NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

BELDURRETIK IHESI, ELKARTASUNERA

Javi West Larrañaga

Testu mota: Artikulua

Garaia: 1936-1939

Atala: Historia

1. Pomozte baskicky'm detem! (‘Euskal umeei lagundu!’), 1937. Egilea: Oskar Kokoschka (1886-1980)


Berria, 2023ko martxoak 19

Javi West Larrañaga

Hego Euskal Herriko milaka ume joan ziren erbestera 1936ko gerran, miseriatik, bonbardaketetatik eta gosetik salbu egoteko. Intxorta 1937 elkarteak ikerketa bat ondu du Gipuzkoatik erbestera joandako haurrei buruz, eta 10 000tik gora zenbatu ditu Europa osoko artxiboak arakatuz.

Datuen dantza dago, baina antzeko irudia erakusten dute gehienek. 1936ko gerraren ondorioz, Hego Euskal Herriko milaka umek egin zuten ihes euren etxeetatik, eta Frantzian, Katalunian, SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunean, Belgikan, Erresuma Batuan eta Latinoamerikako hainbat herrialdetan aterpetu ziren. Asko gurasoekin joan ziren, baina are gehiago izan ziren orduko Euzko Jaurlaritzak umeentzat propio antolatutako ebakuazioetan joandakoak.

Gogora Institutuaren arabera, 1936 eta 1937 bitartean 100 000 pertsona atera ziren «Euskaditik erbestera», eta horietatik 30 000 inguru haurrak ziren. Euskal Memoriaren Fundazioak argitaratu duenez, Jaurlaritzak 150 115 errefuxiatu erregistratu zituen 1936 eta 1939 bitartean; Hego Euskal Herriko biztanleen % 12 inguru. Gaitza da kopuru zehatza jakitea, gerra sasoia zelako, eta Euzko Jaurlaritza hark Bizkaia eta Gipuzkoa bakarrik izan zituelako bere mende.

Datuen dantza dago, eta oraindik lan asko egiteko. Baina marapiloa askatzeko alea ipini dute orain Intxorta 1937 elkarteak eta hango kide Josu Chuecak eta Julia Mongek. Oraintsu aurkeztu dituzte Gerrako umeak ikerketaren emaitzak, Gipuzkoatik erbestera joan ziren haurren nondik norakoak hobeto ezagutzeko, bertako foru aldundiarekin batera.

Erbestealdi asko ez ziren erregistratu, baina, sarri, helmugako herrialdeek hartu zuten erbesteratuen etorrera. Aztarna horiek lagundu diete orain Intxorta 1937koei zerrenda osatzen. 15 urtetik beherakoak kontatu dituzte ume moduan, eta Europa osoko hainbat artxibotan bilatu eta iheslarien eta euren senideen testigantzak eta datuak jaso ondoren, elkarteak 10 232 kasu identifikatu ahal izan ditu: 5053 gizonezko eta 4960 emakumezko. Helburua izan da izen-abizenak eta jaioterriak jasotzea, eta, posible izan den kasuetan, beren argazki bat eta historia labur bat lortzea. Ikerketa ondu dutenek badakite, hala ere, gehiago izan daitezkeela, eta datu basea eguneratzeko asmoa daukate.

Erbesteratutako haur gehienak Donostiatik atera ziren (3681), Irundik (1590), Hondarribitik (609) eta Pasaiatik (571). Bi kasu aurkitu dituzte Abaltzisketan, bi Elgetan, bi Lazkaon eta bi Zegaman, eta kasu bat Altzon, beste bat Zizurkilen, beste bat Zaldibian eta beste bat Asteasun.

Ikerketaren emaitzek ez dute harridurarik sortu elkartean. Izan ere, euren hipotesia bete da. Josu Chueca historialariak azaldu duenez: «Aurreko hamarkadetako ikerketetan planteatzen zen Gipuzkoatik 4000-5000 ume inguru atera zirela erbestera; guk pentsatzen genuen gehiago zirela, eta, noski, bikoiztu egin da kopurua». Hemen erregistratu gabeko jendea agertu zaie Europako artxiboetan; hori da desfasearen arrazoietako bat.

«Gainera, bagenekien ume asko zeudela espedizio horietan atera ez zirenak baina erbestera joan zirenak. Araututako espediziorik gabeko umeak». Hori bakarrik ez, Chuecaren arabera agintari politikoen seme-alabak ere inon erregistratu barik joan ziren erbestera: «Leizaolak sei seme-alaba izan zituen, eta horiek ez dira inon ageri, adibidez».

Datuak tentuz hartu behar dira, hala ere, ikerketa gehienetan Ipar Euskal Herrian egondako gipuzkoar eta bizkaitarrak erbesteratutzat hartu direlako, baina Gipuzkoa jaustean Bizkaira joandako gipuzkoarrak, ez.

Salbazioa barkuetan

Umeen erbestealdietan sona handiena Santurtziko portutik (Bizkaia) irten ziren espedizioek hartu zuten. 1937ko udaberria zen, eta Gipuzkoa faxisten esku zegoen ordurako. Horrek berak ere eragin zuen errefuxiatu andana Bizkaira joatea. Habana itsasontziak sei espedizio egin zituen umeak Bizkaitik ateratzeko, La Pallicera (Frantzia), Paulhacera (Okzitania) eta Southamptonera (Erresuma Batua). Izatez 800 pertsonarentzako lekua zeukan arren, bidaia gehienetan 4000 inguru eroan zituen. Azkenengo espedizioa 1937ko ekainaren 13an egin zuen, Paulhacera, 4500 ume ingururekin. Hortik, 1600 Sobietar Batasunera joan ziren Sontay itsasontzian.

2. SS Habana Southhamptonera iristen ume errefuxiatuekin.
3. Sontayko haurrak Leningradora iristen 1937ko ekainaren 23an

Sei espedizio horietako batzuetan, helduak ere joan ziren, ehunka. Horietako asko, bidaia txartela erosteko gaitasuna zeukaten dirudunak. Bilboko Emakume Antifaxisten Komiteak kartelak argitaratu zituen, kexatzeko: «Ebakuazioak bai, baina umeentzat, gure borrokalarien seme-alabentzat, zaharrentzat, bularra ematen ari diren amentzat. Dirua ezin daiteke izan pribilegioa Bilbotik lehenengo alde egin ahal izateko. Exijitzen dugu lanerako gai diren neskatila guztien ebakuazioa gelditzea».

Guztira 17 000 umetik gora atera zituen Habana itsasontziak Bizkaitik, baina ez zen barku bakarra izan. Ramon de la Sota enpresari jeltzalearena izandako Goizeko Izarra ontziak ere ehunka eroan zituen atzerrira.

4. Rafael Torres izeneko umearen bidaia-txartela.
5. Sobietar Batasunera ebakuatutako ume baten txartela.

Erbestera joan behar izan zuten umeetatik gutxi izan ziren arabarrak eta nafarrak. Gutxi, alde batetik, lurralde horien pisu demografikoa Bizkai-Gipuzkoena baino «apalagoa» zelako, eta, beste alde batetik, kolpistek segituan hartu zituztelako mendean. «32 000tik 10 000 gipuzkoarrak dira, eta gainontzekoak bizkaitarrak dira; egon daiteke multzo txiki-txiki bat arabarrena eta nafarrena, baina oso gutxi izango ziren», adierazi du Chuecak.

Haren arabera, Nafarroako iheslari gehienak Gipuzkoatik hurre dauden eskualdeetan bizi ziren, eta aukera izan zuten estatu kolpearen ondorengo lehenbiziko uneetan herrialdetik ihes egiteko, «baina kasu horietan gizonak izan ziren, ez umeak».

Izan ere, umeak ebakuatzearen arrazoietako bat gerra moldea izan zen. Chuecaren berbetan, ordura arte, gerra karlistetan esaterako, soldaduak euren artean borrokatzen ziren. Faxistek, ordea, «gerra osoaren» taktika erabili zuten; ondorioz, zibilak ere arriskuan zeuden. «Bonbardaketak egiten zituzten artilleriarekin eta hegazkinekin, eta horiek ez dute bereizten kuartel bat, ospitale bat, eskola bat edo etxe bat».

Hori bakarrik ez, gerrak berekin dakartzan gainerako gaitzak ere pairatu zituzten. 1937an, Bilbon eta Bizkaian gosetea eragin zuen faxisten setioak. «Nahiz eta frontea 30 kilometrora egon, ume horiek ikusi zuten gerraren egoera latza: hildakoak, bonbardaketak, behin eta berriro aterpe batera jo beharra...».

Euren seme-alabek miseria hartatik ihes egitea nahi zuten gurasoek, eta lortu zuten gatazkatik urruntzea. Gehienek uste zuten behin-behineko egoera bat zela. «Bazegoen ikuspegi baikor bat orduan, 'bi-hiru hilabeteko kontua da', esaten zuten. Uste zuten joango zirela kanpora baina berehala bueltatuko zirela, Errepublikak irabaziko zuelako gerra».

Esfortzua, gizarteak

Kasu askotan, harrera-herrialdeetako estatuek baino lan gehiago egin zuten elkarteek, familiek, sindikatuek eta alderdi politikoek umeei laguntzeko. Erresuma Batuak hasieran ez zuen umerik hartu nahi izan, 1936ko gerran ez parte hartzeko akordioa sinatu baitzuen, besteak beste, Frantziarekin, Sobietar Batasunarekin, Italiarekin eta Alemaniarekin (azken hirurek ez zuten bete). Gizarte zibilak egindako presioagatik eta Gernikako sarraskiak bultzatuta onartu zuen azkenean ia 4000 ume hartzea, betiere, laguntza elkarteen esku utzita.

Belgikan Gurutze Gorria, elkarte katolikoak eta sozialistak arduratu ziren haurrez. Elkarte katolikoek hartutako ume gehienak Euskal Herriko frontea jaustean bidali zituzten bueltan, 1937ko bigarren erdian. Agintari faxistek mugan hartu zituzten, eta etorreraren propaganda handia egin zuten. Gainerakoek gerra amaitzean egin zuten buelta, baina batzuk bertan geratu ziren, adoptatuta.

Hainbat harrera-herrialdetan gertatu zen hori. Gerran gurasoak galdu zituztenek, gurasoren bat kartzelan zeukatenek edo errepresioaren beldur zirenek atzerrian geratzea erabaki zuten.

Faxistek hasiera-hasieratik deitoratu zituzten haurren espedizioak «umeen lapurreta» gisa, eta, Chuecaren arabera, kanpaina diplomatikoa eta propagandistikoa egin zuten haurrak itzul zitezen. «Frantzian eta beste herrialde batzuetan ume haiek eta jende hura multzoka egoteak erregimen frankista lotsatzen zuen».

Faxistek 1937ko azaroan argitaratutako ohar batean, eskerrak eman zizkioten Francori: «Bilbo gorrien mende zegoela, atzerrira egindako umeen espedizioetatik 152 haur erreskatatu dira Franco jeneralaren kudeaketari esker». Batzorde batek abegi egin zien tren geltokian eta haurrekin desfile bat egin zuten etorrera ospatzeko, Espainiako bandera faxistekin.

Hogei urteko erbestea

Egoera bestelakoa izan zen Sobietar Batasunean. Bertara joandakoak ez zituzten familiek hartu. Umeen etxeak antolatu zituzten eurentzat, eta espainolez irakasteko irakasleak eroan zituzten eurekin. Bigarren Mundu Gerra ere sufritu zuten, baina askok eta askok unibertsitate ikasketak egiteko aukera izan zuten.

Espainia frankista 1955ean sartu zen Nazio Batuen Erakundean. Erregimenak nazioarteko onarpen handiagoa lortu zuen, eta akordioak egin zituen Sobietar Batasunarekin erbestean zeuden umeak itzul zitezen. Chuecak azaldu duenez, batzuek 1946an utzi zuten Sobietar Batasuna, mundu gerraren ostean, baina ez Euskal Herrira itzultzeko, baizik eta erbestean zituzten gurasoengana joateko, Belgikara edo Mexikora, kasurako. Gainerakoak, 1956 eta 1958 bitartean etorri ziren, itsasontziz.

Hogei urte igaro ziren irteeratik itzulerara, eta ume joandakoak helduak ziren jada. Ezagutzen ez zuten gizarte batera etortzeari, beraz, gehitu behar zitzaion erregimen frankistaren mesfidantza, eta askok Sobietar Batasunera itzultzea erabaki zuten heldu eta hilabete batzuetara.

Artxiboetako datuez gain, hainbat testigantza bildu dituzte Intxorta 1937koek. «Gehien-gehienek» harrera-herrialdeentzako «esker oneko hitzak» dauzkatela kontatu du Chuecak: «Errusian egondako gehien-gehienek oso ondo baloratzen dute beren erbestealdia, oso ondo zainduta egon zirelako lehenbiziko urteetan, eta gero aukera izan zutelako egundoko ibilbide akademikoa egiteko, bizpahiru karrera ikasteko... Hemen neskek ez zuten ikasten Medikuntza eta Ingeniaritza».

Kasu bertsua da gainerako herrialdeetan egon zirenena ere. «Azken finean, gerra batetik atera ziren, beldurra eta gosea atzean utzita, eta, kasu askotan, ondo zainduta egon ziren», azaldu du historialariak.

Oraindik falta da sistematikoki eta izen-abizenez zehaztea Hego Euskal Herri osotik zenbat ume joan ziren erbestera. «Guk zail izango genukeen ikerketa hau aurrera eramatea ez bagenu dirulaguntzarik izan bidaiak eta egonaldiak egiteko. Bizkaian oraindik osatu behar da». Lan hori egiteko dago, baina oinarri sendoa ipini diote Intxorta 1937koek.

6. Habana ontzian bidaiatutako 4000 umeen iritsiera oroitarazten duen plaka. txartela. .

Ikus YouTuben “Los bous vascos-Euskal bouak”. Habana eta Goizeko-Izarra ontziak Santurtziko portutik abiatzen 1937ko maiatzaren 21ean.

Ebakuatutako euskal umeen argazkiak Espainiako Liburutegi Nazionalaren funtsetan. Hemen eta hemen.

IKUS HAU ERE

https://www.eitb.eus/es/noticias/sociedad/videos/detalle/5670027/video-havana-barco-que-llevo-a-ninos-vascos-rumbo-a-inglaterra-en-1937/. (Gaztelaniaz)

BasqueChildren.org. The website of BCA’37 UK, the Association for the UK Basque Children. (Ingelesez)

‘Havens East’. Uncovering Lost Histories of 1930s Basque Children Refugees in East Anglia’. Cambridgen eta Norfolken aterpetutako euskal haurrei buruzko webgunea. (Ingelesez)

https://www.ninosderusia.org/. (Gaztelaniaz)

Intxorta 1937 Kultur Elkartearen webgunea.

Javi West Larrañaga, “Askotan pentsatu genuen SESBera itzuli behar ginela”, Berria, 2023ko martxoak 19.

Rumeana Jahangir, “Spanish Civil War: The child refugees Britain didn't want”, BBC, 2016-07-17. (Ingelesez)

Irudiak

  1. Rafael Jiménez from Córdoba, España, , via Wikimedia Commons. Lan hau Creative Commons Aitortu Partekatu Berdin 2.0 lizentzia baten mende dago.
  2. University of Southampton Special Collections.
  3. Asociación de los Niños de Rusia.
  4. University of Southampton Special Collections.
  5. Asociación de los Niños de Rusia.
  6. University of Southampton Special Collections.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper