NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

ESPLORATZAILE BATEN GOGO-BIHOTZAK

Ramon Olasagasti (Berrobi, Gipuzkoa, 1972)

Testu mota: Biografia

Garaia: 1874-1884

Atala: Historia


Hamalau urte gorri. Batxilergoa ikasten ari da artean. Círculo Vitoriano elkartera deitu ditu hainbat lagun eta herritar. Asmo handi bat du jakinarazteko: Lurmutur Hiritik hiritik Tripolira joan nahi du, hiruzpalau urtean Afrika osoa zeharkatu eta esploratu nahi du hegoaldetik iparraldera. Nerabezaroko haizeak, pentsatuko zuten batzuek. Bidaia liburu gehiegi irakurritako gaztetxo baten fantasia goranahiak, besteren batzuek. Manuel, ordea, serio ari zen, oso serio ere. Esploratzaile izateko grinak bizi zuen oso gaztetatik.

Hitzaldi haren ondotik sortu zuten Joven Exploradora elkartea. Ametsen fabrika hartan bildu ziren Gasteizko Bigarren Irakaskuntzako Institutuko gaztetxo ipurtarinenak “ezezaguna ezagutzeko”. Arabako mendi, kobazulo, gaztelu eta troketan zaildu ziren geografian, historian, etnografian… Eta Arabako zidorretan zebiltzala, Speke, Burton, Livingstone eta besteren Afrikako menturak, Robert O’Harak eta John Stuartek Australiara egindako espedizioak kontatzen zizkien Iradierrek lagunei.

Euskal Herrian Bigarren Gerra Karlista piztu zen bete-betean, eta gerrak armetara behartu zituen Exploradorako kideak. Iradierrek berak ere hainbat guardia egin zituen Askatasunaren aldeko Boluntarioen Batailoi liberalean, Remington fusila eskuan, tropa karlistak Gasteizen noiz sartuko atezuan. Gerla Karlistek ekarri zuten, hain zuzen, Henry Morton Stanley Euskal Herrira, New York Herald egunkarirako berriemaile. Ordurako entzute handiko esploratzailea zen Stanley eta berria berehala zabaldu zen Exploradorako kideen artean. Adorea bildu eta harengana jo zuen Iradierrek, bere asmo handiari buruzko iritzia galdetzeko. Eta Afrikako mapa erakutsi zion, hainbeste itxi-irekiren tolesturak apurtuta. Stanleyri, ordea, handia, handiegia begitandu zitzaion Afrika osoa zeharkatzeko asmoa, eta Gineako Golkotik, Espainiaren jabegoko lurraldeetatik hasteko aholkatu zion.

Urtebete geroago, 1874ko abenduan, 20 urte doi-doi, “anaiarteko gerraz” gogaituta, remingtona tiro bakar bat bota gabe alde batera utzi, eta diligentzia bat abiatu zen Gasteiztik Ebroko lerroaren beste aldera. Emazte Isabel Urkiola, koinata Manolita eta Manuel bera zihoazen barruan. Hilabete zen ezkondu zirela, baina ez zen hura eztei bidaia. Afrikara zihoazen. Beren bizitza laburrean aurreztutako sos apurrak eta lagunek egindako ekarpenak batu eta nola edo hala 10.000 pezeta bilduta.

Ezohikoa zen erabat diligentzia hartan abiatu zen espedizioa: hiru gaztetxo, 20na urte Manuelek eta Isabelek, 18 Manolitak, ez inoren eta ez inongo ordezkari –ordura arteko bidaia ia gehienak herrialde edo geografia elkarteren baten izenean eta diruarekin egin ziren–; gizonezko bat eta bi emakume, zein baino zein herabeago halako , esploratzaile izateko grina itsuak bultzatuta… Everest baino erraldoiagoa, ezezagunagoa, urrunagoa, misterioz beteagoa begitantzen da Afrika gazte haien asmoetan. Hain xalo, hain bakar, halako bidaia bat antolatzea, berriz, borondate eta kemen ezohiko baten egitasmo adoretsua izan zen, inondik ere. Horra Iradierren egiazko indarra.

Manuel Iradier. Lehenengo espedizioa.

Beldur zen, beldur zenez, kontinente misteriotsuko biztanleekin, klimarekin, arriskuekin; eta beldur, Robinsonen bizimodu ametsezkoa agindu bai, baina egiaz uhartetxo bateko bizimodu itoan utzitako bi lagunen paraderoarekin. Baina beldur horien gainetik –areago, maitasunaren gainetik kasik– ahal zezakeen bere jakin-minak, ezagutzeko gogoak, esploratzaile izateko desirak. Malaria zainetaraino sartu zitzaion, gaixoaldiak franko izan zituen, indigenek pozoituta hiru hilabete egon zen hiltzeko zorian, baina hala ere, Muni ibaiaren barrualdera jotzen zuen pixka bat suspertu orduko.

Venga, itemu, vico, pamu… lurralde hartako tribu guztiak aztertu zituen, haien gramatika, janzteko, ehizarako eta gerrarako ohiturak, haien izaera, elikadura, musika eta abar bildu zituen xehetasun osoz. Ez zen lurraldea konkistatzera joan, ezagutzera baizik. Lehen bidaian, Elombuangani leiala izan zuen uneoro ondoan, eta nagusiaren eta morroiaren arteko hasierako harremana ibilian-ibilian beste zerbait bihurtu zen. Ezagun dira noiz edo noiz Europako gizon zuri jakintsuaren ajeak eta jarrerak Iradierren idazteko eta pentsatzeko moduan, baina lurralde hartako biztanleekiko mira ere azaleratzen da tarteka hark utzitako lerroetan.

Hamar mila pezeta haiekin ia hiru urte egin zituzten Muni ibaiaren inguruko lurraldeetan eta Fernando Poo uhartean –gaur egungo Bioko irlan–. Afrikako lehen bidaiaren kostua, ordea, askoz handiagoa izan zen: Elobey uhartean jaiotako alaba, Isabela, han geratu zen betiko, hamabost hilabete baino ez zituela, paludismoaren ondorioz sukarrak jota. Eta Iradierri berari ere, gogoa aski ez, eta gorputza ere hartu zion kontinente beltzean egindako egonaldiak. Bidaian zehar jasandako sukarraldien ondorioz, ez zen, harrezkero, inoiz guztiz osatu.

Etxe honetan pasatu zuen Iradierrek lehenbiziko sukarraldia.
Iturria: Iradier Bulfy, M., et al. (1887). África: viajes y trabajos de la Asociación Eúskara La Exploradora : reconocimiento de la Zona Ecuatorial de África.
Vitoria-Gasteiz: La Exploradora.

Bidaiaren ondotik ez zuen loriarik eta txalorik espero, baina aitortza poxi bat behinik behin bai. Ez aitortzarik eta ez Afrikako penaldiak goxatzeko igurtzirik, ordea. Ostrazismoa. Ginean egindako lan eta esplorazioen berri argitaratzen hasi zenean, orduan hasi ziren Madrilen, han eta hemen, Iradier delako hura aintzat hartzen. Etxekoak ere, lehen noranahira –Afrikako bazter galduenera berdin– jarraitzeko prest zeudenak, urruntzen, esploratzailearen grina itsu hartatik aldentzen hasi zitzaizkion. Afrikan hasi zen, inondik ere, Isabelen eta bien arteko harremanean arrakala zabaltzen. Eta etxeko egoera ekonomikoak ere ez zuen askorik lagundu.

Afrikara itzuliko bazen, beraz, derrigor behar zuen norbaiten babesa. Europako indar kolonialak, Frantzia, Alemania, Belgika, Ingalaterra, indarrez ari ziren kontinente beltzaren larruazalean atzaparka. Kontinente osoa odolusten. Espainiak bazuen nahikoa lan barneko gatazkak baretzen, eta ez zuen beste herriek adinako indarrik jarri Afrikako kolonien sarraskian. Izan ziren, ordea, espedizio batzuk. Madrilgo Geografia Elkartearen ekimenez antolatu zen horietako bat, 1884an. Alemaniaren eta Frantziaren hedatze geldiezinaren aurrean Gineako jabegoei eustea, hori zen misioa eta Iradierri proposatu zioten bidaiaren ardura. Ez zen hura gasteiztarraren gogoko asmoa, ez zen hura amesten zuen esplorazio bidaia handia. Baina ez zuen jakin ezetz esaten. Afrikara joateko aukerarik gehiago ez izateko beldur, ausaz. Amado Osorio mediku asturiarra izan zuen bidaide. Hilabete gutxi iraun zuen, ordea, bidaiak. Berriro ere sukarrak jota, etxerako bidea hartu behar izan zuen Iradierrek.

Bigarren espedizioko kideak.
Iturria: Iradier Bulfy, M., et al. (1887).

Lehen bidaiatik bueltan ez bezala, bigarrenetik itzuli zenean hainbat laudorio eta gorespen jaso zituen. Omenaldiak han eta harrerak hemen. Baita kritikak ere. Porrot egindako espedizioaren itzal gaiztoa izan zuen bigarren bidaiak. Madrilgo hainbat zirkulutan, batez ere. Beste herrialdeek gurutzaontziak eta armada indartsuak bidaltzen zituzten garaian, txalupa ustel bat alokatu eta hala moduz ibili ziren Osorio eta biak, tribuz tribu Espainiako bandera paratzearen truke dirua eskainiz. Berak beste bandera bat goratu zuen harrotasunez, odolik batere isuri ez izanarena: “Alemaniak, Frantziak eta Italiak odolez gorritu dituzte Camarones, Ogoué eta Niger ibaiak. Guk biktima bakar baten izenik gabe jaso dugu gurea”.

Egindako ahaleginak, ordea, esker gaiztoa baino ez zuen jaso, bere begietara: “Atzo berotasuna eskatzen nuen, eta patriotismoa. Alfer-alferrik. Gaur, aurkitu dut, baina jada berandu da niretzat… Nire osasuna, nire gaztetasuna kontinente misteriotsuko eremu zabal bakarti haien mugan geratu zen. Kontsolamendu bakarra daukat: gizon ona izan naizela, egin behar nuena eta ahal nuena egin dudala. Ez dut jasotako bandera jaisten. Estali egiten dut, alferrikako odolez ez zikintzeko”.

Africa liburuan hondar aldera idatzitako pasartea da. Lan mardul horretan mamitu zuen bere obra. Bere bi bidaiak, ibiliak, esplorazioak, sentimenduak, grinak eta sukarrak. Bere izate osoa. Denboraren joanean, ordea, ernegatu, mindu, amorrarazi egiten zuen Afrikan gertatzen ari zenak, agintarien jokabideak eta utzikeriak, herrialde kolonizatzaileen jarrerak oro har. “Ezaba ezazue nire izena lan horietatik guztietatik; gera zaitezte zuen bulego lurrinduetan, apur itzazue akta horiek; gorputz beltzeko basati haien artean zuri zibilizatuen artean baino bihotz zuriagoak aurkitu bainituen.”

Afrikak ekarri zion pozik eta ekarri zion arrangurarik. Bizitzak, berriz, arrangurak gehiago, pozak baino. Esploratzaile gisa bere bidaia handia egin ezinik geratu eta gero, asmatzaile moduan saiatu zen etorkizunerako aztarnarik uzten. Tipografia-kutxa aurrerakoi bat, uraren kontagailu automatiko bat eta argazkigintzarako osagarri bat asmatu zituen, besteak beste, baina asmakizun guztiak ahaztu antzean geratu ziren denboraren gurpilean. Buruargia zen, ameslari-asmalarien jenialtasun ukitu hori zeukan, baina ez zen batere saltzailea.

XIX. mendearen azken urteetan alderrai ibili ziren Iradiertarrak, lanaren peskizan. Madrilen, Bilbon, Sevillan, ostera ere Madrilen... bizi izan ziren, behar ekonomikoak eragindako kulunka urdurian. Gutxi dakigu Iradierren bizitzako azken urteei buruz. 20 urterekin den-dena utzi eta Afrikara joandako gizon adoretsu hura barik, bizitzaren joan-etorri eta makurraldiek herrestan eraman eta otzandutako gizonaren irudia gorpuztu da dakigun apur horretatik. Osasuna dezente makalduta, 1911. urtean hil zen Valsainen, Segoviako herrixka batean. Ahanzturarik erabatekoenean.

Hil eta gero goratu zuen Gasteizek herriko semearen irudia. Euskal Herriak eman duen esploratzaile handienetako bat. Zaleak gara hil ondorenean heroiak sortzen. Egun badu kale bat eta estatua bat hirian. Bada mendi talde bat bere izenarekin, eta gobernuz kanpoko erakunde bat ere bai, Ekuatore Ginean eta Afrikako beste herrialde batzuetan lanean. Azkenean, beraz, utzi du Manuel Iradierrek aztarnarik geroko. Etorkizunak onbera jokatu du azkenean; atera du Valsaingo hilerri bakarti hartako ahanzturatik eta eman dio lur historiaren eguteran, esploratzaile handiei gordetzen zaien tokian. David Livingstoneren kondairak dio haren gorpua Westminsterko abadian dagoela, baina bihotza Afrikan lurperatu zutela hilotza aberriratu aurretik. Berdin esan liteke Iradierri buruz ere. Izan ere, esploratzaile gasteiztarrak Muni ibaiaren lurraldean izan zituen beti gogo-bihotzak, gorputzak beste bide batzuk hartu arren.

OLASAGASTI, Ramon (2011). «Esploratzaile baten gogo-bihotzak», Erlea 4: 27-30.

IKUS HAU ERE

IRADIER BULFY, Manuel (1887). África: viajes y trabajos de la Asociación Eúskara La Exploradora: reconocimiento de la Zona Ecuatorial de África. Vitoria-Gasteiz: La Exploradora.

OLASAGASTI, Ramón (2009). Manuel Iradier, Afrikako arimaren esploratzaile. Donostia: Elkar.

Ramon Olasagastiren artikuluak Berria egunkarian.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper