris, apirilak 30. Bilbotik heldu berria, Alberto Onaindia jauna, Valladolideko katedraleko kapituluko kalonjea, jatorriz bizkaitarra eta Gernikaren bonbardaketaren lekuko izandakoa, honela mintzatu zen: “Lehengo astearen bukaeran, Bilbon nengoela, Euzko Gobernua Gernika ebakuatzeko asmotan zela jakin nuen. Hiri hartan familiakoak ditudanez, hara joatea erabaki nuen. Apirilaren 26an, arratsaldeko bostak hamar gutxitan iritsi nintzen Gernikara. Oso egun garbia zen, kontrakoa zabaldu bada ere. Autoa utzi nuen, eta orduantxe hasi zen aireko erasoa.

Lehenengo bonbak hiru bizitzako eraikuntza bat suntsitu zuen eta hiriko etxe guztietako kristalak txikitu. Azoka eguna zenez, baserritar asko zeuden auzo herrietatik etorrita. Bonbardaketa hasi zenean jendeak mendira jo zuen izuturik, abereak atzean utzita.

Konturatu nintzen hegazkinak txandaka etortzen zirela: lehenbizi bat agertzen zen, atzetik beste hiru, gero zazpi, eta azkenean hiru motorreko sei.

Hiriaren bonbardaketa zortziak laurden gutxi arte luzatu zen. Ordura arte, hiltzaileak hiri gainean ibili ziren etengabe. Eraso-sistema beti berbera zen. Lehenbizi jendea metrailatu, gero lehergaiak bota, eta azkenik su-bonbak.

Hegazkinek oso baxu egiten zuten hegan, amorru bizian metrailatuz basoak, belardiak eta errepide bazterreko zangak, otoitz egiten zuten emakumez, umez eta adineko jendez beteak.

Iluntze aldera ez zen bostehun metrotik harago ezer bereizten: ke beltz lodiak, suaren eta bonben ondorioak, hiri osoa estaltzen zuen.

Ez zen hasperenik edo aienerik entzuten. Beldurrak paralizatuta zegoen jendea: batzuek otoitz egiten zuten, beste batzuek besoak luzatzen zituzten gurutzea eginez, zeruari errukia eskatu nahiz bezala. Hegazkinetako bat nire autotik berrehunen bat metroraino jaitsi eta metrailatu egin zuen. Nik neuk ere harizti txiki batean babestu behar izan nuen, eta gero miliziano batzuekin elkartu nintzen. Zazpietan, Gernika sutan zegoen.

Bilboko suhiltzaileak berehala etorri, eta erabat erre gabeko etxeetan hasi ziren jo eta ke. Suaren distira Lekeitiotik ere ikusten zen, handik hogeita bi kilometrora.

Babeslekuetan sartutako jendea ez zen salbatu, ezta ospitaleetako gaixo edo zaurituak ere. Gernikak ez zeukan hegazkinen aurkako armarik edo inolako bateriarik; ezta metrailadorerik ere, ez zeukan.

Gaueko lehen orduetan, ikuskizuna inor izutzeko modukoa zen benetan: gizonak, emakumeak eta haurrak basoetan gora eta behera, senide bila, zer eta gehienetan balaz jositako gorpuak aurkitzeko.

Zuhaitz historikoa gain batean dago, eta haren ondoko eraikuntzek osorik iraun dute. Baina udaletxea, bere artxibo eta dokumentu baliotsuekin, erraustuta geratu da.

Apaiz katoliko gisa, hauxe esan behar dut: elizaren aurkako irainik okerrena litzateke Bilboko suhiltzaileen ahalegin heroikoari esker salbatutako Gernikako Santa Maria Elizan Te Deum bat kantatzea noren eta Francoren eta Molaren gorazarrez. Basakeriarik gordinenaren sinbolo dira, izan ere.

Gaurko egun arte, matxinatuek honako herri hauek suntsitu dituzte Euskal Herrian: Markina, Elorrio, Durango, Zeanuri, Dima, Igorre, Zeberio, Otxandio, Abadiño, Legutio, Gernika, Munitibar, Bolibar eta Eibar.

Azken egunetan mairuek hogeita lau emakume bortxatu dituzte Zeanurin, horietako hiru familia berekoak.

Alderdi Jeltzaleko kideek aitorpen gezurtaezinak dauzkate honi buruz.

Bigarren Mundu Gerran, Parisetik Londresera alde eginda, Alberto Onaindiak BBCrentzat lan egin zuen Masterton ezizena hartuta. Gerra amaitu ondoren, Radio París-en aritu zen Padre Olaso ezizenez.
3. Gernika, 1937.

Guernica, Euzkadiko Jaurlaritza, 1937. Faksimilea in ATXAGA, Bernardo (2007). Markak. Gernika 1937. Arre: Pamiela.

Telesforo Monzon Euzko Gudarostearen sortzaileak 1937ko apirilaren 27an bidalitako telegrama edo “urrutidatzia”.

Ikus YouTuben Mikel Laboaren Gernika. Lekeitio 4, Suediako telebistak 1977an egindako grabazioa. Zuzendaria: Ingrid Etzler.

Ikus Euskadiko Filmategian Nemesio Sobrevilaren Guernika film dokumentala (1937).

IKUS HAU ERE

Hannot Mintegiaren Markak film dokumentala (2016).

George Lowther Steer, “The Tragedy of Guernica. Town destroyed in Air Attack. Eye-wittness’s account”, The Times, 1937-04-27. Erasoaren ondorengo egunean idatzitako kronika, The Times egunkarian argitaratu zena. (Ingelesez)

Bombardement de Guernica le 26 avril 1937 : Controverse dans la presse française | Le blog de Gallica (bnf.fr). (Frantsesez)

Irudiak

  1. Biblioteca Digital Hispánica.
  2. Iturria: Ministerio de Cultura – Biblioteca Virtual de Prensa Histórica.. Lan honek CC-BY 4.0 Errekonozimendu-lizentzia dauka.
  3. Bundesarchiv, Bild 183-H25224. Unknown author, , via Wikimedia Commons. Lan hau Creative Commons Aitortu Partekatu Berdin 3.0 lizentzia baten mende dago.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper