NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

IMANOL A. MUTIKO GERNIKARRAREN LEKUKOTASUNA

Yvonne Cloud (Londres, 1903 – 1999)

Testu mota: Lekukotasuna

Garaia: 1936-1939

Atala: Historia

North Stoneham-eko kanpamendua Southampton-etik gertu (Ingalaterra). University of Southampton Special Collections.


Ebakuatutako euskal umeen argazkiak Espainiako Liburutegi Nazionalaren funtsetan. Hemen eta hemen.

Erresuma Batuak ez zuen hasieran euskal umerik aterpetu nahi, Espainiako gerran ez parte hartzeko ituna sinatua baitzuen Europako beste 27 herrialderekin batera; baina, gizarte zibilaren presioaren aurrean, eta Gernikako bonbardaketak nazioartean eragindako zirrararen eraginez, amore eman, eta lau mila ume inguru hartu zituen azkenean. The Basque Children’s Committee eta beste boluntario-elkarte batzuen esku geratu zen haien egonaldia finantzatzeko eta haiek zaintzeko ardura. SS Habana itsasontzian pilatuta egin zuten lau mila haur haiek Ingalaterrarainoko bidaia. Handik hilabetera, 1937ko ekainaren 24an —Bilbo frankisten eskuetan erori eta bost egunera—, jaialdi handi bat egin zen Londresko Royal Albert Hall-en, haur haientzat dirua biltzeko. Garaiko intelektual ezagun askok adierazi zuten beren babesa: W. H. Auden, Virginia Woolf, H. G. Wells eta Cecil Day Lewis idazleek, Henry Moore eskultoreak… Ekitaldian, Paul Robeson kantaria ustekabean azaldu eta kantatu egin zuen; Picassok, berriz, orduantxe pintatzen ari zen Guernicaren zirriborro bat bidali zuen enkanterako. Habanan heldutako haur haietako batzuek euskal abestiak kantatu zituzten.

Londresko Royal Albert Hall-en euskal haur errefuxiatuen alde ospatutako jaialdiaren esku-programa. Picassok Guernica-rako egindako zirriborro bat darama azalean. www.basquechildren.org.
“Basque refugee children escape to England from the horrors of war”. The Illustrated London News, 1937.

1937an bertan, Yvonne Cloud idazleak The Basque Children in England izeneko liburua argitaratu zuen euskal haurrak Stonehameko kanpamenduan bisitatu ondoren. Liburu horretatik hartua da, eta ingelesetik itzulia beraz, hemen aurkezten dugun testua: kanpamenduan zegoen Imanol A. mutiko gernikarrak eskainitako lekukotza.

Alejandro Lazcano umearen marrazkia. Spanish Civil War Children's Drawings bilduma. Special Collections & Archives, UC San Diego.

Beti jotzen zituzten kanpaiak, Bilbo bonbardatzera zihoazen hegazkinak herritik pasatzen zirenean. Ohituta geunden. Egun hartan ere, herri guztia baserritarrez eta azokarako aberez beteta zegoela, joka hasi ziren, baina inork ez zien kasurik egin. Bat-batean eztandak entzun ziren. Sugarrak eta kea ikusi nituen herriaren beste muturretik gugana etortzen. Babeslekuetara! Babeslekuetara! Jendea korrika hasi zen norabide guztietan, izuak jota. Nik neuk granada-piezak egiten zituzten lantegi txiki baterantz jo nuen lagun batekin eta osaba batekin. Horma altu bat zuen, atzean gordetzeko aproposa. Gelditu gabe ari ziren erortzen bonbak; keak eta hautsak ito beharrean geunden. Baina bonba bakar batek ez zuen lantegia jo. Horrelakoetan, lantegiak dira toki seguruena, ospitaleak baino askoz seguruagoak. Osabak hots egin zuen: “Goazen korrika mendi aldera!”, eta kalean barrena abiatu zen. Hegazkin bat gainbehera bizian jaitsi, eta osaba saiheska erori zen, burua odoletan zuela. Ez zegoen ezer egiterik eta gainera ikaratuta geunden, eta hantxe utzi genuen. Gero lagunak eta biok korrika baratzeak pasatu, mendian gora igo eta zuhaitz baten azpian babestu ginen. Hala-holako aterpea zen, baina bizia salbatu zigun. Hegazkinak, bost hegazkin, gure inguruan biraka ibili ziren hogeiren bat minutuz, joan eta etorri. Metrailadoreen kalaka entzuten genuen, baina ez ziren guganaino iristen. Gauza ikaragarriak ikusi genituen. Gure ondoan zegoen gizon bat ehizan ibilia zen. Korrika abiatu zen txabola batean babesteko, eta hegazkinak biak nola hiltzen zituen ikusi genuen, bai ehiztaria eta bai txakurra. Gure kaleko familia ezagun bat basoan sartzen ikusi genuen. Ama bi umerekin eta amona xaharra. Hegazkinak baso gainean jiraka ibili ziren puska batean, handik aterarazi arte. Zanga-zulo batean babestu ziren. Mutil koxkorra aurreko mantalaren azpian gordetzen ikusi genuen amona xaharra. Hegazkinak jaitsi, eta denak hil zituzten zanga-zuloan, mutil koxkorra izan ezik. Berehala zutik jarri eta soro batean hara eta hona hasi zen, negarrez. Eraso egin zioten hari ere. Ikaragarria zen; laguna eta biok negar batean geunden, ezin genuen hitzik egin. Jende guztia hiltzen ari ziren, soroetan gorpuak zeuden nonahi. Gero saskietan bildu behar izan genituen. Pilaka. Denbora puska baten ondoren hegazkinek alde egin zuten eta gu Gernikara itzuli ginen. Kea eta hondamena, han ez zen besterik. Gure etxea izandakora joan nintzen eta ez zen han ezer geratzen, ezta oroigarri gisa gordetzeko zertxobait ere. Sendagile bat zebilen bere autoan, zaurituak jasotzen ari zirenei laguntzen. Ez dakit nola atera zen bizirik. Hirurogei pertsona hil zituzten bukatu gabeko babesleku batean. Hegazkinlariak txantxetan ibili ziren gainera, mailuak eta giltza ingelesak jaurtitzen zituzten. Batek zumezko saski bat bota zuen janariz beteta, eta nire lagun bat kolpatu zuen. Gero orri batzuk bota zituzten. Ogia eta sutondo goxo bat agintzen ziguten baldin errenditzen baginen. Sutondo goxoa Gernika bezalakoa izatea, hori nahi nuke nik…”.

CLOUD, Yvonne (1937). The Basque Children in England. An Account of Their Life at North Stoneham Camp. London: Victor Gollancz, 1937. Itzulpena: Asun Garikano.

North Stonehameko kanpamenduaren gainetik ez hegaldatzeko eskatu zitzaien pilotuei, umeak aire-erasoen beldur ziren eta. University of Southampton Special Collections.

Ikus YouTuben Mikel Laboaren Gernika. Lekeitio 4, Suediako telebistak 1977an egindako grabazioa. Zuzendaria: Ingrid Etzler.

Ikus YouTuben Basque Civil War Refugee Children arrive at Southampton, 1937. (Ingelesez)

IKUS HAU ERE

BasqueChildren.org. The website of BCA’37 UK, the Association for the UK Basque Children. (Ingelesez)

‘Havens East’. Uncovering Lost Histories of 1930s Basque Children Refugees in East Anglia, Cambridgen eta Norfolken aterpetutako euskal haurrei buruzko webgunea. (Ingelesez).

Intxorta 1937 Kultur Elkartearen webgunea.

Rumeana Jahangir, “Spanish Civil War: The child refugees Britain didn't want”, BBC, 2016-07-17. (Ingelesez)

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper