NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

AXULARREN GOGOETAK ETA ERRANAK

Pedro Agerre Azpilkueta “Axular” (Urdazubi, Nafarroa Garaia, 1556 – Sara, Lapurdi, 1644)

 

Gero liburutik abiatuta, Axularren mundu-ikuskera eta pentsaera adierazten duten pasarte ederrenen hautaketa egina du Patxi Salaberri Muñoak Haizkora zuhaitzaren erroari kheinatzean liburuan. Handik hartuak dira hemen aurkezten diren aforismo moduko gogoeta eta erran hauek.</p>"

Testu mota: Saioa

Garaia: 1643

Atala: Literatura

Gako hitzak: Sarako eskolagogoetak

1. Axularren Gero (1643). Argazkia: Mikel Zabala.


Gero liburuko pasarterik aipatuena (1643ko argitalpena).

Baldin egin balitz euskaraz hainbat liburu nola egin baita latinez, frantsesez edo bertze erdaraz eta hizkuntzaz, haiek bezain aberats eta konplitu izanen zen euskara ere; eta baldin hala ez bada, euskaldunek berek dute falta, eta ez euskarak. (19. or.)

───────⊰·•·⊱───────

Ez dugu ximinoak bezala egin behar: intxaurra jateko desiros delarik, kanpoko azala hausteko nekeagatik uzten baitu barreneko mamia dastatu gabe. (19. or.)

───────⊰·•·⊱───────

Ikusten duenean haurrak bere amaren eskuan zigorra eta hartaz eman nahi diola, behatzenago dio amari zigorrari baino, zeren baitaki ezen, baldin amak nahi ez badu, ez diola zigorrak minik eginen. (20. or.)

───────⊰·•·⊱───────

Zahartzean begietako bista laburtzen da, belarrietan gorreria egiten da, belaunetan hezueria jartzen da, indarra gutitzen da, apetitua galtzen da, loa joaten da, ikara etortzen da, larrua zimurtzen da, ilea urdintzen da, burua karsoiltzen da, hatsa kirasten da. Finean, pertsona zaharra hozberatzen da, minberatzen, irudikortzen, haserrekortzen da, eta alde guztiz onbehartzen eta urrikalkizun egiten da; hain urrikalkizun, non baldin nehon ere gorputzak narriorik, arrazadurarik edo falta estalirik baldin badu, orduan guztiak agertuko baitira. (22. or.)

───────⊰·•·⊱───────

Aberatsa hain biluzgorri sortu zen nola pobrea. (20. or.)

───────⊰·•·⊱───────

Gizon batek, bere herritik kanpora, Indietara edo bertze leku urrun batera, partitzen denean, eta oraino bere herriko agerian, komarketan eta terminoetan denean, maiz behatzen du gibelat, bere herriko mendietarat. Baina aitzina iraganez gero, bere herria eta herriko lurrak bistatik galduz gero, itzultzen da bertze alderat, joan behar duen eta doan leku hartarat, eta han aldiz, bere begiak eta gogoa ere ipintzen ditu. (24. or.)

───────⊰·•·⊱───────

Zuzia irazekirik dagoenean bizi da eta orduan hiltzen da, zeren orduan ahitzen baita. Erretzeaz bizitzen da eta erretzeaz hiltzen da. (26. or.)

───────⊰·•·⊱───────

Zuzia irazekirik dagoenean bizi da eta orduan hiltzen da, zeren orduan ahitzen baita. Erretzeaz bizitzen da eta erretzeaz hiltzen da. (26. or.)

───────⊰·•·⊱───────

Gerlaren ondoren estimatzen da bakea, tormenta iragan denean prezatzen da denbora ederra, eritasuna joan denean edukitzen da ezertan osasuna. Eta zenbatenaz eta gerla, tormenta eta eritasuna izan baitira handiago eta perilosago, hainbatenaz gero ondoko bakea, denbora ederra eta osasuna ere dira prezatzenago, estimatzenago. (28. or.)

───────⊰·•·⊱───────

Hain xehero, bat-banaka, beregainki eta bereziki daki Jainkoak gauza guztien berri, non gure buruko ileak ere kontatuak baitauzka eta ez baitzaigu bat ere hark jakin gabe galtzen eta ez erortzen. (38. or.)

───────⊰·•·⊱───────

Joana joan, etorkizuna etorkizun, presentekoa da gure, eta ez bertzerik. (42. or.)

───────⊰·•·⊱───────

Pertsona haserrekorrak zuhaitz arantzatsuak bezala dira, ez dira ferekatzeko on; nehork uki balitza zauritzen dute. (44. or.)

───────⊰·•·⊱───────

Dabilen harriari ez zaio goroldiorik lotzen. (55. or.)

───────⊰·•·⊱───────

Munduko janaririk preziatuena ere, betiere hartarik, bertzetara aldatu gabe jaten denean, gaitzesten da, higuintzen da. (57. or.)

───────⊰·•·⊱───────

[…] nagi-alferrak ez du behin ere erraten: “egun”. Beti bihar, beti gero, beti luzamendu. (61. or.)

───────⊰·•·⊱───────

Marinelak denbora eder denean bela egiten du, baina tormentan, geldi dago. Hala bada zu ere, nola haserre zarenean denbora gaixtoa baita, zaude geldirik, zaude portuan, zaude etxean, pausa ezazu, ez deus egin eta ez erran, denbora eder arteino, koleraren tormentak diraueno. (61. or.)

───────⊰·•·⊱───────

[…] amorantea, eta guztiz amorante miaua eta eskalea, huntz adarra bezala da. Huntzak inguratzen du zuhaitza, besarkatzen du, edoskitzen du, eta azkenean ihartzen du. Hala bada amoranteak, bipiltzen du, larrutzen du, ariman eta gorputzean ihartzen du. (64. or.)

───────⊰·•·⊱───────

Erran komuna da infernua desira onez betea dagoela. (69. or.)

───────⊰·•·⊱───────

Lurrean barrena, gure azpian, lurrak duen lekurik beherenean, zentroaren aldean, lurraren hondarrean, edireten da leize handi bat, labe gori bero bat, behin ere hozten eta iraungitzen ez dena, alde guztietarik hertsia, aterik eta leihorik ez duena, kondenatu guztien edukitzeko asko handia, zein baita eta deitzen baita infernua. (70. or.)

───────⊰·•·⊱───────

Itsas zabalean erortzen denak, badarabiltza zerbaiti lotu nahiz eskuak, hersten ditu, baina alferrik, zeren ez du linburtzen eta itzurtzen zaion ur engainagarririk baizen edireten. Hala gertatzen zaie, bada, infernu zabal, hondar gabean erortzen direnei ere: ez dute edireten non oina finka, ez dute edireten zeri lot, ez dute edireten kirtenik, esku-tokirik, sostengurik eta ez kontsolatzeko biderik eta ez esperantzarik. (73. or.)

───────⊰·•·⊱───────

[…] Erran komuna da gezurrak zainak labur dituela. (97. or.)

───────⊰·•·⊱───────

Haserretu behar denean ez haserretzea, sentikortu behar denean ez sentikortzea, beti bat, beti euli, lolo, malba eta bare izatea ezdeustasuna da, eta ez gizontasuna. (102. or.)

───────⊰·•·⊱───────

[…] ikusten ez duen begiak ez du minik. (108. or.)

───────⊰·•·⊱───────

Badituzte gauza guztiek beren sasoiak, trenpuak eta denborak. Bada ereiteko denbora eta bai biltzekoa ere. Eta ero handia da bildu behar den denboran eta mugan ereitera doana. Gaztetan behar da erein eta trabailatu, eta zahartzean bildu, gozatu eta pausatu. (111. or.)

───────⊰·•·⊱───────

Lehenbizian amodio handia, azkenean gaitzerizkoa errabiatua. Lehenbiziko egunean besarka, hurrenekoan kolpeka. Adiskidetasunetik etsaitasuna, amodiotik desamodioa sortzen da. (113. or.)

───────⊰·•·⊱───────

Dagigun ongi eta ez dezagula beha nori. (118. or.)

───────⊰·•·⊱───────

Kontzientziak anitz ofizio du, bera da alkate, bera da lekuko, bera da akusatzaile eta defendatzaile. (121. or.)

───────⊰·•·⊱───────

Den gauzarik errazena egin bedi gogo gaitzez, eta gaitz izanen da; den gaitzena egin bedi gogo onez, eta erraz izanen da. (131. or.)

2. Pedro Axularren sinadura

SALABERRI MUÑOA, Patxi (2000). Aizkora zuhaitzaren erroari kheinatzean. Axularren gogoetak eta erranak. Arre: Pamiela.

Oharra: Pasarte bakoitzaren amaieran parentesi artean datorren zenbakiak 1643ko edizioaren orrialdea adierazten du.

IKUS HAU ERE

AXULAR, Pedro (1643). Guero: bi partetan partitua eta berecia: lehenbicicoan emaitenda, aditcera, cenbat calte eguiten duen, luçamendutan ibiltceac, eguitecoen gueroko utzteac / escritura saindutic, Eliçaco Doctor etariceta liburu debocinozco etaric. Axular Saraco errotorac vildua. Bordel: G. Milanges.

URGELL LÁZARO, Blanca (2015). Axular, Gero. Blanca Urgell Lázaro (edizio kritikoa). Mendaur bilduma VI. Iruñea: Nafarroako Gobernua, Hezkuntza Departamentua; Bilbo: Euskaltzaindia.

SALABERRI MUÑOA, Patxi (2017). Gero euskara xumean. Gasteiz: Booktegi.

Axular Susa argitaletxearen “Literaturaren Zubitegia” webgunean.

Irudiak

  1. Wikimedia Commons .
  2. Wikimedia Commons Lan hau Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper