NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

ITSASOAN TORMENTA ALTXATZEN DENEAN

Esteve Materra (? – ?)

Esteve Materra frantziskotar frantsesa, Euskal Herritik kanpo jaioa, eliz agintariek Lapurdira bidali zuten Kontrarreformaren garaian, hizkuntza ikasi eta dotrina euskarara itzul zezan. Axular izan omen zuen maisu, Sarako herrian, noiztik noiz arte ez dakigu. Edozein kasutan, 1617an kalean zen bere Doctrina Christiana, marinelentzako otoitzak eta kristau-ikasbidea biltzen zituen liburua. Halaxe bihurtu zen Materra euskal letren historiako lehen idazle euskaldun berria. Irakurleari zuzendutako atalean, liburu hori idaztera zerk bultzatu duen esplikatzen du: “Zeren anitz baita Euskal Herrian irakurtzen dakienik, baina ez euskara baizen bertze hizkuntzarik aditzen, halatan egin ditut halakoentzat euskaraz deboziozko otoitz eta orazio batzuk”. Materra baikor agertzen da bere liburuak izango duen harreraz: “Estimatzen dut ez dela izanen batere irakurtzen dakien marinelik, liburu hau izanen ez duenik”. Ez zen bere estimazioan okertu: Doctrina Christiana berriro argitaratu zen 1623an, 1648an, 1693an eta 1704an. 1617ko lehen argitalpen haren ale bakarra ezagutzen da, Aziti Bihia elkarteko hizkuntzalari eta filologoek 2015ean Danimarkako Errege Liburutegian aurkitutakoa. Liburuko otoitzetako bat dakargu hona: itsasoan ekaitza sortuz gero marinel guztiek esan beharrekoa.

 

Testu mota: Otoitza

Garaia: 1617

Atala: Literatura

1. Ontzia itsas ekaitzaren mende. Egilea: Thomas Rowlandson (1757-1827).


Jainko guztiz boteretsua, beharrean daudenak zeure begi pietatezkoaz miratzen dituzuna, entzun ezazu, otoi, premia honetan egiten dizugun otoitza. Zeure begi miserikordiazkoak itzul itzazu guregana, eta zeure boterearen faborea igor iezaguzu herstura handi honetan. Dakusazun bezala, jauna, tormentatuak gara, biziaren galtzeko perilean gaude, eta esperantza guti ahal dukegu tormenta honetarik salburik ilkitzeko, baldin zuk zeure beso boteretsuaren indarraz ateratzen ez bagaituzu. Ea bada, Jainko ona, libra gaitzazu, otoi, peril honetarik, hala nola libratu baitzenuen Abraham kaldearren eskuetarik, Isaak sakrifikatzetik, Jakob bere anaiaren haserretik, Joseph bere anaien inbidiatik, Noe dilubioaren uretik, Lot Sodomako sutik, israelitak Egiptoko gatibutasunetik, David Saulen eta Goliaten boteretik, Susana falso testimoniotik, Daniel lehoietatik, hiru morroiak (Ananias, Azarias eta Misael) labeko sutik, Jonas balearen sabeletik, jondoni Petri errege Herodesen kartzelatik eta Jondone Paulo itsas uhinetan hondatzetik. Zuk orduan zeure adiskide haien alderakotzat erakutsi zenuen zeure boterearen indarra: egizu, bada, orain gure alderakotzat ere hainbertze. Zure apostoluek, egun batez tormentatuak zebiltzanean, egin zuten laster fabore eske zuregana, eta berehala faboratu zenituen. Hona, jauna, nola garen gu ere orain, haiek orduan bezala tormentatuak, eta haiek bezala zureganatzen gara, oihuz gagozkizu, erraten dizugu: “Salba gaitzazu, jauna, zeren bertzela hondatzera goaz. Geldi itzazu haizeak, sosega itzazu uhinak, argitu itzazu hodeiak, klara ezazu denbora, edertu ezazu itsasoa, desegin ezazu espiritu gaixtoaren indarra, erakuts iezaguzu zeruko argia, ken iezaguzu bihotzeko tristura, eta alegera gaitzazu zeure kontsolamenduaz. Oroituko gara fabore honetaz bizi garen egunetan, eta eskerrak emanen dizkizugu geure ahal guztiaz.

Eta zuri ere mintza nakizun, Birjina saindua, gure salbatzailearen ama, orain da ordua. Zu zara itsasoko izarra eta beharrean daudenen faboratzaile handia. Hel zakizkigu, bada otoi, herstura handi honetan, zaren ararteko on, erdiets iezaguzu tormenta honen sosegua eta peril honetarik libratzeko garazia. .

2. Esteve Materraren Doctrina Christiana-ren lehen argitaraldia (Bordele, 1617).

ZENBAITEN ARTEAN (2017). Esteve Materraren doctrina christiana (1617&1623). Edizioa eta azterketa. Euskararen lekukoak 28. Bilbo: Euskaltzaindia - Euskal Herriko Unibertsitatea.

IKUS HAU ERE

Esteve Materra Susa argitaletxearen “Literaturaren Zubitegia” webgunean.

Irudiak

  1. Metropolitan Museum of Art, , via Wikimedia Commons.
  2. Aziti Bihia, via Wikimedia Commons Lan hau Creative Commons Aitortu Partekatu Berdin 3.0 lizentzia baten mende dago.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper