NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

HANDIAK DIRA HARAGIAREN KALTEAK

Pedro Agerre Azpilkueta “Axular” (Urdazubi, Nafarroa Garaia, 1556 – Sara, Lapurdi, 1644)

Testu mota: Saioa

Garaia: 1643

Atala: Literatura

Cupido, Piero della Francescaren (ca. 1415 – 1492 ) Storie della Vera Croce freskoaren zatia. San Francesco basilika, Arezzo.


Handiak dira haragiak eta haragiaren amodio desordenatuak egiten dituen kalteak. Eta kalte pintzipalenetarik bat, printzipalena ez bada ere, da adimenduaren goibeltzea, iluntzea eta itsutzea. Pertsona amurusak ez dakusa, ez daki zer ari den: bere gogo guztia haragian dauka; jatean, edatean, ohean datzanean, hartan pentsatzen du; bere solasak eta ametsak ere, hartaz egiten ditu; ez du nahi bertze gauzaz nehor mintza ere dakion; itsu da, ero da, zentzutik kanpoan da. Halatan, lehenagoko poetek pintatzen zuten Kupido, amurusiaren Jainkoa, haur eta itsu. Itsu, zeren ez baitu ikusten. Haur, zeren ez baitu adimendurik. Eta badio Plutarkok ere gaitz dela amurus izatea, eta zentzuan egotea.

Halakoa ez desohoreak, ez jendeen errateak, ez onen gastatzeak, ez fama gaixtoan jartzeak, ez loaren galtzeak, finean, deusek ere ez du gibelatzen. Onager assuetus in solitudine, in desiderio animae suae, attraxit ventum amoris sus; nullus avertet eam (Jerem. 2). Basa-asto amurusa bezala, begiak itsuturik, ehiztarien artetik iragaten da: edozein periletan sartzen da. Bere amorio desordenatuaz bai, bere amurusiaz bai, baina gainerakoaz ez du konturik egiten.

Usoa bezala da halakoa. Usoak ez du, bertze hegaztiek bezala, edatean burua goiti altxatzen. Edan gogo duena, abereak bezala, hatsik hartu gabe, burua goratu gabe, kolpe batez edaten du. Bertze hegaztiek, edateko kurka guztietan, ahatara bakoitzean, burua goiti altxatzen dute. Eta badirudi ezen naturalezak berak erakutsirik egiten dutela hala. Zeren nola orduan baitute perilik gehiena, zeren orduan baitaude geldienik urera beha, eta orduan baitira ehiztariez ere zelatatuak, barrandatuak eta guardiatuak, halatan daude haiek ere iratzarriak orduan; eta edaten duten ur-xorta guztietan ingurunera behatzen dute, eta burua goiti, guardia egiteko bezala, altxatzen dute. Baina usoak ez du halakorik egiten, ahuspez dago ase arteino, ez du bitartean bururik altxatzen, eta ez ingurunera behatzen. Eta hartan da ageri usoaren inozentzia eta ergelkeria, perilik gehien duenean baita eroenik eta antsikabeenik. Hala da, bada, bere gogo guztia emaztetan ipinia daukana ere. Etsaia zelatan dagokionean, perilik gehien duenean, da galduenik eta eroenik. Zeren bere edate hartaz eta plazeraz baizen, ez baitu deusez ere bertzez konturik egiten.

Ziro enperadore handi hura, hain itsutu eta ergeldu zuen Apama bere amoranteak, non hartaz nahi zuen guztia egiten baitzuen. Alde batetik eta bertzetik belarrondokoka ari zitzaion, batean bizarra, bertzean belarriak tiratzen zizkion: haur batekin bezala, harekin dostatzen zen. Eta guztietan enperadore eroa, hortzak irriturik, irriz, beha zegokion: mirailean bezala hartan miratzen zen, haren alegeratzeaz alegeratzen zen, eta tristetzeaz tristetzen. Eta emazte gaixtoak batzuetan bere burua berariaz haserre iduri egiten zuen; eta orduan enperadore zoroak ahal ziren asmoak eta entseguak balakatzeko eta baketzeko egiten zituen. Amorantea zen nagusi: no zen to, emaztea gizon, oiloa oilar. Erran behar da esku handia hartzen duela emazteak amurus itsutuaren gainean, halako enperadore bat ema-ezdeus batek hala errendatzen duenean

URGELL LÁZARO, Blanca (2015). Axular, Gero. Blanca Urgell Lázaro (edizio kritikoa). Mendaur bilduma VI. Iruñea: Nafarroako Gobernua, Hezkuntza Departamentua; Bilbo: Euskaltzaindia. (190-191).

IKUS HAU ERE

AXULAR, Pedro (1643). Guero: bi partetan partitua eta berecia: lehenbicicoan emaitenda, aditcera, cenbat calte eguiten duen, luçamendutan ibiltceac, eguitecoen gueroko utzteac / escritura saindutic, Eliçaco Doctor etariceta liburu debocinozco etaric. Axular Saraco errotorac vildua. Bordel: G. Milanges.

SALABERRI MUÑOA, Patxi (2017). Gero euskara xumean. Gasteiz: Booktegi.

Irudia

via Wikimedia Commons.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper