NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

PSAMETIKO I.AREN ESPERIMENTU LINGUISTIKOA

Joanes Etxeberri “Sarakoa” (Sara, Lapurdi, 1668 – Azkoitia, Gipuzkoa, 1749)

Testu mota: Saioa

Garaia: 1712

Atala: Literatura

1. Psametiko I.aren esperimentu linguistikoaren kondaira.


Jainkoak mundua ezdeusetik egin zuenetik ondoko denboretan, mundu-herri guzian mila zazpiehun eta laurogei urtez Babiloniako dorrerainoko denboretan, Izkribu Sainduak dioen eredura: Erat autem terra labii unius & sermo eorumdem. Genes. 11. Ez ohi zen hizkuntza bat baizik mundu-herri guzian.

Gauza bera erraten digu Agustin Doktore Sainduak ere. Unam sanè linguam primitùs fuisse didiscimus, antequàm superbia turris illius post diluvium fabricatæ in diversos signorum sonos humanam dividerat societatem. Aug. lib. 9. Gen. ad litteram, cap. 12. Orduan guziek elkar aditzen zuten, guziak hizkuntza batez, eta hitz batzuez berez mintzatzen ziren; munduaren bazter batekoak baldin bertze bazterrekoarekin egitekorik bazuen, edo bata bertzearekin batzen bazen, elkar aditzen zuten zeinek bere etxekoa bezain errazki, eta hala aisia handian bizi ziren, zeren hizkuntza bat bera baizik ez baitzuten.

Orain badakit galdeginen didazula, zein ote zen bada lehenbiziko hizkuntza bakar hura? Eta berehalaxe banoakizu Agustin Elizako Doktore handi eta Sainduarekin errepustaren ematera. Quæcumque autem illa lingua fuerit, quid attinet quærere? Aug. ubi suprà. Dio, zein-nahi izan den hizkuntza hura, zer balio du haren ondoan ibiltzeak? Halarikan ere anitz pertsonaia handi eta jakintsu izan dira egiteko honi bortizki jarraiki izan zaizkionak. Eta haietarik bat izan zen Psametiko deitzen zen Errege hura, zeinak eman baitzizkien bi haur sortu berri artzain batzuei, beren abereen artean hazteko, behin ere haien aitzinean hitzik mintza gabe, nehor entzunez, hizketan ikas ez zezaten; zeren iduritzen baitzitzaion haurrak berak elkarren artean zenbait hizkuntzaz, edo bederen zenbait hitzez, mintzatuko zirela, eta halako hizkuntza ahal zitekeela munduan izan zen lehenbizikoa.

Hazi zituzten haur haiek bi urtez ahuntzen artean, behin ere haien aitzinean hitzik mintzatu gabe; eta bi urteak iragan zirenean, behin abeltzainak etxolara agertu zirenean, haurtto haiek, beren eskuttoak hedatzen zituztelarik haiengana, erran zuten hitz bat doi-doia, eta hitz hura zen bek. Eta handik berehala eraman zituzten haur haiek hitz harekin erregerengana, eta halaber erregeren aitzinean ere erraten zuten hitz hura bera, bek, bertzerik batere erran gabe. Eta zeren Frigiako hizkuntzan bek erran nahi baitzuen ogia, uste izan zuen erregek Frigiako hizkuntza zela mundu guzian izan zen lehenbiziko hizkuntza.

Ordea hau da froga bat, erregek bere gogoan zerabilen gauzaren jakiteko deusik frogatzen ez duena. Zeren haur haiek nola beti hazi izan baitziren ahuntzen artean, behin ere bertzeren mintzorik entzun gabe, ez zen miresteko ahuntzen janbatik har zezaten hitz haren erraitea; zeren ahuntzak ere halatsu egiten baitu bere janba: bek.

DE URQUIJO E IBARRA, Julio (1907). «Lau-urdiri gomendiozco carta, edo guthuna» in Obras Vascongadas del doctor labortano Joannes d'Etcheberri (1712), con una introducción y notas por Julio de Urquijo e Ibarra. Paris: Paul Geuthner. (303-304).

2. Psametiko I.a Egiptoko erregea (K.a. 664-K.a. 610) jainkoei ofrenda egiten. Pabasaren hilobia, Tebas.
“Lau-urdiri gomendiozco carta, edo guthuna”.

Irudiak

  1. Rijksmuseum, Via Wikimedia Commons.
  2. Neithsabes, via Wikimedia Commons.
 

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper