NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

SARATIK SACHSENHAUSEN-ERA

Eneko Bidegain (Baiona, Lapurdi, 1975)

Testu mota: Artikulua

Garaia: 1939-1945

Atala: Historia

Jatorrizkoa

Marie-Jeanne Oltzomendi atxilotu zuten iheslariak Nafarroara igarotzen laguntzeagatik, eta Alemaniako kontzentrazio-esparruetara deportatu zuten, André Izagirre bezala.

Ezpeletako plazako monumentuan zizelkatuta daude Jean-Baptiste Bergara, Martin Etchegoyen, Victor Itoil, Henri Etchegaray, Louis Kimes eta Pierre Martin Daliaren izenak, «Morts pour la France» izendapenarekin. Bigarren Mundu Gerran (1939-1945) hil ziren. Dalia Sachsenhauseneko kontzentrazio-esparruan hil zen. Zerrenda horren ondoan zerrenda anitzez luzeago bat bada, 31 izenekin: horiek Lehen Mundu Gerran (1914-1918) hil ziren. Alabaina, anitzez euskaldun gehiago hil zen 25 urte lehenago lehertu zen gerran, frontean sekulako sarraskia jasan zutelako batetik, eta gerra bera luzeago izan zelako, bestetik. Izan ere, nahiz eta Bigarren Mundu Gerrak sei urte iraun zuen (Lehenak baino bi gehiago), Frantziak gerra hasi eta laster eman zuen amore. 1940ko ekainaren 22an, Frantziak eta Alemaniak armistizioa izenpetu zuten Rethondesen, Hitlerrek agindutako tokian, hain zuzen, 1918an Alemaniaren porrotaren sinbolo izan zen armistizioa izenpetu zen leku berean: Frantziaren zati handiena, Paris barne, alemanek okupatu zuten; beste zatia Pétain mariskalaren agintepeko Vichyko erregimenaren esku gelditu zen, eta «eremu askea» deitu zitzaion.

Akordio hark ondorioak izan zituen Ipar Euskal Herrian ere, «desmarkatze lerroa» Nafarroa Beheretik pasatzen baitzen, erdiz erdi. Zenbait herri, Gamarte adibidez, bitan zatituta zeuden: alde bat alemanen menpe zegoen, bestea frantsesen menpe. Herritarren artean ahalegintzen ziren trukeak egiten, barrandarien gainetik. Dena den, truke nagusiak eta arriskutsuenak Lapurdin izaten zituzten, alemanen errepresioaren mehatxupean bizi zirelako eta handik pasatzen zirelako erregimen nazitik ihesi zebiltzanak, oroz gainetik juduak. 1942ko azarotik aitzina, Alemaniaren esku gelditu zen Ipar Euskal Herri osoa, ia Frantzia osoa bezala.

Ipar Euskal Herriko sektore garrantzitsu batek indar alemanekin kolaboratzea onartu zuen, Pétain mariskalarekiko leial. Kolaborazio horren ikurra zen Jean Ibarnegarai, baina baita Eskualduna astekaria ere, gerraren bukaeran itxi zutena, naziekin kolaboratzeagatik. Ibarnegarai Nafarroa Behereko eta Zuberoako diputatua zen 1914tik; eta Pétainen Vichyko gobernuko ministro izan zen 1940ko irailaren 6a arte. Gerora, Erresistentzia laguntzeagatik atxilotu eta deportatu zuten. Hori mesedegarri izan zitzaion gerratik landa, Vichyko gobernukide izateagatik jaso zuen zigorra baliogabetu baitzioten. Baina eskuin muturreko politikari, Vichyko ministro ohi eta 36ko Gerra garaian Francoren aldekoa izateagatik gelditu da Euskal Herriko memoria kolektiboan.

Erresistentziaren laguntzaile

Nahiz eta hori horrela izan, Erresistentzia antolatuta zegoen Lapurdin ere, Nafarroara ihesi zihoazenak laguntzeko. Sare aski egituratua zeukan Erresistentziak, ezagunena egin zen Comète sareaz gain. Sare horretan, funtzio ezberdinak betetzen zituzten jendeak zebiltzan, elkarrekin ahal bezain harreman gutxi garatuz.

André Izagirre gazte-gaztea zen, eta Erresistentziaren esku-orriak banatzen ibiltzen zen, Bidarten, bere herrian. Marie-Jeanne Oltzomendik ere ez zituen hemezortzi urte Erresistentzian parte hartzen hasi zenean, Saran, jendea mendiz Nafarroara igarotzen laguntzeko. Ez ziren sare berekoak, eta ez zeukaten elkarrekin harremanik. Gerra bukatu ondoan elkartu ziren sare berean: Sachsenhauseneko kontzentrazio-esparruko deportatu ohien elkartean ezagutu zuten elkar. Elkarte horretako kideak urtero biltzen dira, ondoko belaunaldiei ozen ohartarazteko zer gertatu zen 40ko hamarkadaren lehen erdi ilun hartan eta zer pairatu zuten. «Ez dadila berriz horrelakorik errepika», aldarrikatu zuten 1999an, Baionako Mercure hotelean bildu zirenean. Urte hartan egin genizkien elkarrizketetatik ateratakoak dira ondoko aipu eta lekukotasunak.

André Izagirre, aitarekin arrantzan ibiltzen zena, atxilotu zuten lehenik, 1943 hastapenean, propaganda edukitzeagatik. 1944ko ekainaren 6an ingelesak Normandian lehorreratu ziren, eta alemanei nagusitzeko itxaropena zabaldu zen. Biharamunean, ordea, Marie-Jeanne Oltzomendi atxilotu zuten bere amatxirekin eta Sara, Hendaia, Donibane Lohizune eta Baionan eroritako beste lagun andana batekin. Sarekada hartan erori zen juduak, ingelesak eta amerikarrak Nafarroara pasatzen laguntzen zituen sarea.

Diskrezioa izugarri zaintzen zuten, ordea. Oltzomendik berak ez zuen sareko ia nehor ezagutzen. «Banekien amatxi mugalaritzan ari zela. Egun batez eritu zen eta ezin izan zuen mendira joan, beraz haren ordez joateko galdegin zidan.» Gisa hartan hasi zen Oltzomendi jendea laguntzen, Larrun zolatik barna, Bera aldera ihes egiten. Sarean zituen kontaktu bakarrek ohartarazia zioten hobe zela hura atxilo zezaten, informazio gutxi zeukalako; beste bat atxilotuz gero, sare guztia eror zitekeen. Segurtasun neurriak hartzen zituzten, halakorik jazo ez zedin. Oltzomendik, gehienetan, bere kontaktuak ez zituen ikusten. Zenbait aldiz Baionara joaten zen gutun batzuen bila. Etxe batera sartzen zen, baina sartu ahal izateko, bost liberako billete baten erdia erakutsi behar izaten zuen; etxe barnean zegoenak zeukan billetearen beste erdia. Bide hori erabiltzen zuten ziurtatzeko atearen bestaldeko pertsona beren sareko kidea zela. Behin etxe barnean zegoela, ezkutuko ate batetik sartzen zen gela txiki batera, eta handik gutunak hartzen zituen, soinekoaren barnetik sartzen zituen, eta Sarara itzultzen zen.

Egun batez, alemanek kontrol batean geldiarazi zuten Sarako gaztea, Angelun, Maignoneko bidegurutzean. Autoa goitik behera miatu zuten... Oltzomendi eta autoko gidaria ez zituzten hunkitu, ordea. Horri esker, bidean jarraitu ahal izan zuten, alemanek gutunak ez zituztelako aurkitu. Beraz, ohi bezala jarraitu zuen Sarara itzuli zenean.

Baionatik Sarara heltzean, gutunak Larrunetik bestaldera eramaten zituen, gauez, San Inazio lepotik barna. Bazterrak ongi ezagutzen zituen, eta ilunpean bidea aise aurkitzen zuen. Ingelesak eta amerikarrak etxera ekartzen zizkietenean, jatera ematen zieten eta iluntzen zuenean Nafarroako mugaraino laguntzen zituzten. Arrisku handia hartzen zuten, soldadu alemanek mendi inguruak hurbiletik zaintzen zituztelako, zakurren laguntzaz. Baina trukoak ongi ezagutzen zituzten, zakurrak engainatzeko eta alemanak ez haietaz ohartzeko. Iheslariak Berako kideen ardurapean uzten zituzten gero. Baina handik landa gertatzen zena ez zegoen gehiago haien esku.

Oltzomendik ez daki ea herritar batek salatu zituen edo iheslari bat atxilotu eta mintzarazi zuten: «Ez naiz behin ere ahalegindu jakitera nork salatu gintuen. Norbaitek erran zien gizonak pasatzen genituela mugan. Edo, beharbada, pasatu genuen norbait berriz itzuli zen Espainiatik eta hemen alemanek atxilotu zuten, eta zanpatu, aitortu arte nork lagundu zituen pasatzen. Zango zoletan burdinak ezartzen zizkieten, abisekin (torlojuekin), eta egun guztian tinkatzen zizkieten abisak, mintzatu arte. Zigarroekin erretzen zituzten. Konprenitzen dut mintza zitezen».

Gestapoaren esku

Goizeko 5ak ziren alemanak etxera joan zitzaizkielarik; Oltzomendi eta gainerako atxilotuak Hendaiara eraman zituzten, Gestapoaren egoitzara, tren geltokiaren parean. Han egon ziren sei egunez, soto hezeetan giltzapeturik. Denek pairatu zituzten tratu txarrak. Oltzomendiri egarria jasanarazi zioten: Gestapoko bi agente zeuzkan parez pare, galdekatzen; begien aurrean pitxar bat jarri zioten urez beterik, baina ez zuten edatera uzten. «Amatxik erran zidan gutxi mintzatzeko, eta beti gauza bera errepikatzeko. Hala egin nuen: ez nuen fitsik erran.» Ez zekien gauza handirik, eta Gestapoak ulertua zuen hori; ondoko ziegako emakumeak ez zuen zori bera izan, alemanek joka xehatu baitzuten. Handik landa, Bordeleko Fort du Hâ gaztelura igorri zituzten, eta han egon ziren preso bi hilabetez, behin-behinean, gerra garai hartan atxilotu zituzten euskaldun gehienak bezala.

Handik Alemaniara eraman zituzten, tren bagoiak koka ahala jendez beterik. 48 oreneko bidaia, 120 pertsona sarturik 40 kabitzen ziren lekuan, hatsa hartzeko aski zailtasunekin. Beste batzuk ez bezala, Marie-Jeanne Oltzomendi bizirik heldu zen Ravensbrückeko kontzentrazio-esparrura. Hura zen emakumeentzako esparrurik handiena, Berlinetik 90 kilometrora, iparraldean. Ikaratzekoa zen hango sarrera nagusia, «Arbeit macht frei» («Lanak aske egiten gaitu») idatzirik zeukala, burdinaz. Ikaragarriagoa zen barneko giroa. «Hona atetik sartzen zarete eta tximiniatik ateratzen», bota zieten alemanek esparrura iritsi zirenei. Hori gogoan iltzaturik gelditu zitzaion André Izagirreri. Oltzomendik Ravensbrückez duen oroitzapena ere gordina da: «Han sua beti piztua ikusi dut. Jendea erretzen zuten, gau eta egun».

Ez zen egun anitzez egon leku hartan, handik gutxira eraman baitzuten Sachsenhauseneko esparrura, Berlinetik 30 kilometrora. 200 000 lagun egon ziren preso han, eta haietatik 100 000 hil ziren. Han ere «Lanak aske egiten gaitu» zegoen idatzita, baina Izagirre eta Oltzomendi, beste guztiak bezala, esklaboen gisan tratatu zituzten.

André Izagirrek hainbat zanpaldi jaso zuen, lasterrago lan egin zezan. Garai batez, hargintza lanetan ari izan zen, eta haren taldeaz arduratzen zen soldadua «izugarria» zen; adibidez, adreiluak gainera botatzen zizkien, lasterrago mugi zitezen. Noiznahi jasaten zituzten ukabilkadak, ostikoak edota zartakoak: errentagarritasuna eskatzen zieten presoei. «Eritasun bat baldin bazenuen eta ez bazinen lanerako on, ez zintuzten han atxikitzen», argitu du Oltzomendik.

Zorrien bila

Eta eritzen baziren ere, ez zen harritzeko. Ez bakarrik jasaten zituzten ukaldiengatik, nahiz eta ukaldiek berek ere heriotza eragin zezaketen. André Izagirreri gazte izateak salbatu zion bizia, bestela, «hiru egun gabe» hilko zen. Behin, bere barrakako zaindariak zanpatu zuen: «Kontrolatzen zuen ea zorririk bagenuen. Galtzak beheititzen zizkigun. Erregela edo arkatz batekin begiratzen gintuen. Lagun batek sekulako zanpaldia bildu zuen zaindariak zorri bat atzeman ziolako. Beste behin niri gertatu zitzaidan. Lehenik ukabilkada bat eman zidan, eta lurrera erori nintzen. Ostikoka zutiarazi ninduen. Zorri bat ikusi omen zuen ene barrabilen ondoan. Ez zen zorria, alta, baizik eta sortzetik daukadan sor-seinale txiki bat».

Tratu hori saihesteko asmoz, presoek denbora luzea igarotzen zuten beren jantzietan eta gorputzean zorririk bazuten begiratzen. Ez zen lan erraza, zorriak aise ezkutatzen zirelako; baina haien ezkutalekuak ezagutzen zituzten, bereziki josturetan egoten baitziren. Izagirrek gogoan du aberatsek eta medikuek ez zutela zorriak bilatzeko lanik hartu nahi izaten, pentsatzen zutelako haiek zorriak edukitzetik salbu zirela. Ez zen hala, noski.

Beste behin zanpatu zuten oinetakoak lotu zituelako lurrean aurkitu zuen hari mutur batekin. Haria erabili behar zuten uniformeari itsatsita zegoen zenbakia josteko; ez bazen ongi josia, kanpamenduko zaindarien ukabilkadak ziurtatuta zeuzkaten. Ahal bezala janzten ziren; kanpamendura iristean, zenbait egunez biluzgorrian atxiki eta hauts zuri batekin «desinfektatu» ondoan (eritasunetik babesteko, ustez), uniformea eta oinetakoak ematen zizkieten, begiratu gabe zein neurritakoa behar zuten. Preso batzuek anitzez uniforme handiegia izaten zuten, eta galtzak lotzeko jukutriak aurkitu behar izaten zituzten, hari bat eskuratuz, adibidez, nahiz eta zaindariek hori ez onartu. Jantzi haiek, gainera, ez zuten bermatzen neguko hotz saminetik babestea. André Izagirrek eta haren lagunek beroki moduko bat josi zuten zementu zakuekin Falkenseeko kanpamendua eraikitzeko lanetan ari zirenean. Burua eta bi besoak pasatzeko hiru zulo egin eta soinean jartzen zuten, eta gainetik uniformea. Horri esker, hotza aisexeago jasan zezaketen; baina zaindariek tarteka hunkitzen zituzten, eta ohartzen zirenean uniformearen azpitik zaku hura zeukatela, jipoitzen zituzten.

Funtsean, hotzak ez zeukan ihesbiderik. Tarteka, zeropetik 28 graduraino jaisten zen termometroa. Sukar ustelaren beldurrez, alemanek egunero dutxatzera behartzen zituzten presoak, baita egun hotz haietan ere, nahiz eta arras ur gutxirekin izan. Marie-Jeanne Oltzomendiri gogor egiten zitzaion dutxatik atera eta lehortzeko astirik ere ukan gabe kanpora atera behar izatea: ile muturrak hormatzen zitzaizkien.

Goizetan goizik zutiarazten zituzten ohetik, jende zenbaketa egiteko. Kanpora atera behar izaten zuten goizeko lauretan. Sekulako euriaren azpian egonarazten zituzten, batzuetan orduak. «Euri tantak labanak bezala» zirela gogoratzen da Izagirre. Jendea zenbatzean nahasten baziren, berriro hasten ziren hastapenetik, eta horrela anitz luza zitekeen euri hotzaren azpiko egonaldia. Noizbait bakean uzten zituztenean, lanera igortzen zituzten, eta hezurretaraino bustirik iragan behar izaten zuten egun osoa.

Patata galipotean

Hotz sentsazioa areagotzeko, gosea ere pairatu zuten. Etxera igortzen zituzten gutunetan ez zezaketen euskara erabil, baina helbidean «Gasna igorri etxea» jartzean edo lerroen artetik «Anbrosio ontsa da» idaztean, ulertarazten zuten goseak bizi zirela. Afaltzeko salda arin bat ematen zieten: ura, arbiaren moduko barazki batekin. Eta kanpoko hauts guztiarekin. Izagirrek zementua egiten iragan zuen denboran, zementua ere irentsi zuen saldarekin batera. Oltzomendik goizetako edaria du gogoan: «Goizetan ur beltza ematen ziguten. Ez dakit zer zen; ez zen kafea». Salda eta ustezko kafe hartaz gain, ogi zati bana eskuratzen zuten egun osorako. Hura zen, Izagirreren oroitzapenen arabera, nehoiz jan izan duen ogirik hoberena. Baina edozein aitzakiarekin zigortzen zituzten, eta ogirik gabe uzten zituzten zenbait egunez. Izagirre behin egon zen lau egunez ogirik gabe, eta beste behin sei egunez, berina txiki bat hausteagatik. Alemanek ematen zutenarekin ez zen aski, eta zikin-ontzietan bila ibiltzen ziren. Oltzomendi Poloniako preso baten lagun egin zen. Aurkitutako aza koxkor eta patata azal guztiak hartzen zituen hark, eta euskaldunarekin partekatzen. Izagirre ere berdintsu ibiltzen zen: «Laneko artetik, zikin-ontzi bat ikusi orduko, miatzen genuen, ogi puska bat atzemateko esperantzan».

Zori hobea izaten zuten errusiar presoak gurutzatzen zituztelarik. Haiek patata egosiak botatzen zizkieten. «Gutariko batek harrapatzen bazuen, besteekin partekatzen zuen. Baina patata lurrera erortzen bazen, kalapitan hasten ginen harrapatzeko.» Garai batez, Izagirreren lana galipota berotzea zen. Orduan, patata bat eskuratzen bazuten, galipotaren barnean sartzen zuten, erretzeko.

Zinkurin gutxirekin jan behar izaten zuten, zikinkeria eta oro. Izagirre abere hiltegi batean ere aritu zen lanean; une hartaz baliatu zen haragia jateko, gordinik bazen ere. Are gehiago, «batzuek haragi hori jaten zuten harrez betea zegoenean ere». Oltzomendik eta bere lagunek jaten zutena harrigarriagoa zen: itsasgarria edo kola jaten zuten. Donibane Lohizuneko lagun bat kola ekoizteko lantegian ari zen lanean, eta handik itsasgarria ebasten zuen, elurrean nahasirik. «Gosea kentzen du kolak.»

Hilabeteetan zehar jasan zuten elikaduraren ondorioak hezur-haragitan nabari zitzaizkien. «Arrebak ez ninduen ezagutu trenetik Baionako geltokira atera nintzelarik.» André Izagirrek 50 kilo baizik ez zituen gerra bukatu eta askatu zutenean. Azken egunak ere ez ziren eztiak izan. 1945eko apirilean, Alemaniak gerra ia galdua zeukan, eta errusiarrak gero eta hurbilago zeuden Sachsenhausenetik. Haien beldurrez, SSek kontzentrazio-esparrua hustu zuten, baina gatibu zeuzkatenak ez zituzten aske utzi. 15 000 soldadu Herioaren Martxara igorri zituzten, oinez, Itsaso Baltikora buruz, errusiarrek maiatzaren 3an askatu zituzten arte. Erdiak bidean hil ziren, gosez eta hotzez. Izagirre eta Oltzomendi bizirik itzuli ziren Euskal Herrira. 55 urteren buruan oraino, Oltzomendiri negar malkoak atera zitzaizkion gurasoak berriz ikusi zituen mementoa gogora ekartzean. Amatxi ez zen harekin itzuli. Kontzentrazio-esparruan eritu zen, burua ikaragarri hantu zitzaion, eta alemanek eraman zuten. Marie-Jeanne Oltzomendik ez zuen berriz ikusi, ez bazen tximinia batetik ateratzen zen kearen baitan.

BIDEGAIN, Eneko (2015). «Saratik Sachsenhausen-era», Erlea 8: 27-32.

Ikus hau ere

Bidasoako deportatuak. Erakusketa ibiltaria , Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkartea.

Euskaldunen deportazioa Hirugarren Reicheko esparruetara (1940-1945), Gogora institutua, Eusko Jaurlaritza, 2020.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper